Xipri ARBELBIDE
Traduction au français
A
![]() |
|
Janpierre Arbelbide. |
Baionako diosesak zor dizkio Belokeko beneditarren komentua, honek emanen baititu gero Lazkao eta Eztibaliz Hegoaldean, Niño Dios Argentinan eta Sacred Haert Estadu Batuetan. Mauleko Agerrea frailetxea eta Donibane Garazin Maiorga kolejioa ere Arbelbiden obrak dira. Bai eta Hazparneko Galbarioa.
Hiru liburu idatzi ditu euskaraz : Bokazionea, Erlisionea eta Igandea. Piarres Lafitten arabera, batzutan Axularren euskara baino ederragoa dauka. Ideia aldetik, bere garaikoak da, Jainkoaren gaztiguak toki handia daukala. Bainan baditu ikusmolde aurrerakoiak ere, hala nola apezek eskulanetik irabazi behar dutela bizia : duela 40 urte Batikanok debekatu zituen apez langileak.
Ameriketako Euskaldunak
Hirugarren alor bat landu du Euskalherriko zortzigarren probintziaz kezkatu baita. Interesgarriena gure ustez, nahiz porrot egin zuen. Hemeretzigarren mendeko bigarren partean Iparraldetik jendea trumilka zihoan Ameriketara : urtean dotzena bat ehun. Mende batez ehun milako bat, Iparralde osoak 140.000 bizilagun zeuzkalarik.
Sarrote trapista izan da hor gaindi ibili den lehena 1854an. Bainan trapista zen beraz eta bere zuzendariek komentura itzul arazi zuten, hor gaindi urte pare pasatu eta.
Mixel Garikoitzek berak bide hori hautatu zuen Betarrameko apezentzat eta lehenak 1856an joan ziren: Gimon, Arbustan eta Sardoi. Bainan euskaldun guti zuten eta ez ziren Euskaldunetan mugatzen. Betarramistetan aipamen berezi bat merezi du Lapitzek berak egin lanagatik bai eta Arbelbide akulatu zuelakotz harat joatera.
![]() |
|
Janpierre Arbelbide. |
Arbelbidek bere osotasunean hartu zuen arazoa : Hazparneko misionestetaz kongregazio bat eginik, helburutzat eman zien bere apaizei, Ameriketako anaien apaizak izatea.
Kongregazioa 1887an sortu eta 1897an 20 apaiz, lehen botuak eginak zituzten 44 gazte eta beste 57 gazteago, bai eta dotzena erdi bat fraile bazituen. Baionako misioneak segurtuak, bai eta eskutan zeuzkan Maule, Maiorga eta Hazparneko kolejioak, eta apezpikuarekin akortean erabaki zuen lehen bi apaizekin (Beltzuntze eta Mendiondo) Buenos Airesetara joatea. Hauek han instalatu zituen « Casa de los Ejercicios » etxean, Independentzia kalean. La Vasconiak aipatzen du horiek egin misione bat : « La concurrencia que por noches ha ido aumentado, hasta el punto que se prolongara la mision que debio ser de ocho dias a quince. » (Las misiones religiosas euskaras en esta capital, La Vasconia, 1897.09.10. 410 or.).
Kongregazioa desegina
Arbelbide bera Baionara itzuli zen, jakiteko apezpikuak ez zuela gehiago kongregazio hori nahi ! Erromara joan zen Batikanoko baimena ardiesteko bere kongregazioarentzat. Bainan debaldetan. Orduan zuen kongregazioa desegin apezpikuak.
Betaramistekin bat egitea asmatu zuen orduan, hauekin zirela Ameriketako Euskaldunetaz arduratuko. Argentinako apezpikuen izenean mintzatu zen haren alde Espinoza la Platako apezpikua. Hori ardietsi zuen. Apez, apezgai eta fraile, 45 sartu ziren Betarramen. Kurioski berak ez zuen azken urratsa egin eta Baionako apezpikuak… kalonje edo kanonigo izendatu zuen: nonbait zerbait huts egin baldin bazuen, nekez ikusten dugu ohorezko titulu hori ematen!
Erretiro predikatzen eta kofesatzen iragan zituen azken urteak supituki hiltzeko 1905an, urtarrileko 28an. Hil zelarik azpimarratu dute nolako barnearekin iretsi zuen baztertze hori eta bere ametsaren porrota. Deus gertatu ez balitz bezala bizi izan zituen azken urte horiek.
Hil zelarik 1905an, Arbelbidek 100.000 libera utzi zituen Lazkaoko beneditarren komentuak apaizak forma zitzan Ameriketako Euskaldunentzat : ikusten dugu Belokeko beneditarrek Paranan sortu Niño Diosen komentuak egin zuela lan hori. Bai eta Estadu Batuetan sortua zuten Oklahomako komentuak Kalifornian. 1945an hil zen Espelette, Kaliforniako Euskaldunekin ari izan zen azken frailea.
Baionari doakionaz, 1960a igurikatu behar izan da lehen apeza harat igortzen ikusteko (Luro, Kaliforniara).
Ez dugu argitu ahal izan zer gertatu zen Jauffret apezpikua eta Arbelbiden artean artxiborik ez baita Baionako apezpikutegian. Batikanoko eta Betarrameko apezen artxibotan irakurtu dugunetik iduri luke botere arazo bat izan dela. Jadanik oso nekez onartuak izanak ziren betarramistak Baionatik ehun eta piku kilometrotan. Gauza bera Baionatik 25 kilometrotan Hazparnen, Arbelbidek zeukan dinamikarekin? Apezpikuek gogotik onartzen zituzten monja kongregazio berriak, bainan ez apez kongregazioak, apezek meza ematen baitute, kofesatzen eta predikatzen, eta kongregazio batetan diren ber ez baitu nahi duena egiten ahal haiekin apezpiku batek. 348 emazte kongregazio sortu ziren Frantzian 19. mendean, eta gizonezkoenak, 52 baizik ez!
![]() |
Zaro eliza. |
Erromara igorri gutun batetan Jauffretek dio Iparraldearen ahalak mugatuak zirela apezen aldetik. Hazparneko kongregazioak Baiona apezez husteko arriskua izan balitz bezala. Bainan datuak hor daude. Apez berrien kopuruak beti gora egin du 50 urtez eten gabe : 79 apez berri izan ziren 1860ko hamarkadan eta 115 1900koan. Gainera urte oroz apezgaiak errefusatzen zituzten diosesako seminario ttikian, toki eskasez, nahiz seminario hau bai eta Seminario handia handituak zituzten.
Arbelbidek egin bazuen huts zenbait nolaz ez du apezpikuak beste buru bat izendatu kongregazioan, bere lana segi zezan bereziki Ameriketan? Harrigarri da nolaz artzain horrek beregisa utzi zituen bere artaldekoak ziren hoinbeste mila Euskaldun, apezak bazituelarik eta harat joaiteko prest ziren apezak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |