Ana TOLEDO LEZETA, Deustuko Unibertsitatea
Traducción al español
J
![]() |
|
Juan Mari Lekuona. |
Etxetik bertatik datorkio literaturarekiko sentiberatasuna. Lehen hezkuntza-gunean, sendian, giro aproposa izan zuen, nola literaturaz gozatzeko, hala gertaera honi buruzko gogoetan barneratzeko: amaren amak oso gogoko omen zituen bertso-paperak. Zer esan, berriz, aitaren anaiaz, osabaz, On Manuel Lekuonaz eta bere jarduera literarioaz! Ahozko literaturaren aztertzaile legez ezagunagoa izan daitekeen arren, sorkuntzaren alderdia ere landu zuen.
Honela bada, bertso-paperaz gozatzea, berau aztertzea, edo literatur sorkuntzarako zaletasuna etxeko kultur transmisioan bertan zegoen. Juan Mari Lekuonak eman dioten lekukoa jaso egiten du, lekuko horrekin aurrera egiteko. Aurrera jarraitzeko, bai; izan ere, nahiz bere jarduera poetikoa, nahiz ikaskuntzetakoa, bere garaitik planteatu ditu. Poemarioen sortze-prozesua azaldu duenean, bere garaiko zinemagile, eskultore edo pintoreen obra jakinetatik jasotako bultzada aitortu du. Ikaskuntzei dagokienez, berriz, bada inflexio-puntua markatu zuen gertaera bat: unibertsitateko irakaskuntza arautuko egitarauetara heldu zen euskal literatura XX. mendearen azken laurdenean, ordu arte eskuratu gabe zeukan irakaskuntza-mailara, hain zuzen ere. Euskal literaturaren gaia goi-mailako irakaskuntzara ailegatu zenean, Juan Mari Lekuonak irakasle izateko gonbita jaso zuen; baita onartu ere. Orduan hasitako ibilbide akademikoan euskal literaturaren alorreko ikasgai bat baino gehiago ematea egokitu izanagatik, bere-berea izan du euskal ahozko literaturaren irakasle izatea. Erronka horri erantzun zion, lantegiak ezarritako eskakizunei aurre eginaz: ikasgaia sistematizatu, azterbideak zorroztu, gogoeta eta azterketa etengabeko eginkizun bihurtu... Eskoletarako prestatutakoa, eskola emateak eragiten dion gogoeta, sorrarazten dizkion galderak eta galdera hauei eman beharreko erantzunak sistematizatuz doa.
Ustekabe handirik gabeko jauzia da Euskal Filologian lizentziatuko direnen ahozko euskal literaturaren irakasle izatera igarotzea; izan ere, ordurako aztergai izandako ikasgaia zuen. Horren lekuko dira argitaratuak zituen zenbait ikaskuntza, dela Uztapide bertsolariaren Lengo egunak gogoan (1974) liburuari egindako hitzaurrea, “Atari gisa”; dela “Txirrita eta Basarri” Euskeran (1975) edo “Literatura oral vasca”, El Libro Blanco del Euskaran (1977). Dena den, 1978-1979 ikasturtetik aurrera, unibertsitateko ibilbidean lehen urratsak ematen hasten denetik aurrera, ikaskuntzen jarduna haziz eta zabalduz joango da. Berezko zaletasunari irakaskuntza modu arduratsuan ulertzearen betebeharrak gehitzeak ikerketa bultzatzen du.
Herri-literatura du irakaskuntza-gai nagusi, baita ikaskuntza-gai nagusi ere. Ez bakarra, haatik: Juan Mari Lekuona poeta poesia landuak ere erakartzen du. Herri-literaturarekin batera aztergune du, behin edo behin baita irakasgai ere. Jakin badaki bi mundu desberdin osatzen dituztela herri-poesiak eta poesia landuak. Uneoro oso argi eduki du literatura horietako bakoitzak bere testuinguru, dinamika, erreferentzia kultural, teknika, eta abar dituela. Berak herri-poesia du aztergai nagusi, baina barnean daraman sortzaileak argitaratzen den poesia landua irakurtzera darama; baita aztertzera ere: ikaskuntzon barrutian besteren poesi liburuei egindako hitzaurreak nabarmen daitezke; izan ere, oso gogoko du obraz egin duen irakurketan atzeman dituen alderdi giltzarriak irakurleari aurkeztea eta ematea.
Bi liburuk jasotzen dute euskal literaturari buruzko ikaskuntzei eskaini dien ahalegina. Bata, eskuliburu moduan planteatua, Ahozko euskal literatura (1982) da, bestea, hogeita bi urtetan han-hemenka argitaratutako artikulu gehienak biltzen dituen Ikaskuntzak Euskal Literaturaz (1974-1996). Lehena, izenburuak berak iragartzen duen bezala, “ahozko”k mugatzen du, hots, ahotsa igorbide izan duten gertaera literarioez dihardu. Zalantzarik gabe, ezagunena eta erabiliena da. Bigarrena, ahozko nahiz idatzizko adierazpen literarioak atzematera bideratua, lantzen duen alorraren aldetik zabalagoa da eta, artikulu-bilduma izaki, modu monografikoagoan hurbiltzen da gai bakoitzera.
Ezbairik gabe, herri-literaturaren esparrua da gehien eta modu osoagoan jorratu duena. Aldea kantitate-mailan ez-ezik, aztertutako gaien heterogenotasun handiagoan ere badago. Literatura landuaren barrutira begira jarri denean, adierazpen-modu jakinera mugatu ditu bere ikaskuntzak: neurtitzak bakarrik erakarri du bere arreta. Herri-literatura, berriz, bere zabaltasun osoan atzeman nahi izan duela esan daiteke; izan ere, batetik, ahozkoa eta erdi-ahozkoa izan ditu aztergai; bestetik, hainbat generotara ireki du bere azter-eremua eta, azkenik, azterbideez ere arduratu da. Barruti osora zuzendu du bere begirada eta, berau aztertzera igaro denean, ikuspegi desberdinetatik heldu dio azterketari: batzuetan, gertaeren deskripzioa nagusitzen da, bestetan, historia; batzuetan ikuspegi zabala ematera jo du, bestetan, generoren batean sakontzera. Eta alderdi bakar batean sakontzeko begiratzen duenean testua, alderdi metrikoa aztertzeko da.
Herri-literaturaren fruituak ahozkotasunean ez-ezik, erdi-ahozkotasunean ere erne dira. Lehena, ahozko literatura deitzen den hori, ahoz sortzen, ahoz esaten eta buruan gordetzen den hura da. Bigarrenaren komunikazio-sisteman, berriz, badago aldaera bat: idatzia dago, nahiz eta ahoz esateko eta buruan gordetzeko den. XIX. mendeko euskal literaturan oso gertaera ezaguna da erdi-ahozkotasunarena. Erakuskaririk ezagunena eta hedatuena, seguru asko, bertso-papera da. Izenak berak aditzera ematen duenez, bertsoa idatzia dago, baina buruz ikasi eta kantatzeko da. Jakina, memoriak jarraitzen du bere gordailu izaten eta bertsoak euskarri dituen erreferentzia kulturalek ahozko munduko sustraiei eusten diete, mundu idatzikoez elikatu gabe.
Ahozkotasunaren ikuspegi zabala emana zuen Juan Mari Lekuonak, ezaugarri orokorrak deskribatuz, generoen berri emanaz, historiaz arduratuz... Euskaltzaindian sartzeko hitzaldirako hautatzen du, hain justu, herri-literatura bere osotasunean behatzeko behar zuen osagarria. “Erdi-ahozkotasunaren literatur estiloaz” hitzaldiarekin ahozkotasunari buruzko ikaskuntzek eskatzen zioten gehigarria eransten zuen: erdi-ahozkotasuna aztergai hartzean, ahozkotasunari eskainitako ikaskuntza-saila osatuta gelditzen zen, herri-literaturak baliatutako bi euskarrietatik -ahotsa eta papera- heldutako gertaera literarioak atzematen zituelako. Euskarriaren izaera desberdinak -ahotsa ala papera izan- konposizio literarioaren eraketara ekarritako eraginak agerian jarriz, herri-literaturaren bi sail nagusiak -ahozkotasuna eta erdi-ahozkotasuna- bereizten zituen.
Ikuspegi panoramikoago edo monografikoago batetik herri-literaturak bere adierazpenerako erabili dituen generoei eskaini die arreta. Poesiari, narratibari, paremiologiari eta antzertiari buruzko ikaskuntzak jasotzen dituzte Ahozko euskal literatura liburuak eta Ikaskuntzak Euskal Literaturaz (1974-1996) izenburupean argitaratutako artikulu-bildumak. Literatura landuaren esparruan erakutsitako zaletasunarekin bat eginaz poesia da ikaskuntzarik gehien eragin dizkiona: Juan Mari Lekuona poetak -poesiaren bidea hautatu zuen sorkuntzarako- XX. mendeko beste idazle batzuen poesiak aztertu ditu eta, herri-literaturaren alorrean ere, poesiaren azterketan sentitu da erosoen, dela tradiziozko poesia atzematean, dela bertsolaritza behatzean. Hitz neurtua, bertsoa, aztergai hartzean eta berau alderdi bakar batetik begiratzean, zalantzarik gabe, neurria eta erritmoa izan ditu hurbilpen-ikuspegi kuttunenak. Metrika izan du jorragairik estimatuena testuaren osotasuna aztertzera bideratu ez denean.
Aztergai batzuen aurrean adituago edo erosoago sentitu bada ere, eskuragarriago egin bazaizkio ere, ez du saihestu herri-literaturako aztergairik. Gauza jakina da ipuinak kontatzea edo bertsoak kantatzea Euskal Herri osora hedatzen dela, baina antzerti-ikuskizunez gozatzeak garapen-leku mugatuagoa izan du: Zuberoa izan du bizilekurik emankorrena. Antzerti honi buruzko berririk ere jaso daiteke ikaskuntzotan, dela landutako generoen deskripzioa, direla xehetasun historikoak...
Azterketaren eskakizuna da azterbidea: zer azterturekin batera nola aztertu mugatu behar du aztertzaileak, noraezean ibiltzetik urrundu nahi badu behintzat. Aztertzailearentzat muin-muinezko beharra izanik azterbidea, Juan Mari Lekuona azterbideez ere arduratu da, gai metodologikoez diharduten bi ikaskuntzek erakusten dutenez.
Beraz, herri-literaturaren barruti osora hedatu ditu bere ikaskuntzak. Herri-literaturari buruz egin dituen ikaskuntzen oinarrizko ezaugarritzat zabalera jo daiteke: ahozkotasunaren saila eta erdi-ahozkotasunarena. Gertaera literarioaren euskarriak bereizten dituen bi sail handi hauetako bakoitzetik ernetako fruituen ezaugarriak aztertu ditu eta, azterketarako hartutako ikuspegiaren arabera, xehetasun gehiago edo gutxiago emanaz, sail horietan landutako generoen eta genero hauetako bakoitzaren bereizgarrien berri eman du, baita azterketa hauetarako baliagarriak izan daitezkeen aztertzeko moduak landu ere.
Herri-literatura eta XX. mendeko poesia: horra hor ikaskuntzotara jotzen duenak aurkituko dituen gaiak. Ikerketa etengabe berritzen doan eta joan behar duen langintza da. Horregatik, Juan Mari Lekuonak uzten duen ondarea amaiera-puntua gabe, abiapuntua da. Hala jokatu zuen berak ere, aztertzaile bati dagokion legez: jasotako ondarea irteera-puntua da, ez helmuga. Euskarri sendoa duen irteera-puntua topatuko du ikaskuntzotan jorratutako gaietan aurrera egin nahi duen ikertzaileak.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |