Euskal Herria eta Europa, ikuspegi bat BruselatikEscuchar artículo - Artikulua entzun

Ibon MENDIBELZUA MADARIAGA, Euskadiren ordezkaria Bruselan
Traducción al español

Euskal herria, gizaki multzo bezala, europarra dela eta beti kontinente europarrean egon dela ez du inork ukatzen. Horregatik ere logikoena izan da, logikoena da eta logikoena izango da Europak bizi izan dituen, bizi dituen eta biziko dituen garapen historiko, politiko, ekonomiko eta sozialak Euskal herriak ere bizitzea, partehartzaile aktiboa gainera.

Ezaugarri berezi batzuekin bada ere (Euskararen iraupena etsenplu litzateke, beste hainbat hizkuntza desagertu direnean) orokorrean Europako gizarteak eragindako, bizitako edo jasandako momentuak Euskal herriak baita bizi izan ditu ere. Normalena da, beraz, gure Herriak Europako historiaren azkeneko 70 urte erabakitzaile hauek ere bete betean bizitzea, europar historiaren bilakaeragatik Euskal gizarteak inoiz baino inplikazio sakonagoa hartu duelarik Europako egunerokotasunean. Neure gaurko “ikuspegia Bruselatik” garai honen inguruan egingo dut, kontinente mailan ematen ari diren mugimendu politikoetan Euskal Herriaren jokaera orokorrean aurkeztuz.

Egun ezagutzen dugun Europaren modeloaren ametsa eta filosofiak XX. mendearen hasieran bazeukaten haien eragina Euskal gizatalde batzuetan. I Mundu Gerra ostean, Estatuen biltzar batzuen instituzionalizazio prozesuak eman ziren, hurrengo gerratearekin haien ahultasuna eta balio-gabezia erakutsi zutela. Haatik, II Mundu Gerrak ezinbestezkoa egin zuen erakunde komun, batzaile, bake-bermatzaile eta iraunkor baten sorrera Europan; ekonomikoa hasieran baina laster beste arlo eta eremuetara zabaldua izan zena.

Argazkia

40. hamarkadako gerra osteko Europa berriaren hastapen horietan, beste hainbat europar bezala, demokrazia zabalaren oinarria zeukaten Euskal herritarrak ere izan ziren. Arrazoi asko izan zitezkeen kasualitatez garai eta leku horietan Euskaldun horiek egon zitezen baina bi dira, printzipioz, honen arrazoiak: batetik, itzelezko gerra mundial beldurgarria jasan eta geroko Europa berriko filosofia demokrata sakon eta determinatu bat, eta bestetik, Euskal Herriaren askatasun politikoaren aldeko borrokan Europa demokratiko zabal eta ezarri batek izango lukeen garrantzia; Euskal Herriaren leku naturala horrelako Europa bat zela alegia, Europaren izate demokratikoa bere etorkizunaren egonleku bakarra izan behar zelarik.

Eta filosofia horiekin landu egin da 1950. urtetik hasita orain ezagutzen dugun europar batasuna, esan bezala ekonomiaren batasunetik gizartearen arlo eta eremu guztietara zabaldu dena.

Baina eta geure partehartzea, non gelditzen da?, zein da Euskal Herriaren oraingo ordezkaritza?, mantentzen dira euskal Europazaletasunaren printzipioak?. Nonbaitetik asteko, Europa batuaren erakundeen zeregina doakizue hemen laburki, euskal eskakizun batzuekin batera. Erakunde nagusiak Kontseilu Europarra, Europako Parlamentua eta Europako Batzordea dira:

- Kontseiluak hartzen ditu goreneko eta garrantzi gehieneko erabakiak, legegintza eta aurrekontuak. 2005.eko 25 Estatu-kideetako Estatuburu eta Lehen-ministroez osatuta dago. Euskal Herriak ez du hemen ordezkaritzarik. Kontseiluak dituen bilera sektorialetara Estatuetako ministro sektorialak hurbiltzen dira. Bilera sektorial hauetan Eusko Jaurlaritzak ahots bat izatea eskatu du Euskal Autonomi Erkidegoaren Estatutuak emandako eskumenen defentsa zuzena egiteko (2004.eko Abenduan Madrilen sinatutako Akordioak autonomi erkidego guztien ordezkaritza ahalmentzen du, eran eta edukieran zoritxarrez murriztua bada ere).

- Parlamentuak eztabaidatzen ditu bere 732 diputatuen artean eremu gehienetako Batzordearen proposamenak eta Batzordekideen aukera. Legegintza eta aurrekontuen kontrola ere egiten du, Kontseiluarekin batera, orain onartu berria den “legegintza-prozedura” izenarekin. Parlamentuko kideak 5 urtero aukeratzen dira eta 25 Estatuetatik datoz, Estatu bakoitzeko parlamentari kopurua Estatu bakoitzaren populazioaren arabera ezartzen delarik. Hego Euskal Herritik, espainiar hauteskunde sistemaren aldaketa eskatu da eta Erkidego mailako zirkunskripzioa eskatu da, oraindik Estatuak zirkunskripzio bakarra onartzen duelarik.

- Europako Batzordea 25 batzordekidez osatuta dago 2004ko Azarotik Estatu-kide bakoitzak bere batzordekidea aurkeztu eta gero. Bakoitzak arlo bat lantzen du eta eremu berezi horretan proposamenak egiten ditu. Batzordeak Batasun osoko politika bateratuen programak egiten ditu eta, onartuak izan eta gero, hauen aplikazioa ere bermatzen du. Batzordeak zaindu egiten ditu ere Batasunaren Itunek ezartzen dituzten xedapenen aplikazio zuzena. Batzordearen proposamen guztiak Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren biltzarretatik pasatu behar dira eta hauen aurrean erantzukizuna du.

Euskal Herriaren ahotsa bakarra EBan, eta azkeneko Konstituzio Itunean oraindik “Erakunde” statusa lortu ez duen organoa Erregioen Komitea da (EK).

EK 1994.ean sortu zen, besteak beste, Batasuneko hainbat Estatu-kidek erregionalizatze prozesu sakonetan sartuta zeudelako eta Estatupeko eskualde errealitate horiek ere zeresan handia zutelako Europa mailan. 2005.eko EK-k 317 ordezkari nagusi ditu (eta beste 317 ordezko); geure Herriko bi autonomi elkarteen buruak, Ibarretxe eta Sanz jaunak, ordezkari titularrak dira.

Erregio edo udal mailetan eragina duten gaien eta eskumenen inguruko edozein gaian iritzia eskatu beharko diote Kontseiluak, Batzordeak eta Parlamentuak EKri. EK-k, batetik, diktamenak aurkeztuko ditu erregio eta udalen interesak zalantzan jartzen direnean, hots, gizarte-kohesioaren, ekonomiaren, hezkuntzaren edo osasun publikoaren eremuan edo, bestetik, ebazpenak idatzi momentuko egoera politikoaren inguruko gaietan.

EK-ren zereginen zabaltze, indartze eta garatzea, edo EK benetako “Erregioen kamara” bihurtzea dira Euskal Autonomi Erkidegotik egin diren eskakizunak. Oraingo “erregio eta udal entitateen biltzar” statusak indarra kentzen die benetan boteretsu diren erregioei eta gutxitu egiten du EK-ren diktamen, ebazpen eta esanen indarra.

Euskal Herriaren eta Europako Batasuneko goi mailako erakundeen artean zer erlazioa dagoen?. Europako Batasunak Estatu-kideen barne afera utzi du hauen erregionalizatze prozesua. Hau dela eta, erregioek ez dute orain arte zeresanik izan Europar integrazioaren prozesuan, erregioak eta udalak Batasunaren legislazioaren 3/4ak haien eskumenetan “derrigorrez eta eraginarekin” aplikatu behar badute ere. Horregatik aurrerapena izan da EB-eko Itun Konstituzionalak onartzea erregioek aurkeztutako errebindikazio batzuk, Kultura eta Hizkuntza aniztasunaren errespetua eta uda eta-erregio autonomiaren onarmena, besteak beste.

Garrantzitsua iruditzen zaidan beste onarmen bat subsidiariotasun printzipioaren erabilera da; subsidiariotasuna da eragina duenean, ahal denean, eta aplikazioa ona izango dela bermatzen denean, erabaki-hartzaileak hiritarrengandik gertuen dauden erakunde edo botere mailak izan daitezela: erregioa, udala, etab. Itun berriak ikuspegi erregionala ematen dio printzipio honi, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak papera nahiko mugatuta badute ere, jarduteko gaitasuna Españako Parlamentuaren menpe dagoelako. Ez dut iritzi honekin eta azkeneko esaldietan esandakoarekin EBko Konstituzio Ituna kritikatu nahi, artikulu hau ez da eta horretarako idatzia; labur azaldu nahi dudana da erregioen papera EB-ren barruan ez dela 25 Estatuen erabakia, Estatu-kide guztien artean izandako eztabaidaren emaitza baizik, eta gure Herriaren ordezkaritza Europako edo munduko foroetan ez dela EBren erabakia Españako Gobernuarena baizik.

Gobernu Zentralari buruz gabiltzala, 2004.eko Abenduan sinatu egin zen Estatuko gobernua eta 17 Autonomi Erkidegoetako gobernuen arteko akordio berezi bat, Elkarte Autonomoek Kontseilu europarrean parte hartzeko sistema berriaren akordioa, hain zuzen ere (Kontseilua aurkezterakoan agertzen den erreferentzia). Akordio honen bitartez zehaztu, neurtu eta ezarri egiten dira Estatuaren ordezkaritzarekin batera Autonomi Erkidegoek egin dezaketen lana, erregio-ordezkaritza sistema eta eztabaidatutako gaien zerrenda. Españako autonomi sistema asimetrikoa izanda, 17 erkidegoentzat amankomunak diren gaiak ireki dira zuzen-zuzeneko ordezkaritza horretara. Euskal Autonomi Elkartea ez da sistemaren kontra egon aurrerapauso bat delako orain arteko hutsunearekin alderatuta; haatik, gure Herri osoaren (EAE eta Nafarroa) eskumenen artean garrantzitsuenak diraute Ogasuna eta Herri-zaintza, eta horietan ez dirudi aterik irekiko denik.

Autonomien ordezkaritza sistema berri honek hurbildu egingo du erregioetara Estatu-mailako administrazioa eta politika, EBko beste Estatu-kideek egiten ari diren moduan, bai Kontseiluaren bileratara bidaltzen dituzten Ordezkaritzatan erregioak sartzen, bai haien erregioak zuzen zuzenean Estatuaren izenean hitz eginez, Flandriaren kasua 2001an. Españako edo Frantziako agintariek eta legedia norabide honetan noiz eta noraino irekiko diren… hor daukagu itxaropena!.

Aurrekari garrantzitsu, interesgarri eta ausartak batzutan, aurrerapauso urriak eta lotsatiak besteetan, Europako Batasunaren barnean eta Estatu-kideen barruan ere aldaketa izugarriak ikusi ditugu azkeneko 10 urte hauetan. EBtik kanpo ere, zenbat aldatu den Europa azkeneko 15 urteetan!!, zenbat lurralde permutazio eta konbinaketa egon diren eta gero Estatu-kideak bihurtu dira. Geure kontinenteak muga tradizionalak

gainditzeko eta pertsonak, merkatuak, moneta, etab., elkartzeko joera du, gizatalde naturalak elkartuz muga artifizialen gainetik. Hura izango da Europaren benetako etorkizuna, batasun handi aniztasunean.

Erakundeetan edo legedian partehartze ezak ez du, hala ere, neure ustez Euskal Herriaren eta Europaren arteko erlazioan beltzik margotu, erlazio eragingarria izan delako. Hogei urte izango dira 2006ean hegoaldeko Euskal Herria Europako Batasunaren zati dela; hogei urte ospatuko dira era batera edo bestera Euskal Autonomi Erkidegoko erakundeak Bruselan dabiltzala; hamabost urte ospatuko dira era batera edo bestera Nafarroa Bruselan dagoela, eta dudarik gabe onuragarria izan da partaidetza hau. Gizartea ez da geldirik egon eta EBak bere laguntza eta inbertsioekin hobetu, erraztu eta ahalbidetu ditu Herrian zeuden beharrak, potentzialtasunak eta xedeak.

Hego Euskal Herrian, XX. mendeko hamarkada batzuetako gertakizunek munduaren aurrerapen ekonomiko eta sozialengandik aparte mantendu dute, azpiegituren, ideien, ahalbideen atzerapena eraginez. Alde handia zegoen 1960 eta 1970etan gure artean eta Europar Merkatu Komuneko Estatuen artean. Hau dena, nik Bruselatik ikusita behintzat, amaitu da!. Datu ekonomiko eta sozial gehienek erakusten dute guk hemendik nabaritutakoa: besteak beste, langabeziaren beherakada, industriaren berraldatze eta hazkundea, gizakien egunerokotasunaren ekipamenduen gaurkotzea, garraio azpiegituren garapena eta berritasuna, hezkuntza metodo eta egituren hobekuntza, belaunaldi berrien prestakuntza akademiko eta intelektuala, ingurumenarekiko mentalizazioa,… Berdindu egin garela Europako beste hainbat herriekin. Eremu garrantzitsuak daude, noski, oraindik hobetu beharko liratekeenak Europar Batasunean, gizarte gaietan bereziki, baina onartu behar duguna da EB-ko 252 erregio arteko EAE eta Nafarroa-ren 35 eta 36garren Barne Produktu Gordina “per capita” altuak (Erosketa Ahalmen Parekotasuna, 2004.eko Eurostat-en datuak) Herriaren urteetako lanari, Batasunaren urteetako laguntzari eta Europa osoaren egonkortasunari eskertu behar dizkiegula.

Hemendik aurrera ez da horrela gertatuko. EBak beste behar batzuei egin behar die kasu orain, kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatuz sartu berriak dauden 10 Estatuetan. Edo baita munduan zehar beharrean daudenak laguntzen ere. Eta hor ere egongo da geure Herria, besteekin batera, kate bat egiten besteak laguntzeko, besteengandik hartzen, berdintasunean, legalki oraindik lortu ez badu ere.

Lotutako artikuluak

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/02/18-25