Artea eta azken joerakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Jesús Meléndez Arranz, EHUko irakaslea, Arte Ederretako fakultatean
Traducción al español

Badirudi, XIX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera, Artearen ibilbide jarraia eteteko eta apurtzeko agertu ziren lehenengo ahaleginetatik, "azkena" edota "berria" Artean balore ezinbesteko eta ezin garrantzitsuago eratorri zaizkigula. Askotan, Artearen norabidean irmo aurrera joateaz baino, "azkenaz" kexuago gara. Antzeko zer edo zer, XX. mendean zehar azaldutako abangoardia Arte mugimenduekin. Batzuetan beharrezkoak -eta denborak horrela onesten ditu- eta beste batzuetan bolada baterako ekarpen gutxiko burutazioa besterik ez.

Jakin badakigu ere, artistek egindako azken Arteari buruz mintzatzea zail samarra suertatzen dela. Zaila, lehenik eta behin, garai barnean bertan peto-peto sarturik, gure begirada ez da batere argirik ez objektiborik, aztertu beharreko "objektuarekin" nahasturik gaudelako. Eta bigarrenez, azken Arte fenomenoek, euren hurbiltasunagatik eta berritasunagatik, apur bat txunditu eta itsutu egiten gaituztelako.

Argazkia
"Gauean abiadan". Goierri Konpeti bideoa
Egileak: Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal
Argazkia: Pernan Goñi
http://www.daeweb.org/eusk/projects/asierinaki.html-tik aterea

Hori dela-eta, garaiaz behar bezala idazteko denbora iragatea ona izaten da. Batez ere, aldi berean, suertatzen diren fenomeno askoren artean, zeintzuek iraungo duten eta zeintzuk ganoragabekeriak besterik ez diren igarri ahal izateko.

Ez dakigu zorionez ala zoritxarrez ote den, baina Artearen barrutik gauzak ez dira horrela bizitzen. Artearen azken joerez itaundu beharrean, guretzat galdera hauexek lirateke: gaur egun, zer da Artea?, zer eskatu behar diogu egungo Arteari?, Artearen azken joerek, galdera horiei erantzuten al diete?

Artea artistek egiten dutena datekeelakoan ados egon gaitezke. Horregatik Arte aldizkarietara, Arte erakusketen katalogoetara zein hurbileko erakustokietara joz, Artea datekeenaren alorra oso zabala da. Nahaste-borraste horretan apur bat zehazten, Arte fenomeno berrien eta aurreratuen bila, agertutako eremua txikiago egiten zaigu eta Arteaz pentsa dezakeguna, dagoeneko goitik behera aldatu zaigu. Izan ere, betiko Arte diziplinek -Marrazkigintza, Pintura, Eskultura eta Grabatuak- badiraute ere, eurekin batera inolako zalantzarik gabe Argazkigintza daukagu.

Baina hain ohiko ez diren bestelako Arte erabide eta moduak ere, azken Artearen bilgune eta foroetan nonahi agertzen zaizkigu: bideoa, zinea eta infografiarekin zerikusirik duten lan asko. Beraz hortik, gauzak sano aldatu zaizkigu.

Ari gara, Artea zer ote den galderari erantzuten. Beraz, marraztu, pintatu, eskultura, grabatua eta argazkiak egiteaz gain, artistek bestelako medioekin bestelako emaitzak sortzen badituzte, hauek ere Artea direla esan beharko dugu. Eta azken Arte topaguneetan medio hauek, gertatu den moduan, onespena jaso badute, ez dago gehiago esaterik.

Dena den, zergatik harritu? bere medioak aukeratzeko, benetako artistak munduko askatasun guztia bilatu du beti, ondorioz ezer berririk ez.

Arteak, behintzat azken Artetzat iragaten diguten horrek hartu duen itxuragatik, beti mugikorra eta oso arina dugu. Horretarako bideoa eta infografia beste edozein erabide baino egokiagoak ditugu. Hau da, azken teknologia Artearen zerbitzura.

Baina hori ez da gakoa, oro har, zeri erantzuten diote Artearen azken joerek baino azken portaera hauek? Arteari? Horri baino, ohiko irudiaren arintasunari eta irudiaren gizarteari erantzuten saiatzen ari zaiola ematen du. Adibidez, pentsa dezagun, nori dagokio egungo irudien ekoizpena? Arteari?

Ez dut uste, gaur egungo irudirik erakargarri eta eraginkorrenak ez dagozkio Arteari, baizik eta Publizitate eta Politikari -aspaldidanik Man Ray-k Argazkimuntaketaz hitz egiterakoan aldez aurretik asmatu bezala-. Zoritxarrez Publizitate eta Politikak irudia erabiltzen dutenean, maltzur eta emankortasunik gabe erabiltzen dute, benetan erakargarri janzten duten arren.

Aurreko irudi ekoizleekin konparatuta, ohiko Arteak badu beste zenbait arazo: bere urruntasun eta bere zailtasuna. Bere teknika ez da edonorengana ailegatzeko, erakusteko azpiegitura behar duelako (Museo, areto eta galerien sarea), jende orokorrarentzat gauza ez dena. Eta bestetik Artea bere lengoaian ez baita batere erraza.

  Argazkia
JON MIKEL EUBA
KYD KILL'EM ALL. 2002
Bi bideoproiekzioz osatutako instalazioa (3x4m.)

Horrengatik, bada azken urteotan geroz eta nabariago den fenomenoa: Artea bere medioetan bezala, bizitzaren azken bazterreraino ailegatu nahian, bere agerpenean ere horrenbeste hedatu den, ezen azkenik "garden" bilakatu zaigun. Horrenbeste zabaldu eta zabaldu, bizitza estetizatu nahian, azkenik Artea bera horren barreiaturik, bat egin zaigu Arte asmorik ez duten gizarte honen zenbait bestelako irudi eginkizunekin.

Hala ere, onartu behar dugu, lehenago Arteak zuen erabilpen-balorea, gaur egun sekularizaturik bat egin zaigula kontsumo arin eta popularreko eginkizunekin. Agian, Artea gizartera hurbildu da eta gizartea estetizatu da, baina inolaz ere Hegel-ek iragarritako moduan.

Azaldutako testuinguruan, Arteak beste eremuetara jo du. Azken batean, hainbat artista kezkatzen duen galdera ez da, hau al da Artea? Baizik, zer eskatu behar diot Arteari? Arteaz baliatuta zer egin dezaket?

Galdera hauen aurrean, agertu zaizkigun azken artistek arazoak dauzkate ohiko diziplinekin erantzuna emateko eta lehenago esandako bestelako medioetara jo dute. Adibide bat, berriki ospatu den Tiranako Biurterokoan gonbidatutako artistei bota dieten galdera, hau izan da: Global conscience as utopia. Ezin ukatu, teknologiari esker, espazio eta denboraren esperientzia berria badaukagula eta horrek, jakina, artisten eta arte-komisarioen jakin-mina piztu duela. Zer nolako oharmen esperientzia berria dagoeneko pairatzen ari gara? Nolako oharmen esperientziak, halako Artea. Abiaduraren esperientzia eta Modernitatea oso parekoak izan ziren modu berean, gaur egungo artistek galdera horietaz dihardute.

Tiranako galderak argi eta garbi, ohiko diziplinei bidea itxi eta teknologiko, aldi bereko, arinago eta Munduan guztiz presenteago diren beste medioei bidea ematen die.

Artea, Edertasunaz edota Arte barneliluratuaz jardun beharrean, kalean eta kontzientziaz daukagu. Mundua eta bere arazoak gai daukate, baina ez irudikatzeko edota testigantza emateko, baizik eta parte hartzeko (eta horrek ez dakit izenik ote duen!).

Azken honetaz, honako adibide hau, ARTELEKUn berriki ospatutako jardunaldiak: "Desadostasunak. Arteari, politikei eta esfera publikoari buruz Estatu espainiarrean".

Argazkia
Goierri Konpeti bideoa
Egileak: Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal
Argazkia: Pernan Goñi
http://www.daeweb.org/eusk/projects/asierinaki.html-tik aterea

Zeintzuk ote dira Artearen azken joerak? Ezin izendatu, dagoeneko Artearen diskurtsoa eta xedeak, Munduko arazoen arabera, zeharo sakabanatuta daudelako. Are gehiago, azken urteotako Artearen topagune erraldoiek ezin izan dute 80ko urteetan bezala, joera nabarmenik ezarri. Izen batzuk eta portaera batzuk besterik ez dira izan.

Azken Artearen ezaugarriengatik, zelan izena ipini ihesi dabilenari?

Horren haritik, Artearen beste ezaugarrietako bat, bere aniztasuna dateke. Arte guneak aniztu ez ezik, artistak leku batetik bestera mugitzen zaizkigun ere. Jakina, New York edota London moduko Arte guneek erreferentzia izaten tinko darraie, baina honek ez du esan nahi Israel, Irlandan, Japonia edota Txinan gauzak gertatzen ez direnik, ezta euren berri izango ez dugunik.

Artearen azalezko deskribapen honetan, eman dezake "azkena", "berria", "ciber", "net-art", "media-art" eta abarrekoen adjektiboen zerrenda amaiezinari oniritzia ematen diela. Gure ustez, etiketak, izenordeak besterik ez lirateke izango, Artea aurkezteko eta kasuz kasu ekoizteko medioak, hots Artearen garaiko jantzia. Kontua da ea Arteak gaur bete nahi dituen esparruetarako izenordeekin zerbait konpontzen den ala askotan, horiek etiketak beste zeozeri erantzuten dioten: Hain zuzen ere, egun nagusitzen den Artearen inguruko merkatal-sistemari.

Hala balitz, azken Arteaz idazterakoan, Arteaz baliatzen den merkatuaz idatzi beharko genuke ere. Hau da, Arte sistema kutsatu eta agian usteldu duen zerbaitetaz aritu beharko ginateke. Jakina, Artearen xedea dirua eta espekulazioa denean.

Baina hori egi galanta bada ere, ez da artistak gehien kezkatzen dituena. Zinez ala planta eginez, artistak Arteari suposatzen zaion gizatasunaren hondarraz kexu dira. J. L. Brea-k berriki idatzi zuen moduan, Artea sekularizazioaren sekularizazioan bizi bada, Artearen mugak nasaitu eta hedatu dira -batzuetan Artea bera hutsaldu arte-. Azkenik, Artea eta irudiaren beste moduak zeintzuk diren ez dakigu, besteak beste, gizarteak modu eta portaera artistiko zein sasi artistikoak bereak egin dituelako.

Argazkia
Goierri Konpeti bideoa
Egileak: Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal
Argazkia: Pernan Goñi
http://www.daeweb.org/eusk/projects/asierinaki.html-tik aterea

Eginkizun horretan, azken Arteak berrerabiltzen dituela orain dela hogeita hamar urtetako Arte kontzeptual soziologikoaren moduak esan daiteke. Hori bai, egun, artistek bere lanak, era zein itxuretan samurturik eta Artearen santutegiak ekiditen euren proposamen kritiko-soziologiko ezberdin erakusten eta aurkezten dituzte. Horretan 70ko hamarkadako artista kontzeptualak bezain zorrotz baina plantaz, alaiago lantzen dute. Alegia, euren oinordekoak bai, baina besteen dogmatismoan jausi gabe.

Gizartearen estetizazio antzu honen aurrean, Arteak bere eraginkortasuna sozialari edota bere salbapen indibidual eta kolektiboa bilatzeari ekin dio. Horretan, egungo Arteak zeri erantzuten dion eginiko galderari erantzuna lortzen dugu.

Ondorioz, Artearen azken joerez baino, Arteaz.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/01/09-16