Kardaberaz eta ArabaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari Velez de Mendizabal, idazlea
Traducción al español

  Argazkia
Agustín de Cardaberaz.
A urtengo uda beroko arratsalde lasai batean aspaldiko testu bat iritsi zitzaidan eskuetara, Lino Akesolo fraide zenak aspaldi idatzita. Agustin Kardaberaz hernaniarraren gaineko gaia azaltzen zuen idazkiak, hain zuzen Arabako herrialdean hark eginiko misioak oroitzen zituelarik. Eta Kardaberazen jaiotzaren hirugarren mendeurrena ospatzen ari garen urte honetan, egoki iruditu zait Aita Linok idatzitakoaz lerro batzuk izikiriatzea, behintzat lekukotasuna gera dadin.

Denok dakigu zein nolako “zazpigarren alaba” deseuskaldundua izan den gure Araba eta horregatik harrigarri egin zitzaidan Kardaberazen nondik norakoen artean, tarteko mugaren bat edo besterekin topo egitea arabar lurraldeetan, eta ez preseski berez euskaldun peto izan diren eta, zorionez, diren Aramaio, Legutio edota inguruko herrietan.

Bitxia da, hala ere, Kardaberazen biografoek ez digutela erreferentzi zehatzik ematen misiolariak bisitatutako herrien gain. Eta Kardaberazek berak ere, noski, ez du argibide larregirik eskaintzen bere idazkietan, nahiz eta batzuetan aipamen batzuk egiten dituen, “Araban egon nintzen predikatzen” adieraziz. Dena den, badirudi Aguraineko inguruetan jardun zuela lantegi horretan.

Ezagun zuen Kardaberazek Araba, misioak euskaraz ematen hasi aurretik ere. Hernaniarra Jesusen Lagundian sartu zen 1721ean, eta zortzi urte beranduago apaiztu egin zen. Bere hizlari-dohainak zirela eta, predikatzaile modura bidali zuen Lagundiak Euskal Herriko zenbait tokitara eta Bizkaian hasi bazuen ere, aurki ekin zion bere hitza Araban zabaltzeari. Dirudienez, lehenengoetako herri bat Artziniega izan zen, bertan 1731ean aritu baitzen. Baina kasu horretan, noski, erdaraz egin zuen. Eta badirudi 1733ra arte eginiko guztiak ere espainieraz zuzendu zituela.

Aipatu dudan udako artikuluan Lino Akesolok dioenez, 1733an hartu zuen erabakia Kardaberazek misioetako sermoiak euskaraz egiteko. Itxura denez, Bizkaiko Elorrio eta Lekeition buruturiko misio batzuek markatu zuten Kardaberazen inflexio puntua, erdaratik euskarazko hitzaldietara pasatzeko. Hiru urte geroago, Loiolan jarri zuen bere egoitza eta handik irradiatu zuen hizlari-lana, Gipuzkoara ez ezik baita gainerako euskal herrialdeetara ere. Euskaldunak euren hizkuntzan ebanjelizatu behar zituela iruditu zitzaion hernaniarrari eta handik aurrera horrela egin zuen.

Arabara iritsi zela esan dut eta badirudi, logikoena behintzat, euskaraz sermoiak egiteko Aramaioko ibarra izan zitekeela. Gainera, badakigu Oñatiko Unibertsitatean irakasle gisa aritu zela bi urtez, eta –beraz- handik Aramaioko lurraldeetara iristea ez zitzaion zaila izango. Hala ere, ez da inon aurkitzen Kardaberaz Aramaion egon zenaren testigantzarik. Baina Oñatitik ere, Arantzazutik zehar, Arabako lautadara egin zezakeen Kardaberazek jauzia eta itxura guztien arabera hala izan zen, Aguraineraino heldu zelarik.

Badakigu jakin, Jesusen Bihotzarekiko debozioa suspertzeko Konpainiak kongregazioak sortu zituela Euskal Herrian eta horietako bat Agurainen jarri zuen. Kardaberazek berak bere “Cristauaren vizitza” liburuan dioskun moduan: “Araban Salvatierraco eta aren ergoienetako jende piadosoac ori bera egin zuten”. Eta horixe da josulagunak Arabako bere egonaldiari buruz eman digun zehazkizun gutxienetako bat. Oso gutxi idatzi baitzuen bere jardunaz eta, beraz, ez du erreferentziarik utzi, non eta noiz aritu zen jakin dezagun.

Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan dago Agurain, eta ezaguna da bertako herritarrek Gipuzkoako aldekoekin harreman estuak izan dituztela historian zehar. Artzaintzak, adibidez, erlazio zuzenak ezarri ditu betidanik mugaz bi aldeetako biztanleen artean, eta euskarak bere presentzia izan du euren arteko solasaldietan. Horrek esan nahi du, euskarak zutabe biziak izan dituela Agurainen inguruan mende askotan. Eta, noski, Kardaberazen garaian ere hala zen.

Ideia horri jarraituz, diodan, San Adriango haitzulotik barrena hainbat eta hainbat gipuzkoar arrunt jaitsi zirela Zalduondo, Arriola, Narbaxa, Larrea, Ozeta, eta Elgeako mendi katearen maldetako herri txikietara; bertan geratu ziren betiko, eta gaur egun haien etorreraren berri ematen digute, han hemenka barreiatuta dauden abizenek: Arratibel, Azurmendi, Urkia, eta abar. Gizon anonimo horiek, abizenarekin batera euren hizkuntza ere ekarri zuten Arabara, eta oraindik orain gipuzkoar jatorriko lagun haien ondorengo askorengan euskarak bizirik irauten du.

Beraz, ez da harritzekoa Kardaberazek entzuleria euskalduna izatea Arabako lurralde honetan, eta bere misioak euskaraz eman ahal izatea josulagun hernaniarrak. Horixe zen, hain zuzen, idazki labur honen helburua, omentzen ari garen Kardaberazen eta Arabaren artean izandako loturaz hitz pare bat adieraztea.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/12/29
   2004/01/09