Gero eta euskaldun gutxiago al gaude? Posible al da etorkizuna
daukan herrialde batek biztanleak galtzea? Orekarik ba al dago jaiotze
eta heriotza tasen artean? Zergatik jaiotzen dira hain haur gutxi?
Inolako familia eredurik existitzen al da? Egia al da XXI. mendeko
pentsioak arriskuan daudela?... Elkarrizketa honetan galdera hauek
eta beste hainbat erantzun dizkigu Mikel Marañón demografoak.
Ea berak esandakoek zure zalantzak ere uxatzen dituen.
-Gero eta jende
gutxiago bizi al gara Euskal Autonomia Erkidegoan?
2001ean azken errolda egin zenetik, migrazioen saldoa positiboa
izan da, baina egia da errolda horretan eta bere aurrekoan Euskal
Autonomia Erkidegoko biztanle kopurua apur bat jaitsi egin zela.
Uneotan, biztanleria zahartzen ari denez, heriotzen tasa jaiotzen
tasa baino pixka bat altuagoa da. Alegia, hazkunde begetatiboa negatiboa
denez, biztanle kopurua ez jaisteko, migrazioen saldoak positiboa
izan behar du.
-Etorkizuna daukan
herrialde batean ezinezkoa al da saldo begetatibo negatiboa izatea?
Saldo begetatibo negatibo batek abantailak ematen ditu, baina aprobetxatzen jakin behar da. Esate baterako, azken urteotako saldo begetatiboa jaiotzen tasa baxua izan delako izan da negatiboa, eta beraz hezkuntza sistema hobetzeko ez da neurrigabeko diru kopururik gastatu behar izan. Ekonomialari gehienak ez daude argudio honekin ados, aurrerakuntza hazkunde demografikoarekin lotzen dutelako. Dirudienez, zenbat eta jende gutxiago, orduan eta txikiagoa da gauzak ekoizteko eskaria, baina ez da egia. Gaur egun, gutako edonork duela 30 urte kontsumitzen zena baino askoz ere gehiago kontsumitzen du. Saldo negatiboak bere alde onak eta bere alde txarrak dauzka. Oreka bilatzen jakin behar da.
-Eta non dago
oreka hori? Zein egoera litzateke ideala?
Biztanleria
egonkorra izatea. Ez da gure kasua. Azken 13-14 urteotan, Euskadin
urtean 16.000 haur jaiotzen dira, baina epealdi horretan bertan
18.000 hiltzen dira. Beraz, ez dago orekarik. Gutxigatik, baina
ez dago. Etorkizunean egoera ideal bat izateko, urtean 5.000-6.000
haur gehiago jaio beharko lirateke. Baina ez dira jaiotzen, gizartean
jendea gero eta beranduago hasten delako haurrak izaten, eta, hain
zuzen ere arrazoi horrengatik, askotan ez dutelako bigarrenik izaten.
Bikote askok ez dute planteatu ere egiten 30 eta 35 urteen artean
haurrik izatea, emakume asko, 35 urte beteta izan arren, lan egonkorrik
gabe daudelako. Eta, logikoa den bezala, beren lehentasuna lan munduan
sartzea da. Baina plan edo politika demografikoak prestatzen hasi
baino lehen, lanaren ezegonkortasuna eta etxebizitzen prezioaren
arazoak konpondu behar dira. Bi arazo hauek funtsezkoak dira gure
gizartean, eta estalita gelditzen diren baztertuak sortzen ari dira,
lan ezegonkor bat eduki eta etxebizitza bat eskuratzerik ez daukan
jende horrek gurasoen menpe bizitzen jarraitzen du. Familiaren babesik
gabe ezingo lukete ezer egin.
-Beraz, gaurkoa
70eko hamarkadan zegoen egoerarekiko erabat ezberdina da.
Bai, eta gainera belaunaldien artean desoreka daukagu. 75 eta 76
urteetan 38.000 haur jaio zen Euskal Autonomia Erkidegoan, baina
ordutik 90eko hamarkadara arte, 15 urtetan, jaiotze tasak nabarmen
egin zuen behera. Urteko 1.000-1.500 haur gutxiago jaio ziren. Gaur
egun, gainera, ez dira orduko erdia ere jaiotzen. Urte haietan hainbeste
haur jaio baziren, ez zen izan ugalkortasuna handiagoa zelako, baizik
eta immigrazioaren ondorioz bikote gazte asko etorri zirelako. Alegia,
ez du esan nahi bikoteek hiru, sei edo zazpi seme-alaba izaten zituztenik,
jende gehienak bi izan nahi zituelako.
-Azken urteotako
historia berriari begiratuz gero, Euskadiko demografia pixkanaka
hazi dela esan al genezake?
Ez. XX. mendearen hasieran, milioi erdi baino gutxiago bizi ginen.
Mendearen lehenengo urteetan nahiko hazkunde handia izan zen, lehendabizi
Bizkaian eta gero Gipuzkoan, baina 1910era arte saldo migratorioa
negatiboa izan zen, euskaldun asko itsasoaz bestalde joaten zirelako.
Aldaketarik handiena 1955 eta 1975 artean izandako immigrazioarekin
etorri zen. Kasu honetan ere, lehendabizi Bizkaian eta gero Gipuzkoan,
eta zenbait urte geroago Araban. Azken errolda 2001ean egin zen,
eta honen arabera 2.082.587 biztanle bizi gara Euskal Autonomia
Erkidegoan.
-Azken
urteotako historiarekin jarraituz, zein izan da aldaketa demografikorik
garrantzitsuena?
Heriotzen kontrola eta beherakada. Estatu espainiarrean XX. mendean
gertatu zen, eta Europan pixka bat lehenago, 1850etik aurrera. Ordura
arte, haur asko hiltzen ziren, izugarri. 1910 urtearen inguruan,
ezkontzen ziren emakumeek 11-12 haurdunaldi izaten zituzten, bizpahiru
aldiz abortatu egiten zuen, jaioberrietatik bi jaio eta lehenengo
urtean hiltzen ziren, eta beste bi 20 urte bete baino lehen. Beraz,
lau seme-alabarekin gelditzen zen heldutasunera. Garai hartan, haurren
laurdena urtebete egin baino lehen hiltzen zen. Oso egoera gogorra
zen.
-Gaur egunera
itzuliz, zure iritzian zer egin dezake euskal Administrazioak biztanle
kopurua egonkortzeko?
Lehenik eta behin, lanen ezegonkortasuna eta etxebizitzen prezioaren
arazoak konpontzen saiatu behar du. Eta horretarako agente sozialak
eta gizartea bera kontzientziatu behar ditu. Eusko Jaurlaritzaren
Familia Planaren atal bat sentsibilizazioari zuzentzen zaio, hain
zuzen ere. Enpresari eta sindikatuek konturatu behar dute beharrezkoa
dela lana eta familia uztartzea. Beste alde batetik, nik ez dut
sinesten "Seme-alabak izan behar dituzu" goiburua daramaten
politika demografikoak bultzatzen dituen administrazio batean, baizik
eta hiritarrei erabakiak hartzeko dauzkaten eragozpenak kentzen
dizkien administrazio batean. Zerbait egin beharra dago, lehenbailehen.
-Eragozpenak aipatu
dituzula, analista ekonomikoak ez dute oso etorkizun oparoa aurreikusten
XXI. mendeko erretiratuentzat. Bizitza guztia lanean eta kotizatzen
aritu ostean, zuk ere ez didazu nire pentsioa bermatzen?
Gaur egun ona da biztanleria aktiboaren eta menpekotuaren arteko
lotura. Biztanleria aktiboa, biztanleria menpekotua baino gehiago
ari da hazten. 70eko hamarkadako belaunaldia lan munduan sartzen
hasi da, eta, aldiz, erretiroa hartzen hasi dira gerraosteko belaunaldiak.
Eta, kopuruz, gehiago dira aipatu ditudan lehenengoak, orain erretiroa
hartzen ari direnak baino. Egoera nabarmen aldatuko da 2020 urtetik
aurrera, eta batez ere 2025etik aurrera, 70eko hamarkadakoak erretiratzean.
Jende askok hartuko du erretiroa, baina oso gutxi sartuko dira lanean.
Dena den, arazo hau erraz konpon daiteke lana dagoen bitartean.
Lana dagoenean, lanpostuak bete egiten dira. Kanpoko jendea etorriko
da.

-Bai, ongi da.
Baina ez didazu ezer esan nire pentsioari buruz.
Oraintxe esango dizut. Erretiroaren kontuan, ni ez nator tesi ofizialekin
bat. Gainera, ni ez naiz ekonomialari, ni soziologoa naiz. Nire
iritzian, garrantzi handiagoa du langileen produktibitateak, kotizatzaileen
kopuruak baino. Produktibitatea etengabe ari da handitzen, eta beraz
ez da batere errealista hurrengo 20 urteotan ez dela haziko pentsatzea.
Aurrerapen teknologikoen eskutik are gehiago handituko da produktibitatea,
eta ondorioz baliabideak existituko dira. Gainera, zergatik kotizatu
behar dugu langileok bakarrik? Ezin al zaie zergarik ezarri robotei,
makina saltzaileei, edo gasolindegi automatikoei? Nondik lortuko
ditugun ez dakit, baina garbi daukat baliabideak egon, egongo direla.
-Alegia, inork
ez duela pentsio plan pribatu bat egiteko presarik izan behar.
Niri oso ondo iruditzen zait jendeak aurreikuspen bezala, aurrezteko
edo kontu fiskalengatik egitea. Ondo dago jendea aurreikuslea izatea
eta neurriak hartzea, baina ni behintzat baikorra naiz pentsioen
etorkizunaren aurrean. Krisialdiak izango ditugu, ziur, baina produktibitatea
gero eta handiagoa izango da, eta beraz baliabide ekonomikoak sortuko
dira. Gauza da baliabide horiek ondo banatzea. Ez dugu demografiaren
kontuekin asaldatu behar.
-Gaia aldatuz,
zenbat familia ugari daude Euskal Autonomia Erkidegoan?
Batzuek diote 60.000 inguru familia ugari daudela. Nirea era familia
ugaria da. Hiru seme-alaba dauzkat, baina zaharrenak 27 urte dauzka,
eta gazteenak 24, beraz dagoeneko ez naiz familia ugariaren titular.
Askoz gutxiago dira seme-alaba dependienteak dauzkaten familia ugariak.
Kontaketa hori egiten laguntzeko, zifra bat daukagu: Euskal Autonomia
Erkidegoan hirugarren 1.000 seme-alaba jaiotzen dira urtean. Edo,
beste modu batean esanda, Euskal Herrian urtero 1.000 familia ugari
sortzen dira. Kontuan izanik urtean 16.000 haur jaiotzen direla,
salbuespen bat baino ez dira. Beraz, gutxi gorabehera, 10 familiatik
bat da ugaria Euskal Herrian.

-Bukatzen ari
gara. Aurrez, zein da zure iritzia Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko
Familia Planari buruz?
Aurreneko pauso bat da, asmo garbi bat daukana: Administrazioak
dauzkan baliabide mugatuekin laguntzea.
-Zergatik dira
unibertsalak bertan aurreikusitako laguntzak? Zergatik ez dira familien
errentak kontuan hartzen?
Egungo egoera ikusita, nik uste dut laguntzak errentaren arabera
ematea ez dela oso zuzena, justizia baino injustizia gehiago sortzen
dutelako.
-Datu demografiko
esanguratsuren bat ahazten dut... Guraso bakarreko familien gorakada
agian...
Ez, guraso bakarreko oso familia gutxi daude oraindik, askotan aipatzen
diren arren. Nik uste dut esan beharreko guztia aipatu dugula. Jendea
gero eta beranduago ezkontzen da, eta beranduago izaten ditu haurrak.
Eta, atzerapen horren ondorioz, lehen baino haur gutxiago jaiotzen
dira... Oso arazo handiak daude lana eta familia uztartzeko, eta
beraz beharrezkoa da arlo hau hobeto lantzea. Lanak, gainera, ezegonkorrak
izaten dira, baina arazo hori Administrazio zentralaren esku dago.
PSOEren garaian hasi zen, eta PPrekin larritu egin da, eta ez dago
gelditzerik. Etxebizitzen kontua ere zaila da, baina errazagoa da
erakunde autonomikoetatik konpontzea. Emaitzak bost urte barru ikusiko
ditugu. Beraz, labur esanda, sistema ekonomiko honetako baldintzak
aldatu beharra ditugu. Familia oso erakunde ahula da, eta egoerak
erabat baldintzatzen du (lan merkatuak, komunikabideek, etxebizitzak,
Elizak...). Baldintza normaletan, ez genituzke urtean 16.000 jaiotza
izango, baizik eta hogeitapiku mila, eta gure biztanleria egonkorra
izango litzateke. Ondoriorik larrienak 2040 inguruan izango ditugu,
75eko belaunaldiak, hain oparoak, 65 urte betetzen dituenean.
Mikel
Marañón
Mikel Marañón duela 59 urte
jaio zen Arabako Errioxan, Kantabriako Mendizerraren
magalean, Cripán herrian. Politika Zientzia
eta Soziologian lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean
irakasle izan zen, Analisi Demografiko eta Familiaren
Soziologia eskolak ematen. Irakaskuntzatik euskal
Administraziora igaro zen. Azken urteotan, hezkuntza,
osasuna edo kultura bezalako gaietako teknikari
lanetan aritu da bertan. Gaur egun Programa eta
Zerbitzu Sozialen Ebaluaziorako zuzendaria da.
Horrela, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza
Saileko programak ebaluatzen dituzte (Oinarrizko
Errenta, Familiari Laguntzeko Plana...). Lakuako
bulegoko ateak ixten dituenean, beste zaletasun
batzuetan ematen du denbora, hala nola botanikan,
genealogian edo palan jolasten.
|
|
|
Argazkiak: Ismael Diaz
de Mendibil
-
Euskonews & Media 216. zbk (2003 / 06-27 / 07-4) |