Zazpi
urte ilun izan ziren, zazpi urte lapurreta, indarkeria, zauritu,
mutilatu eta hildakoz -bai zibilak bai soldaduak- betetakoak. Gaur
egungo Aroko gerra bat izan zen eta, horrexegatik, basatia eta ia-ia,
garai bateko esapidea erabilita, koartelik gabea. XVIII. mendeko
gudari zaldunen finesseak Villonen elurrekin zeuden, hau
da, erabat desagertuta. Hitz horiek lehen karlistadaren (1833-1839)
laburpen on bat izango lirateke.
"Pretendientea" eta bere partaide amorratuentzat, zoritxarrez,
eta beste euskaldun batzuentzat, zorionez, dena bukatu zen. Bergaran
gertatu zen. "Besarkadaren" zelaian. Bakea sinatzeko, alde batetik,
Espainiako erregina Isabel II.aren partetik, Espartero jenerala
zegoen eta, bestetik, On Karlos V.arenetik, Maroto jenerala zen
ordezkari. Soldadu txapelzuri eta txapelgorriak -bezpera arte On
Karlos V.aren boluntario galant eta ausartenak- gloriaz, eta gerraz
ere bai, nazkatuta zeuden. Azken finean, Foruak, ordu arteko beren
helburu garrantzitsuena, bermatuta zeuden akordioari esker. Gauzak
horrela, ba al zegoen arrazoirik gerra jarraitzeko?
Ezezkoa izango zen erantzuna hurrengo urteetan. Baina 1848an dena
aldatu zen. Edo, gutxienez, hala dirudi begirada urduri xamar batzuentzat.
Urte hartan giro politiko nahastua zegoen Europa osoan. Han-hemenka
iraultzak lehertu ziren.
Ezagunena Parisekoa izan zen. Berriro, 1830. urtean bezala, Askatasunak
- Delacroix-en margoaren irudi famatua errepikatuz- herria gidatu
zuen errege tiranoaren kontra; kasualitatez, 1830eko iraultzaileek
hautatutakoa. Eredu "txar" horrek, txarra boterearen ikuspuntutik
behintzat, arrakasta izan zuen. Adibidez, alemaniar estatuetan,
abokatu judu gazte batek bere lehen "armak egin" zituen, iraultzaile
bezala, garai hartan; bere izena Karlos Marx zen. Italiar estatuetan
eta Espainian, Madrilen bederen, beste iraultza herrikoi batzuk
lehertu ziren.
"Herriaren udaberria" zen. Hala, giro iraultzaile hartan, badirudi
Karlismoaren partaideek aukera bat ikusi zutela.

On Karlos V.ak 1845. urtean abdikatu zuen, baina bere semea, Karlos
VI.a Montemolin-go kondea, bere leinuaren eskubideak erreklamatzeko
prest zegoen.
Atal historiko hori ez da oso ezaguna. Normalean ez da liburuetan
agertzen. Akaso "linbo" moduko batean dagoelako, lehen eta bigarren
karlistadaren artean. Baina artxibo batzuetan bere oroimena oso
ondo finkatuta dago. Hori da Tolosan dagoen Gipuzkoako
Agiritegi Orokorraren edo Frantziako Ministerioaren kasua. Azkeneko
honetan, Donostiako kontsularen gutun bat daukagu, gai honi buruzkoa,
eta oso zehatza¹ da.
Kontsulak bere ministroari kontatu zion, nola ekainaren 24an, Montemolin-go
kondea eta bere partaideak errebolta bat egiten saiatu ziren Gipuzkoan.
Egun hartan, Frantziako kontsula Tolosan zegoen jaiak -"les fetes"-
ikustera gonbidatuta. Arrazoi horregatik, herria jendez beteta zegoen;
zazpi edo zortzi mila lagun, gutxi gorabehera, bildu ziren Sanjoanak
ospatzeko. Zalantzarik gabe, errebolta saiatzeko oso momentu aproposa
zen. Eta ziur asko, Montemolin-go kondeak eta bere Estatu Nagusiak
hala uste zuten.
Normalean, agintariek kontrolaren zati bat edo batzuk galtzen dituzte
jaietan. Alkoholak eta giro bereziak jendearen harrokeria eta ausartasuna
areagotu egin zituen… Agian, "zurrunbilo" horren barruan 1839ko
bere boluntario galduak zeuden…
Esaera zahar batek dio mundua ausartena dela. On Karlos VI.arentzat,
tamalez, hitz horiek ez zuten Historia aldatu. 1848ko Tolosan ez
behintzat.
Izan ere, Sanjoan haietan inork ez zuen ezer esan, edo oihukatu,
Montemolin-go kondearen alde. Hala kontatu zuen kontsulak bere gutunean:
"Il n´y a pas eu un seul cri pour le Pretendant".
Diplomatiko frantziarrak agiri honetan beste arrazoi zenbait ere
jarri zituen erreakzio hori esplikatzeko: jendea artean gerraz nazkatuta
zegoen. Adibidez, aipatu zuen nola zenbait buruzagi karlista -"chefs
Carlistes"- (Donostiako 1835eko setioko beteranoak ziren) oso
interesatuta zegoen lasaitasuna mantentzen. Halaxe dio gutunean:
"qu´ils etaient tres intéressés au maintien de la tranquilite".
"Tranquilite" edo lasaitasun hartan, bederatzi bake-urte haietan,
Gipuzkoako jendea aberastu egin zen. Kontsularen gutunak esaten
zuen bezala, Donostian, eta Tolosan ere bai, edonon etxe berriak
agertu ziren, langile guztiek lana zeukaten eta Donostian, konkretuki,
dirua barra-barra zebilen. Gutuna amaitzeko, kontsulak Pariseko
bere nagusiari esaten zion, harritu samarturik, Gipuzkoan ez zuela
eraginik izan Frantziako krisi ekonomikoak.
Arrazoi honengatik, baiezta dezakegu Montemolin-go kondearen karlistada
berri hark ez zituela aurkitu 1839an desagertutako bere partaideak.
Ez Tolosako Sanjoanetan, ezta Gipuzkoa osoan ere, Oñati eta "Martires"en
bidean -Bergara eta Soraluze bitartean- izan ezik. Eta han ere bere
kopurua oso txikia izan zen.
Zalantzarik gabe, On Karlosen aukera beste urte, jai eta leku batean
zegoen. Baina hori, Kipling-en esanetan, hori, beste historia bat
da eta ez du zerikusirik Tolosako Sanjoanekin. Oraingoz behintzat.
¹
Archive des Affaires Etrangeres (Paris), tome 5, 1842-1845. Gipuzkoako
Agiritegi Orokorreko dokumentuen kokapena AGG-GAO AM 000 / 648 da.
Carlos Rilova Jericó,
historialaria |