Oso
ezaguna da izenburuan aipatutako XX. gizaldi erdi inguruko lexikografia
lana euskalarien artean, baita euskaltzaleen artean ere. Zer
esanik ez eibartarren artean, egilea Eibarko seme famatua dugulako,
famatua Eibarren eta kanpoan, lanpostuak sortzen ez eze (Alfa sortu
zutenetarikoa dela ez da ahaztekoa), lanpostu handiak bete ere egin
zituelako (Eibarko Udaleko idazkari izatetik, CAMPSAko ardura karguak
betetzera heldu zen). Gerra ostean Venezuela-n erbesteratuta buruz
zetorkionarekin mamitu eta gorpuztu zuen aipatutako lan garaua 1961.
urterako, emaztearen laguntzarekin, Lexikoiaren hitzaurrean dakarrenez.
Oraintsu izan dugu bere iloba batekin berba egiteko aukera (Vicente
Olave Echevarría; Jacinto Olave pintorearen seme, bestalde),
eta hark adierazi digu "burutz" egindako lana dela dudarik
gabe, euskal hiztegi handirik erabiltzeke, gogoan zuen Eibar ahalik
eta ondoen islatzeko asmoz. Ordurako kalean ziren hiztegiak erabili
balitu, alegia, hitz gehiago ere sartuko lituzkeela diosku ehun
urteruntz doan iloba horrek. Agian bai, nork daki. Gure T. Etxebarria
(hemendik aurrera TE ipiniko dugu) erbestetik behin bakarrik etorri
zen Eibarrera. TE-k berak ere "sin más ayuda que la
memoria y el deleite del recuerdo" (TE, 1998, 100) jardun zuela
dio argi eta garbi; baina bazituen hizkuntzaren inguruko iritziak,
ortografia, mailegu eta hitz berriekiko bere iritziak, liburuetan
eta aldizkarietan irakurritakoetatik abiatuta ziurrenik.
Egia ere bada, bestalde, euskalari eta euskaltzale batzuekin harreman
zuzenak bazituela: Eibarko Udaleko Artxiboko arduradunak esan digunez,
badirudi Lexikoiaren fitxak Koldo Mitxelenari berari eman zizkiola
ikusteko, eta gaur egun fitxa horiek "galduta" daude.
Udaleko Artxiboko "Toribio Etxebarria Fondoa"-n hainbat
material dago: gutunak, ohar linguistikoak eta abar, baita Lexikoia
argitaratu aurreko makinaz ateratako kopia bat ere, baina fitxa
guztiak ez. Juan San Martin-ekin ere aurrez aurreko harremana izan
zuen behin, baina gutunez sarri.
Nolanahi ere, ez zen hizkuntzalari (bai ordea, idazle), eta berak
ere erreparorik gabe aitortzen du herriko hizkeraren ezagutzak bideratu
duela bere lexiko lana, baina euskalaritzan gutxik duten objektibotasun
sanoa dariola:
"las formas dialectales de nuestro pueblo, que son las
que aprendimos de nuestros padres y a las que podemos referirnos
con cierta seguridad" (TE, 1998, 22), "he tratado
de recoger las voces y las formas y los modos en que ellas se
articulan en el lenguaje cotidiano de nuestro pueblo, según
lo aprendimos de nuestros padres, pensando que acaso sea de alguna
utilidad registrarlo antes de que por efecto de cierta política
se hayan enterrado en el olvido.
No se trata aquí de lo más o menos castizo,
de lo que sea más o menos ancestral y rodado en la corriente
de los siglos, ni de apologizar ningún dialectismo por
infantil pasión localista, sino de un documento que recoja
el habla viva y operante de un lugar en un momento dado, para
que sirva de información a los investigadores, de material
al especialista y de elemento de juicio a los que cuidan de rehacer
el acervo común auténtico de nuestro idioma.
Por eso he tomado las formas vernaculares, tal y como se usan
y se pronuncian en la vida diaria de nuestro pueblo, poniendo
ogixa, como en realidad decimos los eibarreses por lo menos desde
el siglo XVI, en vez de ogia u ogiya, que nos resultaría
afectado. (...)
Por lo demás, curándome en salud, diré
que mi ortografía no hace autoridad, y las alteraciones
que pueden darse son más bien defectos que intención
reformadora. Lo mismo digo de los análisis gramaticales,
en que no he querido que la duda detuviera mi labor. Ahí
están los técnicos para corregir los lapsus. Lo
que me autoriza en mi empeño y explica la audacia de mi
intento, no es ninguna erudicción libresca ni el brillo
de ningún título académico, sino la circunstancia
de ser persona que ha hecho su vida afectiva, familiar y no poco
de la relación general, por más de setenta años,
en el habla que aquí se ha propuesto registrar" (TE,
1998, 100-101).
Goiko aipamenetan adierazi duenez, TE-k Eibarko hizkera ahoskatzen
den moduan jaso izan nahi du, baina horrek inplizitoki transkripzioa
dakar. Zer nolako idazkera hautatu zuen?, ez da, jakina, transkripzio
fonetikorik bere lanean, eta orokorrean euskararako onartzen joan
ziren letrak eta moldeak hautatu zituen, "h" izan ezik.
Erabat baztertu zuen letra hori, eta ez zuen beldurrik gaur egungo
eredu estandarreko silaba biko hitzak bakarrean ipintzeko: "ALDANA"
kasu (TE, 1998, 124) (est. "ahal dena"). Horrez gain,
bere justifikatu beharrak eta barka eske gisakoak osterantzeko egile
batzuek egiten ziharduten normalizazio eta arautze lanen ezagutza
iradokitzen du. Gure ustez, Lexikoiak bere burua nahikoa eta sobera
justifikatzen du, alderdi gramatikala gaur egun beste era batera
antzematen eta antolatzen den arren.
Arestian TE-ren objektibotasuna azpimarratu dugu, baina bestelako
jarrerak ere bazituen hitz batzuekiko, erdarakadekiko batez ere.
Honelakoak arruntak dira: "AITTAGIARREBA. (...) Raras veces
en el habla corriente de Eibar suena esta voz, que la sustituye
un erderismo que se debiera evitar ["suegrua" alegia]"
(TE, 1998, 116).
Alderdi formalari dagokionez, berba sarrera edo buruan hitz soilak
ez eze, konposatuak, lokuzioak, perifrasiak, esaerak eta abar ere
ezartzen ditu, arrunki forma mugatu singularrean. Baina atzizkiek
ere euren lekua dute (bai morfologikoek bai eratorleek ere), paradigmetako
denak ez dauden arren. Sarrera batzuei informazio gramatikala eransten
die, baita osterantzekoa ere: etimologia batzuk ezartzen ditu, dena
delako hitz edo lokuzioaren erabileraren edo bizitasunaren berri
ematen du, batzuetan dena delako berba edo sarrera erbesteko literatura
klasikoan nola azaldu den erakusten du, zita bibliografiko eta guzti,
eta besteak beste, historiaren berri ere jasotzen du noizbait. Kasurako,
"KRISISA. Introducido en el léxico común eibarrés
con motivo de la crisis provocada por la guerra europea de 1914
(...)" (TE, 1998, 503). Antzeman daitekeenez, gazteleraz gorpuztu
zuen lan gehientsua. Gaur egun alderdi lexikografikoa eta linguistiko-gramatikala
beste era batera antolatzen da, baina informazio aberasgarri ugari
dago Lexikoian, bai inmanentea bai hizkuntzaz kanpokoa ere.
Hala ere, inoiz nahikoa eskertuko ez zaion ekarria adibideetakoa
da, hitz edo sarrera bakoitzaren esangura bakoitzari (edo ia guztieri)
adibide bana ezarri ziolako. Hizkuntza eta hizkera aldetik aberatsa
da bere sasoiko hizkera ahalik eta garbien islatzeko ahalegina egin
zuelako. Gaur egun arrotz egiten zaizkigun egiturak ere aurki daitezke
bertan: "ez dako" adibidez; ustez TE-ren hapax bat zela
("AITTU (...) Aittu zittuan, entzun gura ez dako berbak"
(1998, 117), "BIOTZ-GOGORRA (...) Ba'nekixan, Jauna, biotz-gogorra
zarana, eraiñ ez dako lekuan metatzen dozuna..."
(TE, 1998, 263), baina Elgoibarko XX. mende hasierako testu batean
ere badago. Elgoibarko zatia: "Aspaldi entzunezdako kantu bat
hantxe entzun najuan" (A. NARBAIZA, 2002, 73). Bestalde, etnografia
eta (intra)historia aldetik ere neurtu ezindako balioa du. Dena
den, ez dugu ezagutzen TE-ren lanaren inguruko ikerketa linguistiko
sakonik; merezi du norbaitek horri ekitea.
Adibideak ezartzeko jarrera horrekin gainera, tradizio onuragarri
bat ezarri zuen: harrezkeroko Eibarko hizkeraren inguruko lan lexikografiko
edo hitz bilduma gehienetan ohitura horri heldu zaio eta hitz soilak
baino, dokumentu aberatsak jasotzen joan gara. Oihartzuna
hainbat lanetan ikus daiteke: zenbait aipatze aldera, J.A. ARGOITIA-ren,
N. AZKARATE-ren eta X. GEZURAGA-ren liburuan (1995); R. LARRAÑAGA-k
eta N. ALUSTIZA-k egin zuten grabatuaren inguruko liburuan lexikoa
amaierako eranskina da baina hitz bakoitza adibidearekin dator (1996);
I. LASPIUR-en Eibarrera jatorraren bidetik liburuan (1999)
lexikoaz diren ataletan ere bide hori jorratzen da; baita lan zehatzago
eta berriagoetan ere: Eibarko Udalak argitaratutako Eibarko hiztegi
etnografikoa-n (S. BASAURI et alii, 2003) eta laister
Internet-en on-line izango den Eibarko hiztegi orokorra-n
(2003, arg. bakoa). Dena den, hemen ez dugu lekurik TE-ren lexikografiagintzaren
ondoren Eibarren gai hori jorratu duten lan guztiak aipatzeko.
Euskarazko adibide gehientsuei erdarazko itzulpena gehitu zien
(agian itzulpenik bako adibideak zailak begitanduko zitzaizkion
erdarara isuritzeko), eta horrela hainbat anbiguetate semantiko-pragmatiko
ere uxatu zituen.
Argitaraldiei
dagokienez, Lexikoia lehenengoz argitaratu zeneko erreferentzia
hauxe da: "Lexicón del euskera dialectal de Eibar (Arrate'tikuen
izketia)", Euskera X-XI, 1965-1966. J. SAN MARTIN-ek
kritika ezin hobea egin zion (1967, 41). Ondoren, 1986. urtean Euskaltzaindiak
Flexiones verbales y lexicón del euskera dialectal de
Eibar ["Euskera, 1963-64 1965-66"] kaleratu zuen,
izenburuak dioenez, aditz paradigmak eta deklinabideko saiotxo bat
gehituta. Harrezkero, 1998. urtean Eibarko Udalak ere kaleratu du
Flexiones verbales y Lexicón del euskera dialectal de
Eibar. Juan San Martinen gehigarrixagaz. Denera, 10.000 sarrera
inguru ditu jatorriko Lexikoiak.
Gaur egun, ostera, arestian aipatutako Eibarko hiztegi etnografikoa-n
Lexikoiko hainbat eta hainbat berba itsatsi dira, sarritan adibide
eta guzti. Baina askoz helburu zabalagoak dituen Eibarko hiztegi
orokorra-k Lexikoiko berba batzuk barik, denak biltzen ditu.
Izan ere, Eibarko Udalak Lexikoiaren argitalpen berri eta osoago
bat nahitaezkotzat jo du, eta proiektu oso bat abian jarri du. Lexikoia
formatu informatikoan jarri ondoren, edizio berrirako oinarriak
ezarri dira. Lexikoia da hiztegi orokor horren bizkarrezur eta mami
nagusia, hango informazioa osorik jaso da, hizkuntzazko eta hizkuntzaz
kanpoko informazioa, adibideak, itzulpenak, oharrak eta abar gorde
direlako, sarritan euskarara itzulita. Baina antolaketa bestelakoa
da: sarrerarako normalean forma mugagabeak ezarri dira; aditzen
kasuan, esate baterako, partizipioa eta aditz izena sarrera bakarrean
batu ditugu, adibideak ere pilatuz; esaerak ere berba soilen edo
lexikalizatutako lokuzioen barruan ezarri ditugu.
Oro har, lan berri honetan, batetik, berbeta biko hiztegietan
egoten den informazio arrunta dago: sarrera bera (sarri euskara
batuko baliokidea ere gehitu diogu aldamenean), kategoria gramatikala,
itzulpena, eta dena delako kontzeptuaren, gauzaren... definizioa.
Bestetik, berbaren edo sarreraren inguruko informazioa batu dugu:
iturria edo nondik hartu dugun, jatorria, aldaerak eta erabilera
(bai erabilera gramatikala, bai alderdi geo-soziolinguistikotik
begiratuta, bai bizitasunaren aldetik ere). Aldaeren alderdia biziki
garrantzitsua da, hizlariek ez dutelako zertan denak ezagutu; hala
ere, lan sakonagoek jorratu beharko dute gai hori: guk hurbilpen
gisakoa egin dugu, gaia agortzeke. Horregaz gainera, hitzak beste
osagai batzuekin daukan lotura semantikoa ere azaldu dugu batzuetan,
sinonimoak, antonimoak, paronimoak... aintzat hartzerakoan (eremu
honetan ere hurbilketa gisakoa egin dugu bakarrik). Berbekin egindako
adibideek eta esaerek, lokuzioek... aparteko aberastasuna dakarte.
Beraz,
Eibarko hiztegi orokorra horretako iturriei bagagozkie, TE-ren
sarrera kopurua murriztu egin da, 8.585ean geratu direlako, baina
informazioa, esan denez, laburtu beharrean berrantolatu egin da
eta sarritan itzuli. Beste iturriak honakoak dira: Eibarko hiztegi
etnografikoa-tik (S. BASAURI et alii, 2003) 2.677 sarrerarako
informazioa jaso da (bai sarrera berriak ezarri direlako, bai sarrera
zaharrei adibideren bat edo bestelako argibideren bat gehitu zaielako);
N. ARETA-ren tesitik (2002) 1.010 sarrerarako (idem); osterantzeko
iturriak: J.A. ARGOITIA, N. AZKARATE, X. GEZURAGA (1995); R.M. AZKUE;
S. BASAURI; I. LASPIUR; A. NARBAIZA; V. OLAVE; J. SAN MARTIN; M.
SANGRONIZ; A. SARASUA; L. ZENARRUZABEITIA. Denera, horrenbestez,
ia euskarazko 12.200 sarrera daude lan osotu honetan.
Gaztelerazko baliokideak ere jorratu dira; eta hori da edizio berri
honen ekarri handietariko bat, gaztelera-euskara aurkibidea ere
baduelako. Orain arteko Eibarko lan lexikografiko gehientsuak euskara-erdara
norabidekoak izan dira (Lexikoia bera ere bai), eta hutsune hori
gainditu nahi izan da Eibarko euskararen erabilera eta zabalkundearen
mesederako. Izan ere, gazteleratik abiatuta 19.500etik gorako berba,
lokuzio eta abar aurki daitezke.
Argiago azaltzeko, guk erabilitako fitxa teknikoa eta adibide bat
ezarriko dugu hemen. Dena den, ez dago guk moldatu dugun eskemako
atal guzti-guztietarako informazioa duen berbarik, batzuk aberatsagoak
dira, eta beste batzuek baliokidea daukate bakarrik. Tartean, denetik
dago.
FITXA TEKNIKOA:
SARRERA. [NORMALIZATUTAKO PAREKO FORMA]
KATEGORIA GRAMATIKALA. IZEN ZIENTIFIKOA - BALIOKIDEA(K)
(pareko gaztelerazko berbak). DEFINIZIOA ERDARAZ + DEF.
EUSKARAZ.
ADIBIDEA(K).
ADIBIDEAREN ITZULPENA(K)
ITURRIA(K) ---. ALDAERA(K) --, --, --. JATORRIA --.
ERABILERA -- -- --. SINONIMOA(K) --, --. ANTONIMOA(K)
--, --. BESTELAKO HITZEKIN HARREMANA --, --. IKUS --,
--. OSTERANTZEKO INFORMAZIOA --.
1. ESAERAK... BALIOKIDEA(K). --. EUSKARAZKO AZALPENA.
IT. --. ALD. --, --. JAT. --. ERAB. --. SIN. --. ANTON.
--. IK. --. ¿
2. ESAK. BALIOK. --. EUSK. AZALP. IT. --. ALD. --, --.
JAT. --. ERAB. --. SIN. --. ANT. --. IK. --.
(...) |
|
ADIBIDERAKO:
EUKI (EUKITZE) [eduki] Ad. Poseer,
tener. Sintetikua da.
Ezertarako be ez dauka adolerik. / Gura neban danak
agurtzia, baiña ez neban euki denborarik.
No tiene aliño para nada. / Quería despedirme
de todos, pero no tuve tiempo.
It. TE, EEE. Erab. gerokua "euko" egitten
da gehixenetan, gaztenak "eukiko" be esaten
daben arren (baitta TE-k berak be).
1. Ojo eukixok horri! "Frase festiva con que se
recomienda a un pícaro" (TE, 587).
Ojo eukixok horri, Anton!
2. Miña geldi(rik) eukitzeko ez izan. (EEE).
"No tener pelos en la lengua; no cortarse un pelo".
Andria ez zan mutua; baiña gizonak be mingaiña
ez eban geldirik eukitzeko. (EEE). |
|
Beti gogoan eduki behar dira lan osotu honen helburuak, eta Eibarko
euskara bera sakon ezagutzea nahi duenak iturrietara bertara jo
beharko du, benetako hizkuntzalaritza egin nahi badu behintzat.
Horretarako, interesa daukanari laguntzeko, fitxa guztietan iturriaren
informazioa sartu dugu, It. letren ondoan; adibideetan ere adierazi
egin dugu nondik hartutakoak diren. Horregatik, gaur arteko herri-berbetaren
erreferente lexikografiko-lexikologiko osoena izango du esku artean
hau erabiltzen dukeenak.
OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA
ARETA, N.: 2002: Eibarko euskara.
Morfologiako alor baten azterketa: izen sintagmaren
deklinabidea, adjektibo sintagma eta adberbio sintagma,
Deustuko Unibertsitatea, argitaratu bakoa
ARGOITIA, J.A.; AZKARATE, N.; GEZURAGA,
X.: 1995: Eibarko euskeraren esakerak eta bestelako
berezitasun batzuk, Eibar; Eibarko Udala, Euskara
Batzordea (goiko adibidean EEE legez ipini dugu)
BASAURI, S.; et alii: 2003:
Eibarko hiztegi etnografikoa, Eibarko Udala
EIBARKO UDALA: 2002: Eibarko hiztegi
orokorra, oraindik kaleratu bakoa
ETXEBARRIA, T.: 1998: Flexiones
verbales y lexicón del euskera dialectal de Eibar.
Juan San Martinen gehigarrixagaz, Oñati,
Eibarko Udala, Euskara Batzordea (3. arg.)
LARRAÑAGA, R.; ALUSTIZA, N.:
1996: El grabado en Eibar. Nuestros grabadores,
Eibar; Eibarko Udala / Ayuntamiento de Eibar, Ego Ibarra
Batzordea ["Ego Ibarra, 18"]
LASPIUR ZABALA, I.: 1999: Eibarrera
jatorraren bidetik, Oñati, ...eta kitto!
Euskara Elkartea
NARBAIZA, A.: 2002: 2002: Akilino
Amuategi (1877-1919). XX. mende hasierako mitinlari
sozialista euskalduna, Astigarraga, Ego Ibarra ["Eibarko
Kuadernuak, 2"]
SAN MARTIN, J.: 1976: "Léxico
técnico empleado en la industria técnica
eibarresa", III Semana de Antropología
Vasca 1973 Bilbao, II bol. (375-381 or.) |
|
Nerea Areta Azpiri, "Eibarko
Hiztegi Orokorra"-ren moldatzailea |