Unibertsitatea Euskal Herrian: Lorpenak eta erronkak
* Traducción al español del original en euskera
Juan Ignacio Pérez & Pello Salaburu

Gizartea eta unibertsitatea

Unibertsitateak tradizio laburra du Euskal Herrian, unibertsitate ikasketen eskaintza zabala, eta izaera publikoa duen erakunderik ez baita hemen egon duela gutxi arte. Azken hamarkadetan, ordea, berebiziko hazkundea jaso dute unibertsitate ikasketek, eta begi bistakoak dira hazkunde horren ondorioak ere.

Euskal Herriko Unibertsitatea. Gipuzkoa. Ibaeta.

Euskal gazteen formazio mailak modu ikusgarrian gora egin izana dugu ondoriorik nabarmenena eta, segur aski, onuragarriena ere. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, goi mailako formazioa duten 15 urtetik gorako hiritarren ehunekoa %10'1etik %19'4ra igo da 1985 eta 2002. urteen artean. Gorakada hori da, segur aski ere, mundu osoan gertatu den igoerarik handienetakoa. Biztanle aktiboak bakarrik hartuz gero kontuan, gehitzea handiagoa izan da, %12'5etik %26'5era iragan baita.

Hala ere, zenbait gizarte eragileren iritziz unibertsitario gehiegi daude Euskal Herrian, eta beste era bateko ikasketa profesionalagoak lehenetsi beharko lirateke, unibertsitatea langabetuen sortzaile bat bilakatu omen baita. Baina hori, gure ustez, ez da egia. Ez dugu zalantzarik egiten ikasketa profesionalen behar handiagoaz, baina horrek ez du esan nahi unibertsitate ikasketak baztertu behar direla edo langabeziara joateko bidea direla. Alderantziz, aztertzen den esparrua bata zein bestea izanik, argi dago unibertsitate ikasketek lan baldintza hobeak eskaintzen dituztela beste edozein ikasketa motak baino.

 
Euskal Herriko Unibertsitatea. Bizkaia. Leioa.

Munduko herri garatuetan, eta hori gertatzen da Espainian ere, lana errazenik aurkitzen dutenak goi mailako ikasketak egin dituztenak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, unibertsitate formazioa duten hiritarren %67k lanean dihardu, baina bigarren mailako heziketa dutenen artean %62 da lanean ari direnen ehunekoa. Eta ehuneko hori %25era beheratzen da lehen mailako heziketa dutenen artean. Bestalde, azkeneko hamarkadan lanean hasi ziren euskal gazteen artean, %65ek goi mailako ikasketak zituen, eta 23 hilabete behar izan zuten lana aurkitzeko. Denbora luzeagoak behar izan zituzten hezkuntza maila apalagoa zuten gazteek: 29 hilabete bigarren mailako bigarren zikloko ikasketak amaituak zituztenek, 37 hilabete bigarren mailako lehen zikloa bukatu zutenek, eta 41 hilabete lehen mailako heziketa bakarrik zutenek.

Jakina, lan baldintza hobeak izatea onuragarria da banakoentzat, baina unibertsitateak ukaezineko onurak ekartzen dizkio gizarte osoari ere, eta hori sarritan, ahaztu egiten da, edo ez da behar bezala balioztatzen. Gaur egun unibertsitatean prestatutako jendea dago administrazioan, eta askotan administrazioak eragiten dio, hartzen dituen erabakiekin, herri osoaren ongizateari. Enpresetako zuzendari eta teknikariak unibertsitatean prestatu dira, bistan denez, haietako gehienak hemengo unibertsitateetan, gainera, eta horri esker, besteak beste, dabiltza enpresa horiek. Nondik atera dira gure seme-alabak prestatzen dituzten eskoletako maisu-maistrak eta institutuetako irakasleak? Nondik goi mailako teknikariak? Nondik, askotan ereduzkotzat jotzen den gure osasun sisteman dauden mediku eta erizainak? Zer izango litzateke euskal gizarteaz, herri hau krisiak gainbehera zeharkatu zuenean, bere barnean lanean izango ez balitu unibertsitateak prestatutako teknikariak? Zeren, zerbaiten balioaz ari garelarik kapitalaz hitz egiten da, baina ezin da ahaztu giza baliabideek osatzen dutela askotan kapitalik baliotsuena. Eta giza kapital hori, neurri handi batean bederen, unibertsitateak formatzen du, ez da beste inondik ere ateratzen.

Lan Harremanetako Unibertsitate Eskola. Leioa

Erronka berriak
Uste dugu goraipatzeko modukoa izan dela Unibertsitateak azken hamarkadetan lortu duena, batez ere oso baldintza kaskarretan lortu duelako. Masifikazioa, baliabideen urritasuna eta erakunde egitura zurrunegia izan dira orain arteko muga nagusiak. Baina orain, XXI. mendearen hasiera honetan, erronka berriei egin beharko die aurre Unibertsitateak. Izan ere, oso inguru lehiakorrerantz abiatu dira unibertsitateak, orain arte ezagutu ez dugun inguru berri batera. Eta bat baino gehiago dira lehiakortasun horren iturri izango diren eragileak.

 
Farmazia Fakultatea. Araba.

Lehenbiziko aldiz, joan den mendearen azken erditik hona, gero eta ikasle gutxiago dator unibertsitatera, eta gutxiagotze hau urtez urte nabarmentzen da. 1995ean 100.000 gazte inguru ari ziren unibertsitate ikasketak egiten Euskal Herrian, unibertsitatera joateko adinean zeudenen %45 hain justu. 2010ean ordea, kopurua ez da 60.000 baino handiagoa izango, eta hori kasurik hoberenean, gazte erdiak joango balira unibertsitatera. Kontuan izan dezagun, gainera, gero eta ikasle euskaldun gehiago ditugula, eta horrek ere erronkak plazaratuko ditu.

Bestetik, ikasketak oso sakabanatua daude, titulazio kopurua nabarmenki igo baita azken urteotan. Gainera, unibertsitateen arteko lehia areagotuko da ikasleak gehiago mugituko baitira. Eragile horiek guztiek egoera berri bat sortuko dute unibertsitateentzat, zeinetara beren moldeak egokitu beharko dituzten. Inguru lehiakorrago horretan, ikasleak erakarri beharko dira, eta horretarako ikasketen kalitatea hobetu beharko da, kalitatearen araberakoa izango baita unibertsitate edo ikasketa jakin batzuen erakargarritasuna. Unibertsitateen "ranking"-ak hasiak dira egiten dagoeneko, eta oso zalantzazko emaitzak eman dituzten arren, areagotu egingo da ebaluazioa eta sailkatze horren kultura.

 
Magisteritza Eskola. Araba.

Kalitatea goratzearen alde egiteaz gain, orain arte kontuan hartu ez diren ikasle mota berrietara jo beharko dute unibertsitateek, "bezero" berrien bila. Horrela, sehaskatik hilobirainoko formazioan sartu beharko dute eskaintza zabalduz. Era berean, informazio eta komunikazio teknologia berriak indar guztiarekin erabiltzen hasi beharko dute. Teknologia horiek eskaintzen dituzten irakaskuntza-aukera berriez baliatu beharko dute ekoizkin berriak eskaintzeko eta ikasle mota berrietara iristeko. Honi dagokionez ez dago aukerarik, horrela jokatzen ari ez diren unibertsitateak atzean geratzen ari baitira dagoeneko.

Horrek guztiak aldaraziko ditu irakaskuntza eta kudeatze sistemak, jakina, baina hori ezingo da egin nortasunaren aldaketa sakon bat gertatzen ez bada unibertsitarioen artean. Funtsean, trinkotu samartuak ditugun zenbait eredu eta pentsamolde aldatu beharko ditugu. Erantzukizuna, lehia, malgutasuna, ebaluazioa, emaitzen araberako trataera, horiexek izango dira etorkizuneko "hitz gakoak". Unibertsitariook seguru samarra den sistema batean bizi gara gaur, eta aldaketak egiteko arrazoi gutxi ditugula pentsatzen dugu. Gure aburuz, hala ere, aldaketak egiteko eta onartzeko arrazoi sendoak daude, zeren unibertsitate batek erronka berriei aurre egiten ez badie, gauzak behar bezala egiten ez baditu, beste batek egingo ditu, eta une horretan, zalantzarik gabe, euskal gizarteak bizkarra emango dio gauzak hain ondo egiten ez dituenari.

Zientzia Fakultatea. Bizkaia. Leioa.

Unibertsitariook aldatu beharko ditugu geure pentsamolde eta ereduak, bai, baina herri aginteek ere aldatu beharko lukete beren jarrera unibertsitatearekin, orain arte eman dioten laguntza baino handiagoa emanez.

Inbestimendu txikiegiak
Izan ere, erabiltzen den aldagaia erabiltzen dela, Euskal Herria da Europan unibertsitate mailan gutxien gastatzen duen herria. Adibidez, 1999an EAEk 4.975 dolar (7.350 Nafarroan) gastatzen zuen ikasleko. Espainian 5.760 gastatzen zen, EBean 9.169 eta AEBetan 19.220. Diru horiek biztanleko errentarekin erkatzen baditugu, %23 zen EAEn, %29 Nafarroan, %30 Espainian, %39EBean, eta %57 AEBetan. Eta unibertsitate gastu osoa BPGrekin erkatuz gero, EAEn %0'84 inbestitu zen (Nafarroan halakoa bi aldiz hurbil), Espainian %1'1, EB-ean %1'26, eta AEBetan %2'33.

Datu horiek ikusita, argi dago oso ahalegin txikia egiten dela hemengo unibertsitate sisteman. Harrigarria da hori eta, zuzentzen ez bada, kaltegarria ere etorkizunari begira. Herri aurreratuek jakintza eta ezaguera lehenetsi dituzte langai gisa. Beste langai guztiak ahigarriak dira, agor daitezke edo gera daitezke erabilgarritasunik gabe. Jakintza, ordea, ez; ez da agortzen eta beti izaten da erabilgarria. Horregatik, babestu eta bultzatu egin behar da. Ez da berez sortzen, ezer ere egin gabe edo gutxi eginez.

 
Arte Ederren Fakultatea.

Euskal Herria beste puntu askotan homologatu da Europako herriekin: osasunean, giza eskubideetan, komunikabideetan, azpiegitura zenbaitetan, etab. Unibertsitatean, berriz, ez da oraindik homologatu. Ez gara homologatu oinarrizko ikerkuntzaren sustapenean, ez zientzia eta irakaskuntza azpiegituretan, ez unibertsitarioen soldatetan, ez beste hainbat kontutan ere. Noizko homologatze horiek? Zeren, behin eta berriz aipatzen dugu inoiz baino gazte prestatuagoak ditugula euskal gizartean. Baina nola ekarriko ditugu unibertsitatera, hitz ederrez gain eta irudi politikoaz gainera, hori bideratzeko aurrekontuetan ere ahalegin handi eta berezi bat egiten ez bada? Apustu estrategiko bat egiten ez bada? Gure ustez, eta hau inoiz baino gehiago ezaguera gizarte honetan da azpimarratzekoa, unibertsitatearen homologazioa egitea eta hor ere Europarekin bateratzea bilatzea, ez da bakarrik garrantzizkoa, baizik ezinbestekoa.


Juan Ignacio Pérez & Pello Salaburu, EHUko irakasleak
Argazkiak: UPV/EHU-ko webgunetik (http://www.ehu.es)
 

Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05-30 / 06-6)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza