"Eleaniztasuna
unibertsitatean" gaia jarrita, gertuenetik ezagutzen dudan
errealitatean erreparatuko dut. Mondragon Unibertsitateko kidea
naizen aldetik -eta bere momentuan hizkuntza-plangintzaren gestioan
erantzukizuna izan dudan aldetik-, eleaniztasunaren gai hau lantzeko
prestatu ditudan lan batzuen berri emango dut ondoko lerroetan.
 |
Mondragon Unibertsitatea. Arrasate. |
Batetik, nire ustez gaia behar bezala kokatzeko lagungarri izan
ahal diren ideia batzuk joango dira. Eta, bigarrenik, ideia horiek
praktikan jartzeko gogoan izan behar ditugun jarduera-eremuak aipatuko
ditut. Aipatu diot, horietako bakoitzaren baitan zer dagoen eta
zer egiten ari garen azaltzeko lekua ez baita oraingo hau.
Geure errealitateari begira eginiko gogoetak izanik ere, uste dut
horietako asko ez direla MUri bakarrik dagozkionak; irakurleak jakingo
du, beraz, ea zenbateraino zaizkion berari baliagarri.
MUren zein Euskal Herriko unibertsitateen egungo eleaniztasun-mailaren
berri izateko, azken aldiko argitalpenen artean, honako bi hauek
aipatuko nituzke: Jakin aldizkariaren 100.zenbakia eta EIREk kaleratu
berri duen "Euskal Unibertsitatea 2021: egiten ari garen euskarazko
unibertsitatea" izeneko liburua.
Hasteko, orduan, unibertsitateetako hizkuntza politikaren aniztasunak
gaur eta hemen adierazi nahi duenaz gogoeta batzuk, manifestu gisa
erredaktatuta:
Egungo hizkuntza-politika hobetu egin dezakegu Elebitasuna, eleaniztasuna,
egunetik egunera gehiago erabiltzen
ditugun kontzeptuak dira. Elebakartasunaren alde nekez argudiatzen
du jadanik inork, elebitasunari ere gutxitxo iristen diogu, eleaniztun
izan nahi dugu guzti-guztiok.
Hitzak hitz, garrantzitsua da bat etortzea eleaniztasunaren kontzeptu
horren azpian dagoen mamiarekin. Zein nolako eleaniztasuna nahi
dugu, bada, gure unibertsitate honentzat? Bistan da ez dugula euskara,
gaztelania eta ingelesa erabiliko gure eguneroko zeregin guztietarako.
Zertarako erabiliko dugu horietako bakoitza, beraz?
Irakaskuntza
bideratzeko hizkuntzak hirurak izango dira. MUren estrategiaren
baitan, titulazio bakoitzaren hezkuntza-proiektuak argudiatu eta
zehaztu behar du, besteak beste, zein leku egingo zaion hizkuntza
bakoitzari curriculumaren baitan. MUren helburu estrategiko bat
da bertan ikasitako tituludunak gaitzea hiru lan-hizkuntzotan moldatu
ahal izateko, egungo eta etorkizun hurbileko hartu-emanetarako prestatuta
atera daitezen behar adinako hizkuntza trebeziaz. Helburu handi
horretara hurbiltzen joateko, dudarik ez, MUk berak egokitzen joan
behar du bere burua, apurka-apurka eta etengabe. Hori da txanponaren
alde bat.
Txanponaren beste aldeak, berriz, eskatzen digu argitzeko ea zein
izango den gure arteko harreman-hizkuntza; ea euskararen, gaztelaniaren
eta ingelesaren artean aukerarik egiten ote dugun. Gai honetan ere
norabide bat markatu nahi dugu: MUren harreman-hizkuntza, gero eta
pertsona gehiagoren artekoa eta gero eta zeregin gehiagotarako,
euskara izan dadin nahi dugu. Zailtasunak zailtasun eta tokian tokiko
hizkuntza ohiturak oso kontuan hartuta, norabidea da egunetik egunera
eta urtetik urtera euskara gehiago irradiatuko duen unibertsitatea
eraikitzen joatea.
Txanponaren alde biei begiratuta era honetako irudia ateratzen
da: euskara erabiltzeko hizkuntza izango da guretzat eta gaztelania
eta ingelesa, berriz, ibiltzeko hizkuntzak. Euskaldun gisa egituratzen
jarraitu nahi dugu, beraz, horixe delako zabalik egoteko, zabaldu
ahal izateko, gure herriak duen modurik duinena. Gaztelania ere
gu guztiona da, ezinbestekoa zaigu, eta arrazoi pragmatikoek eraginda
ingelesa -eta beste batzuk- ere bai. Afektibitatea eta efektibotasuna,
biak tartekatzen dira hizkuntz eleaniztasunaren katramila honetan,
biei erreparatu behar zaie.
Arrazoi asko daude MUn eredu eleanitza indartzeko Eleaniztasunaren aldekotasun hauek arrazoitzeko era askotako
argudioak erabil ditzakegu. Esate baterako:
1) Hizkuntzak ez dira gutariko bakoitzarengandik kanpoko zerbait,
geuk zabaltzen edota ixten baitizkiegu ateak. Jakinaren gainean
ala oharkabean, denok gara hizkuntza egoeraren orekatzaile edota
desorekatzaile. Garbi ikusten dugu, horrexegatik heldu da guganaino-eta,
euskarak Euskal Herria duela berezko lurralde eta geure inguru
geografiko hau dela lurralde horretako zati garrantzitsu bat:
norbanakoz osatutako gizatalde bat norabide batean konszienteki
eragin nahi duena.
2) Eraiki nahi dugun gizarte-ereduaren erreprodukzitzaile izaten
saiatzen gara eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Belaunaldi berriak
gero eta euskaldun jantziago datozkigu, gure ingurune hurbilean
urrats handiak eman dira
, eta paradoxikoa baden arren,
denon artean erein dugun hazi horrek une honetan ez digu eskatzen
gure jarrera euskararen aldekoa izatea, eskatzen digu gure joera
izatea euskaltzalea, eta horretarako jarrera ona baino gehiago
behar da.
3) Azkenik, gogoan izan dezagun ikasleen aldetiko eskaera izugarri
aldatu dela azken urteotan. Hau da: gure bezeroek,eskaini ahal
dieguna baino elebidunago, eleanitzago izan gaitezen eskatzen
digute. Euskararen egoerari buruzko diagnosia MUn (1998)
izeneko lanean oso nabarmen ageri da esandako hori.
Ikasleen nahiak eta behar profesionalak bete egin behar ditugu Eta arrazoiak eman ondoren, eleaniztasunaren aldeko aukerak
zein nolako ondorioak ekarriko dizkigun aurreikusteko unea ere iritsi
da.

1.- Lehenik eta behin, orekatu egin behar dugu hizkuntza-errealitatea
ikusteko modua. Euskararen errealitatea oso ezberdina da adin-talde
ezberdinen artean. Oso hamarkada gutxitan dezente aldatu dira kontuak.
XX.mendearen erdialdera jaio eta euskaraz badakitenen ezaugarriak
(lan-hizkuntza gaztelania, gehientsuenak) eta 25 urtetik beherako
gazteenak (euskal eleaniztun prestuak, horietako asko) ez dira konparagarriak.
Eta horretantxe datza erronka bat, gure apustuaren ondorio bat:
gazteagoen gaitasunak eta helduagoen erabakitzeko ahalmenak bide
beretik joan behar dute. Ingelesari dagokionean ere beste hainbeste
esan daiteke: jantziago daude gazteak helduak baino.
2.- Euskal elebakarrik geratzen ez zaigun honetan, euskara erabiltzeko
derrigortasunik ez dago inon eta ezertarako. Den-dena erdaraz eginda
ere ez dago komunikazio-arazorik! Baina, ondo dakigunez, elkar ulertzeko
erdara bakarrik erabilita, ez gara asetzen ari gure bezeroen eta
gure langile askoren behar linguistikoak. Zertan datza, baina, norabide-aldaketaren
gakoa?: euskaldunok ezin dugu jarraitu izaten erdaraz badakitenen
azpimultzo bat, multzo autonomo gisa jokatu ahal dugu, jokatu nahi
dugu eta jokatu behar dugu. Ez da derrigortasuna, gonbitea da hala
jokatu nahi duenarentzat.
3.- Eta gure estruktura egokitzen joateko premia berrietara, bi
norabidetatik eragin behar da:
- MU kudeatzeko ardura dutenei, nor bere egoeratik abiatuta, eredu-emaile
izatea dagokie hizkuntzen alorrean ere.
- Norbanako antolatuen jarrerek eta ekintzek gizataldeak mugiarazten
dituzten eran; era berean, gizatalde horien egunerokotasunak mugiarazi
egin behar ditu, norabide berean, bere baitako norbanakoak. Gure
inguruko esaera batek dioena ekarriko dugu gogora, harira datorrelakoan:
"arbola fruituetatik eza(g)uketan da".
4.-
Gure fakultateetara, bestela ere, ikasleak erakartzea lan erraza
ez dela izango jakinik, horren handizaleak izatea gure amets eleaniztunak
ez ote du zailduko lan hori?-pentsatzen dugu behin baino gehiagotan.
Hor da arriskua! Arriskuak arrisku, hala ere, garbi ikusten dugu
zeintzuk diren gizartearen beharrak eta horiei erantzutera jo behar
dugu; eta, orobat, inguruko unibertsitateekiko lehian, eredu eleanitza
gure aldeko faktore kualitatiboa izango delako uste osoa dugu. Erronka
estrategikoa da guretzat, bereiziko gaituen ezaugarrietako bat.
Esaera zaharrek zer gogorarazten diguten ikusi dugu. Eta guk esaera
zaharrak ez ezik, esaera berriak ere behar ditugunez, gure arteko
hitzen hezitzaile ezagun batek hara nola jarri dituen aurrez aurre
aurretiaz esandako asko: "Lehenik eta behin izan nahi dut elean
( bertako hizkuntzan) hiztuna, eta gero, seguru, eleaniztuna".
Orain arte aipatutako ideiak praktikan gauzatzen joateko ondorio
gisa, jarraian azaltzen diren eremuetara iristea litzateke helburua.
Gorago esan bezala, arretaguneak aipatzeko helburua dut; ez, inondik
inora, arlo bakoitzaren baitan egin ahal dena eta egiten ari garena.
1.- Irakaskuntza-sistema eleanitzaren plangintza osatu 1.1.) Talde integratuak sortu
1.2.) Euskarazko eskaintza handitu eta kalitatea bermatu, graduondo,
master eta erreziklaia-ikastaroetan
1.3.) Euskal Herri osoan euskarazko eskaintza unibertsitarioa
handitzeko proiektuak bultzatu 2.- Ikerketa-enpresa eta beste jardueratan euskararen erabilera
indartu
2.1.) Unibertsitatean garatzen den ikerketa alorrean euskararen
presentzia areagotu
2.2.) Euskararen benetako presentzia bermatu hitzaldi, jardunaldi,
biltzar eta abarretan 3.- Pertsonalaren hizkuntz gaitasuna egokitu premia berrietara 3.1.) Irakasleriaren eleaniztasuna bermatzeko baliabideak eskaini
3.2.) Gainerako langileen hizkuntz gaitasuna bermatu
3.3.) Kontratazio-politikan hizkuntz gaitasuna bermatu 4.- Ikasleen hizkuntz gaitasun eleanitza bermatu 4.1.) Ikasleak onartzeko behar duten hizkuntza gaitasuna zehaztu
4.2.) Ikasleen eleaniztasuna lortzen joateko baliabideak eskaini 5.- Barne-harremanak euskaldundu
5.1.) Ikasleekiko eta langileekiko harremanetan euskara erabili
5.2.) Euskara lan hizkuntza eta harreman hizkuntzatzat hartu 6.- Kanpo-harremanak euskaldundu 6.1.) Irudi korporatiboan, komunikabideetan eta publizitatean
euskara erabili
6.2.) Lan munduarekiko harremanetan euskarari sarbidea egin
6.3) Administrazioarekiko harremanetan euskarari sarbidea egin 7.- Hizkuntz normalizazioa bideratzeko organoak eta berauen
funtzioak finkatu
7.1.) Corpus-ean eragiteko
7.2.). Estatus-ean eragiteko
7.3.) Unibertsitate alorrean euskara garatzea helburu duten ekimenetan
parte hartu Eleaniztasunaz aritzeko "euskara" askotxo aipatzen dela
uste duenik izango da seguruenik; jakin beza ez dela kasualitatea,
ideia batzuen kausalitatea baizik. Izan ere, unibertsitate eleanitzagorik
bada, asmoz eta jakitez euskarari XXI. mendean bideak zabaltzen
prestatzen dena baino? Ala norbaitek uste zuen eleanitzagoa izatea
ingelesa hobeto irakastea dela bakarrik?
Julen Arexolaleiba Biteri,
MUko Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (HUHEZI) fakultateko
irakaslea
Argazkiak: Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea
eta Deustuko Unibertsitateko webguneetatik |