Hemendik
gutxira, Eusko Legebiltzarrak euskal unibertsitate legearen gaineko
bozketa egingo du, eta, une horretantxe erabakiko dute Gasteizko
75 legebiltzarkideek legea onartzea edo bertan behera uztea. Euskal
Herriko unibertsitateetako agintari gorenek guztiz beharrezkotzat
jotzen dute legea. Honen inguruan, zera adierazi du Mondragon Unibertsitateko
Inaxio Oliverik: "Legeak marko legal bat eta tresna batzuk eskaini
behar dizkio unibertsitateari, gizarteak eskatzen duen trebakuntza
eskaini ahal izan dezan".
 |
INAXIO OLIVERI. Argazkia: MUk utzitakoa.
AZK taldeak eginak. |
Lege berri bat sortzeko beharraz jabetu ondoren, gaur egungo unibertsitate
sistemak zein hutsune dauzkan aztertu nahi izan dugu. Izan ere,
zerbait behar baldin badugu, zerbaiten falta dugulako izango baita.
Honela mintzatu da Manu Montero, Euskal Herriko Unibertsitateko
errektorea: "Azken urteotan ikaragarrizko aurrerapausoak eman ditugun
arren, enpresekin daukagun harremana hobetu beharra daukagu". Alor
honetan zein beste batzuetan hobera egiteko, zera dio Monterok:
"Bereziki, noizean behin aurrekontuari dagokionez jasan behar izaten
ditugun beldurraldiak ekiditeko erregimen bat beharko genuke". Finantzaketaren
esparruaz mintzo da Inaxio Oliveri ere: "Unibertsitate publikoak
behar bezala finantzatuta egon behar du, baina publikoak ez garen
unibertsitateok finantzatzeko formula bereziak behar ditugu. Eta
kontrolatu egin behar dira batzuen zein besteen baliabideak". Unibertsitateak
gaur egun dauzkan gabeziekin jarraituz, José María Ábrego, Deustuko
Unibertsitateko errektoreak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateetako
errektoreek daukaten helburu komun bat adierazi du: "Europako eta
munduko beste edozein lekutako ikasleentzat unibertsitate erakargarriak
izatea lortu behar dugu".
 |
MANUEL MONTERO Argazkia: Txetxu Berruezo.
UPV/EHU-k utzitakoa |
Euskal unibertsitate sistema, unibertsitate publiko batek (EHUk)
eta bi pribatuk osatzen dute (Mondragon Unibertsitateak eta Deustukoak).
Lege berria horien guztien arteko lana koordinatzera zuzenduta dago,
baina arduradunei eredu publiko eta pribatua elkarbizitzeari buruz
zein iritzi daukaten galdetu nahi izan diegu, eta botere publikoek
unibertsitate pribatuen aurrean publikoa lehenetsi beharko ote luketen.
Monteroren ustez, argi eta garbi unibertsitate publikoak lehentasuna
izan behar du tratuan: "Sektore pribatuak ezin ditu unibertsitate
publikoak eskaintzen dituen irakaskuntza eta ikerketa bere gain
hartu. Euskal administrazioentzat erabat funtsezkoa izan beharko
luke kalitatezko unibertsitate publiko bat bultzatzea". Nolanahi
ere, EHUko errektoreak titulartasun ezberdinak eskaintzen dituzten
hiru unibertsitate izatearen aberasgarritasuna azpimarratzen du:
"Hiru unibertsitate dauzkagu, eta bakoitzak bere ereduari jarraitzen
dio. Hori aberasgarria da oso. Ez diote inolaz ere elkarri kalterik
egiten. Eskaintza zabal honek onurak besterik ez dakarzkio euskal
gizarteari. Beraz, garbi ikusten dut egitasmo komun batean parte
hartu beharra daukagula". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko
titular ohiak, Inaxio Oliverik, ideia hori bera azpimarratu du:
"Euskal gizartean izaera ezberdineko unibertsitateak izatea, herriaren
heldutasunaren, garapenaren eta bizitasunaren seinale da, eta ez,
batzuek uste duten bezala, eragozpen bat. Gainera, ez dugu ahaztu
behar gobernu guztiek gizarteari oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko
erantzukizuna dutela".
Elebitasunetik eleaniztasunera
Euskal unibertsitateak aurrean dauzkan zereginen artean, ezin ahaztu
hizkuntzaren arloan egiteke daukan bidea. Datuek aditzera ematen
dutenez, dagoeneko ikasleen erdiak euskaraz egiten du selektibitatea.
Horrelakorik pentsaezina zen duela 20 urte. Bistan da gizartea erantzun
azkar eta eraginkor bat eskatzen ari dela. Honi dagokionez, bai
Ábregok eta baita Oliverik ere, gogorarazi nahi digute orain artean
urrats handiak eman diren arren, oraindik bide luzea gelditzen dela:
"Premiazkoa da irakasle elebidunak lehenbailehen prestatzea, eta
ikasleentzako materialak lantzea". Monterok oso garbi ikusten du
Unibertsitateak epe ertainera nolako erantzuna emango dion gizartearen
eskariari: "Gure helburua, EHUk eskaintzen dituen ikasketa guztiak
euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egotea da". Errektorearen
aburuz, unibertsitateko kideek dagoeneko "erabateko onespena eman
diote" asmo horri. José María Ábrego, Deustuko Unibertsitateko errektoreak,
ordea, galdera bat luzatzen du: "Argi dago irakaskuntza elebiduna
zabaldu behar dugula, baina arlo guztietan egin behar al dugu hori?".
Nolanahi ere, Inaxio Oliverik dio datorren ikasturterako indarrean
sar litekeen lege berriak ez duela elebitasunaz bakarrik hitz egiten;
hots, "eleaniztasuna ere aipatzen du, kanpoko hirugarren hizkuntza
bat menperatu eta erabiltzeko xedearekin".
 |
JOSÉ MARÍA ABREGO. |
Sektore hauen ikuspegia ezagutu ostean, garbi ikus daiteke hirurek,
bakoitzak bere ñabardurekin bada ere, unibertsitate lege berria
onartzeko beharra ikusten dutela. Eta, ezustekorik sortzen ez bada
behintzat, laster izango dute unibertsitate sistema berriaren legea.
"Unibertsitate bakoitzaren espezializazioak eta profila ahaztu gabe",
eransten du Ábregok. Oliverik Mondragon Unibertsitatearen helburuak
gogorarazten dizkigu: "Lan merkatura azkar aterako diren profesional
eraginkorrak trebatu behar ditugu, eta, jakina, gizartearen onerako
ikerketak egiten jarraitu". Bukatzeko, honela dio Monterok: "Erdi-goi
mailakoak gara, baina gauza asko hobetu behar ditugu". Hala izan
dadila. Unibertsitatea erabat oinarrizkoa da garatu eta hobera egin
nahi duen gizarte batean. Eusko Legebiltzarrak du hitza.
Manu Montero: "Gure gabeziarik larrienetariko bat, enpresa munduarekin
daukagun harremana da"
Inaxio Oliveri: "Izaera ezberdineko unibertsitateak izatea ez
da, batzuek uste duten bezala, eragozpen bat"
José María Ábrego: "Premiazko da irakasle elebidunak prestatzea,
eta ikasleentzako materialak lantzea"
Ismael Diaz de Mendibil,
kazetaria |