Unibertsitate
legea eztabaidagai bilakatu da azken hilabeteotan Euskal Autonomia
Erkidegoan. Hausnarketa hau ez da gaurkoa. Zer nolako unibertsitatea
behar du gure herriak eta nolako herri baldintzak arautu behar dira
horretarako?. Unibertsitateak eginbide eta ardura garrantzitsua
du: ezagutza aurreratua sortu eta sormen hori gizarteratu alor ezberdinetan.
Unibertsitateak gizarteak planteatzen dituen beharrei erantzun behar
die eta ez alderantziz, gehiegitan, batzuei iruditu ohi zaien moduan.
 |
Deustuko Unibertsitatea. Bilbo. |
Mendebaldeko gizarte aurreratuetan abiadura handiko gizarte aldaketak
burutzen ari dira. Ekonomiaren alorrean etengabeko globalizazioan
sakontzen dihardugu. Komunikazioaren eta informazioaren teknologiak
bitarteko ekonomia sistema geroz eta desnazionalizatuagoa eta desmaterializatuagoa
da eta, geroz eta gehiago, balio erantsia ezagutzan datza; ezagutza
ekoiztu eta kudeatzeko gaitasuna erakusten duten guneak, herrialdeak
eta barrutiak dira nazioarteko eszenatokian lehiatzeko aukerak dituztenak.
Errealitate honek enpresa eta langileentzat aldaketa garrantzitsuak
suposatzen ditu. Jokuzelai berria nazioartera hedatzen da eta aktore
ekonomikoak malgutasun handiko egitura eta kultura aldaketa batetara
beharturik daude lehiakortasuna mantendu nahi badute. Lanaren izaera
aldatzen doa eta lan harremanen baldintzak malgutasunerantz doaz
espazioaren eta denboraren gizarte ezaugarrien aldaketek horrela
eskatzen dutelako. Ingurune ekonomikoa egonkortasun txikia duen
eszenatokian bihurtu da.
Errealitate ekonomikoan ez ezik gizarte kulturan ere eragin zuzena
eta sakona du globalizazioak. Norbanakozko nahiz elkartezko izateko,
sentitzeko eta jokatzeko moduetan geroz eta sekularizatuagoa eta
pluralagoa da gure ingurunea. Herrialde askoren erronka oinarrizko
gizarte adostasuna ezinbesteko pluraltasunarekin uztartzean datza.
Globalizazioaren errealitateak espazioaren eta denboraren kontzeptu
berrian sartzen du kultura errealitatearen gizarte eraikuntza. Bi
prozesu kontrajarriren aurrean gaude: alde batetik pluraltasuna
eta bestetik ekonomia sisteman gaitasun handiena erakusten duten
aktoreek ezartzen duten homogeneitatea. Eszenatoki honetan izanbide
esklusibo eta baztertzaileentzako eta eramanezintasunerako lekurik
ez da geratzen: norberarena mantendu ahal izateko bestearenarekin
integratu behar da.
Globalizazio ekonomikoak nazio estatuaren kontzeptua, maila handi
batean, krisian sartu du. Errealitate ekonomikoaren aldaketak egituraketa
politikoaren birmoldaketa premia garrantzizkoan eta arazoan bihurtu
du. Ongizate estatuak bere baitan dituen eskumenetako batzuk beste
egitura batera pasa daitezke eta beste batzuk merkatuan diharduten
izaera politikorik ez duten beste aktore pribatuen esku geratzen
ari dira. Etengabeko aldaketarekin eta egonkortasun eskasarekin
batera, egoera honek, krisia, etengabeko gizarte egoera egiten du:
krisia erakundetu du. Ahazterik ez dago garapen eredu hau herrialde
aberats eta pobreen arteko ezberdintasunak handiagotzen ari dela.
 |
Deustuko Unibertsitatea. Donostia. |
Euskal Herria ingurune honetan kokaturik dago eta euskal unibertsitate
ezberdinak egoera honetara egokitu behar dira. Gaur ezagutzen dugun
unibertsitateak (publikoa ala pribatua izan) beste gizarte errealitate
batetako argazkia erakusten du. Gure unibertsitate sistema Espainiako
estatuan kokaturik dago; Espainiako egitura politikoaren menpeko
da eta, hein handi batean, loturik dago bere araubidera. Espainiako
unibertsitate sistema jakobinoa burokraziaren menpekoa da eta malgutasun
eskasekoa. Antolakuntza ikuspegitik bestalde, unibertsitate pribatuaren
eta publikoaren arteko bereizketa egitea ezinbestekoa da. Unibertsitate
pribatua nagusiki ikasleetatik bizi da eta apenas ikerketarako baliabiderik
duen; ikasleen beherakadak diru iturri berriak ezinbesteko egiten
ditu eta horrek unibertsitate pribatua esparru berrietara zabaldu
arazi beharko luke: ikerketara, formazio jarraitura e.a. Unibertsitate
pribatua orokorrean nazioarteratugabea dago, formazio prozesu mugatuen
esparruan mugitzen da, enpresa kudeaketa tradiziorik ez du eta egituraketa
erraldoi eta mugiezinen menpeko da. Unibertsitate pribatuaren balio
erantsia eskolak ematean eta, orainartean behintzat, bere diziplina
eta seriotasunean datza. Baina hori ez da nahikoa etorkizunari aurre
egiteko. Aldaketak behar dira egituran, lan edukietan eta kudeaketan.
Unibertsitate publikoak finantziazio arazo gutxiago ditu baina erronka
berdinak ditu: nazioarteko sarean oraindik gehiago sartu, formazio
eta ikerketa prozesuak zabaldu e.a. Horretarako egitura malgutu
behar du eta hori egitura publikoan gauza erabat zaila da; pribatuan
baino askozaz ere zailagoa. Unibertsitatearen aldaketa premiaz hitz
egiten denean sarritan aldaketa horiek erakunde publikoetatik etorri
daitezkeen sistema eta baldintza aldaketekin identifikatzen dira.
Garrantzizkoa da bi gauzak ongi bereiztea; arauak eta sistema aldaketa
beharrezkoa da baina ardura nagusia aldaketa egin behar duten aktoreetan
kokatzen da. Unibertsitatearen giza baliabideak dira aldaketaren
ardatz nagusia.

Gure unibertsitatearen esparrua dagoeneko ez da Espainia ezta
Euskal Herria ere. Gure esparrua Europa eta mundua da. Egoera honek
kultura eta hizkuntza aniztasunera behartzen gaitu. Gureari eusteko
modu bakarra errealitate zabalagoan integratzea baita. Euskal Herrian
dauden unibertsitateek ezagutzaren sormenean eta formazioaren hedapenean
errealitate hau bereganatu behar dute. Euskarak aurrera egingo badu
gaztelerarekin, ingelesarekin eta beste zenbait hizkuntzekin uztartu
behar da. Euskarari egin diezaiokegun mesederik onena ingelesezko
elkarte zientifikoan euskaraz dakien jendea edukitzea da.
Unibertsitatearen eginbidea ezagutza aurreratua sortu eta formazio
prozesuak eskaintzea da. Euskal Herriak ordea ezagutza prozesu mugatuak
sortzeko gaitasuna du; ezin dugu ezagutza sortu gai guztietan; estrategikoak
direnak aukeratu behar dira. Hari berean, dagoeneko formazio prozesua
ezin liteke ez gune geografiko jakin batetara mugatu ezta adintalde
jakin batetara ere. Merkatu berriak esploratu behar dira; balio
erantsia eskaini genezakeen gaietan adin mugak eta muga geografikoak
gainditu egin behar dira. Bestalde, ikasleen formazio prozesuak
ezin litezke soilik ezagutzaren eta informazioaren transmisioan
oinarritu. Ikasleak trebakuntza eta gaitasun horien jokabidetza
bideratuko dituen giza baloreak bereganatu behar ditu. Ezagutza
hain abiadura handiz aldatzen den gizartean ikasleak ezagutza eta
prozesu berrietara egokitzeko gaitasuna behar du bizitza guztiko
ikasketa prozesuan. Erronka pedagogiko berri baten aurrean gaude:
ikaslearen ikasketa prozesu esanguratsua eta autonomoa nola landu.
Erronka
guzti hauek unibertsitatea enpresa ikuspegitik ere aldatzea eskatzen
dute. Unibertsitateak bere eginbidea kalitatez burutuko duen enpresa
lehiakorra behar du izan. Egitura eginbide horretara egokitu behar
da. Ikerketaren eta formazioaren alorrean unibertsitatea ezin liteke
irla batean bilakatu baizik eta sare zabalagoetan txertatu eta nahastu
behar da orainarteko mugak gaindituz; sarean lan egin behar da Europako
nahiz mundu mailako beste unibertsitate eta enpresa batzuekin. Saretze
dinamika hau gertuko ingurunean burutzea ere garrantzitsua da; era
honetan, Euskal Herrian dauden unibertsitateak batzuetan balio erantsiaren
sortzaile izan daitezke eta beste batzuetan beste nonbaiten sorturiko
balio erantsiaren komunikazio bide. Antolakuntza alorrean unibertsitate
publiko eta pribatuek autonomia eta malgutasuna irabazi behar dute
( irakasle kontratazioan eta kudeaketako nahiz formazioko gai ugariren
erabakimenean) ohiko mugikortasun faltak eta burokraziak sortzen
duten herdoildura gaindituz. Baina unibertsitatearen egitura bitarteko
bat da eta ez helburua. Helburua ezagutza sortu eta pertsonen prestakuntza
da. Helburuak ez dira ezta ere tituluak. Tituluak ere adierazgarri
bat dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak aurreko lerroetan
aipaturiko errealitate horretara bideratzea ezinbestekoa da. Bideratze
horretan herri erakundeek sortzen dituzten baldintzak bezain garrantzizkoa
da unibertsitate hauek hartzen dituzten erabakiak. Euskal Herriaren
eta Euskal Autonomia Erkidegoaren herri garapenerako unibertsitateak
balio handia duen neurrian Eusko Jaurlaritzak aipaturiko unibertsitate
hori ziurtatzeko eskumenak erabili egin behar ditu. Autonomiak ez
du Estatu batek duen baldintzatzeko gaitasuna; halere, ahal den
neurrian euskal unibertsitateei
bultzada bat ematea premiazkoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateak
beraien artean koordinatuago eta lan amankomunago bat burutu behar
dute eta erakundeek unibertsitate hauek beharrezkoa duten erronkei
erantzuteko baldintzak sortzen joan behar dute: unibertsitateak
finantziazio iturri berriak eskuratzeko lege baldintzak sortu, unibertsitateen
kudeaketan malgutasuna eta gaitasuna suposatuko duen legezko neurriak
hartu, euskal herriarentzat balio estrategikoa duten gaietan erakunde
eta unibertsitate ezberdinen arteko lankidetzak ahalbideratu, nazioarteko
txertaketa eta saretzea babestu, Euskal Herriaren herri garapenerako
giza baliabideen plan estrategikoa burutzeko baldintzetan lagundu
e.a. Errealitate honetara gerturatuko gaituen unibertsitate lege
bat behar du Euskal Autonomia Erkidegoak. Euskal Unibertsitate legeak
unibertsitateko kudeaketa prozesuak malgutu, nazioartean kokatu
eta ezagutza eta formazio prozesuetan kalitatea ziurtatzeko baldintzak
sortzeko balio behar du. Euskal Unibertsitate sistemak eta legeak
unibertsitate bakoitzaren autonomia errespetatu behar du baina laguntza
eta babes guzti honek diru publikoa beharrezkoa egiten duen neurrian
diru publiko horren erabilpen egokia ziurtatzea erakunde publikoen
obligazioa da.
Xabier Barandiaran Irastorza,
Iritzi Publikoko irakaslea Deustuko Unibertsitatean
Argazkiak: Deustuko Unibertsitateko webgunetik (http://www.deusto.es) |