Kezka
batekin hasiko ditut lerro hauek; hain zuzen ere duela urte batzuk,
komunikabide honetan bertan Iruñeko planetarioko zuzendari Javier
Armentiaren hitzak usatuaz (1):
'Nolabait ere, egoera paradoxiko baten aurrean gaude: batetik,
egungo gizartean zientziak eta beratik eratorritako teknologiek
duten garrantziaz (eta beharraz) adierazle asko bil ditzakegu, kasu,
zientziaren gizarte-komunikazioa izenekoaren pisuaz (kazetaritza,
dibulgazioa, zientzi museoak…) hiritarren eta zientzialarien artean
zubi-lana egiten dutenak; eta bestetik, gizartean zientziak duen
balorazioa edo onarpena ez dagokio horretan jokatzen duen paperari.'
Hain zuzen ere, Armentiaren kezkaren oinarrian hauxe dago: gizartearen
eta komunitate zientifikoaren artean lubaki modukoa dagoela. Lubaki
hori, gainera, itxi ez eta zabaltzen ari dela zientziak eta teknologiak
gure bizitzan duten pisua handitu ahala. Izan ere, gure gizarte
moderno honek zientzia eta teknologia ditu oinarri, aldiro egiten
dugu orok garapen zientifiko bat du atzetik, gosariko esnea berotzeko
keinu sinple horretatik abiatuta. Alabaina, keinu sinple horren
atzean zer dagoen ba al dakigu? Keinu horrek izan ditzakeen ondorioen
berri ba al dugu? Keinu hori geure egin dugu, natural zaigu, ikuspegi
etimologikotik naturaletik gutxi duenean. Azken finean, zientzia
eta teknologia gure gizarte modernoaren kulturaren baztertu ezinezko
osagai bihurtu dira.
Kultura horren transmisio-mekanismoetako bat dugu gaur solasgai.
Azken ehun bat urteotako gizartean hezkuntza da balio kulturaren
transmisio-mekanismo behinena. Horren bidez, transmititu dira gizarte-balioak
zein jakintza edo ezagutza. Gaur egun, mekanismo hori
indartsua eta behar-beharrezkoa bada ere, beste transmisio-mekanismo
bat izugarri indartu da: masa-komunikabideak. Ez dago gure gizartea
izaten ari den aldaketa azkarra horien eragina barik entenditzea.
Are gehiago, beharrezkoak ditugu. Nekez gizartera genezake itzelezko
abiaduraz pilatzen ari den ezagutza zientifikoa masa-komunikabideak
gabe. Duela soilik hogeita bost urte, orain hitzetik hortzera darabiltzagun
kontzeptu zientifiko asko guztiz ezezagunak ziren gizartean eta
horietako batzuk baita komunitate zientifikoan ere: klonazio, HIES,
transgeniko, RAM, genoma, txip, alzheimer, etab. Horiek guztiak
masa-komunikabideen bidez ezagutu eta konprenitu ditu gure gizartearen
gehiengoak.
Kazetari zientifiko moduan kontziente izan behar dugu jende gehienarentzat
zientziaren errealitatea komunikabideek ematen diotena dela. Jendeak
ez du zientziaren garapena bere eguneroko esperientziatik edo eskolatik
jasotzen, kazetarien hizkera eta irudikeriaren iragazkietan zehar
pasea baizik. Komunikabideak dira, hain zuzen, etengabe eboluzionatzen
ari diren zientzia eta teknologiarekin duten zubi edo harreman-bide
bakarra eta, noski, baita bizitzaren beste alor askorekin ere. Beraz,
kazetaritza-lan egokiak jendeak zientziari buruzko irudi egokia
izan dezan ekarriko du; erabakiak hartu behar dituenean baloratzeko
elementuak izatea, halaber. Kazetaritza-lan desegokiak, aldiz, informazio
okerra emateaz gain, sineskerietarako bideak errazten ditu; pentsa
bestela pseudozientzien garapena, osasun-arazoen munduan batez ere.
Jendeak egunero hartu behar ditu zientziak baldintzatutako erabakiak,
hain justu, zientziaz zerbait jakitea behar duten erabakiak.
Esate baterako, zer egin gure umeen eskolan HIESa duen ume bat dagonean?
Utziko al dugu gure etxetik gertu zabortegi bat egiten? Zornotzako
biztanlea banaiz, zein jarrera hartu behar dut Boroako energia-plantaz.
Antzeko galderaz plantea daitezke maila pertsonalean: transgenikoak
dituzten elikagaiak jango al ditut? Zer egingo dut gene-terapia
eskaintzen badidate?
Kazetari zientifikoak gizartearen eta zientzi komunitatearen arteko
zubi-lana egiten duenez, gizarteak zientziaz duen ikuspegiak kazetariak
transmititzen diona da neurri handi batean; haren begiz ikusten
du zientziaren errealitatea eta garapena. Horrek, noski, arriskuak
ditu. Horietako bat ziurgabetasunaren kudeaketa da. Zientziak eta
ikerketak ezezaguna ezagun bihurtzea dute helburu, ziurgabea ziur
egitea alegia, baina aldi berean zientziaren emaitzak ziurgabetasun-maila
handia dute, zientzia prediktiboa izanik ere eta zientzialariak
ziurgabetasun-esparru horretan ari dira lanean. Esaterako, ingurugiro-zientzialariek
frogatu dute giza jardueraren ondorioz sortutako karbono(IV) oxidoaren
pilaketa atmosferikoak aldaketa
klimatikoa ekarriko duela. Hori da datua, baina aldaketa hori nolakoa
izango den, tenperatura zenbat igoko den edo zein epetan jazoko
den eztabaidagai dira, datu ziurgabeak hain zuzen ere. Kazetari
zientifikoak datu horiek usatu behar ditu bere lanean eta zer neurriraino
ziurrak diren transmititu behar dio irakurleari. Oro har, ziurgabetasunaren
kudeaketa desegokia egiten da masa-komunikabideetan. Zientzialarien
artean ziurgabe dena, ziurtzat jotzeko joera dago zientzi dibulgazioan.
Jeanne Fhanestock-ek Science astekari ospetsuan eta dibulgazio-aldizkarietan
eta prentsa orokorrean zientzi gai berari buruz idatzitakoa konparatu
zuen 1986an (2). Azterketak
zera eman zuen aditzera: dibulgazio-aldizkarietan eta prentsan,
oro har, zientzialarien eginak exageratu egiten zirela. Ez dirudi
egoera aldatu denik, gure inguruko prentsari erreparatuta bederen:
minbizia sendatzeko zenbat erabateko terapia saldu dizkigute komunikabideek
atzen bizpahiru urteotan?
Arriskuetako beste bat, komunikabideek informazioaren agenda ezartzea
da, alegia, irakurleari zein zientzi gai interesatzen zaion mugatzea.
Esan nahi baita, alor batzuk jorratzea beste batzuen kaltean.
Atzen urteotan, genetika (genoma), astronautika, astrofisika eta
dinosauruak daude zientziaren hit-paraderen goi aldean eta horretan
komunikabideek eta, jatorrian, hainbat zientzi erakunderen prentsa-kabineteak
dira egoera horren erantzuleak. Rogers eta Chang-ek aztertu dutenez,
HIESari buruzko lehen kezka klinikoak 1980ko hamarkadaren
hasieran sortu ziren, baina jendeak ez zuen gaitzari buruzko kontzientzia
zabalik izan hamarkada bereko erdi aldera arte. Hori gertatu izanaren
errua komunikabideak gaia ez tratatzea izan ei zen (3).
Auziari beste ikuspegi batetik begiratuta, zientzialariek beren
lana gizarteratzearen beharra gero eta handiagoa dutela agerikoa
da. Komunikabideak behar dituzte horretarako, baina ez dira kazetariez
fio. Nire jardun profesionalean behin baino gehiagotan topo egin
dut kazetariez honelako zerbait esan didan ikerlariarekin 'nik esandakoa
eta berak argitaratutakoa ez dute elkarren antzik'. Hilgartner-en
(4) hitzak erabiliz 'dibulgazioa
zientzialari askorentzat, kasurik onenean sinplifikazioa esan nahi
du eta kasurik okerrenean ezagutza zientifikoaren kutsadura'. Dena
dela, kazetariak behar dituzte eta gero eta gehiago. Zientzialariek
konprenitu behar dute, hala ere, zientziaren dibulgazioa egitea
lan zientifikoa egiteko beste modu bat dela, laborategian egiten
dena eta peer review prozesu bat jaso ondoren argitaratzen denaren
duintasun berekoa. Hori jazotzen ez den bitartean, nekez aldatuko
da hainbat zientzialarik komunikabideekiko duten mesfidantzako jarrera.
Hala eta guztiz ere, atzen hamarkada honetan komunikabideak erakartzeko
ahalegin handiak egin ditu komunitate zientifikoak eta zientzialarien
kazetariekiko jarrera aldatzen hasia da. Egun, ikerketa-erakunde
handi gehienek berezko komunikazio-kabinetea dute, erakunde horren
irudia saltzeaz arduratzen dena. Erakunde horiek behar-beharrezkoa
dute gizarteak, politikariek eta zerga-ordaintzaileek ezagutu ditzaten.
Gero eta diru funts handiagoak behar dituzte beren lanak egiteko
eta irudi publiko ona izatea ezinbesteko baldintza da hori lortzeko.
Halaber, komunikazio-kabinete hauek, noski, beren nagusien zerbitzura
egoten dira eta, sarri, sortzen duten informazioa propaganda hutsa
da eta kazetariak alea eta lastoa bereizten ikasi behar du, baina
zientzialarien eta kazetarien arteko harremanak indartzeko balio
dute.
Bestetik, kazetariak zientzialarien hizkuntza kriptiko eta ulertezinaz
kexatzeaz gain, iristezintasuna azpimarratzen dute, zientzialariek
kazetarien berri ez dutela nahi, alegia. Gainera, zientzialariak
argitaratutakoaz gehitxo kexatzen direla azpimarratzen duten zientzi
kazetariek.
Garbi ikusten da, beraz, komunitate zientifikoaren eta kazetarien
artean komunikazio-arazoak daudela. Ondorioz, zientzi jardunaren
gizarteratze egokia egin nahi bada, zientzialarien eta zientzi komunikatzaileen
artean topaguneak antolatu behar dira elkarren arteko ezagutza areagotzeko,
batzuen eta besteen kezkak eztabaidatzeko, harreman egokiak sortzeko,
sinergietan sakontzeko eta desberdintasunetan adostasunak
lortzeko… Horrelako foro batzuk badira munduan. Esaterako, Max-Planck-Institut
für Biophysikalische Chemie delakoak sustatutako EICOS programa
edo MITek eskainitako 'Knight Science Journalism Fellowships' izenekoak
(5). Gizarteak zientziaz
informazio egokia izan dezan nahi bada, ezinbestean elkar hartu
behar dute mezuaren sortzaileek eta mezulariek, zientzialariek eta
zientzi komunikatzaileek hain justu.
Komunikaziorako teknologiak berriek, bestalde, kazetarien eta zientzialarien
harremanak hobetzeko eta errazteko erreminta oso egokiak dira. Amaraunak
zientzialariak eta zientzi komunikatzaileak zuzenean harremanetan
jartzen ditu erraztasun handiz; informazioa lortzeko, informazioa
kontrastatzeko, zalantzak argitzeko, … Aukera horren adibidea dira
alphagalileo.org eta basqueresearch.com moduko bitartekaritza-zerbitzuak.
Horiek kazetariei notiziaren iturritik beretik datorren informazioa
zehatza emateaz gain zientzialari eta teknologoekin zuzeneko harremana
izateko manera ere eskaintzen dute.
Zientzia-komunitatearen eta gizartearen arteko komunikazioa azken
hamarkadan asko hobetu delakoan nago, baita Euskal Herrian ere.
Alabaina, bide asko dago egiteke eta, bide horrek badu berezko oztopoa,
zubi-lana egin behar duten zientzia-komunikatzaileak trebatzeko
eguneroko lanak ematen duen eskarmentua baino ez
dagoela Euskal Herrian. Zientzia-komunikatzaile egokiak trebatu
ezean, nekez lortuko dugu teknologikoki eta zientifikoki ongi hezitako
gizartea eraikitzea. Horixe da hurrengo erronka! (6)
(1) Armentia, J.,
Euskonews, 30, 1998
(2) Fahnestock, J; Written Communication,
3, 275-296, 1986
(3) Rogers, E. & Chang, S.;
in Risky business: Communicaiting issues of science, riks and public
policy (75-96 or.), Greenwood, New York 1991
(4) Hilgartner, S.; Social Studies
of Science, 20, 519-539, 1990
(5) EICOS, www.eicos.mpg.de
MIT, web.mit.edu/knight-science/
(6) Elhuyar Fundazioan aspalditik
izan dugu kezka hori. Horrexegatik, hain zuzen ere, Caf-Elhuyar Dibulgazio-sariak
antolatzen ditugu edota zientzia-dibulgatzaileak trebatzeko bekak
ematen ditugu.
Inaki Irazabalbeitia, Zientzia Dibulgatzailea
eta Elhuyar Fundazioaren Zuzendari Nagusia
Argazkiak: www.geocities.com/catkind23/ genoma.htm www.erdkunde-online.de/hintergrund/ gif/aids.jpg
www.ine.gob.mx/dgicurg/ cclimatico/cmnucc.html
www.members.es.tripod.de/gua_syrma/ astronautica/shuttlemir/ |