Biztanleriaren sailkapena Bizkai zaharrean Foruaren arabera
* Traducción al español del original en euskera
Anjel Lobera Revilla

Bilbao hilabetekariaren 2002ko urriko alean "Bizkaiko biztanleen sailkapena Foruaren arabera" idatzi nuenean, modu jakin baten sailkatu nituen Bizkaiko biztanleak; orduko hartan, jabetasun irizpidea erabili nuen, biztanleak multzokatzeko. Hau da, gizarte irizpidea erabili nuen.

Harako hartan adierazi nuen gisa, Bizkaiko Foru Zuzenbidearen inguruko doktrina ez zen era batekoa Bizkaiko Foru Zaharrean ezarri behar zen ekanduaren gainean. Betiere, arazo hau Nicolás Vicario de la Peña eskribau enkarterriarrak erabili zuen, errentamenduen araudia aztertu zuenean.

Horretara, bada, doktrinaren aztergaia honetan zetzan: ba ote zen Bizkaian ekandu bat ala bat baino gehiago ziren. Izan ere, arazo hori ebaztea ez da kontu hutsala, ezik hari ematen zaion erantzunetik frogatu ahal izango da biztanleriaren sailkapena orokorra zen ala ez; Nicolás Vicario de la Peñarekin batera, esan dezakegu Bizkaian ez zegoela era bateko ohiturarik, eta eskualde bizkaitarretan ageri ziren ekanduak tokian tokiko lugintzaren edukoak zirela.

Orduan Bizkaiko biztanleak sailkatzeko erabili nuen irizpidea gogoan hartuta, saiakera honetan sakonago jorratuko dut orduan axal-axaletik esanikoa, eta aldaketa bat sartuko; Egin-eginean ere, orduko sailkapenean hirugarren motakoei 'baserritar' iritzi nien, baina, azterketa sakonago bat egin eta gero, haren ordez, 'etxejabe' erabiliko dut hemen, eta toki egokian haren gaineko azalpenak emango. Beraz, jabetasun irizpidearen arabera, lau biztanle mota bereiziko ditut: maiorazkoak, ola-jabeak eta maiorazkoko lurralde handien jabeak; jabeak; etxejabeak, eta, azkenik, maizter edo kolonoak.

Lehenengo taldearen barruan, 'jabetza handiko eta askoko ugazabak' ditugu, eta eurak bereizten ziren besteengandik euren jabetzen kopuru eta izariagatik. Haien ondasunak asko ziren, eta, orduko denborarako, mota askotako negozioak zituzten, berbarako, lurrak, olak eta abar.

Bigarren taldean, berriz, 'jabeak' ditugu. Jabe ziren, gutxienez, bost baserri eta, gehienez, zazpi zituztenak (inoiz gehitxoago ere bai); nolanahi ere den, baserrien kopuru hori izatea ez zen baldintza bakarra talde horretakoa izateko, eta halako ugazabek beste ondasun higiezinen batzuk izan behar zituzten.

Sailkapenaren beste eremuetako bizkaitarrak izendatzeko, euskal ordainaren ondoan (parentesi artean) gaztelaniazko ordaina jarriko dut. Kontua ez da ezereza. Hemen badago jakingarri soziolinguistiko bat erabili behar duguna; izan ere, 'baserritar' berba darabilgunean, orduko denborari begira, baserrian eta baserritik bizi zenari irizten zitzaion; gaur egun, baserrian (eta baserritik) bizi denari esaten zaion legez. Halaz guztiz, 'baserritar' hitz hori erabiltzean, haren jarduna ekarri nahi dugu gogora, ez, ostera, berak lurrarekin dituen jabetza harremanak, eta horrek berebiziko garrantzia du, saiakeratxo honetan darabildan auturako.

Argitasun hori emanda, hirugarren multzoaz ari garela, 'etxejabe' (casero) zeritzon, Foru Zuzenbidearen ikuspegitik, betiere, berak lantzen zuen baserriaren ugazaba zenari; halakoak, sailkapenaren multzo honetan sartzeko, bete behar zituen baldintzetako bat zen gehienez lau baserri izatea, baina bazuen muga bat: berak ezin zuen izan bestelako ondasunik, bestela aurreko kategoriaren barrukotzat hartzen zelako.

Ageri den moduan, bigarren taldearen eta hirugarrenaren arteko bereizketa onibarren kopuruari zegokion gehienbat; ostera, lehenengo taldekoek, 'ugazabek', bazituzten bestelako zergintzak, higiezinen ondaretik at.

Azken taldea 'maizter' (inquilino) edo 'kolono'ena zen. Maizterrak inoren etxean bizi izaten ziren eta hari loturiko ustiapenean jardun. Jakingarriak jakingarri, Bizkaiko landetxeetan maizterrak bizi baziren, orduan errentariok errentan hartuta zuten etxea bera ('etxe-kasko' deritzona), bai eta haren etxaldea ere (hau da, lurra landu, ganadua hazi, basozaintzarekin arduratu, lantzean behin auzolanean jardun, etxeari zegokion partaidetzagatik eta abar), eta halakoak erabiltzen zituzten eurenak bailiran; izan ere, hantxe jaioak ziren euren asabak, euren gurasoak, eurak, eta euren atzekoak ere hantxe jaioko ziren, sendi harremanak etxetik, etxeagatik eta etxerako sortu, garandu eta amaitzen ziren, baldin eta halako zerbait suertatu behar bazen.

'Maizter' hitza eta, berarekin batera, 'errentari' berba (beraren 'errentero' aldaerarekin batera) dira bizirik iraun dutenak, baina 'kolono' elea galdu egin da. Hala ere, gizartea bezala hizkuntza ez dira izaki hilak, bizirik daude, eta esangura aldatzen izan dute denboraren edura, horrela, 'maizter', 'errentari' edo 'errentero' hitzak gelditu dira baserriaren errentamenduan daudenentzat bakarrik, ostera, kale-etxe bateko gelan errentan bizi denari, halako berbak erabiltzen diren toki beretan, 'apopilo' esaten zaio. Hain zuzen ere, hitzen esparru berezi horiek agerian uzten dute gizarteak berak bere barruko aldeak adierazi nahi dituela, eta berak ere bai ikusten dituela ezberdintasunak baserri-giroaren eta kale-giroaren artean; eta herri honen historiaren une jakin baten badela gertakari gogoangarri bat, gerora begira Bizkaiko gizarteari sakoneko aldaketa ekarriko diona. Geroenean, esan dezakegu bizia ulertzeko ikusmolde berria agertzen zaigula.

Ikusalde horretatik ulertu behar da sailkapen hori, bai eta sailkapen horretako taldeen artean gertatzen zen eskubideen eskualdatzea ere, Bizkaiko Foru Zuzenbidearen eretzean: gurasoengandik seme-alabengana igarotzen ziren eskubideak, bai errentamendu eskubidea, bai jabetza eskubidea, bai eta gainerako eskubideak ere, eta eskubideekin batera haiei zetxezkien betebeharrak. Eskubide eta betebeharren eskualdatze horren helburu nagusia etxea zen; beraz, 'etxejabe' izan edo 'maizter' izan, hori abaguneko kontua zen, eta unean uneko egoera moldatu behar izaten zen etxearen interesen menpean. Gizartea modu jakin eta berezi baten ikusteko modua ez ulertzeagatik, batzuek kritikatzen dute orduko Euskal Herri artzaintsu hura (eurek hala deritzote, betiere esangura gutxiesgarrian), esanaz, ezen guztia gezurra zela, ez baitzen ugazaben talde txikia baino. Horregatik, ezinbesteko dugu lehen esan duguna gogoan hartzea, eta horrelaxe ulertuko dugu zergatik hautatzen zuten etxejabeek, euren jaraunslea aukeratzen zutenean, etxearen etorkizunerako onena izango zela uste zuten semea edo alaba, eta besteak baztertu; eskubideak eskutik eskura igarotzen ziren, baina igarotze horren xede gorena ez zen eskubideen aldatzea, ez eta eskubide-hartzaileak ere, etxea baizen, eta eskubide jakin bat helburu nagusi baten menpeko tresna izate horrek taxu berezia eman zion Bizkaiko ekonomiari eta, horren bitartez, gure herrialdeko geografiari ere.

Dena den, egoera horrek berak sortu izan du hizkera jakin bat, betiere, berba egiteko modu hori ez zen Zuzenbidearen teknikak behar zuen adinakoa; modu horretara, bada, 'baserritar' hitza entzuten izan dugunean (eta gaztelaniaz 'casero' aditu dugunean ere bai), ulertzen izan dugu halako hiztunek bazihardutela etxe landatar baten bizi eta haren ingurumariko lurrak lantzen zituenaren gainean; halaz guztiz, ele hori erabiltzen izan zenean, ez zen aipamenik egiten halako gizakia etxearen jabea zenentz; hori dela eta, ikuspegi juridikotik zehaztugabetasun handiegia gertatzen zelako, argi eta garbi bereizi ditugu adigai biak adierazle ezberdinez.

Beste alde batetik, badago beste bereizkuntza bat egin beharra, 'maiorazko' berbaren esangura dela eta. Izan ere, hitz horrek, esanahi baten, 'jabegai' edo 'jaraunsle' esan nahi du, hau da, horretara esaten zaio baserri baten ugazabaren semeari edo alabari, bera bada hurrengo ugazaba-gaia. Eta ulerkera horretatik sartzen da Bizkaiko biztanleriaren orduko sailkapenaren multzo jakin baten. Bizkaian, gainera, 'maiorazka' aldaera topa dezakegu, guztiok dakigun legez, Sartaldeko euskaran generoa sarritan azaltzen da eta.

Eskubide jakin baten titularretarik baten mota bati dagokion esanahi juridiko horrekin batera, beste esangura bat ageri du 'maiorazko'ak: eskubideen multzoari dagokionarena, alegia, aurreko subjektu horri datxezkion ondasunei buruzkoa, Euskal Herriko beste herrialde batzuetan premutasuna deritzona.

'Maiorazko' berba honek bi eginkizun betetzen ditu: alde batetik, zehaztapen positiboa egiten du, eta Bizkaiko Foruarentzat erakunde juridiko bat eta subjektu juridiko bat agertzen ditu; bestetik, berriz, zehaztapen negatiboa egiten du, eta, subjektu juridikoari doakionez, 'biorazko' sorrarazten du. Nor zen 'biorazko' edo Bizkaiko herri batzuetan, berbarako, San Andres Etxebarrikoan, Xemeinen eta Artibaiko beste elizate batzuetan, 'zaldun' hura? Bada, berau zen, maiorazkoa etxearekin jabetzen zenean, etxetik kanpora urten behar izaten zuena.

Dena dela, biorazkoak ez zuen etxetik esku-hutsik alde egin behar izaten; hasieran horrela gertatu ahal izan bazen ere, denboragarrenean, haren egoera hobetzen joan zen; horretara, bada, biorazkoak, ezkongabea zen artean, eskubidea zuen etxean gelditzeko; ez zen arraroa 'etxeko osaba' izatea; paperak egiten hasi zirenean eta 'alkar-poderoso' deritzona idazten, orduan azaltzen da, idatziz, etxearekin jabetu behar duen maiorazkoak eta berarekin ezkondu behar duenak egiten duten agirian, etxearekin gelditzeak badakarrela medeapen bat eman beharra etxetik alde behar duenari. Horrelako konpentsazioak ikusten dira XX. gizaldiaren amaiera arte egiten izan diren 'alkar-poderoso'etan.

Dena den, denborak aurrera egin duen bitartean, eta berarekin batera etorritako aldaketek eragina dakartelarik, esan behar da, XX. gizaldiaren erdialdeko industri garapen izugarriak hori ere bai galdu eragin duela. 'Etxea' zena seme-alaben artean banatzen hasi zen, etxearekin jabetzeko inor ez baitzen gertu azaltzen. Esan daiteke 'etxea' galtzearekin batera, Euskal Herriaren ezaugarri nagusietako bat ere galdu egin zela, eta 'etxe'aren lekua 'pinu'ak hartu duela. Baina, horren gainean ez dut hemen jardungo.

Ez nuke amaitu nahi toki baten baino gehiagotan esan behar izan dudan kontu hau: hizkuntzak eta mundu-ikuspegiak sustrai-sustraitik daude elkarrekin lotuta, eta sarritan ezinezko gertatzen da ulertzea zergatik diren herri baten erakunde juridikoak taxu batekoak, albo batera uzten baditugu herri horrek bere errealitateak adierazteko dituen esamoldeak, eta horien bidez agertzen diren adigaiak.


Anjel Lobera Revilla, Deustoko Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea
Argazkiak: http://www.zientzia.net/informazioa/elhuyar/1997/126/images/A126023.jpg
http://www.nekatur.net
http://www.egoibarra.com/Eibar/Ibilbideak/ib4/ib4008.jpg
http://www.learjai.com

http://www.ysursa.com/kaiet/Family%20pages/Ysursa/iturburua.jpg 
 

Euskonews & Media 210. zbk (2003 / 05 / 16-23)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza