Bere etxean egin dit ongi etorria, Donostiako Egia auzo herrikoian.
Bere osasun makala dela eta, kezkatua dirudi Ramirok. "Orain,
zelangoak diren gauzak, nire lehen emazteak eraman zuen gaitz berbera
daukat nik", dio, umorea galdu gabe, baina. Bere etxeko egongelaren
erdi-erdian, koadro handi bat gailentzen da, "nire lehen emaztea
zenarena", adierazi dit berari so. Eskuinaldean, aldiz, argazki
bat dago, zeinean Larrañaga On Juan Karlos erregea agurtzen
ageri den. Nire interesa ikusirik, Erregeak Zarzuelan hartu zituenekoa
dela dio, "Zuloaga margolariaz guk egindako liburua zela eta".
Aitzakia bilatu nahian bezala, zera gehitu du: "Ez naiz monarkikoa,
baina badakizu, Estatu burua da".
-Zure aitaren
bidea jarraiki, zu ere eskopetagilea izatekoa zinen. Baina azkenean
beste bidezidor bat hartu...
Bai, patuak hala gura zuelako. Kontua da 1935ean gure aita hiltzean,
dena aldapa gora jarri zitzaigula. Gure ama, dena den, moldatu zen
gu aurrera ateratzeko, izan ere, oso jostun ona zen. Baina hala
ere, gosea pasa genuen. Hainbeste, non nire aitak utzitako tailerrean
zeuden makinak ere saldu behar izan genituen. Txakur txikirik ez
genuen.
-Nolanahi ere,
ikasten segitu zenuen.
Bai, Maristetan lehen hezkuntza amaitu ondoren, moja zen nire izeba
batek lagundu egin zigun nik bigarren hezkuntza Iruñeko eskola
batean debalde egiteko. Ba, hain juxtu, han nintzela Gerra Zibila
hasi zen. Eta horregatik nire familiagandik bakartua geratu nintzen,
bost anaia-arreben artean zaharrena izanik, gainera.
-Hasiera batean, Gerra Zibilak,
Irakeko inbasioak bezala, hamar egun iraun behar zuen...
Bai, horixe. Gogoan dut 1936ko Sanferminetan lepoan zapiko gorria
zeramaten gazte horiek, handik egun gutxira fronterako bidean ziren,
Mauser fusilak aldean. Baina tristeena ez da hori, baizik eta beraiek
ezagutzen ez zuten norbaitek agindutako zerbaiti amen egitea. Batzuk
Lesaka aldera eta beste batzuk, Somosierra aldera.
-"Bakarrik eta
alargun" zure memoria liburuan diozu Errepublikako presidentea izandako
Alcalá Zamora ezagutu zenuela...
Bai (A, gogoratu gero ale bat oparitzeko). Gerra aurretik izan zen,
Soraluzera fabrika bat bisitatzera etorri zenean. Akordatzen naiz
zelakoa zeukan ilea: zuri-zuria, haizeak harrotua. Gizon zuzena
izan zen, baina orden publikoak ihes egitea galbidea izan zen Errepublikarentzat.
Are gehiago anarkistak jesuitak kanporatzen, eskoletako kruzifijoak
kentzen eta elizak erretzen (Soraluzeko Errege etxea eskolan legez)
hasi zirenean. Orduan, katolikoek erabaki zuten hori guztia zelan
edo hala geldiarazi behar zutela.

-EAJ ere dudatan
ibili zen batzuen edo besten alde egiteko...
Bai, jauna. Duda asko izan zuen, harik eta Lizarrako alkatea fusilatu
zuten arte "separatista" izateagatik. Orduan, EAJk errepublikazaleen
alde egin zuen, nahiz eta konbentzituta ez egon. Euskadiko guda
galduta, gudari dezente erreketeekin joan ziren, horra hor, San
Ignacio tertzioa.
-Zu zeu, nazionalekin
bat egin edo alde hartan "erori" zinen?
Erori, erori, izan ere, gerra hasierak Iruñean harrapatu
ninduen. Bestela, gudarien ondoan egin nezakeen, lasai asko. Ebroko
Batailan parte hartu nuen, bakarrik 15 urte nituela, sukaldari lanetan
eta Zumalakarregi tertziokoentzat lehen lerrora arrantxoa eramanez.
-Egia al da Ebroko
Batailan buruz buruko borrokak maiz gertatzen zirela?
Bai, jakina. akordatzen naiz gure sarjentu batek duelu bat izan
zuela poloniar brigadista batekin. Borroka itzel baten ostean, itzuli
egin zen, odolez betea, poloniarraren kartera eskuan garaipen seinaletzat.
Baina kartera hura irekitzean, hunkitu egin ginen: Bere emazte eta
bi seme alaben argazkia zeukan. Hori da gerrak duen gauzarik krudelena,
hau da, arrazoi barik hiltzea, nor eta ezagutzen ez duzun gizaseme
bat, agian, zure aldean dagoenak baino antzekotasun gehiago izan
ditzakeena. Hartara, Ortega y Gasset filosofoaren esaldia nireganatuz
zera esango dut: "Gizakia eta bere zirkunstantziak".
-Zeuri, zure "zirkunstantziek"
ez zaituzte inoiz eraman alderdi polítiko batean afiliatzera...
Bai, eta akaso horregatik etorri zaizkit hainbeste kolpe, alde guztietatik.
Baina, hala ere, ez naiz damutzen, nahiz eta ordainetan erraztasunik
eduki ez liburu bat argitaratzeko orduan. Egia esanda, ni beti foruzalea
izan naiz. Beti esan dut euskal gatazka foruak kendu zizkiguten
garaitik datorrela, orain 150 urte. Badakizu, Bergarako besarkada-fartsa
hura Espartero eta Marotoren artean. Zuk esan zer demonio egiten
zuten mantxego eta murtziar batek euskaldunon geroa erabakitzen.
-Zer egin zenuen
gerratik bueltan?
Soraluzeko kanoi lantegian hasi nintzen lanean, non torpedo jaurtigailuak
ere egiten ziren. Gero, baimena eskatu nuen Eibarko eskopeta lantegi
batera joateko apaindura marrazketa ikaste aldera, badakizu, eskopeten
grabatua eta hori. Eta oso ondo etorri zitzaidan, handik gutxira
soldaduska Zaragozan egiteko deitu eta bertan bitxigile batzuentzako
lana egin nuelako. Ederto ordaintzen zidaten, gainera, etxean baino
askoz gehiago.

-Eta behin soldaduska
eginda?
Nire kasa hasi nintzen grabatzaile modura, dendatxo bat eta guzti,
nire emazteak eramaten zuena. Baina orduan ere beste soldaduska
egitea egokitu zitzaidan: Nire herriari laguntzearena.
-Eta nola izan
zen hori?
Oso xinplea. Artolak, orduko alkateak esan zidan: "Ramiro,
etorri egin behar dok ayuntamentuan secretario behar dogu eta".
Eta nik onartu, hasierako urtetan xentimorik ez ikusi arren. Sasoi
hartan, Soraluzen, 6.000 bizilagun izanda ere, bakarrik bi algoazil,
kale garbitzaile bat eta ni neu geunden udaletxean. Pentsa. Gaur
egun, ostera, herriak 1.000 biztanle gutxiago dituela, lanpostu
horiek perretxikuak legez atera dira, kristoren soldatekin, gainera.
Dena dela, hamabost urte pasata, zeregin hori utzi nuen. Nahikoa
egin nuen herriaren alde, aizu! Eta nire tailerrean murgildu nintzen.
-Zein zen gerra
osteko giroa armagintzako ibar horretan?
Loraldia bizi zen. Hainbeste lan zegoen hiru txanda jarri zirela.
Ondorioz, kanpoko jende asko etorri zen, extremeñoak, gaztelarrak,
eta abar., txaboletan bizitzen ere sartzen zirenak. Eta pisu bat
hartuz gero, elkar "esplotatzen" zuten, sukalderako eskubidea
zuten gelengatik kobratuz. Pixkanaka, karretila eramatetik lan bereziak
egitera pasa ziren, baita batzuk ofizioetan espezializatu ere.
-Ze pentsamolde
zuten etorkin horiek?
Orokorrean, JONS-eko Falangistak ziren. Gertatzen dena da Gipuzkoara
etortzean sozialista bihurtu zirela.
-Zenbatekoa
zen zuen soldata?
Gure jornala bi pezeta eta erdikoa zen egunean, bederatzi orduko
lanaren truke, igandeak barne. Gure gozagarri bakarra, igandetan
seietan lana bukatu, espartinak jantzi eta zinemara joatea izaten
zen "Tomasín"-en pelikula bat ikustera.
-Eta zer diozu
frankismoko errepresioaz?
Gehiagora joan zela. Baina hasieratik polizia nonahi zebilen. Hainbeste,
probintzia bakoitzetik irteteko falangeko karneta behar zenuela.
Erreketearenak, aldiz, ez zuen balio. Gu, adibidez, igandero Ermuan
zegoen erromeriara joan ahal izateko, udaletxean "salbokonduktoa"
(ibiltzeko baimena) atera behar genuen.
-Borrokalari ohien
arteko ikuspegi politiko ezberdinek zenbateraino kaltetzen zuten
zuen elkarbizitza?
Ezertan ez. Gure desakordioak ez ziren ezer gaur egun dagoen enfrentamenduaren
aldean, hala politikari zelan hiritarren artean. Konparazio batera,
geuk musika elkarte bat sortu genuen, badakizu zeintzuen artean?
Ba, sozialista, lauzpabost errekete eta gudarien artean. Harrapa
ezak hori! Eta ondo eramateaz aparte, gerraren gainean ere berba
egiten genuen, gai "tabu" izan barik. Beraz, ezin dut
konprenitu gaur egungo gazteriaren zati batek duen gorrotoa euren
moduan pentsatzen ez duenaren kontra.
-Gaiaz aldatuz,
azterketa baterako galdera: Noiz hasi zen armagintza Euskal Herrian?
Ui! Eztabaida franko egon dira horren inguruan. Nirekin konforme
ez zeudelako armadako jeneralei ere aurre egin behar diet, pentsa.
Kontuak kontu, frogatu dut Placencia-Soraluze, Eibar, Elgoibar,
Ermua, Arrasate, Bergaran, eta abar, su-armak egiten zirela, noiz
eta Amerikaren deskubrimendua baino lehen, zehazki, 1482an. Eta
agiri hori Simancas-eko artxiboetan dago ikusgai. Bertan aipatzen
da Eibarren egindako bi lombarden (kanoien) irteera, Medina Sidoniako
dukearen enkarguz.
-Eta nola garraiatu
ziren?
Laurogei idi bikoteen bidez eraman zituzten Deba ibaiaren bokalera
arte. Bestalde, gauza jakina da 1512an arkautzak seriean egiten
zirela, alegia, kolonizazioan zehar Hernán Cortés,
Lope de Agirre eta konpainiak indioen kontra erabiltzeko.
-Nola koordinatzen
ziren armagintzako gremioak?
Kooperatiba baten modura funtzionatzen zuten lantegi horiek, Durango
eta Arrasate artean sakabanatuak. Erregeak bitartekari bat bidaltzen
zuen gremioekin negozia zezan. Geroztik, dekorazioa, xinplea izanda
ere, armagintzari lotua joan da.
-Lehen marrazki
eskolak orduantxe sortu al ziren?
Ez, apur bat geroago. 1779an, adibidez, Marrazki Eskola sortu zuten,
Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarrak babestua. 1794an, Konpainia
desegin zenean Filipinasekoak hartu zuen lekukoa.

-Gremioen lanmoldea
noiz arte luzatu zen?
Ba, 1865 arte, Isabel II.ren aginduz, asmo jakin batekin: kapitalismoari
bide ematea.
-Ze lanbide berezi
zeuden armagintza lantegi haietan?
Horren kontura Soraluzeko mapa bat erakutsiko dizut, 1756koa. Bertan
ikusten da gremioak nola aritzen ziren txinpartazko armak, aihotzak
eta halakoak eginez (Erakutsi egin dit). Baziren "aparejeroak",
"giltzariak" eta "kanoiariak". Hara zer dioen
azken hauetaz: "Beraiek dira aukeratutako burdinezko plantxa
batetik kanoia egiten dutenak. Hainbeste ganoraz egiten dute galda
lana, non nazio batek ere ezin izan dituen imitatu. Horregatik dira
hain estimatuak mundu osoan".
-Hitz egin dezagun
materialei buruz.
Den-dena primerakoa zen. Hasteko, egur-ikatza; pika lantzak egiteko,
intxaurrondo eta lizar zura; eta gero, Arrasateko altzairua erabiltzen
zuten...
-Hori aipatu duzula,
egia al da Toledoko ezpata ospetsuak Arrasateko altzairuz eginak
zeudela?
Bai, hala da. Konkretuago esanda Udalaitz mendiko altzairua. Are
gehiago, zenbait toledotar etorri ziren Eibarrera ofizioa ikastera.
Baita eibartarrak hara joan ere lanera. Gainera, damaskinatua, Toledon
baino lehenago, Eibarren hasi ziren egiten.
-Eta noren eskutik?
Eusebio Zuloagaren eskutik. Prozedura Placido Zuloagak hobetu zuen,
hau da, margolariaren aita zenak. Damaskinatuak XIX. mendearen amaieran
izan zuen bere gailurra, garai hartako gustuarekin bat zetorren
eta.
-Xinpleki
azaldua, zertan datza damaskinatua?
Damaskon jatorria duen artisau lan bat da, urrea edo zilarra altzairu
edo burdinezko hondo batean txertatzean datzana.
-Ez duzu uste
euskaldunoi "marketing" historikoa falta izan zaigula?
Bai, bat nator iritzi horrekin. José de Artetxeren esaera
bat ekarriko dut gogora: "Euskaldunak ez ziren sekula arduratu
bere historiaz. Eta orain, jakina, aztarna batzuk baino ezin ditzakete
aurki". Larregi badirudi ere, ez zaio arrazoirik falta; izan
ere, euskaldun gehienok, lana txinatarren modura egin ondoren, bakarrik
jan eta edanean eman izan dugu denbora. Hori medio, ni, beste batzuekin
batera, saiatu izan naiz gabezia historiko horiek berreskuratzen.
-Jendea harrituko
duen armen inguruko datu bat...
Ba, beitu, esan dugunaren harira, zerbait esango dizut: lehen errebolberra
euskaldun batek asmatu zuela: Manuel de Garate mendaroarrak. Samuel
Colt-ek berea patentatu zuen urte berean, alegia, 1835ean. Nork
esango zuen hainbeste pelikula eta tinta gastatuarazi dituen Colt-ak
euskal anaia bikia duela. Garaterena kanoirik gabeko errebolberra
zen, sei tiro egiten zituena.
-Zure
grabatuekin apaindutako arma paregabe horien artean, ba al dakizu
non dagoen baten bat?
Mundu osoan zehar daude sakabanatuak. Hori bai, badakit oso baliotsua
den bat Colliuren (Frantzia) agertu dela.
-Zer iruditzen
zaizkizu bisitatu dituzun arma museoak?
Ba, denetik dagoela. Batzuk zehatzak dira, baina beste batzuk nahasiak
eta okerrak.
-Esaterako?
Ba, batzuk XVIII. mendeko armak XVI.koak balira bezala jartzen dizute;
edo XIX. mendekoak direla ipini beharrean, XVII.koak direla. Ea
jendeak sinesten duen, baina, noski, nirekin jai dute.
-Eta bereziki
liluratu zaituen museoren bat?
Bai, bada bat zur eta lur utzi ninduena. San Petersburgora hitzaldi
bat ematera joan, eta amaitutakoan, liburu bat eta 24 kilateko urrezko
damaskinatu bat eman nizkien oparian. Errusiarrei detailea gustatu
eta hara zer esan zidaten: "Orain Hermitageko museo pribatua
ikusteko pribilegioa izango duzu".
-A ze luxua!
Bai, broma zela uste nuen. Are gehiago, Errusiako zarrena izandako
jauregirantz gindoazela, Tatiana gidak esan zidan pribilegio hori
izan zuen azken espainiarra Erregea izan zela, baina printzea zenean.
Hala, errusiarren solemnitatea jarraituz, eskoltatua eraman ninduten
Hermitageko sotora. Igogailuan jaitsi ondoren, uniformea kondekorazioz
betea zuen emakume lodi batek, serio-serio, hainbat ate irekitzen
joan zen, bata bestearen atzetik. Azkenean, azken atea zirudiena
ireki zuenean, argiak piztu eta, kliska! Ezin nuen sinetsi begien
aurrean neukana, "Mila eta bat gau"eko ipuina zirudien:
Harribitxiz beteriko bitrinak, aurrehistoriako urrezko eta platinozko
bitxiak, diamanteak, esmeraldak, zafiroak, maisulanak ziren besoko
eta eskumuturrekoak, eta abar. Piezen dirdira zoragarri horrekin
mareatu egiten zinen.
-Antzinako armetan
aditua izanez, ez al zaitugu ehiztaria?
Ez, egia esanda ehizak ez nau inoiz erakarri. Baina armen erabilera
onaren aldekoa naiz. Egia da askotan erabilera okerra eman zaiela.
Horrek, ordea, ez du esan nahi armak gizakiaren osagarri ona ez
direnik kobazuloetan bizi zen garaitik. Osterantzean, honezkero
otsoak eta basurdeak gure hirietan ere ibiliko ziren.
-Kontuak kontu,
Gipuzkoako armagintzak gero eta bustiagoa du bere bolbora......
Tristea, baina hala da. Soraluzen, adibidez, ia-ia desagertu egin
da armagintza. "Euscalduna" fabrika zenaren arrasto bat
baino ez da geratzen. Zeinek esango zuen hori! Izan ere, gerra ostean
mila langiletik gora zituen. Nire txaparen zenbakia, 900 eta piko
zen.
Langileak Azkoititik menditik etortzen ziren, pentsa.
-Eta Eibarren,
nolakoa da egoera?
Hor ere zalditik astora, nahiz eta kalitatea mantendu. Alde batetik,
desagertu ez diren lantegiak birziklatu egin dira, Alfa eta Orbea
legez. Horiek arma motzak egitetik josteko makinak egin eta bizikletak
egitera pasa dira, hurrenez hurren. Eta bestetik, badira lantegi
batzuk, kopuruz gutxi egin arren, kalitateari eutsi diotenak. Hor
azpimarratzekoa da mekanizazio faseak kenduta, artisau armen ekoizpen
sistemak bere horretan dirauela, eskuz egiten baitira, langile bakoitzak
bere espezialitatea gordetzen duela: kanoilaria, kulateroa, baskuleroa
edo montatzailea.
-Dena dela, ez
dago gauza bera esaterik grabatzaile lanbideaz mintzo.
Zoritxarrez, ez. Lehen, berriz, eskopeta fabrika batean, Eibarko
Aguirre eta Aranzabalen adibidez, 25 grabatzaile baziren. Harik
eta asmazio modernoak agertu ziren arte, hala nola, elektro higadura
edo makina erreproduzitzailea. Hortik aurrera 24 grabatzaile soberan
zeuden.

-Eta grabatuaren
irakaskuntzari dagokionez?
Oso bestelakoa da. Orain irakasten dena askoz gertuago dago modalitate
piktorikotik tradiziozko artista ofizioetatik baino. Izan ere, gaur
egun dena ordenadore bidez diseinatzen da.
-Jada jubilatua
zeundela, 1983an, izena eman zenuen Filosofia eta Letrak ikasteko
Deustuko Unibertsitatean, Donostiako Campusean. ¿Ustekabekoa
edo hausnartutako zerbait?
Ez, aspaldian sartuta neukan arantza bat kentzeko izan zen: Batxilergo
titulua lortu ahal izatea, zeren, ez edukitzean ate asko itxita
izan ditut bizitzan. Jakin nuenean bazegoela lortzea Unibertsitateko
sarrera eginda, ez nuen dudarik izan.
-Nire partetik
arinkeria badirudi ere, bi aldiz alargun eta berriz ezkondu zara.
Ez zaitugu oso gizon arrunta izan horretan...
Ez, horretan zorte txarra izan dut. Nire lehen emaztea 26 urte partekatu
eta gero hil zen. Sekulako kolpea izan zen. Egia esanda, oraindik
ez naiz osatu (bere emaztearen koadrora zuzendu ditu bere begi grisak).
Bera hil ondoren, Donostiara etorri nintzen, "Donostiako Aurrezki
Kutxa"ra lanera, argitaratzen ziren liburuen akats zuzentzaile
modura. Baina, animoz, hain makalduta nenbilen, non nire aitagandik
jasotako eskopeta dotorea erabiltzear egon nintzen. Eskerrak lanaren
bitartez Koldo Mitxelena eta Caro Baroja bezalako jende izugarria
ezagutzeko aukera izan nuela. Asko aberastu nintzen euren solasaldi
horietan, azken finean, pertsona ikasia naiz, baina ez intelektuala.
Handik bi urtera alargun bat aurkeztu zidaten, seme-alaba barik
bera ere. Eta tira, arrimatu egin ginen. Baina hamar urte pasata,
bat-batean bihotzekoak eman eta hura ere hil egin zen. Nire oraingo
emaztea ezagutu nuen arte, orain zazpi urte, tristuran eta bakardadean
bizi izan nintzen, tabernetan janez eta hola.
-Egin dituzun
gauzen artean, ba al da harro egoteko moduko zerbait?
Bai, baina ez du zerikusirik nire lanarekin. Askoz harantzago doa.
Zergatik? Nik gehien maite nituen pertsonekin egiterik izan ez nuena
egiteko aukera izan nuelako. Alegia, ezagutu ez nuen galiziar emakume
baten bizitza salbatu nuen. Etorkin batek esan zidan bere herriko
iloba gaixo zebilela, tuberkulosiak jota. Baina sanatoriotik bota
egin zutela haurdun egoteagatik...norena eta bere aitarena. Hortaz,
kasuaren larritasuna ikusirik, nire laguntza eskaini nuen, hemengo
ospitalean esanez neska hura gure herrira etorri berria zela eta
modu hartan, senda zezaten. Gezur galanta, baina beharrezkoa. Onena,
egin zidaten oparia izan zen: "Anis del Mono"-rena izandako
botila bat orujoz betea, ezin aproposagoa neguko katarro horiek
kentzeko.
-Zer egingo duzu
zure etxean pilatuta dituzun lanabes eta dokumentu mordoarekin?
Eman egingo ditut. Beranak, puntzoiak, zizelak, mailuak eta grabatuaren
teknikan erabiltzen diren bestalako tresnak San Telmo Museora. Eta,
bestetik, idatzizko dokumentu guztiak, Koldo Mitxelena Kulturunera.
Gauza horiek hustuta, hain soinu ona duten piano elektriko horietako
bat erosi eta bertan ipiniko dut, neure erara jotzeko.
Ramiro
Larrañaga (Soraluze, 1924)
Ramiro Larrañaga Fernandez de Arenzana
(Soraluze, 1924). Armagin familia batean jaioa.
Maisu grabatzailea 1945etik eta idazlea. Bokaziozko
artista autodidakta gisa, zizela erabiltzeko manera
berriak garatu eta deskubritu zituen, bai grabatuetan,
bai urrezko ezkutu-zigiluetan, bai errotuluetan.
Idazle modura, berriz, Euskal Herriko armagintzaren
inguruko bere ikerketa lanagatik nabarmendu da.
Izan ere, artxibo eta museotan jardunez, lanbide
honen hastapenak, bilakaera eta bestelako xehetasunak
bildu eta argitaratu ditu. Halaxe, bere ikerlanak
mundu mailan antzinako armetan adituak direnekin
tratua izatera eraman du.
|
|
|
Argazkiak: Beñat
Doxandabaratz
-
Euskonews & Media 210. zbk (2003
/ 05 / 16-23) |