Euskararen
egoera orokorrak, euskalkien egoerak bereziki, indartu egin digute
honelako ikerketa lanak egin behar direla nahitaezkoa dela uste
izatea, besterik gabe gure betiko altxor linguistikoa zaharrenen
ahotan hiltzen utzi baino lehen.
Hori dela eta, oinarrizkoa begitandu zaigu ikerketa lan oso batean,
Eibarrek historikoki izan duen eta duen ondasun linguistiko jatorra
-hitz hau "ohikoa, betiko" zentzuz darabilgu, ez "ona"
esanguraz- jasotzeko bidea ezartzea, ondoren azterketa sinkroniko
estrukturalaren bidez, morfologiako alor baten sistema azaltzeko,
sistema hori osatzen duten aldaeretatik abiatuz. Horrela, herriko
aberastasun kultural linguistikoa erakusteko eta bide batez, oinarrizko
nortasunaren definitzaile den memoria historikoa gordetzeko eta
ikertzeko. Tesian jasotako maila linguistikoak hauek izan dira:
fonetika eta fonologia segmentalak; morfologian, deklinabidea (izena,
adjektiboa, izenordainak, erakusleak, zenbatzaileak), adberbioa,
mailakatzaileak eta aditza; sintaxian, koordinazioa, menderakuntza
eta bestelako testu-loturak (edo lokailuak); gai horiei dialektologia
pertzeptualari dagokion atala ere gehitu diegu, eta bidenabar lexiko
maila ere jaso dugu. Hori guztiori CD-ROM batean gordeta aurkeztu
da. Bestetik, aztertutako maila daukagu: morfologiara mugatu gara,
hiru atal nagusi bereziki aztertuz. Izen sintagmaren deklinabidearen
ondoan, adjektibo eta adberbio sintagmak ere jorratu ditugu; izenlagunak
eta adizlagunak dira aztertutako eremu horien arteko zubi. Azkenik,
adjektiboen, adberbioen eta beste osagai batzuen mailakatzea ere
kontuan hartu da.
Osotasunean, egin dugun lana dialektologikotzat har daiteke, baina
ardatz-tzat leku parametroa ez eze, lekukoen ezaugarri soziolinguistikoak
ere aintzat hartu dira, baita euren iritzi metalinguistiko eta pertzeptualak
ere (egokitasun, zuzentasun eta erabilera mailen berri emanaz, besteak
beste). Beraz, eremu linguistikoaren alderdi inmanentea ez ezik,
eragina duten hizkuntzaz kanpoko faktoreak ere aintzakotzat hartu
nahi izan dira.
Izan ere, interesgarria iruditu zaigu aldaeretan eragina duten
aldagarri geo-soziologiko nagusiak aipatzea; lana alderdi kualitatiboan
finkatuz. Pertzepzio hutsean oinarritutako baiezpenak gainditu nahi
izan ditugu. Horrez gain, herri mailako nahiz maila kultoan daudekeen
aurreiritziak jaso dira.
Eibarko euskara aztertu duten egileen lanetan nabari den osotasun
eza, teoria eta praktika linguistikoaren ildotik egin den lan estrukturatu
eta sistemiko honetan bete nahi izan da. Geroago, gaur egungo joerekin
adosago diratekeen proiektu eta egitasmoentzat beharrezko diren
oinarri eta irizpideak ezarri nahi izan dira.
Ikuspuntu diatopikotik, eremu geolektalen inguruan, argi ikusten
da Eibarko formak, aztertu dugun esparruaren arabera, mendebaldeko
hizkeren barruan kokatzen dela, eta Eibarko hizkerak gehiago du
mendebaldekotik erdialdekotik baino, tarteko hizkera den arren.
Beraz, aztergai izan den korpusa erdietsitakoan, zaindu gabeko
erregistroaren eremuan beti ere, ahozkoaren "azterketa"
batez ere maila linguistikoan egin da. Soziolinguistika eta pragmatika
bigarren mailan baino ez dira ageri azterketa honetan. Nolanahi
ere, aldi oro maila zientifiko eta objektiboena zainduz jardun dugu,
preskriptibismo eta normalizazio helbururik gabe.
Hori lortze aldera, hizkuntzalaritzako, dialektologiako, hizkuntza
geografiako eta soziolinguistikako teoria, konzeptu eta teknikaz
eratutako metodo berezia landu dugu. Bereziki bizkaiera landu duten
ikerketetan ere erreparatu dugu. Eibarko euskara nola edo hala aztertu
duten lanak ere arakatu ditugu, eta oinarrizko nolabaiteko geruza
sendoa badagoela esan daiteke, baina Eibarko kasuan zehaztasun eta
objektibitate eza sumatu dugu.
Alderdi metodologikoan, ba, korpusaren eraketarako pausoak hauek
izan dira: materiala jasotzeko prozedura ezarri, propio eratutako
galdekizunaren eta solasaldi askeen bitartez. Hurrengo, lekukoen
planifikazioa jorratu da, bereziki sexua, adina eta auzokako jatorri
geografikoa kontuan hartuta. Lekuko bakoitzari kode berezia ezarri
zaio. Tesiko aztergai izan den korpuseko adibide guzti-guztietan
lekukoen berri eman izateak soziolinguistikara hurbiltzeko bidea
eman digu, eta alderdi hori kontuan hartuz gainditu da maila dialektologiko
hutsaren azterketak suposatzen duen muga. Horrela sartu gara euskal
dialektologiako monografiagintzan ia jorratu bako alorrera. Ahozkoaren
transkripzio fonikoa, transliterazio erreala egin da.
Galdekizunarekin zein solasaldi askez, bietan lortu dugu lekukoen
jardunean naturalitate maila handia: zaindu gabeko hizkera, bapatekoa,
jaso dugu nagusiki; hizkera "informala", "arduragabea",
egunerokoa, edozein modutan.
Emaitza nagusiak, horrenbestez, oparoak izan dira: grabatu eta
transkribatutako korpus handia (400 kaset zinta inguru grabatu eta
transkribatu dira, 100 laguni jasota), hainbat azterketa akustikoren
bilduma, fonetikako laborategiko lanean egindako orduen emaitza;
eta lexiko eta fraseologia mailako altxorra, besteak beste. Hauetariko
hitz mordoa Eibarko Udalak oraintsu argitaratu duen Eibarko Hiztegi
Etnografikoa-ra (2003) iragazi dira, baita laister Udalak on-line
ezarriko duen Eibarko Hiztegi Orokorra-ra ere. Horregaz gainera,
lekukoen eta beste zenbaiten iritzi eta aurreiritzien multzoa ere
lortu dugu, benetan interes handiko esparrua euskararen ingurua
sakon ezagutzeko. Bestalde, korpusak balio etnografiko-kulturala
ere badu gure iritziz.
Azken finean, datuak eta emaitzak ez ezik, uste dugu guk erabilitako
ikerbidea egokia dela hizkuntzalaritza, dialektologia eta soziolinguistika
batuz, edozein euskalki, azpieuskalki edo hizkera lantzeko.
 | |
Eibar |
Azterketan sistemaren eredu nagusiak eta aldaerak azaldu ditugu,
eta bitxikeriak ere bai, hainbat jaso dira eta. Formari dagokionez,
aldaera fonetikoak eta morfologikoak aztertu dira batez ere, nahiz
eta batzuetan ez dagoen igartzerik aldaerak zein motatakoak diren.
Aldaeretariko batzuek, areago, berdinketak ere sortzen dituzte,
sinkretismoz; batzuk erabatekoak dira gainera. Beste batzuk noizbehinkakoak
eta mugatuak dira; adibidez, "alabiana": "alabiana
da" esaldian edutezko genitiboa da (="alabarena), eta
"alabiana doia", adlatiboa (="alabarengana").
Baina horrelakoak testuinguruan argitzen dira gehienetan, eta komunikatzeko
ez da arazorik egoten. Zenbait kasutan azentua bereizgarria da,
deklinabideko forma mugagabeak eta pluralak bereizterakoan gehienbat:
"mutillé(g)ana" mugagabea litzateke eta "mutílle(g)ana"
plurala. Beste herri-inguru batzuetako monografietan nahiz dialektologia
lanetan ez dugu aurkitu fonetika sintaktikoaren eragina mugatzailea
eta kasu markak ezartzerakoan adibidez: nolabaiteko "hutsune"
hori gainditu nahi izan da ikerketa honetan. Izan ere, hurrengo
berbaren hasierako soinuak eragin handia du edozein berbaren amaierako
soinuan; hori nabarmena da ergatibo kasuko -k soinuan esate baterako,
hurrengo hitza kontsonantez hasten bada galdu egiten delako ahoskatzerakoan
etenik ez bada behintzat: "lagunak badaki laguna-badaki".
Polimorfismoa ere, gauza bat esateko forma anitz egotea ere, bizi-bizirik
dago Eibarren, euskara erabili egiten den seinale: "así"
esateko indartutako forma, 13 eratara jaso dugu: "olantxe,
olanxe, olaxik, olaxek, olaxeik, olatxeik, olantxek, olantxeik,
olantxik, olatxik, olantxen, olaxe, olaxen", gehien, "olantxe"
eta "olaxe(n)" erabili arren. Liburuetan "klasiko"-tzat
dituzten forma eta erabilerak ere aurkitu ditugu, "aman ondorian
dabil" postposizioa esaterako.
Deklinabideko leku-denborazko kasuetan, bizidunen berezko kasu
markak ez eze, postposizioetara eta perifrasietara ere joten da,
forma jatorrak sortuz edonola ere. Nolanahi ere, bizidunen deklinabidean
Eibarren edutezko genitiboz osatutako marka sarri erabiltzen da:
"-(re)nian, -(re)netik, -(re)nera, -(re)nerañok, -(re)nerutz".
Instrumentalaren kasua ere aipatzekoa da. Formei dagokienez, bertako
forma jatorrak erabiltzen dira orokorrean, baina alfabetizazioaren
ondorioz berriak ere sartzen daude, batez ere gazteenen ahotik:
"onetas" erakoak alfabetatuen ahotan jaso ditugu, adibidez;
eta Eibarko ohiko eredua "ones" da, "ones gaiñ(era)"
tankerako egituretan txertatuta soilik.
Orokorrean, deklinabide kasu guztiek uste ez genuen aberastasuna
eta balio aniztasun handia dute, gramatiketan aurki ditzakegunak,
gutxi-asko, gaindituz.
Izenondoen sailean, beste alde batetik, aipagarria da izenaren
ondoan doanean sortzen den mugatzaileen arteko jokoa: "gison
ona"-ren ondoan, erabat arruntak dira "gisona ona /ona
gisona" erakoak. Genero bereizketa ere aipatzekoa da, batez
ere maileguetan, baina baita euskarazko jatorrikoetan ere: "mosolua
/mosolia" adibiderako.
Aditzondo eratorrien alorrean aipatzekoa da -ka atzizkia
dela ziurki bizitasun handiena duena ("saltoka, bultzaka"
eta abar); -(r)ik-ek ostera ez du sortze bizitasunik, eginiko,
ikasitako formak dira erabiltzen direnak ("bisirik, sutik"
erakoak). Partizipioa adberbio bihurtzerakoan ere, -ta atzizkiz
egitea da bide hedatuena, eta forma bakanen baten baino ez da erabiltzen
euskara normalizatuan eta beste hizkera batzuetan halako bizitasuna
duen -(r)ik atzizkia: "pentzaurik" forma lekuko
zaharrenen ahotan entzuten da bakarrik, adibidez.
Mailakatzearen inguruan gauza asko esan daiteke; ezer azpimarratzekotan,
bereziki solasaldi askean dute mailakatze bideek, edozeinek, berezko
bizitasun eta erabilera eremua, ñabardura amaigabeak lortzen
direnez mailakatze moduak konbinatuz. Adibide batzuek hobeto erakutsiko
dute hori: "Kareaga Ibar gustian esautzen dabe: dá baña
... ónnndo esauna! sa-láua! usskaldún-uskalduna
san, ee?", "árek, alpérra-dia, alpér-alpérrak
... alpér nausíxak", "a da gólfua
kategórixakua //a golfo itzala da //a golferasa da //orí
gólfuetan be pasautakua".
Erabilerari dagokionez, ostera, eremu semantikoa jorratu da batez
ere, morfologiak eta sintaxiak ere lekua duten arren, egiturak,
lokuzioak, komunztadura eta antzeko gertakariak ere aintzakotzat
hartu direnez. Eredu, aldaera eta bitxikeria horien subjektu-erabiltzaileen
berri ere eman da, zein lekukok zer darabilen adierazgarria delako
benetako hizkera ezagutzeko.
Edozein modutan ere, soziolinguistika mailan, ez dugu jaso bereizteka
erabatekorik ondorio garrantzitsuak atera ahal izateko. Adibidez,
andrazko/gizonezko dikotomiari eustekorik ez dugu aurkitu, eta aztertutako
mailan behintzat, antzera berba egiten dutela dirudi.
Bestalde, adinak ere badu eragina: zenbat eta zaharragoa lekukoa,
euskal egitura jatorragoak erabiltzen ditu. Sistema osoenaren ezagutza
zaharrenengandik dator, gazteenek hainbat forma, modu, esangura
eta abar ezagutzen ez dituztenez. Horrek esan gura du sistemaren
zati bat galtze bidean dagoela, bizitasun murritza duela ("ametik
/emetik" forma erakusleak esaterako). Gainera, lekuko gazteengandik
jaso dugu "bitxikeria" eta berrikuntza asko ia gramatikako
alor guztietan: alfabetizazioaren ondorio ez ezik, Eibarko sistema
jatorreko altxorra zaharrenek bezain ongi ez ezagutzeak ere eragina
izan dezake horretarako. Gazteleraren eragina ere nabarmenagoa da,
orokorrean, lekuko gazteengan, eta gehienbat egituren mailan. Edonola
ere, bidean dauden hainbat aldaketa sumatu ditugu, bai bilakaera
fonetikoz, bai alomorfoen bilakaeraz edota aldaketaz, baita egituren
erabileraren aldetik ere.
Horrez gain, alfabetizazioak ere zerikusia du hizkera moldeetan:
zenbat eta ikasiagoa lekukoa, bere hizkeran forma normalizatuaren
eta beste euskalki-hizkeren eragin handiagoa duela antzeman dugu.
Kaletar/baserritar dikotomia bereiztaile legez ageri da batzuetan,
forma eta egitura batzuk bereziki kaletarrek darabiltzatelako, eta
beste zenbait baserritarren ahotan bizirik daudelako. Edonola ere,
baserritarren artean ere, eta oro har eibartarren artean, Aginagakoen
ezaugarriak dira berezienak euren hizkeraren bereizgarri diren aldaera
fonetiko zein morfologikoak gogoan hartu ezkero (murrizketa fonetikoak,
kasu markak ezartzeko era berezia, eta abar).
Nire esperientziatik abiatuta, herri hizkerak maite eta bizirik
nahi dituztenak taxuzko lanak egiteko gonbidatzen ditut; zereginak
asko dira baina irabaziak gehiago.
Honako artikulu hau orain dela gutxi aurkeztutako tesi baten laburpen
gisakoa da, baina ez tesi osoarena ere: zenbait zertzelada aurkeztu
dira bakarrik. Deustuko Unibertsitatean "Bikain Cum Laude"
lortu zuen Rosa Miren Pagola-ren zuzendaritzapean burututako Eibarko
euskara. Morfologiako alor baten azterketa: izen sintagmaren deklinabidea,
adjektibo sintagma eta adberbio sintagma tesiak. |