"Oso zaila da norberak bere burua definitzea. Nire ustez,
besteak dira definitu beharko ninduketenak. Baina, zerbait esatekotan,
gauza bat bakarrik esango nuke nire buruari buruz: piano jolea naizela.
Pianoak txora-txora eginda nauka".
-Liverpool, 1959. Bai, maiatzaren 3an.
-Zer datorkizu gogora? Nazioarteko lehiaketa irabazi nuela egun hartan.
-Zer suposatu zuen sari horrek zuretzat? Hasiera.
-Urte batzuk lehenago, Bilboko Orkestrarekin batera jo zenuenean
egin zenuen debuta. Bai, baina hori lehiaketan parte hartu baino askoz ere lehenago
izan zen. Bilboko Orkestrarekin 1946ko maiatzaren 20an jo nuen aurrenekoz.
Gogoratzen dut. Mozarten "Re minor" jo nuen.
-Eta, gaur egun, nola ikusten duzu zure burua? Piano jole bat bezala. Pianoak eta musikak txora-txora eginda
daukaten piano jole bat bezala.
-Sariak eta kritika zein ikusleen babesa jaso dituzu. Pozik
al zaude orain arte egindakoarekin? Ezin uka zorte handia izan dudala. Gauzak nahiko ondo atera
zaizkit, baina horrek ez du esan nahi lasai gera naitekeenik. Partidu
bat irabazteak ez du esan nahi hurrengoa ere irabazi egingo duzunik.
Agian galdu egingo duzu. Aukera hor dago. Esan nahi dudana da kontzertu
bat amaitutakoan, gauzak ondo atera badira, oso pozik egoten zarela,
baina berehala hurrengo kontzertuan pentsatzen hasten zara.
-Zertan pentsatzen du Joaquín Achúcarrok pianoaren
aurrean esertzen denean? Ahalik eta ondoen egitea. Hala ere, kontuan hartu behar
da egoera zein den, ez baita gauza bera entzuleen aurrean kontzertu
bat ematera joatea edo etxean obra bat ikasten egotea. Bigarren
kasu honetan lasaiago egoten naiz, baina arretarik galdu gabe. Asko
maite dut lanbide hau. Beti musikan pentsatzen egoten naiz, ea zein
obra jo nahiko nukeen...
-Jotzen dituzun piezei dagokienez... Ez dago jakiterik hurrengoa zein izango den. Lanbide honek
duen xarma, nolabait esatearren, arriskua da, zer etorriko den ez
jakitea. Bezperan oso ondo jo arren, ezerk ez dizu bermatzen hurrengo
egunean ondo joko duzunik.
-Zeuk
aukeratu al zenuen musikaren bidetik jotzea, ala musikak aukeratu
zintuen zu? Musika ni jaio baino askoz lehenagotik zegoen airean. Beraz,
ziurrenik ni izango nintzen musikara hurbildu zena.
-Zure sendiak izan al zuen zerikusirik erabaki horretan? Nire familia beti izan da oso musikazalea. Gure etxean beti
zegoen musika jarrita, airean naturalki balego bezala.
-Gaztetan zein konpositore miresten zenituen? Orain ere miresten ditut.
-Baten bat aipatzekotan... Bach eta Bartok. Eta Mozart, Beethoven, Schubert, Schumann,
Chopin, Debussy, Ravel, Brahms, Scriabin, Rachmaninov, Albeniz,
Granados, Falla
Konpositore handi guztiak.
-Zer iruditzen zaizu gaur egungo musika? Eta piano jole gazteak? Iritzi orokor bat ematea gauzak gehiegi orokortzea litzateke.
Gaur egun oso eskaintza zabala dago musikan. Orain askoz nire garaian
baino askoz ere jende gehiagok ikasten du musika, ia ehun aldiz
gehiagok. Eta, beste aldetik, gero eta jende gehiago joaten da kontzertuetara.
Eta disko gehiago saltzen dira. Panorama erabat aldatu da. Lehen
musika norberak ikasi behar izaten zuen, eta, gero, ahalik eta ondoen
interpretatu. Orain, hainbeste aukera izanik, gazteek ia ez dakite
ezta zer aukeratu ere. Hiri handietan oso eskaintza zabala egoten
da: kontzertuak, opera, baleta... Hori ona iruditzen zait.
-Ostera, eskaintza horrek ikuskizuna eta birtuosismoa bezalakoak
ere ekarri ditu, eta batzuen ustez hori espiritu artistikoaren kontra
doa. Bai, baina nik uste dut hori ona dela. Azken batean, ikuskizunaren
helburua musika ahalik eta jende gehienarengana iristea da.
-Eta, irakaskuntzari dagokionez, zein da zure iritzia? Ez dakit kontserbatorioetan gaur egun zein sistema erabiltzen
duten. Entzun dudanez, nekagarri samarra da, eta gehiegizkoa. Ez
dakit zein asmo dauzkaten, pianoko hamar urteak bost urtetan egitea,
edo zer. Aitortzen dut arreta handiagoa ipini beharko niokeela gai
honi. Ni Dallasko eskola metodistan irakasten aritzen naiz, eta
oso ondo jakiten dut nire ikasleei laguntzeko zer eta nola egin
behar dudan. Baina epaimahaikide ere banaiz lehiaketa batzuetan,
eta egia da zuk aipatu duzuna gertatzen dela, birtuosismoa eta perfekzioa
puri-purian daudela ikusten delako.
-Kontzerturen bat aukeratu behar izango bazenu... Ez, Jainkoari eskerrak ez daukat kontzerturik aukeratu beharrik.
Berrogeita hamar inguruko errepertorio bat daukat, eta denak gustatzen
zaizkit.
-Jotzen aritu zaren leku bereziren bat? Leku guztiek esanahi berezia dute: Berlin, New York, Londres,
Paris, Erroma, Madril, Bilbo, Rio de Janeiro, Johannesburgo, Ciudad
del Cabo, Singapur, Australia, Buenos Aires
Oso pozik egon
naiz guztietan, eta pozik itzuliko nintzateke.
-Ondo al daramazu atseden hartzeko ia astirik izan gabe leku
batetik bestera joaten ibili beharra? Zorionez, hegazkinez berehala joaten zara leku batetik bestera.
Bestela, ezinezkoa litzateke horrelako bizimodua eramatea.
-Inoiz edo behin, non zauden ez dakizula egongo zara. Bai, batzuetan bai, baina normalean jakiten dut non nagoen.
Zenbaitetan, gauean esnatu eta ez dut jakiten non nagoen, baina
gutxitan gertatzen zait.
-Zerekin egiten duzu amets?
Ia
beti, estutasunean nabilela amesten dut: tren bat galdu dudala,
kontzertua eman beharreko lekura iritsi eta lekuz nahastu naizela
konturatzen naizela, ezagutzen ez dudan obra bat jo behar dudala...
Ez oso gauza lasaiak, egia esan. Zerikusi gutxi izaten dute aingeruekin.
-Dirudienez, oso perfekzionista zara. Ez dakit ba. Agian, lanbide honetan, horrelakoa izan behar
duzu. Instrumentu haridunak jotzen dituztenek askotan amesten omen
dute piano kontzertu bat eman behar dutela. Nik, batzuetan, klarinete
bat jotzen nuela amestu izan dut.
-Autodidakta zara? Une jakin batetik aurrera, artista guztiok dira autodidaktak.
Hasieran oinarri tekniko, teoriko eta artistiko batzuk irakasten
dizkigute, baina gero bakoitzak bere modura egiten du lana. Arimaren
kontua da. Bakoitzak bere nortasuna du, eta ez daude bi berdin.
-Maniarik bai? Ez. Beno, Pianoa jotzea. Batek esaten zuen norberak dituen
ohiturak, beste bati, maniak iruditzen zaizkiola. Nire agian soberan
dauden argian itzaltzea izango da. Ez zait batere gustatzen inori
argirik ematen ez dioten argiak piztuta ikustea. Hori energia alferrik
xahutzea da. Pianoa jotzean ere energia ekonomizatzen jakin behar
duzu. Bi gauzak lotuta daude: energia, behar duzunerako aurreztea.
-Hots, nolabait oreka lortzea. Bai.
-Erraza al da? Ez dakit. Baina nik hori egiten dut.
-Piano jolea izan ez bazina
Piano jolea izango nintzen.
-Ezin duzu zure bizitza pianorik gabe imajinatu. Ez, ezin dut. Gauza asko egitea gustatuko zitzaidan, baina
pianoak beti izan du lehentasuna. Asko gustatuko zitzaidan nabigatzea,
edo arkeologoa izatea, baina piano jolea naiz.
-Zer utzi nahiko zenuke legatu gisa? Ezer ez. Ez zait iruditzen geroko belaunaldiak nire legatuaz
arduratuko direnik. Egiten ari naizena, oso gustura egiten ari naiz.
Gainerakoa, bere kasa etorriko da.
-Zer suposatzen du zuretzat Bilbon jotzeak? Etxean jotzea. Ezagutzen nautenen aurrean jotzea. Erantzukizun
handi bat, beti bezala. Ez dezatela esan: "honenak egin du".
Izan ere, hasieran batzuek esaten zuten sekula ez nintzela inora
iritsiko. Ba oker zebiltzan. Ea orain ez duten esaten nireak egin
duela.
-Oso garrantzitsua da ikuslearekin harremana izatea. Noski. Jendearentzat jotzen dugu. Ikuslerik gabe, arterik
ere ez dago. Artista guztiak norbaitentzat aritzen dira lanean.
Lana zerbaiterako egiten da. Gure kasuan, kontzertu bat emateko
edo disko bat ateratzeko.
-Rubinstein aipatuko banizu
91 urte bete arte aritu zen pianoa jotzen.
-Berarekin konparatu zaituzte. Ikaragarrizko ohorea da niretzat. Niretzat, Jainko baten
parekoa da.
-Piano
jole on bat izateko inolako aholkurik? Nik uste dut talentu natural bata eduki behar dela, eta
ondoren lan asko egin behar dela. Ez dut uste besterik behar denik.
Talentua eduki arren lanik egiten ez bada, ez da ezer lortzen. Eta,
alderantziz, lana egiten, baina talenturik gabe, ezta ere. Nik uste
dut bi gauzak behar direla. Dena den, talentua hain da kontzeptu
lausoa... Talentua, nortasuna, estiloa
Inork ez daki zehazki
zer diren hainbestetan erabiltzen ditugun hitz horiek. Ez dakigu
oso ondo talentua zer den, baina egon badago.
-Jaiotzetik izaten da? Izango da. Talentua, guk daukagun gaitasun bat lantzea ere
bada. Pixkanaka-pixkanaka. Gero eta ordu gehiago ematea.
-Denborarekin konpentsatzen al dira lanean emandako ordu
guztiak? Jendeak ez daki zenbat ordu ematen ditugun lanean, eta gainera
ez dauka zertan jakin beharrik ere. Jendeak bere txartela erosten
du, butaka batean esertzen da, eta kontzertua entzuten du. Pertsona
batek aspirina bat erosten duenean ez du zertan jakin behar Bayer
etxea nola dagoen antolatuta, eta aspirina horren osaketa kimikoa
ere ez. Berak egiten duen bakarra, buruko mina kentzeko aspirina
hartzea besterik ez da. Horrelakoak dira ikusleak.
-Frustratuta egotean
Nola edo hala aurrera egin beharra dago. Ez dago beste aukerarik.
-Zaila al da musikaren munduan bizirautea? Orain, duela zenbait urte baino askoz ere errazagoa da.
Gaur egun, musikari profesionalek irtenbide asko dauzkate. Dena
den, izugarrizko norgehiagoka dago, ikaragarria, batez ere kontzertuen
munduan. Oihanaren legea aplikatzen dela dirudi. Txarra den musikariak
jai dauka.
-Nahiko mundu indibidualista dirudi. Bai horixe. Oso indibidualista. Nik egiten dudana indibidualista
da.
-Eta orkestra batekin jotzean? Orduan ere indibidualista izaten jarraitzen duzu. Gertatzen
dena da orkestrarekin bateratu behar duzula. Hala ere, lana berdina
da: interpretatzea.
-Desio bat. Rubinstein bezala, 90 urte izatera iritsi eta jotzen jarraitzea.
Joaquín
Achúcarro (Bilbo, 1932)
Hamahiru urte besterik ez zeuzkan bere
lehenengo kontzertua eman zuenean, baina 1959an
Liverpooleko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuenean
hasi zen ospea lortzen. Sari honi esker, Londresko
Orkestra Sinfonikoarekin jo zuen. Geroztik, 58
Estatutan 202 orkestrarekin batera jotzen aritu
da, besteak beste Berlingo Filarmonikoarekin,
New Yorkeko Filarmonikoarekin, Londresko Sinfonikoarekin,
Chicagoko Sinfonikoarekin, Los Angelesko Filarmonikoarekin,
Dallasko Sinfonikoarekin, Birminghamekoarekin,
Dublingoarekin, Tokioko Yomiurirekin, etab. 1992an,
espainiar Gobernuak Musikaren Sari Nazionala eman
zion, eta lau urte geroago Arte Ederretako Urrezko
Domina jaso zuen. Bestetik, 2000. urtean UNESCOk
bakearen aldeko artista izendatu zuen. Disko ugari
grabatu ditu, eta 1990az geroztik piano eskolak
ematen ditu Dallasko Unibertsitate Metodistan.
Iaz, Alpuerto argitaletxeak Joaquín Achucarro
desde el piano biografia kaleratu zuen Luciano
González Sarmiento irakasle eta piano jolearen
partaidetzarekin.
|
|
|
Argazkiak: http://www.achucarro.com,
Estibalitz Ezkerra
-
Euskonews & Media 209. zbk (2003
/ 05 / 09-16) |