Ezaguna
den bezala, azkeneko hamarkadatan, testuinguru sozio-ekonomiko berria
nagusitu da hainbat gertakizun ekonomiko, teknologiko, kultural
eta politikok bultzaturik. Munduaren berrantolaketa horrek eszenategi
sozio-ekonomikoaren egiturazko izaera aurreko urtetakoen aldean
desberdina izatea ekarri du (Castells, 19961997). Elementu
kualitatibo bereizgarriak azaltzen dira, horregatik, globalizazioaz
edota ekonomiaren munduratzeaz hitz egiten da egun (Adda, 1998). Egungo testuinguru berriaren ezaugarri nagusienen artean enpresen
nazioarteratze prozesuen gorakada eta enpresa transnazionalen
areagotzea eta indartzea azpimarratzen dira. Enpresa transnazionalek
(ETN), herrialde desberdinetan kokatuz, gero eta gehiago kontrolatzen
dituzte nazioarteko salkari eta kapitalen elkartrukeak, nazioarteko
merkatuen oligopolizazio-dinamika areagotuz. ETNak protagonista
bilakatu dira, eta estatuekin eta estatuen integrazio prozesuetatik
sortutako bloke ekonomikoekin batera, teknologia berriek etengabe
itxuraldatzen duten munduan globalizazio prozesuaren buruan daude,
globalizazioaren ondorio ez ezik, indar eragile ere bihurtuz (Dunning,
1993; Dickens, 1998). Horregatik, ETNak globalizazio prozesuaren
ikur eta paradigmatzat har daitezke. Bere nazioarteko dimentsio
eta indar gorakorrak erakusten duen moduan, testuinguru berrira
hobeto egokitzen den enpresa eredua da, eta beste enpresentzako
lehia baldintzak finkatzen ditu.
|
Irizar China: Txinan eratutako "Tianjin
Irizar Coach Ltd.", Txina eta merkatu asiarrerako luxusko
autobusak ekoizteko asmoz. |
Kooperatibak ez daude merkatu eta lehiaketaren globalizazio prozesuetatik
at. Kooperatibek iraunbizi nahi badute, nahi eta nahi ez, testuinguru
ekonomiko berrira egokitu behar dute. Zenbaitek merkatuan bere txokoa
aurkitu dute, beren jarduera eta funtzionamendu moduak autoeraketaren
ohiko irizpideen arabera mantenduz; baina beste zenbaitek beraien
ohiko jokabidea aldatu dute, kapital enpresa eredura hurbilduz (Côté,
2001).
Hain zuzen ere, globalizazioak eta lehiaketaren nazioarteratzeak
«nazioarteko hazkunde patroi» bat finkatzen du merkatuan
lehiatu nahi duten enpresa askorentzat, eta horrek adierazten du,
besteak beste, beste enpresekin, batik bat nazioartekoekin, harremanak
estutzea, hitzarmenak sinatzea, bateratzeak bultzatzea, enpresen
partaidetzak erosi edota trukatzea eta enpresa holdingak eratzea.
Tamalez horrelako neurriak ez dira neutroak. Kooperatiba horiek
lankidetzaren betiko ezaugarri bereizgarriak galtzen eta berriak
asmatu ezinik ikusten ditugu. Horra dilema: alternatiba izaten jarraitu,
edo kapital enpresen eredua eta baloreak birsortu; edo beste era
batera esanda, berezkoak dituzten lankidetza, autoeraketa eta demokraziaren
balioak garatu, edo logika ekonomikoari soilik jarraitu. Bi mutur
horien arteko teinkan, bidea aurkitu ezinik, dabiltza munduko hainbat
kooperatiba.
Arrasateko kooperatiben ibilerak lankidetzaren esparruan kokatzen
diren enpresek, batik bat handiek, globalizazioaren eta jardueren
nazioarteratzearen aurrean duten problematikan sakontzeko ikuspegi
baliotsua eskain diezaguke (1).
Arrasateko Kooperatiba Esperientziak izan dituen erronka garrantzitsuenen
artean Europako merkatu batuari lehenbizi, eta globalizazioari,
bigarrenik, egokitzea azpimarra daiteke. Kooperatiben lehia-merkatua
aldatu egin baita: sorreran lokala edo erregionala zena, 1980 urtearen
hamarkadan Europa mailakoa izatera pasa zen, eta 90.ekoan, berriz,
mundu mailakoa. Horrela, hainbat urteetan espainiar estatuaren sistema
ekonomiko protekzionistak eskaini zien babesa desagerturik, mundu
mailako merkatu globalizatuko lehian bete betean murgildurik aurkitzen
dira kooperatiba-enpresak. 2001. urtearen bukaeran, MCCk mundu zabalean duen hedapenaren
argazki orokorra egingo bagenu, ikusiko genuke MCCko sektore desberdinetako
hemeretzi kooperatiba multinazionalek berrogeitik gora filial zituztela
munduko lau kontinenteetan zehar (ikus irudia) (2).
Hori guztia transnazionalizazio bidearen hasiera besterik ez da.
Internazionalizaziorako Korporazioaren bigarren plan estrategikoaren
arabera, 2004. urtean MCCren arlo industrialaren ekoizpenaren %14
atzerrian burutuko dute 60 filialek, eta kooperatibek kontrolaturiko
enpresa horietan 9.000 langilek lan egingo dute, gutxi gorabehera;
alegia, iragarpenen arabera, MCCren langileri osoaren %13 inguru,
eta industri arloari dagokionez %25 baino gehiago (TU Lankide,
abendua, 2000 eta azaroa 2002).
Nolanahi ere, deskribapen kuantitatiboa baino interesgarriagoa da
MCC Korporazioaren kanporako joeraren ezaugarri sozioekonomikoak
ezagutzea, edo zehatzago oraindik, kooperatiba izaera izanik prozesu
honetan izan dituen elementu bereizgarriak jasotzea. Gure azterketaren
emaitzei erreparatuz esan dezakegu, Korporazio eta kooperatiben
arreta behinena atzerriko proiektuen negozio garapenari eskaini
zaiola, alegia, bolumen handi eta arrisku maila altuko inbertsio
estrategikoen ikuspegia nagusitu dela. Kanpo hedapenaren eredua
herrialde emergenteetan (Txina, Brasil, Mexiko...) erositako
kapital filialena izan da, gizarte ekonomiatik kanpo dauden bazkideekin.
Nazioarteko hedapenaren politika sozialaren diseinua, aldiz, ahaztua
geratu da, bai kooperatiba eta filialen arteko harremanean, bai
eta filialetako kapitala-lana harremanaren esparruan ere, esperientzia
honi kooperatiba izaerak ematen dion ikuspegi sozial bereizgarriaren
arrastorik gabe.
MCCren nazioarteratze politikaren bi ondorio orokor azpimarra ditzakegu.
Lehenik eta behin, esan behar da kooperatiba multinazional hauek
globalizazioa deritzon sistema ekonomikoaren berrantolaketan lortu
duen hazkunde eta sendotasun ekonomikoa nabarmena dela. MCCko
kooperatiba multinazionalen lehia kokapena Europako eta munduko
enpresekin alderatuz punta puntakoa da, eta askoz hobeto daude 2002
urtearen bueltan, hamarkada bat edo bi lehenago baino. Bilakaera
honen ondorioz, MCC Korporazioa Euskal Herriko talde industrial
garrantzitsuenean bilakatu da, eta estatuko seigarrenean. Bada,
ez dago MCCren arrakasta ekonomikoa dudan jartzerik. Gainera, azpimarratu
behar da, ildo honetatik jarraituz, MCCko kooperatibek euskal ekonomiari
egiten dioten ekarpena, besteak beste, enplegu, barne produktu gordin,
kanpo merkataritza, heziketa eta berrikuntza arloan. Gure ekonomiaren,
eta beraz gure ongizatearen, oinarri sendoenetako bat dira.
Bestetik, Arrasateko esperientziaren izaera aldaketa azpimarratu
daiteke. Alegia, kooperatibek beren negozioak munduan kokatzeko
aukeratutako moduak Arrasateko sistema sozioekonomikoaren izaera
aldaketa ekarri duela egiaztatzen da. Arrasateko esperientzia
50eko hamarraldian mugimendu kooperatibo gisa sortu eta garatu zen.
Gizakian zentraturiko enpresa-ereduari jarraitzen zioten eta lanari
eman zitzaion kapitalaren aurrean nagusitasuna. Gaur egun, ekonomia
globalizatzen ari den garaian, Arrasateko mugimendu sozioekonomikoaren
itzalean sorturiko hainbat enpresa, kooperatibak ez ezik, enpresa
kapitalistak ere badira. Mugimenduaren ohiko enpresek kooperatiba
izaten jarraitzen dute; baina hauen ekimenez atzerrian sortu diren
enpresak, edo bertan beste bazkide batzuekin sortu dituztenak, kapital
enpresak dira. Jadanik, kapital enpresa berri horien jabegoa eta
agintaritza ez dute bertan lan egiten duten pertsonek; aitzitik,
jabetza Etxe nagusi baten esku dago.
Hala, Arrasateko sistema sozioekonomikoan lan erregimen desberdineko
hainbat langile taldek parte hartzen dute. Kooperatibako bazkideez
gain, iraupen mugatuko bazkideak, kooperatibako behin behineko langileak-soldatapekoak-,
atzerriko filialetako soldatapeko langileak, inguruko filialetakoak,
hauek ere soldatapekoak, eta zeharka bada ere, baina kontuan hartzekoak
dudarik gabe, azpikontratatutako enpresetako soldatapeko langileak.
Egun, gure estimazioen arabera, MCC Korporazioan zuzenki lanean
ari direnen artean, hamarretik lau inguruk du soilik bazkide izaera.
Iragarpenen arabera, joera areagotu egingo da epe ertainera, eta
langilerian kooperatibako bazkideak gutxiengoa izango dira nabarmenki.
Ikus daitekeen moduan, MCCk kooperatibismoaren ohiko esparrua
eta jokatzeko moduak gainditu ditu 1990eko hamarkadan. Eredu
bikoitzean oinarritutako antolaketa paradigma berri bat sortu
da, non kooperatibak eta hauen menpeko diren estatuko eta atzerriko
enpresa kapitalistak aurkitzen diren. Larrañagak, kooperatiben
fundatzaile taldeko kideak, eredu berria «neokooperatibismoan»
kokatzen du, «ikuspegi estrategiko berria posibilismoa eta
identitatea batzen saiatzen delako» (Larrañaga, 1996).
Defournyk «Koopitalismo» neologismoa erabiltzea proposatzen
du, bi sistemak, kooperatiboa eta kapitalista, konbinatzen dituelako
(Defourny, 1999).
Arrasateko kooperatibek erakusten duten bezala, globalizazioak
lehia-baldintza berriak ekarri eta merkatuaren presioa areagotu
egin du kooperatiben gain eta, beraz, eredu desberdinduak garatzeko
aukerak mugatu. Baina, beste aldetik, egia da baita ere, kapitalismo
globalaren garapen ereduaren emaitza sozial, ekologiko eta kulturalak
agerian geratzen ari diren garai hauetan, "kooperatiba utopia
eta praktikak" enpresa eredu alternatiboa irudikatzeko aukera
duela. Horregatik, kooperatibak ez ohiko bideetatik abiatu daitezkeen
arren, beharrezkoa da lankidetza eta demokrazia saiakerak garatzeko
ahalmena erakustea, egokitu-eraldatu dialektikan oinarrituz
(3). Alegia, multinazionalen
bidea hartu duten kooperatibentzat balore berriak sortu eta lantzea
ezinbestekoa dela deritzogu, batik bat, nazioarteko definizio sozialari
buruz. Eta nazioarteko hedapenaren diseinu sozialaren gaineko hausnarketa
sakona egiteko eta neurriak hartzeko garaia iritsi da.
Pixkanaka-pixkanaka gai horiekiko MCC Korporazio eta kooperatibetako
arduradunen arreta areagotzen ari dela ikus daiteke. Adierazgarria
da zentzu honetan, kooperatiben hurrengo Biltzarrean, 2003ko maiatza
aldera, kanpo hedapenaren alderdi sozialaren ildo nagusiak eztabaidatuko
direla, -ea benetako gogoeta eta eztabaida zabaltzeko gai den auzi
honen inguruan.
Nolanahi ere, ez dago argi nondik jo. Nazioarteko hedapenaren testuinguruan,
kooperatiben interes ekonomikoak eta demokrazia baloreak hedatzeko
nahiak uztartzea ez da lan erraza izango. Tamalez, demokrazia industrialean
sakontzeko oztopo eta zailtasun ugari daude: batetik, atzerriko
ezarpenenen ezaugarriek ez dute laguntzen kapitalismo gordinenaren
isla bihurtu diren Sao Paolo, Guadalajara eta Shangai bezalako makrohirietan
kokaturik daude, langileek partehartze kultura eskasa dute, langile
errotazioa izugarria da, etab.; eta bestetik, kooperatibetan ere
bada erresistentziarik gisa honetako ekimenak bultzatzeko ¾negozioen
merkatu arrakasta eta Etxe nagusiek kontrola mantentzeko nahiak
arlo honetako erabakiak baldintzatzeko besteko pisua izan dezakete.
Gure iritziz, pertsonetan zentraturiko enpresa eredu alternatiboen
bidetik jarraitu nahi bada, pertsonei eman behar zaie lehentasuna.
Egungo erronka ideia hori egikaritzean datza: bai, nazioarteko jarduerak
interkooperazioaren ildo kooperatibotik bideratuz, bai demokrazia
industriala suspertuko duten politikak aplikatuz. Horretarako, eraginkortasun
ekonomikoa kooperatiba printzipioen zilegitasunarekin batzen duten
filial eta kooperatibentzako gobernu eta zuzendaritza eredu berriak
adostu eta aplikatu behar dira.
XX. mendearen bigarren zatian, Arrasateko esperientziak kooperatibek
sistema kapitalistan garatzeko duten ahalmena erakutsi dio munduari,
eta baita balore ekonomiko eta sozialak uztartzeak eskualde-garapenerako
duen garrantzi eta ahalmena. Gure ustez, XXI. mendean Arrasateko
esperientziak egin dezakeen ekarpen baliotsuenen artean, kooperatibek
atzerriko filialekin duten harremana lankidetzaren esparrutik bideratzeko
ahalegina aurkitzen da, alegia, multinazional demokratikoa
sortzeko saiakera. Lankidetzan oinarritutako Arrasatekoa bezalako
esperientziak, bere saio-izaeraren ildotik, ekonomiaren egituraketa
berrian berdintasun eta elkartasun ekonomiko eta sozialaren alde
lagun dezaketela pentsatzen baitugu, hurbileneko komunitatean ez
ezik, nazioarteko harreman ekonomikoen eremuan ere.
Kooperatiba
Transnazionalak | Jarduera | Herrialdeak |
Batz | Autogintzarako pieza injektatu
eta estanpatuak | Brasil |
Cikautxo | Kautxuzko osagaiak | Txekiar E., Brasil |
Coinma | Bulegoetarako egurrezko altzariak | India |
Copreci | Etxetresna elektrikoentzako
osagaiak | Mexiko, Txekiar E.
Estatu Batuak, Italia Holanda*, Brasil,
|
Danobat | Erreminta makina | Errumania |
Dikar | Gimnasia aparatuak | Txina, Brasil |
Fagor Ederlan | Altzairu eta aluminiozko pieza
mekanizatuak | Brasil |
Fagor Elektratresnak | Hozkailuak, berogailuak,
garbigailuak, sukaldeak | Argentina, Egipto*,
Polonia, Maroko; Txina |
Fagor Elektronika | Osagai elektronikoak | Tailandia |
Fagor Industrial | Industri elektratresnak | Kolonbia* |
Fagor Sistemak | Muntaia makinak | Frantzia, Alemania,
Mexiko |
Irizar | Autobus karrozeriak | Txina, Maroko,
Brasil, Mexiko; India |
LKS Ingenieria | Injinerutza-
aholkularitza | Uruguai |
Maier | Autogintza osagaiak | Erresuma Batua |
Matz-erreka | osagaiak | Mexiko |
Mondragón Sistemas | Informatika | Frantzia |
Orkli | Etxetresna elektrikoentzako
osagaiak | Txekiar E.,
Erresuma Batua |
Orona | Igogailuak | Portugal,
Erresuma Batua |
MCC Korporazioa
Promoauto
| Autogintza osagaiak | Argentina, Brasil |
*Likitadua. Iturria:
MCCtik egokitua. |
Bibliografía
ADDA, J. (1998): La mondialisation de l´économie,
La Decouverte, Paris.
BAKAIKOA, B., ERRASTI, A. eta MENDIZABAL A. (1995): "Aproximación
a la Economía Social en Euskal Herria: presente y retos de
futuro", Ekonomiaz, 33. zbkia., Gasteiz.
BELO MOREIRA, M. (1999): "A Globalizaçao e o Movimento
Cooperativo". BELO MOREIRA: O Cooperativismo no novo milenio.
Inscoop. Lisboa.
CASTELLS (19961997). La era de la información,
3 bol. Alianza. Madril.
CôTÉ, D. (2001): Les holdigns cooperatifs: Evolution
ou transformation definitive? Jalons, De Boeck, Bruselas.
DEFOURNY, J. (1999): L´économie social au Nord et
au Sud, Jalons, De Boeck, Paris.
DICKEN, P. (1998): Global Shit, transforming the world economy,
Chapman publishing, 3. edizioa, London.
ERRASTI, A.M. (2002): Kooperatiben garapena globalizazioaren
garaian: MCC Korporazioaren nazioarteratzea, Doktorego
tesia, Euskal Herriko Unibertsitatea.
LARRAÑAGA, J. (2000): Cooperativismo y nueva economía,
T.U. Lankide, Ekaina, Arrasate.
(1)
Azterketa osoa orain dela gutxi A.M. Errastik aurkeztu berri duen
doktore tesian aurki daiteke (Errasti, 2002). Bide batez, lan hau
egiteko hain garrantzitsua izan den MCCko kideen laguntza eta eskuzabaltasuna
eskertu nahi dugu.
(2) Horretaz gain, nazioarteko
100 delegazio eta Korporazioaren ordezkaritzarako lau bulego ere
gehitu behar dira. Bestalde, nazioarteko salmentak (esportazioak
eta atzerriko filialen salmentak) 213.491 milioi pezetakoak izan
ziren, hots, Korporazioaren salmenta guztien %47,6. Nazioarteko
salmentetatik 20.000 milioi pzta. inguru mundu zabalean banaturik
dauden filialek burutu zituzten, salmenta guztien %5 inguru. Nazioarteko
erosketak, berriz, 418.300 milioi pzta. izan ziren, erosketa guztien
% 28a (MCCren urteko txostena, 1999 eta TU Lankide, otsaila, 2000).
(3) Nolanahi ere, galdetzen
dugu, demokrazia industrialaren bilaketa egun, kapitalismoaren jabego
eta botere arazoei alternatibak proposatzeaz gain, zibilizazio industrialari
erantzun bat bilatzea ez ote den.
Anjel Mari Errasti Amozarrain,
EHUko irakaslea |