|  Musikaria, maisua, sortzailea, kudeatzailea... Bere ibilbidea 
 ikusita, zaharragoa izango dela pentsatzen du batek. Eta, hori adierazi 
 diogunean, Iñaki Izmendi abeslariak gauza bera esaten ziola 
 adierazi digu. 1967an Hernanin jaiotako musikari eklektiko hau txistua 
 jotzen hasi arren, 80ko hamarkadaren amaierarako eskusoinuaren maisu 
 bihurtua zen. Ordudanik, eskusoinua beti alboan izanik, jende bikainarekin 
 batera ibili zen, Albokan amaitu arte. Gaur egun, Alan Griffin albokari 
 irlandar onenarekin eta Juan Arriola biolinista apartarekin batera 
 aritzen da euskal kultura mundu guztian barna zabaltzen, Juan Mari 
 Beltrán maisuarekin duen harreman eta lankidetza estua baztertu 
 gabe. Artista osoa izatea du amets. Euskal musikako obra inkunableak 
 bultzatzea xede duen Aztarna zigiluaren sortzaile eta zuzendaria 
 da. Bestetik, aipatu digu ez oso denbora luzean euskal musika tradizioko 
 artxibo soinudunak kaleratuko dituela. Hernaniko Musika Eskolako 
 irakasle nekaezin eta diziplinanitz honek esperimentatzen eta gauza 
 berriak bilatzen jarraitzen du. Euskal kulturak bizi duen bidegurutzetik 
 ateratzeko oinarri sendoenetariko bat dugu, zalantza izpirik gabe, 
 Joxan Goikoetxea.
 - Joxan, zer da 
 zauden lekura iristeko bidean zailena iruditu zaizunas?Nire buruari behin eta berriro galdetzea musikatik bizitzea posible 
 ote den. Duela gutxi, Zarauzko Jazz Mintegiko ikastaroen antolatzaileari 
 egindako elkarrizketa bat irakurri nuen, eta esaten zuen musikak 
 ez duela bizitzeko ematen, eta onena musika egiten eta entzuten 
 gozatzea dela. Bestela, lanean ematen dituzun orduetan bakarrik 
 pentsatuz gero, erotu egingo nintzateke.
 - Dena den, hasi 
 zinenean ez zenuen pentsatu ere egingo Aztarna bezalako zigilu diskografiko 
 bat sortuko zenuenik.Ez. Burugabea naiz, eta burugogorra ere bai. Ni, behintzat, musikarekin 
 erabat itsututa nago, eta horrek ez dit errealitatea ikusten uzten. 
 Agian musikak efektu hipnotiko moduko bat du nigan. Zailena da ezegonkortasun 
 egoeran bizi behar izatea. Eta, hori, funtzionario naizenik, musikako 
 kontserbatorioko irakasle. Beste musikari askok ez dauka horrelako 
 euskarririk.
  - 
 Hogei urte zeneuzkan mundu honetan sartu zinenean. Zerk eman dizu 
 pozik handiena azken hamabost urteotan? Pozik handiena...? Ni, beste ezer baino lehen, soinujolea naiz, 
 nahiz eta gero eta denbora gehiago eskaini produkzioari, moldaketei 
 eta konposizioari. Gehien gustatu zaidana, eskusoinuarekin beste 
 eremu batzuetan sartzea izan da, jende berria ezagutzea eta entzuleen 
 erreakzioa ikustea. Nolako harridurazko aurpegiak jartzen zituzten, 
 ez zutelako horrelakorik espero musika tresna horrengandik. Ezer 
 aukeratzekotan, horixe hartuko nuke: jendea harritzeko gaitasuna. 
 Izan ere, gaur egun, musikan behintzat, zaila da jendea txunditzea. 
 Iruditzen zaigu jada ezerk ez gaituela harrituko. Baina ni mantentzen 
 nauena, harritzeko gaitasun hori da. Uda honetan Kursaalean Noarekin 
 jotzeak ikaragarrizko bultzada eman zidan. Bizia ematen dizu. Eta 
 jendeak eskertu egiten du zu hor egotea, gauza txikiak egin arren 
 lanean jarraitzea. Zuzeneko musikak hori dauka ona, zeren estudioetan 
 azkenerako trukua hartzen diozu eta gauzak modu errazean egitera 
 ohitzen zara.
 - ¿Zein 
 abesti jo zenuen Noarekin, eta zer esan zizun Gil Dor gitarristak?La vida es bella interpretatu genuen, Noa abesten, Gil Dor 
 gitarra jotzen eta ni eskusoinuarekin. Baina batere entseatu gabe 
 atera nintzen taulara! Egia esateko, asko arriskatu ziren. Dena 
 den, diskoko beste abesti bat ere jo genuen eskusoinuaz lagunduta, 
 eta oso pozik gelditu ginen. Gili izugarria iruditu zitzaion eskusoinuaren 
 soinua. Asko gustatzen zait horrelako erronkak izatea. Zenbat eta 
 gehiago dakizula pentsatu, orduan eta gutxiago dakizula konturatzen 
 zara. Jendea birjina denean, errazagoa txunditzen da. Txistulari 
 batek, Euskal Herritik kanpo, erraz txundituko du jendea. Txalapartarekin 
 ere jendea erabat harrituta gelditzen da. Magikoa iruditzen zaie.
  - 
 Zure iritzian, zein izan da gure kulturan azken urteotako unerik 
 garrantzitsu edo erabakigarriena? Nire ustez, aurrera egin beharrean atzera egin dugu. Eta hori kezkagarria 
 da. Hemen, Euskal Herrian, zein orokorrean egin den musikari edukia 
 falta zaio. Aisialdirako elementu bezala ikusten da, ez kultura 
 bezala. Interneten adibidez, sailkapen estandarizatuetan, atari 
 guztietan musika aisialdian agertzen da, ez kulturan. Musika beti 
 izan da aisialdikoa, baina kultura ere bada. Eta, orain, aldiz, 
 orokorrean superfiziala da, edukirik gabea. Jarrera kritikoa daukat, 
 horren erantzule eragile sozial eta kulturalak direlako. Herrialde 
 honen egoera ustez normaltzen ari baldin bada, musikak ere normaltzen 
 joan beharko luke. Baina ez dago inolako irizpiderik, norberak ahal 
 duena egin dezala. Kultura Sailak pentsatzen hasi beharko luke Euskal 
 Herriko musikarekin zer egin. Erabateko eduki falta dago eta ez 
 dakigu norantz jo. Orain euskaldunena trikitrixak rantxerak jotzen 
 aritzea da eta! Duela gutxi, Euskal Herria atzerrian promozionatzeko 
 proiektuei buruz egindako bilera batean, batek esaten zuen atzerrian 
 promozionatzeko egokiena Gozategi anaiak Poronponpero jotzen 
 erakustea zela. Ez dugu ongi ezagutzen benetan dagoena. Irizpide 
 eta edukiak falta zaizkigu, bidegurutze bat. Argi dago hau ez dela 
 gure unerik onena.
 - Kritikoa azaltzen 
 zara egungo panoramaren aurrean. Zure ustez, argi al dago euskal 
 musika zer den?Zaila da euskal musika zer den esatea. Agian horixe da arazoaren 
 muina: nork erabakitzen du zer den euskal musika eta zer ez? Joseba 
 Tapiak zera esaten zuen: "euskal musikak, euskalduna izateko, 
 simaur usaina izan behar du ala?". Hala ere, garai batzuk onak 
 izan dira. Adibidez, laurogeiko hamarkadan oso rock ona genuen, 
 baina betiere maila komertzial batean. Musikak herri honek zeuzkan 
 beste behar batzuk adierazteko balio zuen, ideologia adierazteko 
 adibidez, baina gaur egun ez du funtzio hori betetzen; aisialdirako 
 besterik ez da. Eta hori horrela da guk nahi dugulako. Beste fenomeno 
 batzuk beste modu batera ari dira funtzionatzen. Antzerkia, adibidez, 
 asko profesionalizatu da, eta oso kalitate oneko antzezlanak egiten 
 dituzten taldeak sortu dira. Literaturan, bertsolaritzan, arkitekturan, 
 pinturan, baletean eta abar superregitura bat sortu da. Musikan 
 ez, erabat ezegonkorra delako. Zenbat talde bizi dira musikatik? 
 Kepa Junkera, Oskorri, Alboka eta gutxi batzuk gehiago. Ez dugu 
 musika arautu eta normalizatzerik lortu. Ez dugu zirkuitu egonkor 
 bat lortu. Musikako urrezko izenak dinosauruak dira. Gure musika, 
 euskal musika, aspergarria iruditzen baldin bazaigu... bidegurutze 
 batean gaudenaren seinale. Musika bidegurutze batean dago.
 - Zure ustez, 
 nor izan da pertsonarik enblematikoena??Nire izateko moduagatik, eta gainera orain zigilu bat kudeatzen 
 dudanez, sektore desberdin askorekin egon naiz harremanetan. Egiten 
 diren gauza guztietara irekita nago. Une jakin bakoitzean idolo 
 desberdinak izan ditut. Xabier Leterekin zer edo zer egin ez izanaren 
 pena daukat. Ez zen hemengo musikaririk bikainena izango, baina 
 niretzat artista osoaren eredu da, Da Vinci edo Migel Anjel euskaldun 
 baten parekoa, ikuspegi zabaleko gizon bat, ikaragarrizko kultura 
 daukana. Poesiaren zein musikaren bidez, oso gauza sakon eta pertsonalak 
 transmititzen ditu. Hobeto aztertu nahiko nuke bere lana. Eta, ahal 
 izanez gero, berarekin zerbait prestatu. Gaur egungo musikarien 
 artean, faltan botatzen dut Leteren pareko gaitasuna duen jendea. 
 Musikari onak dauzkagu, ezin uka, lehengoak baino hobeak gainera, 
 baina ez dute ikuspegi orokorrik. Musika klasikoko konpositore bat 
 ere azpimarratuko nuke, Guridi, arrazoi batengatik: nire ustez galdu 
 egin delako lanerako horrelako gaitasuna. Bachen gaitasunaren parekorik 
 ez duzu gaur aurkituko. Guridik eta Aita Donostiak musika tradizionalari 
 irakurketa berri bat eman zioten, herriari ezagutzera emateko.
  - 
 Zein punturaino de beharrezko irakaskuntza? Asko begiratzen diot musikaren inguruan gertatzen den guztiari, 
 eta, hain zuzen ere horregatik, askotan sufritu egiten dut. Badira 
 musikari batzuk musika egitearekin bakarrik pozik gelditzen direnak, 
 ikusi gabe ea musikaren, kulturaren eta komunikabideen kudeatzaileek 
 egin beharrekoa egiten duten. Baina gauzek funtzionatu egin behar 
 dute. Jendea kultura eta musikan hezi beharra dago: batzuk sortzaile 
 izateko, eta beste batzuk entzule izateko, gozatzeko. Kontzertu 
 pedagogiko batean hori egiten da: besteei ulertzen lagundu, baina 
 beste gauza bat falta zaigu: ez dago pedagogorik, ondo irakasteko 
 prestaturiko musikaririk, eta, beste alde batetik, jendeak ez dauka 
 deszifratzeko edo entzuteko heziketarik. Eta, hori, geure herria 
 musika kontutan jantzia dela uste dugunik. Baina hemengo jendea 
 ez da Estatu mailan ez sutsuenetarikoa, ezta adituenetarikoa ere. 
 Hemen oso modu bitxian erreakzionatzen dute: hemen inguruko herrixkaren 
 bateko dantzaren bat jotzen has zaitezke, eta jendeak ez du ezagutu 
 ere egingo. Egoera horrelakoa da. Eta, hein handi batean, zulo batean 
 bezala daudelako gertatzen da. Alde horretatik, oso ezkorra naiz. 
 Errua ez da politikariena, disketxe handiena edo programatzaileena 
 bakarrik; musikariena ere bada. Duela hilabete gutxi batzuk, Euskal 
 Herrian zegoen musikarien elkarte bakarra desegin da, ahuleziagatik. 
 Iñaki Salvador zen bertako presidentea. Ez ginen ezta gure 
 eremua zehazteko gauza ere.
 - Musikarako dohainik 
 izan ez bazenu, beste zein arte aukeratuko zenuen?Ah! Baina ba al daukat ba musikarako dohainik? (barreak). 
 Batzuetan zalantzan jartzen dut ba! Nik uste dut gero eta txikiagoa 
 dela nire sormenerako gaitasuna. Orain, gehiago arduratzen naiz 
 kudeaketaz. Orain musika, niretzat, ez da sormen lana bakarrik. 
 Orain kudeatzaile bezala ere ikusten dut nire burua... Orain ez 
 dago mezenasik.
 
 - Zer ekarri digute, 
 besteak beste, mugak zabaltzeak, Internetek eta bidaiatzeko erraztasunek?Informazioa. Nire ustez funtsezkoa da informazioa biltzea. Tamalez, 
 denborarik gabe bizi gara. Informazio hori, gero, aukeratu eta filtratu 
 egin behar dugu, ezin dugulako guztia irakurri.
 - Gainerako arteei 
 dagokienez, nor azpimarratuko zenuke?Asko gustatuko litzaidake, adibidez, Oteiza ezagutzea. Analisirik 
 tuntunena egiten zuenean ere, beti sormena izan du iturri. Oso gutxi 
 irakurtzen dut, ia ezer ez. Hasten naiz liburuak irakurtzen, baina 
 sekula ez ditut bukatzen. Irakurtzen hasi naizen azkena, "Memorias 
 de un bufón" izan da, Albert Boadellarena. Izugarri 
 dibertigarria, baina ezin izan dut amaitu. Zinemari ere kasu gutxi 
 egiten diot azkenaldian, oso zalea naizen arren. Badakit zinema 
 aretoetan zer botatzen ari diren, baina ez naiz ikustera joaten.
 - Artistak etengabe 
 berritzeko obligazioa du, ala aurrez egin duena aztertzekoa?Nire ustez, berrikuntza ez da helburu bat. Ez zait ildo berriak 
 irekitzea interesatzen. Horretarako, musikaria baino, hobe punky 
 bihurtzea. Zergatik apurtu behar da iraganarekin? Hobe da eboluzionatzea. 
 Gehiago gustatzen zait eboluzio hitza. Edo inboluzioa, aurrera beharrean 
 atzera egiten badugu. Eta baita ere birsorkuntza edo berrirakurketa. 
 Oso garrantzitsua da aurrekoek esan zutena entzutea, batez ere musika 
 tradizionalaren eremuan. Beharrezkoa da erreferentziak izatea; informazioa 
 edo ezagutzak izatea bezala. Gustatzen zait irakurketa berriak egitea, 
 baina ez gaude hori egitera ohituta. Hutsune guztiak batzen joanez 
 gero, iruditzen zait herri hau, musikari dagokionez, uste baino 
 askoz ere ezjakin eta intoleranteagoa dela.
  - 
 Obra batek, amaituta egoteko, entzule anonimo baten iritzia behar 
 al du osatuta egoteko? Ez pentsa. Ezagutzen dut musika beretzat bakarrik grabatu duenik. 
 Ez da nire kasua. Nik entzuleak behar ditut.
 - Zein balio ematen 
 diozu euskarari artean, euskaraz espresatzeko aukeraris?Arazo bakar bat ikusten nuen: euskaraz espresatzeko aukerarik ez 
 izatea. Izan ere, euskararen aukera asko oraindik ere aurkitu gabe 
 daude. Batetik, hizkuntza idatzian eta musika grabatuan tradizio 
 gutxiago egotean, hizkuntza, literatura eta musika gehiago aztertzeko 
 aukera daukazu. Musikari eta idazle gehiago eta hobeak izateko beharra 
 daukagu. Gutxi dira benetan onak direnak. Beti hiruzpalau pertsona 
 aipatzen ditugu. Erreferentzia gehiago behar ditugu.
 - Zer eman dizute 
 euskal kulturak eta mestizajeak?Nik uste dut kultura guztietan dagoela elementu ezberdinak bilatzeko 
 obsesioa, baina zenbat eta gehiago bilatu, orduan eta gutxiago aurkitzen 
 da... Esate baterako, alboka eta txistua ez dira musika tresna euskaldunak. 
 Ez bata ez bestea. Baina ezberdintasunak bilatzen saiatzen zarenean, 
 eta azkenean aurkitzen dituzunean, altxor txiki bat aurkitu izan 
 bazenu bezala sentitzen zara. Ez dakit jakituria edo zer izango 
 den. Eta hain modan dagoen mestizajeak ez luke helburu bat izan 
 behar. Batzuek hori bilatzen dute, helburu komertzial batekin, ondo 
 saltzen delako, baina hori burugabea da. Hunkitu egiten duelako 
 jo behar da mestizajera, edo behintzat arrazoi koherente bat egoteagatik. 
 Gainera, globalizazioak gauza asko maila berean jartzen ditu. Beraz, 
 globalizazioa bai, baina kontuz.
  - 
 Esan iezaguzu zein den zure obrarik onena, eta zein kontzerturekin 
 egiten duzun amets. Obrarik onena inoiz ez da iristen, beti heltzear dagoelako. Eta, 
 gainera, ez zait gustatzen eskema bera errepikatzea. Ez zait gustatzen 
 musikari batek hiru diskotan plantila bera errepikatzea. Alor batean 
 sartzen banaiz, behin sartuta nahikoa dut. Bigarren batean itzultzen 
 banaiz, egindakoa hobetzeko egiten dut. Eta, espero dut Xabier Letek 
 egunen batean bigarren aukera bat ematea. Suso Saizekin batera ematen 
 ditudan kontzertuak oso barregarriak izaten dira, zeren kontzertuek 
 berari bertigoa ematen diote oraindik. Iruditzen zaio gauzak bere 
 kontroletik kanpo daudela, eta zerbait gertatuko dela. Ez da konturatzen 
 gauzak gaizki ateratzea oso gauza normala dela. Azken batean, gizakiak 
 gara. Suso, niretzat, maisu bat izan da. Gainera, nire azken bitxikeria 
 "Elektropsychodelic film music remix in living stereo" 
 izan da, pelikulen musikarekin egindako muntaia bat.
 - Eska ezazu desio 
 kultural bat.Hizkuntzaren normalkuntza eta kulturak aurrera egitea. Zerbait egiten 
 ari garenaren sentsazioa izatea. Ezkorra naiz oso.
 
| 
| 
| Joxan 
 Goikoetxea, (Hernani, 1967)  Artista diziplinanitza da, maisu bat. 35 
 urte besterik ez dituen arren, musikari hasiberri 
 baten hiperraktibitatearekin jarduten du. Hamar 
 urteko epean, Donostiako Kontserbatorio Nagusiko 
 ikasle izatetik Hernaniko Musika Eskolako irakasle 
 izatera pasa da. Txistutik eskusoinu eta sintetizadoreetara. 
 Juan Mari Beltrán maisuarekin elkarlan 
 estuan aritu da, eta bi lan bikain kaleratu dituzte 
 elkarrekin, folk tradizionalaren eremuan: Egurraren 
 orpotik dator...(1993) eta Beti Ttun-Ttun (1998). 
 Esperimentatzeko duen joeraren erakusle, Suso 
 Sáiz gitarrista eta ekoizlearekin lankidetzan 
 egindako lanak ditugu, Quartet (1997) eta kaleratzear 
 dagoen Elektro Psychodelic Film Music Remix. Nolanahi 
 ere, Albokarekin eskuratu zuen kritikaren zein 
 entzuleen behin betiko onespena. Ordutik, euskal 
 soinuak mundu guztian barna zabaltzen aritu da. 
 Juan Arriola eta Alan Griffith adiskideekin batera 
 Alboka (1994), Bi Beso Lur (1998) eta Lorius (2000) 
 kaleratu zituen. Kudeaketari dagokionez, Aztarna 
 zigilu diskografikoa sortu zuen, euskal artisten 
 lanak Cd-romean editatzen dituena. Musika tradizionala 
 sekula ez da zaharkituta geldituko talentu gazte 
 honi esker.
 |  |  |  Argazkiak: Fernando Lorenzo
 
  
Euskonews & Media 206. zbk (2003 / 04 / 04-11)
 |