|
1. Sarrera
Euskal Herrian gertatzen diren fenomeno meteorologikoetan ikusgarrienetako
bat eta kalte handiak ekartzen dituena, galerna edo enbata da. Horregatik,
fenomeno hau hobeto ulertzeko eta iragarri ahal izateko, azterketa
eta analisi ugari egiten ari dira azken urteotan. Estatu Batuetan
enbataren antzeko fenomenoak aztertzen ari dira, CTD (Coastal Trapped
Disturbance) izenarekin ezagutzen direlarik. Euskaraz "kostaldean
harrapaturiko perturbazioak" bezala itzuliko genuke.
Garrantzitsua da enbatei buruzko gaietan gehiago sakontzea, beren
iragarpena hobetzeko asmotan. Horrelako fenomeno bat 2 edo 3 ordu
lehenago iragartzen bada, ondorioak ez dira hain larriak izango.
Oraingoz eskala handiko modeloekin ezin dira iragarri, eta eskala
txikiagoko modeloak zerbait antzematen dute, baina haizearen intentsitatea
iragartzea oso zaila da.
Lerro hauen helburua enbata zer den eta honi buruz dugun ezagutza
azaltzea da. Interesgarriak dira Estatu Batuetan egiten ari diren
azterketak, baina hauetan ez gara sartuko.
2. Enbata zer den eta nola sortzen den
Enbataren definizio garbi bat ez badago ere, denok dakigu (Kantauriko
kostaldean bizi direnak batipat) zer den. Definizioa hauxe izango
litzateke:
Bapatean Kantauriko kostaldean (Kantabrian eta Euskal Herrian)
agertzen den mendebal-iparmendebaldeko haize bortitza da, lehenago
zegoen eguraldi ona eta beroa zeharo desagertuz. Orokorrean estratu
baxuak sartzen dira haize honekin batera eta euria ere ekar dezake.s
Definizio honen ondoren gaian gehiago sakonduz joango gara. Enbatak
gertatzeko garaia maiatzetik urrira mugatzen da, batez ere udaberri
bukaeran eta udan gertatzen dira gehienak. Orokorrean bi eratako
enbatak daude: fronte bati lotuak eta enbata tipikoak. Lehenengoak
fronte baten etorrerarekin gertatzen dira eta gogorrenak izaten
dira. Gainera euria edo ekaitzak ere ekartzen ditu. Bigarrenak ez
daude inolako fronteei loturik. Azken hauek ez dute euririk ekartzen
orokorrean.
Enbata baten ezaugarririk garrantzitsuena haizea da. Gainera fenomeno
honen berezitasuna ez da bakarrik haizeak hartzen duen indarra,
baizik eta bere bapatekotasuna. Iragartzea ere zaila denez, bapatekotasun
honek ekartzen du arrisku gehiena.
Aldagai meteorologikoetan eragiten dituen aldaketak hauek dira.
Haizea ahul eta aldakor (edo batzutan hego haizea) izatetik mendebal-iparmendebaldera
egiten du bira eta intentsitatea asko handitzen da, itsasoaren egoera
asko zakartuz. Tenperaturak behera egiten du, eta hezetasunak eta
presioak berriz, gora. Aldaketa guzti hauek handiak izaten dira
eta azkar gertatzen dira.
Fronte bati loturiko enbatak fronte baten ezaugarri guztiak ditu,
baina haizearen intentsitatea eskala sinoptikoak adierazten duena
baino askoz handiagoa da. Hauek izaten dira enbata gogorrenak.
Enbata tipiko baten ezaugarririk nagusienak hauek dira:
- 500 km inguruko ibilbidea egiten du 10 ordutan, hiru eskualde
desberdindu daitezkeelarik. Enbatak intentsitate handiena Ontón
eta Biarritzen artean lortzen du. Zona honetan haizeak batezbeste
80 km/h harrapatu dezake eta boladek 100 km/h gainditu dezakete.
Tenperatura 10-12 ºC jaitsi daiteke 20 minututan.
- Enbata Kantauriko kostaldean zehar mendebaldetik ekialdera mugitzen
da eta abiadura handitzen joaten da ekialderantz doan heinean.
Eragin handiena kostaldean nabaritzen da. Barnekaldean eraginak
txikiagoak dira eta itsasoan lehen 50 km-tan antzematen da.
- Presioa eta tenperaturaren gradienteak 5 mb/50 km eta 13ºC/30
km dira hurrenez hurren (esate baterako, brisa bat sortzeko behar
den presio-gradientea 1 mb/50 km da).
- Bertikalki lehenengo 2 km-tan nabaritzen da enbata. Haizearen
abiadura handiena lurrazalean lortzen da eta altuerarekin jaitsiz
joaten da.
- Enbataren ondorioetako bat itsasoko egoeraren zakartzea da.
Olatu handienak 3 eta 4 metrokoak izan daitezke.
Enbata nola sortzen den adierazteko modelu kontzeptual desberdinak
daude, baina oraindik ez dago erabat garbi gai hau. Bi modelu kontzeptual
erabiltzen dira enbaten antzeko fenomenoak azaltzeko: Kelvin-en
barne uhinak eta orografiagatik harrapaturiko dentsitate korronteak.
Dena den, zein egoeretan sortzen den eta nola sortzen den adierazten
saiatuko gara. Lehenik eta behin esan beharra dago antzeko fenomenoak
ematen direla gure ingurune antzekoak dituzten herrialdeetan. Beraz,
horrelako fenomeno bat sortzeko, itsasertzean kostaldearekiko paraleloki
doan mendikate bat beharrezkoa da. Ematen du Kantauriko ekialdea
asko berotzen denean, aire bero hori hor geratzen dela harrapaturik
mendia eta itsasoaren artean eta Asturias aldea askoz ere hotzago
dagoenez eta eskala sinoptikoaren laguntzarekin, (hau da, haizea
mendebal ipar-mendebaldetik jotzen hasten bada) Asturiasko aire
hotz hori aire beroa dagoen tokirantz mugitzen hasten da, abiadura
handituz ekialderantz doan heinean.
Enbata baten sorrera egoera sinoptikoaren menpe dagoela esan dezakegu.
Presioaren joera ezberdina Kantauriko ekialde eta mendebaldearen
artean, fluxu sinoptikoaren ondorioa dela pentsatzea logikoa da.
Kantauriko ekialdean presioak behera egiten du eta Kantauriko mendebaldean
berriz, gora. Hau 850 mb-ko mailan gertatzen diren aire masa ezberdinen
adbekzioaren ondorio besterik ez da. Kantauriko ekialdean adbekzio
bero bat dago eta mendebaldean berriz, hotza. Horrela, bi aire masa
oso ezberdin sortzen dira eta presio-gradientea ere handituz joaten
da. Presio-gradientea oso handia denean aire hotza mugitzen hasten
da aire berorantz. Ondoren eskala txikiagoko prozesuak jartzen dira
martxan eta bi eskalen (mesoeskala eta eskala sinoptikoa) arteko
konbinazioan murgiltzen da enbata. Horregatik, iragarpenerako erabiltzen
diren modelu sinoptikoek ez dute fenomeno hau antzematen. Eskala
jeisterakoan mesoeskalako modeluak ditugu eta hauek zerbait antzeman
dezakete, baina oraindik ikerketa gehiago egin behar dira.
Iragarpenari dagokionez, horrelako fenomenoak iragartzea oso zaila
da, baina badakigu enbata bat sortzeko egoera sinoptiko aproposak
zein diren. Enbata bat sortzeko ezaugarri sinoptiko egokiak hauek
dira:
- Aintzira barometrikoa edo bi aire masen konbergentzia lurrazalean.
- 850 mb-ko mailan: hego-mendebaldeko fluxua eta dortsal termikoa.
Dortsal termiko honen ardatza Euskal Herritik pasatzen da eta
norabidea HE-IM (hego-ekialde, ipar-mendebalde) da.
- 500 mb-ko mailan: aska termiko bat, bere uhin luzera dortsalarena
baino txikiagoa izanik.
- Troposferako goi geruzetan fluxu desorekatua (300 mb-an).
Enbata sortzeko beste ezaugarri batzuk hauek dira:
- Behe geruzetako egonkortasuna. Egonkortasunaren ondorioz, aire
bolumen txikiago bat gehiago berotzen da eta diferentzia termikoa
areagotu egiten da aire masa hotza eta beroaren artean.
- Hego-haizea. Hego haizea badago, airea gehiago berotzen da
eta gainera brisak agertzea galerazten du.
- Itsasoaren tenperatura. Gero eta hotzago egon itsasoko tenperatura
diferentzi termikoa areagotu egiten da. Bestalde, estratu baxuen
sorrera errazagoa da ur hotzarekin.
3. Enbata baten adibidea
Adibide gisa, lehengo urtean (2002 urtean) gertaturiko enbata hartu
dugu. Maiatzaren 13an fronte bati loturiko enbata izan genuen Euskal
Herrian eta haize boladek 120 km/h abiadura gainditu zuten kostaldeko
zenbait tokitan. Honen ondorioz, bela-untzi batean zegoen pertsona
bat desagertu egin zen, eta lehorrean hainbat istripu izan ziren,
pertsona batzuk larri zaurituta suertatu zirelarik.
Hurrengo irudietan ikusi daiteke parametro meteorologiko ezberdinek
eduki zuten portaera Punta Galeako estazioan. Tenperaturak bapatean
eta nabarmenki egin zuen behera (10ºC 20 minututan). Momentu
berean, haizeak hegotik ipar-mendebaldera egin zuen eta haize bolada
maximoa 127,4 km/h koa izan zen. Enbataren etorrerarekin batera
presioak gora egin zuen. Enbataren iraupena 2 ordukoa izan zen gutxi
gorabehera. Gero eguraldiak hobera egin zuen.
 |
| 1 irudia: Punta Galeako estazioan tenperatura
eta hezetasuna 02/05/13 egunean zehar |
 |
| 2 irudia: Punta Galeako estazioan haizearen abiadura
eta norabidea 02/05/13 egunean zehar |
 |
| 3 irudia: Punta Galeako estazioan presioa 02/05/13
egunean zehar |
4. Enbataren ondorioak
Enbatek ondorio latz ugari ekarri dituzte historian zehar, batez
ere Kantauriko itsas gizonei. Gehien entzundakoetariko bat 1878ko
apirilak 20an gertaturikoa da. Orduan Kantauriko 300 arrantzalek
baino gehiagok galdu zuten bizia (pazko larunbateko enbata izenarekin
ezagutzen da). Beste enbata batek 1912ko 12an Bermeoko 100 arrantzale
baino gehiago eraman zituen. Egia esanda, nahiz eta enbata hauek
gogorrak izan, garai hartan arrantzaleek erabiltzen zituzten untziak
(enbarkazioak) ez ziren gaur egun dituzten bezain seguruak eta horregatik
galdu zuten bizia hainbat eta hainbat arrantzalek.
Gaur egungo enbata baten ondorioak ez dira hain larriak. Hala ere,
arazo ugari sortzen dituzte hondartzetan, itsasoan eta kostaldeko
errepideetan. Adibidez, 1987ko ekainak 7an 8 pertsona hil ziren,
gehienak lehorrean, haizeak eragindako istripuen ondorioz.
Beraz, enbata baten kalteak murrizteko beharrezkoa da iragarpen
on bat egitea. Oraingoz arriskutsuak diren egunak zaintzearekin
konformatu beharko dugu. Urtean zehar, batezbeste 2 edo 3 enbata
izaten ditugu, baina egun arriskutsuak (hau da, enbata gertatzeko
probabilitatea duten egunak) gehiago dira. Batzutan enbata sortzeko
probabilitate handia dagoen egun batean brisa poliki-poliki sartzen
da eta ez da ezer gertatzen. Beste batzuetan berriz, enbata gerta
daiteke. Non dago gakoa?
 |
| Barearen ostean dator ekaitza |
Bibliografía
Jansá Clar. A. (1990). Notas sobre análisis meteorológico
mesoescalar en niveles atmosféricos bajos. INM.
S.T.A.P. 1992. Nota técnica sobre galernas.
C.J.C.Reason, K.J. Tory, P.L.Jackson, (2001). A model investigation
of the Dynamics of a Coastally Trapped Disturbance. J.Atmos.Sci.
Arasti Barca, E. (2001).Estudio de la galerna típica del
Cantábrico. INM. ISBN 84-8320-175-5
Joseba Egaña Arruti,
meteorólogoa |