Zenbaitetan,
ahazten bada ere, eskola elebidunaren aldeko eskea ez da oraingoa
aspaldikoa baizik. Izan ere, XIX. mendean ezarri ziren Frantzian
eta Espainian euskara itotzeko tresna ahaltsua bilakatuko ziren
eskolaren alderdi desberdinen oinarriak. Bada, ordutik dator eskola
euskaldun edo, gutxienez, elebidunaren aldeko eskea, 1873-75 bitartean,
estatu karlistaren ahaleginak dira horren lekuko. XX. mendearen
hasieran, bestalde, Eusko Ikaskuntzak berak eskola berri eta euskaldunaren
oinarriak landu zituen. 1914an, M. Muñoak Donostiako Koruko
Andre Mariaren Ikastetxea sortu zuenean, garai hartako mugimendu
politikoaren eta intelektualaren emaitza ikusi ahal izan zen: Ikastolak.
Gerora, euskararen iraupen, gaurkotze eta hedatzearekin estu-esturik
azaldu ohi den gizarte mugimenduaren sorrera.
 | |
M. Muñoa |
Hain zuzen, duela hirurogeita sei urte faxistek Gernika erraustu
zutelarik, gertaera lotsagarri hura abertzaleei egotzi nahian ari
zirenen gezurrak agerian laga eta nazioartean gertatua barreiatzeko
asmoz kazetari frantses bati erakustera zihoan, eta gurasoek Mungian
zuten etxearen izena hartu zuen, Esteban Urkiaga "Lauaxeta"-k
1931n bere alderdiko -EAJ- diputatuekin batera Madrilera joan zen,
Euskal Herriko eskoletan elebitasuna eskatzeko. Alabaina, beste
esperientzia eta desio asko bezala, Espainiako Gerra Zibilak, aldi
baterako bederen, ikastolen desagertzea eta eskola elebidunaren
aldeko aldarria, aldi ilun eta luze baterako bederen, isiltzea ekarri
zuen. Baina, herri hau, esanak esan, arazoak arazo eta mugak muga,
ez da sekula errendatu, egoskor samarrak edo, hala nahi baldin bada,
burugogorrak izatearen emaitza da, beharbada. Horren lekuko 1944an,
Muñoaren lankide izandako Elbira Zipitria. Hura Donostiara
joan eta guraso-talde baten parte hartzea tartean dela, bere etxean
prestatutako gela batean, eskolak euskaraz ematen hasi baitzen edota
50eko hamarkadan, beste andereño eta guraso batzuek, han-hemenka
ikastolak zabaltzeko egindako ahalegin eskerga.
Diktadorea hil, euskal instituzioak sortzeko urratsak egin eta
horien baitarik ikastolek onarpena eta sostengu zabalagoa erdietsi
zuten. Halaber, giro berri horren testuinguruan, hirurogeita hamarreko
hamarkadaren bukaeran eta laurogeikoaren hasieran, eskola publiko
estatalean euskararen eta euskarazko irakaskuntza sustatzeko aldarria
zabaldu, nahia indartu eta hori guztioi lortzeko plangintzak burutzeko
erabaki politikoak hartuko ziren, horien artean, Euskal Autonomia
Erkidegoan (EAE), 1982ko azaroaren 24an, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko
Oinarrizko Legea (10/1982), zeinak, derrigorrezko irakaskuntza amaitzen
denean, ikasle guztiek, jatorriz euskaldun zein erdaldun, elebidun
orekatuak izan behar dutela jasotzen duen.
Alta, desioak eta aginduak gorabehera, aurrerapausoak gertatu arren,
egungo errealitatea ez da legeak jasotzen duenera iristen. 1974tik
1998ra egindako elebitasunari buruzko ikerketen arabera, D ereduko
emaitzak B eredukoak baino hobeak dira, eta B eredukoak A eredukoak
baino hobeak. Alabaina, badira D ereduan ikasitako ikasleak oso
erraz eta aise euskaraz hitz egiten eta idazten dutenak eta, D edo
B ereduan ibili arren, idazmenerako zein, bereziki, mintzamenerako
zailtasun handiak ere dituztenak. Bada, orain arteko emaitzen arabera,
irakaskuntza denborak ez ezik etxeko hizkuntzak, ingurune soziolinguistikoak,
hizkuntzen arteko interferentziak, metodologia didaktikoak, irakasleen
formazioak eta abarrek badute euskararen gaitasuna eskuratze horretan
eragina. Testuinguru horretan sakonduz, hezkuntza munduan indarrean
diren A, B eta D ereduak (1)
ezarrita dauden helburuak lortzeko egokiak diren konplexurik gabe
eztabaidagai jartzeko unea iritsia da. Izan ere, ereduak zein gainerakoak,
zenbaitetan kontrakoa dirudien arren, ez dira xede, besteak beste,
euskara eta bestelako hizkuntzak menderatzeko bitarteko baizik.
Baina, hausnarketa horrek, pasa berri den mendeko 90eko hamarkadan,
Europako testuinguruan nagusi izan diren aldaketa politikoek eta
administratiboek eragindako beharrizan sozial berriak -zeinaren
baitarik eleaniztasunean hezitako europar belaunaldi berriena nabari
daitekeen- ere hartu beharko ditu kontuan. Izan ere, oinak lurrean,
XXI. mendean, gainerako hizkuntzak -ingelesa- oro har, Euskal Herrian
frantsesa eta gaztelania bereziki, albo batera utzita, hizkuntza
gutxitu bat -euskara- mantentzea eta indarberritzea (2)
ez da posible. Hartara, orain arte indarrean egon diren elebitasun
planteamenduak gaindituz, euskaldunon etorkizuna eleaniztuna da,
alabaina, euskarak eskola eremuan hizkuntza nagusia izan behar du
eta eskola eremuko hizkuntza planifikazio guzti-guztiek gutxienez
aurrebaldintza hori bermatu behar dute, atzerriko hizkuntzaren eskuratzea
euskara mailaren eta jarreraren kaltean gerta ez dadin.

Eleaniztasunak ez du adierazi nahi, ordea, hezkuntzan lanabes
ditugun hizkuntzak modu bakartuan planteatzea. Izan ere, eleaniztasun
ikusmoldeak azpimarratzen du gizabanakoek ez dituela gordetzen hizkuntzak
buruan elkarrengandik aparte. Gaitasun komunikatiboa, hizkuntza
esperientziak oro handitu ahala, famili mintzairatik gizartearenera,
eta hortik atzerriko hizkuntzetara (bai eskolan edo unibertsitatean
ikasiz edota zuzeneko esperientziak baliatuz) igaro ahala garatzen
baita, eta horretan laguntza handikoak dira ezagutza guzti-guztiak,
esperientzia linguistikoak eta hizkuntzak uztartuta (3)
antzematea ere. Ingurumari horretan, hizkuntza arloaren xedea ikasleen
komunikazio eta errepresentazio gaitasunak garatzea da, bizitzan
planteatzen diren egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin hizkuntza
komunikazio-tresna eragingarri gisa erabili dezaten hizkuntzaren
oinarrizko trebezia nagusien (entzun, irakurri, hitz egin eta idatzi)
menperatzea lortuz.
Baina, hizkuntza arloaren antolaketa ez ezik gainerako jakintza
arloek hizkuntzak eskuratzeko egin dezaketen ekarpenaz gogoeta sakona
(4) ere egin behar dugu.
Izan ere, gainerako arloetako profesionalak, besterik uste izan
arren, hizkuntza irakasle ere badira, hizkuntzen erabiltzeari dagokionez
hizkuntza arloan baino denbora luzeagoa eta ekintza zehatzei lotuagoa
erabiltzen dituzte gainera hizkuntzak. Hartara, ezaguerak egituratzen
ahalbidetzen eta ezaguera berriak eskuratzen edota barneratzen ere
laguntzen digutela hizkuntzek hartu behar dugu kontuan. Beraz, eremuetako
edukiak irakatsi eta ikasi ahala, arlo bakoitzaren hizkuntza irakasten/ikasten
ere badihardugu, eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala,
komunikazio-ekintzak burutu ahala, curriculumean esku hartzen
duten eremuetako edukiak garatu edo barneratu egiten ditugu. Zentzu
horretan, curriculuma diseinatzerakoan, eremu bakoitzeko
testu mota desberdinak definitu eta haiei dagozkien ulermen eta
ekoizpen prozedurak ere zehaztu behar dira. Horrekin batera, eta
erabili beharreko trebeziaren arabera, testu-mota bakoitzarekiko
landu beharreko baliabide linguistikoak (testuinguruko eremukoak,
eremu testualekoak eta perpausa eta hitzaren eremukoak) zehaztuz.
Euskara hezkuntzan lanabes ditugun gainerako hizkuntzetatik aparte
ez dago planteatzerik, europar hizkuntzetatik zein jakintza arlo
guzti-guztietatik aparte euskara kontuan hartu gabe bideratzeko
modurik ez daukagun bezala. Alta, eleaniztasunean hezi eta hazitako
gazte belaunaldiak erdiesteak zera eskatzen du ezen urteen joan
etorrien zioz pilatu dugun esperientzia hezkuntza egiturak, eskola
barruko zein kanpoko antolamenduak, erabiltzen ditugun orientabide
metodologikoak, materialen oinarriak eta edukiak, askotariko prestakuntza
saioak, e.a. luzea beste norabide bati begira jartzea. Badaukagu,
beraz, nahikoa lan.
(1)
Eredu bakoitzaren azpian den errealitatea askotarikoa dela hartu behar
da ere kontuan.
(2) Fishmanen RLSren -Reversing
Language Shift- itzulpen gisa Hizkuntza INdarBErritzea -HINBE litzateke
bere akronimoa- erabiltzen dugu
(3) Marko horretan ez
dago planteatzerik ikastetxeetan hizkuntz curriculuma hiru
edo eta lau hizkuntza curriculum bakartuen batura bezala; hizkuntza
eta komunikaziorako heziketa, curriculumeko hizkuntzak biltzen
dituen Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik bidera daiteke soil-soilik.
(4) Karga linguistiko
handiagoa den jakintza-arloetan xede-hizkuntzaren eskuratze askiezak
jakintza-arloetako edukien eskuratzean eragin handia du. Hargatik,
euskara arloan ez ezik gainerako arloetan arrakastaz aritzeko hizkuntzaren
aldetik proposatu jarduerak burutu ahal izateko neurriko prestakuntza
ahalbidetzea erabakiorra da.
Erramun Osa, Euskal Herriko
Ikastolen Konfederazioa
Argazkiak: Auñamendi eta http://www.ikastola.net |