|  Globalizazioan murgiltzen den mundu honetan euskara bezalako 
 altxor txikiek ez dute inolako erraztasunik bizirik irauteko. Telebista, 
 internet, kioskoa bera ez dira eremu errazak hizkuntza minorizatuentzako. 
 Horietan, beste eremu askotan bezalaxe, ingelesak eta gaztelaniak 
 hamaika baliabide dituzten bitartean, euskarak bere lekua lortzen 
 saiatu behar du. Horri aurre egiteko, gure hizkuntzaren borrokak 
 ez du kantitatea izan behar, kalitatea baizik. Esaterako, beste 
 hizkuntzek ehundaka programa informatiko izan ditzakete, euskarak, 
 berriz, bat bakarra badu, baina ona, aurrera egingo du. Lur berri 
 horiek bereganatzeko ahaleginean, euskara ez dago bakarrik, Eusko 
 Jaurlaritzako Kultura Saila baitu lagun.
 - Nork irakatsi 
 zizun euskara?Gurasoek etxean. Euskaraz irakurri nuen lehenbizikoa Arantzazuko 
 egutegia izan zen. Euskararen txokoak etxeak ziren, orduko hezkuntza 
 sisteman erdara hutsez egiten baitzen.
  - 
 Zer betebehar zegokion euskarari orduko gizartean? Nire herrian, Azpeitia bezalako herri batean, espazio handiak betetzen 
 zituen, baina etxean eta kalean bakarrik.
 - 40 urte beranduagoko 
 gizartean, zeure ustez, zer betekizun du euskarak?Gauzak goitik behera aldatu dira. Aldaketarik handiena hezkuntzan 
 suertatu da. Lehen, euskarak ez zuen inolako presentziarik eskolan, 
 eta egun, zorionez, txiki-txikitatik Unibertsitatean bukatu arte 
 euskaraz ikas dezakezu. Herri euskaldunetan, kalean, lehen bezalaxe 
 erabiltzen da. Hiriburuetan, berriz, lehen baino askoz gehiago erabiltzen 
 da, batez ere, Gasteizen eta Bilbon. Kaleko paisaia ere aldatu da, 
 karteletan, seinaletan, komunikabideetan, agirietan... dugu euskara, 
 orain 40 urte, aldiz, euskaldunon ahoan bakarrik genuen.
 - Aurrera egin 
 duela begibistan dago. Halere, aurrerapauso hori orain 20 urte guztiok 
 espero genuen baino txikiagoa izan da?(barre egiten du). Ez dut uste. Hori ere, nork espero zuenaren arabera 
 da. Errealistak bagara, ez dut uste gauzak arinago joan zitezkeenik. 
 Garai hartan, esaterako, egun euskarak eskolan duen presentzia inor 
 gutxik espero zuen. Egunkari bat euskaraz izatea... Beharbada, Franco 
 hil zenean, baten batek amets egin zuen baina... Egungo gakoa erabilera 
 da, eta horretan gabiltza.
 
 - 
 Euskara lurraldeka aztertzen badugu, zer nolako egoeran dago?Erkidego Autonomoan egoera hobea da. Gipuzkoan euskarak gora egin 
 du nabarmen, eta, zalantzarik gabe, Araban ere bai. Bizkaian, berriz, 
 gora doan arren, ez du besteen heinean egiten. Bizkaikoa euskara 
 batuari leporatzen diote batzuek, baina argi dago hori ezin dela 
 horrela izan. Bilbo euskaldunagoa izango balitz, Bizkaiko egoera 
 ez ezik Euskal Herri osokoa ere bestelakoa izango litzateke. Bestalde, 
 euskara lurraldea galtzen joan da, eta Gipuzkoa Euskal Herriko erdi 
 muinean dugun bitartean, Araba, Bizkaia eta Nafarroa lurraldeko 
 bazterretan ditugu.
 
 
  Nafarroari dagokionez, politikoki atzerapauso handiak izan dira. 
 Bertan euskara ahula dugu, eta eraso politikoak kezkatzekoak dira. 
 Ikastolei, argitalpenei edo irrati bati erraztasunak eman beharrean, 
 oztopoak jartzen badizkiezu, diru laguntzek gorantz egin beharrean, 
 beherantz badoaz... Hala eta guztiz ere, bertan euskaldun asko gogoekin 
 ari dira lanean. Orain 40 urte, Nafarroan ikasi nuenean, euskaldunak 
 "los vascos", "los vascorros" ginen, eta hori 
 ere aldatu da. 
 Bukatzeko, Iparraldeko egoera tristeagoa da. Zahar gehienak euskaldunak 
 dira, baina ez gazteak. Etorkizunari begira, Erkidego Autonomoan 
 baikorrak gara, gazte gehienak elebidunak baitira, Iparraldean, 
 berriz, ez da horrela suertatzen.
 - 
 Lehen aipatu duzunez, egungo gakoa erabilera da. Gaur euskarak duen 
 erronka hori al da?Erdararen pisua ikaragarria da. Telebistaren aurrean eseri, eta 
 zenbat aukera ditugu erdaraz? Euskaraz bat. Joan zaitez kioskora! 
 Ehundaka aldizkari eta egunkari daude erdaraz. Euskaraz? Gauzak 
 horrela, gune euskaldunak sortu behar ditugu. Administrazioaren 
 ekintza guztiak erabilerari zuzenduak daude, batez ere, haurrei 
 eta gazteei zuzenduak. Beste adibide bat: Zinema. Zineman ahal duguna 
 egiten da. Diru laguntzei esker, filme batzuk euskaraz ikus ditzakegu. 
 Diru laguntzarik izango ez balitz, zer gertatuko litzateke? Laburbilduz, 
 gure helburua euskaldunari euskaraz bizi izateko eskubidea bermatzea 
 da.
  - 
 Eta teknologia berriek bermatzen al dute eskubide hori? Ez, baina gu horretarako gaude lanean. Esate baterako, enpresen 
 kontabilitatean iharduteko ez dago programa informatikorik euskaraz, 
 Microsoftek ez du bere kabuz egiten, eta beraz, guk hutsune hori 
 bete behar dugu. Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo. Horrez 
 gain, beste asmo garrantzitsu batzuk ditugu. Horien artean, nabarmentzekoa 
 da itzulpen automatikoa. Programa horren bitartez, edozein idazki 
 erdaratik euskarara itzuliko genuke, eta baita euskaratik erdarara 
 ere, noski. Pentsa!, zer aurrerapen den hori, itzultzen zenbat denbora 
 alferrik galtzen baita askotan. Gainera, ez ditugu gaztelaniatik 
 egiten diren itzulpenetan bakarrik pentsatu behar, programa egokituz 
 gero, edozein hizkuntzatik itzulpena egiteko aukera izango genuke 
 eta. Itzulpen automatikoa egin behar dugun ala ez planteatzen ari 
 gara. Nire ustez, horri esker, euskararen presentzia handiagoa bermatuko 
 litzateke, baina nire zalantzak ere baditut, gaztelania eta euskara 
 oso hizkuntza ezberdinak direlako. Enpresa bat egitasmo horretan 
 ari da lanean, eta horretarako, froga bat aurkeztuko digu martxoan. 
 Egia esan, egundoko kuriositatea daukat eta ikusteko irrikan nago. 
 Hain zuzen ere, enpresa horrek dagoeneko katalanez egin du. Horrela, 
 Periodico de Cataluña katalanez eta gaztelaniaz argitaratzen 
 da. Egunkaria bera da, idazkiak eta guztiz, baina bi hizkuntzatan. 
 Ekimena aipatzekoa da, euren irakurle kopuruak izugarri egin baitu 
 gora. Euskararen kasuan, luzerako kontua izango dela susmatzen dut.
 - Halere, itzulpen 
 automatikoaz gain, badira beste egitasmo batzuk ere.Batetik, ahozko lengoaia testu bihurtzea lortu nahi dugu, ahotsaren 
 ezagutza, alegia. Eta bestetik, edozein testu ahots sintetikoaren 
 bitartez ezagutu ahal izatea dugu helburu. Bigarren hau errazagoa 
 da, eta de facto itsuentzako egiten da, esaterako, Internet erabiltzeko.
 
  Esaten dutenez, etorkizuneko ordenagailuak teklaturik gabekoak izango 
 dira, hau da, ahotsez erabiliko ditugu. Hortaz, euskara teknologia 
 berrietatik at ez geratzeko, programa horiek sustatu beharko ditugu. 
 Egun, adibidez, hizkuntza guztiek ez daukate testuak zuzentzeko 
 programarik, euskarak, ordea, bai; oso ondo funtzionatzen duena, 
 gainera. Hau da bidea atzean ez geratzeko.
 Ahotsaren ezagutza teknologia berrien aurrerapen izugarria da. Pentsa!, 
 zu elkarrizketa hau grabatzen ari zara orain, baina zenbat lan egin 
 behar duzun nire hitzak ordenagailuan sartzeko. Ahotsa ezagutzeko 
 programak lan hori egingo lizuke. Orain galdetzen dizut: Horrelako 
 programa bat euskaraz behar dugu? Bai ala ez? Ingelesez edo gaztelaniaz 
 baliabide gehiago izango ditugu beti, hala eta guztiz ere, gure 
 helburuak euskaraz oinarrizkoenak eta funtsezkoenak izatea ere izan 
 behar du.
  - 
 "Telebistaren aurrean eseri, eta zenbat aukera ditugu erdaraz? 
 Euskaraz bat" esan duzu lehen. Euskaraz dagoen horrek nola 
 egin diezaieke aurre besteei? Egun ikusentzule gehiago izateko edozein bitartekari ona da. Euskaraz 
 dagoen horrek kalitatea izan behar du jomuga, besteak baino hobea 
 bada, iraungo du. Besteak bezain txarra bada, telebista txiki bat 
 baino ez da izango. Dena den, honetan, beste gauza askotan bezalaxe, 
 pentsatzea egitea baino errazagoa da.
 - Azken urteotan 
 euskara lur askotan hazi da. Oraindik lur berri asko daude lantzeko?Bai, noski, baina ekimen horietan administrazioak ez ezik gizarteak 
 ere lan egin behar du. Adibidez, hizkuntza paisaiaren arlo batzuetan, 
 esate baterako, bide seinaleetan edota toponimian, urrats galantak 
 eman dira, baina oraindik beste arlo batzuetan asko dago egiteko, 
 besteak beste, dendetako iragarpenak, jatetxeetako menuak, publizitatea... 
 Dendariei, enpresa gizon-emakumeei.... hori garrantzitsua dela erakusten 
 saiatu behar dugu, eta dirua galdu ez dezaten, diru laguntzak eman 
 behar dizkiegu. Eta hizkuntza paisaian bezalaxe, erlijioan edota 
 eskolatik kanpoko kirolean
 - Bi galdera bukatzeko. 
 Euskaltzaleak militantea izaten jarraitu behar du?Nire ustez bai. Alabaina, euskaraz delako, gutxiago kobratu? Ezta 
 pentsatu ere. Euskaraz delako, gehiago kobratu, izatekotan ere. 
 Horrek tripako mina ematen dit. Orain dela gutxi ere legebiltzarrean 
 bertan entzun behar izan nuen honako hau: "Euskaratik gero 
 eta jende gehiago bizi da". Hori esan zuen parlamentaria kezkati 
 agertzen zen horren aurrean. Euskal parlamentari batek horrela pentsatzea! 
 Hori bai dela kezkatzekoa!. Herri honetan, zenbat bizi gara euskaratik? 
 Eta beste batzuen herri horretan, zenbat bizi dira erdaratik? Gauza 
 txarra balitz bezala, pozteko zera denean.
 
 - Eta noizko izango 
 da euskal gizartea elebiduna?Euskal Herriko bazter guztiei buruz ari bagara, urte batzuk beharko 
 dira. Kontuari eusten badiogu, 25 bat urte, beste belaunaldi bat.
 
| 
| 
| Patxi 
 Goenaga  Patxi Goenaga Mendizabal Azpeitian jaio 
 zen orain 54 urte. Ordutik euskara izan da bere 
 bizimoduaren ardatza: Filosofia eta Letretan lizentziatua, 
 Euskal Filologian doktorea (Bere tesi-zuzendaria 
 Koldo Mitxelena izan zen), Euskal Herriko Unibertsitateko 
 irakaslea... Euskal Gramatikan da aditua, eta 
 horren lekuko berak idatzitako liburu guztiak 
 ditugu. Orain urtebete, Unibertsitatean Euskal 
 Filologiako burua zelarik, Eusko Jaurlaritzako 
 Kultur Sailetik telefono dei bat jaso zuen. Telefonoaren 
 bestaldean ahots batek bertan lan egiteko eskatzen 
 zion, eta euskara tartean zegoenez, onartu egin 
 zuen. Egun Hizkuntza politikarako sailburuordea 
 da.
 |  |  |  Ismael Diaz de Mendibil
 Argazkiak: egilearenak
 
  
Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02-28 / 03-07)
 |