Bitxia
da, oso, niganaino iristen diren eskutitz, mezu elektroniko eta
gainerako eskari idatzietan egiten zaizkidan galderen tipologia,
batez ere euskal kultura eta, oro har, euskal "ideia"-ren
parametroak mugatzea eskatzen zaidanean. Egia borobila da teknologia
berriek komunikazioa erraztu egin dutela eta, beraz, ondorio gisa
erruz ugaldu dira itaun, eskabide
eta irainak. Horren guztiaren
beste ondorioetako bat da, askoz handiagoak direla erantzuteko konpromisoak,
nahiz eta gehienetan -niri dagokidanez, behintzat- gogoarekin konformatu
behar duten, denentzat astirik ez dut eta.
Leiho irekia bilakatu da e-postako helbidea eta, dakigunez, etxeetako
giro osasunari ahalik eta hoberen heldu ahal izateko aireztapena
derrigorrezko ariketa bilakatzen da. Hortik, beraz, badirudi garaile
atera gintezkeela elkar komunikatzeari dagokionez, baina gauza jakina
da -Mao Tse Tung-ek aspaldi zioena- leiho irekitik mikrobioak ere
sartzen direla. Eta, gehienoi gertatuko zaien bezala, leiho ireki
hori denetariko bisita harrigarrientzako bidea bihurtu zait . Ez
nagokie, gaurkoz, Internet bidezko publizitate mezu kontrolagaitzei,
aspertzeraino eramaten gaituztenak, gure gisako internauta ezezagunek
-baina izen eta abizenekin- plazaratzen dizkiguten galdeketa jasanezinei
baizik.
Zer da euskal kultura? Nola definituko zenuke euskaldun perfektua?
Azpimarra itzazu, zure iritziz euskaldunek munduan garatu beharko
lituzketen egitarauak? Egia al da euskaldunek RH negatibo bakarrik
dutela? Ikerketa lan bat egiten ari naiz Ibarretxereri buruz; nola
kontakta nezake berarekin? Ikas al nezake euskara Sao Paulon? Euskaldunak
espainiarrak ez badira, zergatik eramaten dute espainiar pasaportea?
Zergatik ez dituzue euskaldun guztiek zuen buruak itsasora botatzen
eta bakean uzten gaituzue, betiko?
Horiek eta horien gisako beste asko dira, eguneroko maiztasunarekin
heltzen zaizkidan galderak. Eta ongi planifikatuta edukiko banu,
denei ihardestea posible litzatekeen arren -erantzun estandarizatuak
daude horretarako- gehienak "ezabatu" tekla sakatuta desagertzen
dira bistatik. Ongi eginda? Auskalo! Haietako batzuek ez dute etsitzen
eta ostera ahalegintzen dira itaun berberarekin, zure aisitartean
beraientzako toki bat edukitzera behartuta zaudela sentiarazten
dizutelarik. Beste zenbaitzuek, berriz, uhin elektronikoetako marea
bizian ezkutatzen dira eta zure isiltasunak ez dituela axolatu pentsatzen
duzu. Ez dakit zein den sentsaziorik desatsegina, haiek beren izpiritu
nekaezinarekin pizturikoa ala azkenen "ahaztura"-ren bitartez
sortutakoa. Batere zalantzarik gabe, ordea, zure isiltasunari beste
mezu iraingarriarekin ordaintzen diotenen erreakzioa da gehien mintzen
duena. Baina ahoan zapore mikatza ere uzten dute, erantzuna gustukoa
gertatu ez zaienen hitzek.

Zergatik eman behar dizkiot nik nire iritziak, ezertatik ezagutzen
ez dudan tipo bati? Bestelako planteamendua litzateke, jakina, nire
ahaleginaren ordainaz niri interesa lekidakeen zerbait jasoko banu.
Baina hori ez da inoiz gertatzen, leiho irekietatik barrena sartzea
munduko gauzarik normalen eta merkeena bilakatu baita. Beraz, hortxe
nago, zalantza artean kokatua, hurrengoan -bihar bertan, ziur aski-
nola arituko naizen galdegai.
Mezu elektronikoen erabilpena orokortu egin den heinean, komunikazioaren
itzalak hurbiltasunaren konfidantza galarazi duelakoan nago. Telefonoak
hurbildu egin zituen komunikatzaileak. Faxak berak ere errespetu
handiz zaindu zuen igortzaile eta hartzailearen arteko zubia. Mezu
elektronikoak, aldiz, hankaz gora jarri ditu begirapenaren gutxieneko
arauak. Eta gure helbidera egunero sartzen zaizkigun sudurluzeen
kopurua handitzen doa. Ondorioa, noski, ezin daiteke bestelakoa
izan: beldurrez begiratzen diegu posta kutxatilako "Norengandik"
eta "Gaia" atalei, balizko kanpoko erasoari aurre egiteko
zein nolako taktika erabiliko dugun jakin gabe.

Fenomeno bitxia dela nioen hasieran, eta ez dakit hitz egokia
jarri ote dudan, bitxikeriaz aparte zeharo harrigarria baita gertatzen
ari dena, nor ezin baita bere etxean lasai egon beti dagoelako norbait
(sei mila milioi gizakiren artean zoaz topatzera zein den!) bere
intrusismoaren bidez zugan sosegurik eza eragiteko prest dagoena.
Eta horrela gau eta egun! Internet jaio zenean askatasun eta unibertsaltasunaren
kontzeptuak erabili genituen hitzetik hortzera, deskubrimenduaren
alde onak zirelakoan. Denbora aurrera doan neurrian, ez dakit soro
zabalari ateak jartzeko unea ez ote den, nor beraren lasaitasun
eta eskubide pertsonalen izenean. Horretarako ere teknologia lagungarri
gertatuko zaigulakoan pentsatu nahi dut.
Josemari Velez de Mendizabal
|