Gizarte Zibilaren ibilbidea: Seattle-etik Bagdadera
* Traducción al español del original en euskera
Mikel Insausti Muguruza

Gizarte zibila eta mugimendu sozialak mundu-mailako antolakuntza eredu berriak erakutsi dituzte azkeneko urteetan. Idatzi honek mundu mailako gizarte zibilaren ibilbidea deskribatzen du azkeneko urteetan, eta gaur egungo momentu historikoan kokatu.

I. Mapa geopolitiko berria eta "historiaren amaiera"

Gerrate hotzaren amaiera 80. hamarkadaren bukaeran nazioarteko harremanen birmoldatze sakona ekarri zuen. Bi botere poloz osatutako mundua (Soviet Batasuna alde batetik eta Ameriketako Estatu Batuak bestetik) polo-bakarreko munduan bihurtu zen, eta horrek mundu osoan zehar botere oreka berriak eragin zituen, Kubatik hasita Europako Ekialderaino.

Era berean, aurrerakuntza teknologikoak eta kapital mugimenduen hedapen askea mundu osoan zabaldu zen -globalizazioaz ezagutzen dugun fenomenoaz-, nazioarteko harreman ekonomikoak goitik behera astinduz. Ameriketako Estatu Batuak bultzatuta, ideologia neoliberala munduko zoko guztietara iritsi zen, Nazioarteko Moneta Fondoa eta Munduko Bankuaren laguntzaz ("Washingtoneko Kontsensuko" izenez ezagutzen diren politiken bitartez).

Komunismoaren amaiera, gizarte antolakuntza sistema bezala, eta kapitalismo globalaren hedapena, "historiaren amaiera" aldarrikatzera eraman zuen Francis Fukuyama intelektual liberala. "Historiaren amaiera" aldarrikatzen zuten horientzat kapitalismoa zen antolakuntza ekonomiko eredu posible bakarra, eta demokrazia liberala sistema politiko onargai bakarra. Globalizazioaren betebeharra, une historiko honen testuinguruan, bi sistema horiek mundu osoan zehar hedatzea zela sinisten zuten.

Horrela, gerrate hotzaren amaierak elkartasunean oinarritutako nazioarteko harremanak ekarriko zuelaren itxaropena desagertzen joan zen. Kapitalismo globalaren nukleo gogorra (Ipar-Amerika, Europa eta Japon) ez zegoen prest mendeetan zehar metatutako aberastasuna eta boterea modu justuago batetan banatzeko. Errealitate honen adierazpenik garbiena 1994 urtean adostutako mundu-mailako merkatal arauak izan ziren, non herri aberatsen interesak herri pobreen beharren gainetik inposatu ziren, Munduko Merkatal Elkartea sortuz.

Baina elite globalaren bidean bi oztopo agertu ziren 90. hamarkadan zehar. Lehena kapitalismo globalaren barrutik sortu zen: krisialdi finantzarioak eta herrialde osoen porrotak sistema guztia arriskuan jartzen zuen. Lehengo krisialdia Mexikon gertatu zen 1994 urtean; gogorragoa izan zen 1997 urtean Asian sortutako krisialdia (Thailandia, Indonesia, Malasia), zeina Errusiako Federaziora eta Hego-Amerikara zabaldu zen. Gerora Turkiako krisialdi ekonomikoa etorri zen, eta azkenik 2000 urtean Argentinako krisialdiak eztanda egin zuen, Hego-Amerikako ekonomia ahulak oraindik gehiago ahulduz.

Kapitalismo globalaren bidean agertutako bigarren oztopoa mundu-mailako mugimendu protestari baten sorrera izan zen. Eredu ekonomiko neoliberalaren aurka tokian-tokiko protestak aspalditik gertatzen ziren herrialde askotan, batez ere krisialdi garaietan. Baina 90. hamarkadaren bukaeran mundu-mailako mugimendu protestari baten sorrera eman zen, ondoren ikusiko dugun bezala.

II. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendua

Mundu-mailako mugimendu protestarien sorrera Seattlen kokatu daiteke 1999 urtean, Munduko Merkatal Elkartearen aurkako protesta eta manifestaldi jendetsuak eman zirenean. Globalizazio neoliberalaren aurkako protestak hurrengo urteetan jarraitu zuten, Pragan, Washingtonen, Genovan, Nizan, Estokolmon eta beste leku askotan. Mugimendu honen sorrerak globalizazio prozesuari buruzko debate sakon bat piztu du munduko gizarte askotan, eta honek posible egin du globalizazioaren alde ilun eta argiak arrazionalki eztabaidatzea.

Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendua sortu aurretik, 90. hamarkadaren bukaeran, optimismo giro izugarria bizi zen elite globalean. Ekonomiaren hazkundeak, batez ere Internetek bultzatua, amaierarik gabeko ziklo ekonomiko espantsionista ekarriko zuela sinisten zen. Globalizazioak pobreziarekin bukatuko zuela aldarrikatzen zuten bere defendatzaileek.

Baina erretorikaz aparte, errealitatea bestelakoa zen: mundu aberats eta pobrearen arteko aldea handituz zihoan, eta pobrezian bizi zirenen bizitza-kalitatea atzera-pausu nabarmena sufritu zuen Hego-Amerikan, Asian eta Afrikan. Halere, elite ekonomikoak eta beraien bozeramaleak (Nazioarteko Moneta Fondoa, Munduko Bankua, Munduko Merkataritza Elkartea) behin eta berriro errepikatzen zuten globalizazioak guztientzako etekinak ekarriko zituela, mundu garatuan eta azpigaratuan.

Azkeneko lau urteetan globalizazioari buruzko eztabaidak aurrerapauso kualitatibo handiak eman ditu, eta orain gutxi dira aurreko hamarkadako optimismoa erakusten dutenak. Onartu egiten da jadanik globalizazioak etekinak ekarri ditzakeela, baina bere alde ilunak ez dira ezkutatzen lehen bezala, nabarmenegiak bihurtu baitira.

Globalizazio neoliberalaren kontrako mugimenduak ulertu du benetako erronka alternatiba bideragarriak hausnartzea eta aldarrikatzea dela, elkartasunean oinarritutako globalizazio eredu bat sortzeko. Horregatik 2001 urtetik aurrera mundu osoko gizarte mugimenduek Munduko Gizarte Foroa antolatu dute Porto Alegren (Brasil), "Beste Mundu Bat Posiblea da" leloarekin. Eta aipatzekoa da ere globalizazio neoliberalaren kontrako mugimendua orain "justizia globalaren aldeko herrien mugimendua" bezala ezagutzen dela.

Bestalde, adostasun osoa dago gizarte mugimenduen artean beste mundu bat eraikitzeko inperialismoa behinik eta betirako baztertu behar dela. Horregatik, aurtengo Gizarte Foroan Iraken kontrako erasoa izan da eztabaida gai nagusia. Iraken kontrako erasoa ez da bakarrik justifikatu gabeko eraso bat izango, baizik eta munduko nazioarteko harremanak hankaz gora jarriko ditu, Ameriketako Estatu Batuak gidaturiko alderdi bakarreko politika aro berri bati hasiera emanez.

III. Alderdi bakarreko politikako aro berri baterantz?

Irailaren 11ko atentatuak George W. Bush agintari amerikarrak nazioarteko harremanetan doktrina berri bat ezartzeko behar zuen aitzakia izan dira. Doktrina berri hau Ameriketako Estatu Batuen (AEB) lehentasun militarrean oinarritua dago, eta bere ardatza hurrengoa da: interes nazionalak defendatzeko munduko edozein lekutan eskua sartzeko eskubidea du AEBek, nazioarteko arauak eta Nazio Batuen aginduaren gainetik bada ere.

George W. Bush-ek dio zibilizazioa babesteko Irak suntsitu behar dela, baino errealitatea kontrakoa da: Iraken kontrako erasoak zibilizazioa suntsituko du, eta aro berri bati hasiera emango dio, non AEB munduko botere hegemonikoan bihurtuko diren. Gerratea hasiz gero, alderdi anitzeko nazioarteko politikaren amaiera izango da, nahiz eta Nazio Batuen adostasuna eduki, zeren jende guztiak daki gerrate hau ez dagoela justifikatua.

Mundu osoko gizarte zibilak daki gerratearen aurkako erresistentzia "Beste Mundu Posible Bat" eraikitzeko borrokaren parte dela. Horregatik milioika pertsona izan dira mundu osoan otsailaren 15ean kalera irten zirenak GERRARIK EZ leloarekin. Historian zehar gertatu den gerraren aurkako mobilizaziorik handiena izan da hau; eta bakean oinarritutako zibilizazio baten aldeko manifestaldirik handiena era berean. Ezinezkoa da jakitea mobilizazio hauek nolako dinamika jarraituko duten datozen hilabeteetan. Baina dudarik gabe "Justizia Globalaren Aldeko Herrien Mugimenduan" eragin handia edukiko dute.


Mikel Insausti Muguruza, Merkataritza Politikako Arduraduna
Munduko Natura Fondoa (WWF) - Brasil
Argazkiak: Mikel Insausti


Euskonews & Media 200. zbk (2003 / 02 / 21-28)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza