1992an
Eusko Jaurlaritza Musika Eskolen proiektua abian jartzeko asmoz
Euskadiko hainbat Udalekin eta Kontserbatorioekin harremanetan jarri
zenean, Autonomia Erkidegoan baziren oinarrizko irakaskuntzako kontserbatorioak,
erdi mailakoak eta goi mailakoak, ia denak udal-kontserbatorioak
ziren eta ikasle-kopuru handia biltzen zuten. Ikasle haiek 1966ko
Plana deiturikoan barne hartuta zeuden, hura baitzen 1990ean LOGSE
iritsi artean indarrean zegoen araudia.
|
 |
Gazteizko Kontserbatorioa |
Baziren horrez gain zentro pribatuak, batzuek bazuten administrazioaren
aintzatespena, eta hauek euren ikasleak aurkezten zituzten zentro
ofizialetan egiten ziren azterketa libreetara. Ikasleek ikasketa
hauekin lortzen zituzten titulazioak, beste karrera batzuekin batera
egin zitezkeenak, espezialitateetako erdi-mailako eta goi-mailako
tituluak ziren, goi-mailako ikasketa haiek unibertsitateko goi lizentziatura
baten parekoak izanik.
Jaurlaritzak musika-eskolen alde egin zuen apustu garbiak (edozein
herritarrek musikarako aukera izan zezan, bere ikasketen aintzatespen
ofiziala bilatu behar izan gabe), iraultza txiki bat ekarri zuen
irakaskuntzara. Udalek, orokorrean, formula honen alde jo zuten,
izan ere formula hau irakaskuntza arautuko kontserbatorio bat edukitzea
baino merkeagoa zenez, biztanle gehiagorentzat balio zuen. Prozesu
honen benetako protagonistak irakasleak izan ziren; 1992-1993 ikasturtean
zalantza askorekin eta planteamenduan aldaketa ugarirekin hasi baitzen,
material didaktiko gutxirekin eta irakaskuntzaren kalitatearen inguruko
kezkekin.
1966ko planeko irakaskuntzen desagerpen progresiboaren ondorioz
oinarrizko mailako irakasleek jasan zuten lehenik aldaketa hau,
izan ere euren ikasleen zati batek "zaharra" deitzen hasiak
ginen planari heldu nahirik hainbat ikasturteko azterketa egin nahi
izan zuen aldi berean, beste batzuek musika amateur gisa ikasteko
aukera oso pozik hartu zuten bitartean.
Hamarraldi honetan, 66 plana amaitu da eta Autonomia Erkidegoak
Musika Eskola mordo bat du, bai eta LOGSE planeko irakaskuntza ertainetako
hainbat zentro ere, hauen artean 66ko planean Goi Mailako Kontserbatorioak
izan zirenak: Bilbo, Gasteiz eta Donostia. Hauetako batzuk batxilergoko
eta DBHko ikastetxe batzuekin akordioak lortu dituzte, ikasleei
ikasketa hauek musika-ikasketekin batera uztartzeko aukera ematen
dietela.
Goi mailako ikasketei dagokienez, Erkidegoak badu sortu berritako
zentro bat Donostian, Musikene alegia, 2001-2002 ikasturtean LOGSEn
ezarritako musika-ikasketen goi-mailako zikloa inauguratu zuena.
Zentro honetara Erkidegoko eskola eta kontserbatorio guztietako
ikasleak iristen dira, bai eta Estatuko beste erkidegoetakoak edo
Frantziakoak ere.
Goi-mailako ikasketek irauten duten lau edo bost urteetan (espezialitateen
arabera) musikaren profesionalen prestakuntza bermatu nahi da, sektore
honetan dagoen eskaera zabala ase ahal izateko: solistak, orkestrako
musikariak, irakasleak, konpositore zuzendariak, eta abar, euskal
musikariak nazioarteko panoraman sekula baino ezagunagoak diren
une honetan.
|
 |
Bakarlaria |
Bigarren urte honetan goi mailako sarbide-probetara aurkeztu diren
euskal ikasleen maila onak zentro guztietan egiten ari den lan bikaina
erakusten du, nabarmenak baitira emaitzak. Nahiz eta titulazioari
dagokionez oraindik emaitzarik ez eman, lege berriaren lehen promozioa
2005ean aterako baita, ugariak dira ganbera-taldeak, koroak edo
maila oneko orkestrak.
Bestalde, egungo musikari (pop, rok, jazz, e.a.) dagokionez hezkuntza-sistemaren
hutsuneei aurre egiteko batetik ekimen pribatuak egin duen lanari
esker eta bestetik egoera hau, LOGSEn dagoeneko aurrikusia, normalizatuz
joan delako, MUSIKENEk eskaera horri erantzun ahal izan dio ikasturte
honetatik aurrera, Jazz espezialitatean goi mailako ikasketak eskainiz.
Honi buruz bidezko iruditzen zait gure erkidegoko irakaslegoari
onartzea urte hauetan zehar birziklatzeko egin duen ahalegina, batez
ere egungo musika eta musika tradizionalaren irakaskuntzari dagokionez.
Musika
ikasketen profesionalentzat prozesua ez da erraza ezta erosoa ere
izan, baina, hala ere, azken hamarkadaren ondoren, hau da, aldaketa
askoren ondoren, euskal biztanlegoan musika-kultura bultzatzeko
ahaleginen ondoren, eta musika ogibidetzat aukeratzen dutenak akademikoki
onartu ondoren, etorkizuna oparoa azaltzen zaigu.
Itziar Barredo, Musikeneko
ikasketa burua
Argazkiak: http://www.musikene.net
http://www.conservatoriovitoria.com/Instalaciones.html |