Legea
eta euskara bi modutara uztar daitezke: euskararen gaineko araudia
aztertuz (hizkuntza-legeak, alegia), zein euskaraz egiten den zuzenbideari
so eginez (hots, euskara juridikoa). Azken urteotan zeresan handia
eman duten ikuspegiak dira biak ere.
Lerrootan bataren eta bestearen gaineko zertzelada batzuk ematen
saiatuko gara. Agerian geratuko da nola euskararen araudiak atzerapauso
ikaragarria eman duen Nafarroan, eta, aldiz, EAEn bere bidea egiten
jarraitzen duen, hainbat gorabehera tarteko badira ere. Aldiz, azken
urteotan zehar euskaraz egin den zuzenbideak balorazio orokorra
merezi du. Administrazioak eta Unibertsitateak buru belarri ari
dira euskara arlo juridikora ekartzeko ahaleginetan.
Hizkuntzaren gaineko araudia
Hizkuntzen Europako Ituna
2001. urtean Espainiako Erresumak Hizkuntza Gutxituen Europako
Ituna (Europako Kontseiluak egina, Estrasburgen, 1992ko azaroaren
5ean) berretsi zuen (BOE 2001eko irailaren 15ekoa). Hitzarmen horren
helburua hizkuntza gutxituak babestea da, kultura-ondare izan arren
mehatxatuta daudelako (Itunaren zio azalpenak dioenez), baina ez
hiztunen eskubideak bermatzea. Itunaren arabera, Estatu kontratatzaile
bakoitzak zein hizkuntzen gaineko ardura hartzen duen adierazi behar
du berrespena egiterakoan (3.1 artikulua). Espainiak zera agindu
zuen: Estatuko Autonomia Estatutuek aintzat hartzen dituzten hizkuntza
guztiek (ofizialak eta baita ofizialtzat jo gabe ere babestu beharreko
jotzen dituztenak) merezi dutela Itunak ematen dien babesa.
Itunaren 15. artikuluak dio Estatu kontratatzaileek eraman duten
hizkuntza-politikari buruzko txostenak aurkeztu beharko dizkiotela
Europako Kontseiluko Idazkari Nagusiari aldian-aldian. Lehen txostena
aurkezteko epea bete denez (Ituna indarrean sartu eta hurrengo urtean
aurkeztu behar da), Espainiako Estatuak eta Autonomia Erkidegoetako
gobernuek (Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak horien artean)
beren informeak gertu dituzte. Horiez gain, hizkuntzaren aldeko
defentsan aritzen diren zenbait erakundek ere aurkeztu asmo du bere
informea. Horien artean aipatzekoa da Nafarroako erakunde zibilak
Erkidegoko egoera zitalaren berri zorrotza emateko egiten ari diren
ahalegina.
Txosten horiek Adituen Lantalde batek aztertuko ditu (16. artikulua).
Aipatu lantaldeak Estatu kontratatzaileari bere iritzia eskatu ahal
izango dio, eta baita emandako informazioa osa dezan eskatu. Ondoren,
Adituen Lantaldeak bere txostena tajutuko du bildutako datuak oinarri
hartuta eta Ministroen Lantaldeari aurkeztuko dio. Azken honek Estatu
kontratatzaileei gomendioak egin ahal izango dizkie beren betekizun
eta urrapenen gainean. Gomendio horiek argitara eman ahal izango
dira gainontzeko Estatu sinatzaile guztiek ezagutu ditzaten.
Aurtengo urtearen amaieran jakingo dugu, beraz, zein ohar egiten
dizkion Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari hizkutza gutxituen
gaineko babesari dagokionez.
Nafarroa
Dudarik ez dago, azken hiru urteotan bederen, Itunak jasotzen dituen
betekizun horietatik gehien aldendu den gobernua Nafarroakoa izan
dela. Kritika ugari jaso du 2001eko urtarrilean indarrean sartu
zen Nafarroako Gobernuaren abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuak
(aurreko 135/1994 Foru Dekretua desematen duenak). Dekretu berriak
eremu ez-euskaldunaren pareko egiten du, praktikan, eremu mistoa.
Horren erakusgarri aipa liteke, esate baterako, zirkuitu administratibo
elebidunak martxan jartzeko aukera desagertarazi egiten duela. Dekretuaren
zio azalpenak zera dio: aurreko araudiaren gehiegikeriak (ultra
vires direlako xedapenak) zuzentzeko eta elebiduna ez den Erkidego
batean euskararen erabilerak sortzen zituen arazoak konpontzeko
egin dela erreforma. Esanguratsua da, halaber, 1994ko Dekretuak
jasotzen zuen Hizkuntza Gutxituen Itunaren erreferentzia kendu izana.
Dekretu berriaren defendatzaileek, berriz, zera argudiatu dute,
arau horren bitartez herritar guztiei administrazio publikoaren
lanpostuetarako aukera berdinak eman nahi izan zaizkiela.
Dekretu horren garapen gisara etorri ziren gerora 2001eko urtarrilaren
8ko Akordioa, eremu mistoari buruzkoa, eta 2001eko otsailaren 5ekoa,
eremu euskaldunean enplegu deialdietarako merezimenduen barruan
hizkuntzak jakitearen gainekoa. Aipatu akordioen arabera, Nafarroako
Administrazioan sartzeko orduan, "bidezko" denean bakarrik
hartu ahal izango da kontuan euskara (aurreko Dekretuarekin 4,50
puntu ematen ziren eremu euskaldunean lanpostuetarako eta 2,25 eremu
mistorako lekualdatze lehiaketetan; orain, berriz, 2,20 eta 2,10
hurrenez hurren).
Neurri horiek auzitegietara eraman zituzten Nafarroako hainbat
erakunde, sindikatu, alderdi politiko eta entitate lokalek. Ondorioz,
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oso-osorik baliogabetu zuen
372/2000 Foru Dekretua forma akatsak direla eta, Gobernuak ezinbesteko
bi tramite ahaztu baitzituen: Nafarroako Euskararen Kontseiluaren
eta Funtzio Publikorako Zuzendaritza Nagusiaren txostenak, hain
zuzen ere. Edonola ere, Miguel Sanzen Gobernuak harro erantzun zion
epaiari, erabakia jakin eta berehala eduki berdineko Foru Dekretua
promulgatuko zuela mehatxatuz. Horretarako uztailean bertan Euskararen
Kontseilua berritzeari ekin zion. Gogora dezagun Kontseilu horretako
kide ia guztiek -Administrazioko ordezkari zirenek izan ezik- dimisioa
aurkeztu zutela 1999ko urtarrilean.
Esandakoen atzetik, beste hainbat neurri ere hartu ditu UPNko Gobernuak
joan den urtean, zein baino zein murrizkorragoak: Euskal Herriko
Inkesta Soziolinguistikotik kanpo geratzea erabaki du, euskarazko
komunikabideei diru laguntza murriztu die, Euskaltzaindiarekin Itun
berezitua egin du...
Euskal Autonomia Erkidegoa
Garai berean, Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioko hizkuntza
normalkuntzarako neurriak finkatzen dituen Dekretua onartu zuen
(117/2001 Dekretua, ekainaren 26koa). Xede nagusia Justizia Administrazioko
agente, laguntzaile eta ofizialen kidegoetako plantiletan eta auzitegietako
medikuen kidegoko lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzea zen.
Zioen azalpenean aipatzen denez, Dekretu horren eraginpean dauden
kidegoetako langileen estatutuaren berezitasunak hartu dira kontuan
araudiaren ildo eta printzipio nagusiak finkatzeko, eta beraz, euskara
jakitea ezinbesteko baldintza denean ezarriko zaie lanpostuei hizkuntza
eskakizuna, eta, merezimendua denean aldiz, araudi organikoek diotena
bete beharko da.
Edonola ere, Estatuko Abokatuak eskuduntza gatazka positiboa tarteratu
zuen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Helegilearen iritziz,
aipatu Dekretuak Estatuaren konpetentziak ukitzen ditu, eta Konstituzioaren
161.2 artikuluaren kariaz xedapen horiek etenda geratu dira Auzitegi
Konstituzionalak errekurtsoa tramitera onartu zuenetik (2001eko
abenduaren 11ko Probidentziaz).
EAEri dagokionez, ezin aipatu gabe utzi Eusko Jaurlaritzak Euskararen
Aholku Batzordea berritu duela iaz, 26 kide berri sarraraziz. Euskararen
Aholku Batzordea 1982an sortu zen Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidez,
eta azken urteotan Hizkuntza Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapenaren
jarraipena egin izan du.
Zuzenbidea euskaraz
Administrazioa
Labur bada ere, aipa dezagun Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak
justizia.net helbidea duen web orria aurkeztu zuela 2001. urtean
(www.justizia.net).
Interneteko nabigatzaileak hainbat zerbitzu etxetik bertatik erabiltzeko
aukera ematen du ele bietan: alde batetik, Euskal Herriko Justizia
Administrazioari buruzko informazio orokorra eskaintzen du (banaketa
lurraldetarra, epaiketa baten garapena, etab.), eta, bestetik, herritarrak
ordenagailuaren bidez erabili ahal izango dituen zerbitzuak (Erregistro
Zibila, enkante judizialak, testu elebidunak, etab.). Azken hauen
arten, aipagarriak dira, halaber, Herritarrentzako Informazio Zerbitzua,
Orientazio Juridiko Zerbitzua, Familiz Bitartekaritzarako Zerbitzua,
Atxilotuari Laguntza emateko Zerbitzua eta Biktimari Laguntza emateko
Zerbitzua.
Unibertsitatea
Akademiatik ere hainbat ekimen interesgarri heldu zitzaizkigun
iaz. Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Zigor Kodea euskaratu dute
elkarlanean. Argitalpenak (Zigor Kodea, Deustuko Unibertsitatea,
2001, 630 orri) euskaraz zein gazteleraz eskaintzen ditu artikuluak,
eta hiztegitxo bat ere jasotzen du.
Ildo beretik jarraitzeko asmoa agertu du Deustuko Unibertsitateak,
Eusko Jaurlaritzarekin sinatu dun hitzarmenaren ondorioz honoko
lege testuak itzultzeko konpromisoa hartu baitu: Prozedura Zibileko
Legea, Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Oinarrizko Eskubideen
Babeserako Legea.
Itzulpenez gain, azpimarratzekoak dira Unibertsitatetik datozen
bi sortze-lan mardul, Antton Elosegi Aldasoro, EHUko irakaslearen
doktore tesia euskara juridikoaren inguruko terminologia arazoak
sakon aztertzen dituena (aurki EHUko argitalpen zerbitzuak argitara
emango duena) eta baita Alberto Atxabal doktoreak Deustuko Unibertsitatean
euskaraz defendatu zuen doktore tesia, Euskal Foru Legearen gaineko
fiskalitateari buruzkoa (Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren
fiskalitatea, Bizkaiko Foru Aldundiak 2001. urtean euskaraz eta
gazteleraz argitara emana).
Eusko Ikaskuntza
Etxe honek argitara ematen duen euskarazko aldizkari juridikoak,
Eleriak, 2002. urteko uzta eskaini digu. Batetik Prozedura Zibileko
Lege berriaren eskuliburua eta bestetik hainbat gogoeta saio, azpimarratzekoa
izanik artikulu zientifiko horien kalitate eta sakontasun aldetiko
gorakada nabarmena.
Aipa dezagun, bukatu aurretik, hurrengo urterako Nafarroako Vascuencearen
Legearen hamabosgarren urteurrenaren gaineko gogoeta saioa egiteko
asmoa duela gure aldizkariak.
Itziar Alkorta Idiakez,
Zuzenbidean Doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko
Irakaslea
Argazkiak: http://www.lsg.musin.de/10euroweb/images/justizia.jpg
http://sitna.cfnavarra.es/imagenes/navarra.gif
www.justizia.net
Eleria:Eusko Ikaskuntza |