Québec,
Amerikako Ipar Ekialdean kokatzen den herria, ainitz Euskal Herritar-i
ezaguna iduritzen zaie!
Euskal arrantzaleen lehen harremanak Ipar Amerikan, Québec-en
hizkuntza nazionala den frantsesaren gora beherak, Canadako Probintzia
honek burujabetzaren lortzeko egiten dituen urratsak, etab... bi
herrien arteko harremanak estutzen dituzten ezaugarri batzu dira.
Québec-en aurkezpen labur bat egin ondoren (demografia,
historia, gaur egungo egoera, etab. aipatuz) toponimiaren laguntzarekin,
euskal aztarna haundienen ikertzen hasiko gira. Horren bidez Québec-eko
ekialdean diren zonbait eskualderen ezagutzeko parada ukanen du
irakurleak.
Québec!
Biztanleak
2001 urtean, Québec-ek 7.410.000 biztanle zituen edo Canadiar
federazioko biztanleen % 24,00-a. Biztanleriaren %80-a Saint-Laurent
ibaiaren ertzean bizi da Montréal edo Québec bezalako
hiri haundi batzuetan. Gizartearen gehiengo haundia (%80-a) frantses
hizduna da.
Québec-en diren 6 milioi "francophones"-etarik
gehienak Frantziatik XVI eta XVII mendeetan etorri diren kolonoen
ondokoak dira. Gaur egun, Québec-tarrek duten nahia da frantses
hizkuntza erabiliz bizitzea eta gizarte frantses hizduna bizi araztea
Ipar Amerikar kontinentean : Canada-ko beste 24 milioi eta Estatu
Batuetako 282 milio ingles hiz dunen artean.
Québec-eko ingles hizdunak jatorri diferenteetako etorkinen
ondokoak dira baina bereziki britainiarrak. Duela mende batzu egoera
hobeago bat amerikan xekatzen zutenak edo Estatu Batuen independentzia
gerla ostean jatorrizko aberriaren leialtasunez iparralderuntz joan
zirenak. Gaur egun 600 milatik goiti dira eta Montréal inguruetan
bizi dira. Beren hizkuntzaren bizi arazteko hezkuntza sare bat badute,
ama ikastolatik unibertsitateraino doana, osasun sare bat (erietxeak)
eta komunikazio bideak (egunkari, irrati-telebistak, etab...) osoki
inglesez ari direnak.
Tokiko Nazioak edo Amerindiarrak duela milaka urte gaur egun Québec
deitzen den herrialdean bizi dira. Lehen europarrek Saint-Laurent
bazterrak ezagutu zituztelarik eta han bizitzen hasi zirelarik ,
XVI. mendean, laster harremanak ukan zituzten Amerindiarrekin. Hala
ere, azken 20 urtetan dira Amerindiarrekilako harremanak sakondu
eta landu gizarte, kultural, ikaskuntza eta politika arloetan. Gaur
egun, Québec-ek 54 tokiko komunitate ditu eta orotara 71.400
biztanle tokiko nazioetakoak dira. Gutti gora behera 63 mila amerindiarrak
eta 8 mila inuitak (jatorriz artikoko biztanleak). Oro har, Québec-eko
biztanlegoaren %1 bakarrik dute ordezkatzen 10 nazio amerindiarrek
eta inuita nazioak. 1985 urtean, Québec-eko jaurlaritza lehena
izan da Canada osoan tokiko nazioak ofizialki ezagutu dituena. Hortik
geroztik Jaurlaritzak onartzen ditu tokiko nazioei : Québec-en
barnean autonomi eskubidea, kultur, hizkuntz eta ohiturei lotuak
diren eskubideak, Québec-tar garapen ekonomikoaren baitan
parte hartzea baita haren mozkinetaz probetxu ateratzea.
Historiaren data nagusiak
Québec egoera geografikoaren bitartez Ipar Amerikarra da,
jatorriz frantsesa, eta britaniarra bere parlamentuaren antolakuntzaz.
Hizkuntzaz frantsesa bada gero eta gehiago kosmopolita bilakazten
den herria da bereziki Montréalgo eskualdera etorri diren
etorkinei esker. Hara nola, Québec herria munduari idekia
aurkezten den gizarte anitza, modernoa eta bizia dugun.
Jadanik erran dugun bezala, lehen europarrek Québec atxeman
dutelarik Amerindiarrak bizi ziren eskualde haietan.
Hara garai hartako eta ondorengoetako data nagusienak Québec-en
historian zehar erreferentzia bilakatu direnak :
1534 : Jacques Cartier Gaspé-ko baian lurrerat da eta
Frantziako erregea den François 1er-ren izenean lurren
jabetza hartzen du.
1608 : Uztailaren 3an, Samuel de Champlain Saint-Laurent ibaiaren
iparraldeko ertzean lurreratzen da indioek Kébec (Québec)
deitzen duten gunean. Hortik dator Québec hiriaren sorrera
eta herriaren izena.
1642 : Paul de Chomedey de Maisonneuve-ek sortzen du Ville-Marie
: kolonia ttipi bat, non antolatu zituen gotorleku bat, erietxe
bat, kapera bat bai eta ere 70 pertsonarentzat egonlekua. Montréal
hiriaren sorrera da.
1759 : Québec hiria armada britaniarrak menperatzen du.
1760: Montréal hiria britaniar soldaduen esku erortzen
da.
1763 : Pariseko Itunaren bidez, Frantziako erregeak uzten du
Britaniar Erresumari Canada eta haren "dependentzia"
guzien jabetza.
1774 : Québec-eko itunak Canadiar Frantsesei onartzen
die frantses eskubide zibilaren erabiltzea eta erlijioaren hautu
librea.
1791: "Acte Constitutionnel"-aren ondorioz Canada
herria bitan zatitua da : Canada Garaia (gehiengo ingles duna)
eta Canada Behera (gehiengo frantses duna, Québec). Horren
bidez Canadiar frantsesek (edo Québec-tarrek) beren Parlamentua
eta ordezkaritza mota bat lortzen dute.
1840 : Canada Garaia eta Behera batuak dira.
1867 : Britaniar Ipar Amerikaren Itunaren Aldarrikapena : Canadako
probintzien federazioa sortzen da (Ontario, Québec, Nouvelle-Écosse
eta Nouveau-Brunswick-ek osatzen dute).
1960 : Québec-eko "Iraultza lasaiaren" hasiera.
Gizartearen eta ekonomiaren modernizazio biziaren hasiera.
1976 : Lehen aldikotz, Parti Québécois-k, subiranotasunaren
alde den alderdiak, Québec-eko parlamentuan poderea hartzen
du.
1980 : Erreferendum baten karietara, Québec-eko biztanlegoak
Parti Québécois-ri gobernu federalarekin "subiranotasun-elkartasun"-akordioaren
negoziatzeko mandatua ez dio eskaintzen.
1995 : %1,16 diferentziarekin, errefendumaren emaitzak Status
Quo konstituzionala atxiki du.
Québec-eko Nazio-Biltzarra
Nazio-Biltzarrak, Québec-eko Legeak egiteko boterea du.
125 diputatuz osatua den Parlamentua da. Diputatu bakotxa boto
unibertsalezko hautapenei esker hautatua da.
1791an sortu da Québec-eko Parlamentua eta munduko zaharrentarikoa
da Britainiarraz aparte. Doi doietarik Estatu Batuetakoa baino
gazteago da eta Frantziako Legegintzako Ganberako garaikidea
da.
Québec, Canadiar federazioko 10 kideetariko bat da. Hala
ere, gaur egun duen gobernuak, Québec-en sobiranotasuna
du helburu, Canada-ko beste probintziekin elkarkidegoa nahi
badu atxiki ere.
1867an, Canada sortu duen Itun Konstituziogileak, Parlamentu
Federalari eskumen bereziak emaiten dizkio (kanpo harremanetan,
defentsan, dirua jotzeko, etab.) eta Québec-eko Legegintza
Ganberari beste batzu (osasuna, hezkuntza, baliabide naturalak,
justizia, hirien antolakuntza, eskubide zibilak, etab.).
Zonbait erreferentzia Québec-eko ekonomiari buruz
- Québec, Canada-ko bigarren probintzia da jendetza eta
ekonomia ikuspunduetatik.
- Mundu osoan teknologia mailan aurreratuak diren herrialde
industrializatuetako partaidea da.
- Ondorengo arloetan nazioarteko garrantzia du Québec-ek
: aeronautika eta espazioari lotuak direnetan, botika ikerketa
eta produkzioan, informazio eta telekomunikazio teknologietan,
hidroelektrizitate eta metalgintzan.
Québec-eko leku izen euskaldunak!
Toponimiari esker asko ikasten ahal da Québec-eko biztanleen
eta lurraren arteko harremanei buruz. Hara nola, argi ikusten da
Québec-eko toponimiak hiru iturri nagusi dituela: tokiko
nazioak, frantsesak eta inglesak.
Tokiko nazioen leku izenak Québec-tar kulturaren parte dira
eta garrantzia haundia dute. 1993an bururatu zen kondaketan izen
horiek Québec-eko leku izenen %9,6 ordezkatzen zuten. Europearrak
etorri aintzin gaur egun Québec izena duen herrira, Amerindiarrek
eta Inuitek milaka izen sortu eta erabili zituzten usu joaten ziren
guneentzat. Adibide batzu bezala emaiten ahal dira ondorengo mapan
errexki atxemaiten ahal diren hiri izenak: Québec, Rimouski,
Matane, Chisasibi, Kuujjuaq, Kangirsuk, etab...
Leku izen frantsesak, 80.000 dira eta toki izenen %72 ordezkatzen
dute. Lehen izenak XVI garren mendean finkatu ziren aurkitzaile,
exploratzaile eta arrantzaleen etorrerarekin. XVII garren mendeko
kolonizatzaile, agintari zibil edo erlijiosoek bai eta ere jaunek,
garrantzia haundia ukan zuten frantses izenen azkartzean.
Azkenik, XVIII garren mendearen bukaeran dira leku izen inglesak
agertzen. Gaur egun toki izenen %11,8 ordezkatzen dute.
 |
QC-koa: interactif
+ argazkia hitz bakotxaren atxemaiteko!
Iturria: Ressources naturelles Canada-Natural Resources Canada |
Azpimarratzekoa da Québec-eko toponimiari buruz diren ikerketetan
beti aipatzen dela toki izen euskaldunen garrantzia Québec-en.
XVI. garren mendean, batez ere, euskaldunek, dokumentoetan españolak
izendatuak zirenak, Saint-Laurent golkoa eta ibaia kurritu zituzten.
Toponimiak berak argiki erakusten du balea eta bakailao arrantzaleen
presentzia inguru horietan. Orain arte ehun bat toki izen euskaldunei
lotuak direnak kondatuak izan dira. Adibideetan emaiten ahal dira
Gaspesie-ako hiria den "Barachois", Trois-Pistoles
hiriaren parean den "Île aux Basques" (euskaldunen
ugartea), Sept Îles-eko baian diren "Île Grande
Basque" eta "Île Petite Basque" ugarteak, Escoumins-en
ondoan den "l'anse aux Basques", Charlevoix eskualdean
diren "lac du Basque" eta "l'anse du Chafaud
aux Basques". Horiei gehitzen ahal dira gune izen berezi
batzu : Orignac, Orignaux, euskal hitza den orein-etik etortzen
direnak. Gainera, ikertzaile zonbaitzuk, L. Michelena-k 1961an egin
komentarioak ere erabiltzen dituzte Gaspé izena (ikus mapa)
euskal hitza den gerizpe/kerizpe-tik etortzen dela aipatzeko.
Ondorengo lerroetan, bizpahiru izen, Euskal Herriari lotuak
direnak, aurkeztuak izanen dira.
Heietarik lehena, Barachois hiriaren izena da. Izen hori,
jatorriz euskalduna, Saint-Laurent golkoaren ertzetan diren ur gatzituzko
gune ttipien izendatzeko erabilia da. Hasiera batean euskal arrantzaleek
esaera hori erabiltzen zuten urmael baten aurrean zen legarrezko
mugaren izendatzeko. Gune horri zituzten arrantzako itsasontziak
lotzen. Gero hitz hori urmaela bera izendatzeko erabilia izan da.
Gaur egun Québec-eko kostaldean den Gaspésie eskualdeko
hiria da Barachois. Bost ehun bat biztanle ditu eta mapan agertzen
den Gaspé hiritik hegoalderuntz joanez 70 bat kilometrotan
da.
Bestalde, mapak erakusten duen Sept-Îles hiriaren baian ugarte
multxo bat bada. Egia erran hiriaren izenak dion bezala, zazpi ugarteko
arkipelagoa da. Hiritik hurbilena "Île Grande Basque"
da. Zazpi ugarteetarik bakarra da akapandak egiteko lekuak dituena.
Horrez gain, ibiltzeko xenderak trumilka ditu: orotara 12 kilometro
luze. Batzu, marea behera delarik arkaitzetarik ondar xeheko ondartzetara
joaiten dira eta beste batzu ugartean den oihanaren erdian pasatzen.
Ugarte hortan fauna, landaredia eta geologia ezagutzeko eta ulertzeko
ekintzak antolatuak dira. Gainera, "Île Grande Basque"-en,
xantza pixka batekin , baleiak eta itsas otsoak ikusteko parada
ukaiten ahal da!
Azkenik, Trois-Pistoles hiriaren inguruan den Région
des Basques dugu Euskal Herriak eta Québec-ek ukan dituzten
harreman historikoen ezaugarri nagusi bat. Eskualde horrek 11 hiri
biltzen ditu eta 10 mila bat biztanle. Trois-Pistoles hirian da
ondorengo artikulu batean aurkeztuko dugun Parc de l'Aventure
Basque en Amérique museo eta ikerketa zentroa. Era berean,
hiri horren parean aurkitzen da l'"Île aux Basques"
famatua bere euskaldun labeekin !
Testo honen bidez Québec herriaren aurkezpen orokorra egina
izan da. Azken partean euskal izenen garrantzia erakutsia izan da
irakurle Euskal Herritarrari zonbait erreferentzia konkretu aurkezteko.
Datorren aurkezpenak xehetasun gehiago ekarriko ditu Région
des Basques eskualdeari buruz. Halabaina eskualde horrek ditu gaur
egun Euskal Herriarekin harreman haundiak : asko turista, ikertzaile,
dantza eta musika talde Euskal Herritik Région des Basques
eta Trois-Pistoles-era etortzen dira. Ea ba datorren artikuluari
esker zuek ere hemen gaindi agertzen zirezten?
Xabier Harluxet
|