Ez da batere erraza José Allenderen agendan tartetxo
bat aurkitzea, izan ere unibertsitatean (EHUko katedraduna da eta
Sarrikoko fakultatean eskolak ematen ditu) eta hainbat lekutan zuzentzen
dituen master eta doktoradutzen artean ematen baitu eguna. Azpeitian
zuzentzen ari den ikastaro horietako bat, hain zuzen ere, Agenda
21 lokalen ingurukoa da, hiriak jasangarri bilakatzeko jarraitu
beharreko pausoei buruzkoa, Allendek oso gustukoak dituen gaiak
biak, baina errealitatean oraindik behar bezala aplikatzen ez direnak.
Horiei buruz mintzatu gara berarekin fakultatean duen bulegoan.
- Zer adierazi
nahi da hiri bat jasangarria dela esaten denean?
Hiri bat jasangarria dela esaten da garapen jasangarriaren irizpideen
arabera funtzionatzen eta garatzen ari denean; jasangarritasunaren
filosofia berriaren ezaugarri guztiak betetzen dituenean. Eta hiri
bat jasangarria izaten hasiko da bere hazkundea aztertzen hasten
denean, hazkundeari muga batzuk ipini behar zaizkiolako. Euskal
Herrian bereziki, lurra oso baliabide mugatua da, gero eta urriagoa.
Hiri bat jasangarria izango da hurrengo belaunaldientzat atsegina,
arduratsua, sozialki justua, ingurumenaren aldetik erakargarria,
ekonomikoki bideragarria eta kulturalki estimulagarria baldin bada.
- Zein irizpide
erabiltzen dira hiri bat jasangarria den ala ez erabakitzeko? Zein
parametrotan oinarritzen da?
Hiri bakoitzak ad hoc irizpideak erabiltzen ditu jasangarritasunaren
kontuetan; hau da, bere ezaugarrien arabera finkaturikoak, eta irizpide
horiek kontuan hartzen dituzte bai ingurumena (kutsadura, garraio
eta komunikazio sistemak, berdeguneak, hondakinak, etab.), bai ekonomia
(bizi maila, oinarri ekonomiko mota, egitura ekonomikoaren aniztasun
edo zurruntasuna, etab.), eta bai alderdi sozio-kulturalak (gizarte
bazterketa, indarkeria, banaketen ekitatea, dimentsio kulturalarekiko
errespetua eta bere sustapena, etab.).

- Zer egitea dagokie
administrazio lokalei garapen jasangarriaren eredurantz joateko?
Hobetu al daiteke bide hori, eta nola?
Administrazio lokalek ahalegin berezia egin beharko lukete hazkunde
eta garapenaren kontzepzioak aldatzeko, eta garapen berri hori diseinatu
eta kontrolatzeko jendea informatu eta kontzientziatu beharko lukete,
eta beren parte-hartzea bultzatu.
Jasangarritasuna lortzeko aurrera egiteko modu bat izango litzateke
ahalik eta azkarren, eta modu garden batean, Agenda 21 lokalak landu,
inplementatu eta ekintza plan bat martxan jartzea. Horretarako,
alde batetik benetako borondate politikoa beharko da, eta bestetik
Agenda 21etan zehaztutako estrategia, irizpide eta helburuak plan
eta programa lokaletan txertatu beharko dira (hiri antolamenduko
plan orokorrak, arau subsidiarioak, ordenantzak, plan lurraldetarrak,
etab.). Era berean, gizarte zibileko agente sozialek kontrola, gardentasuna
eta gizartearen parte-hartzea bultzatu beharko lukete. Labur esanda,
nire ustez demokraziak parte-hartzaileagoa izan beharko luke.
- Nola hartu beharko
lukete parte hiritarrek? Kontzientziatuta al gaude?
Hiritarrek askoz ere modu aktiboagoan hartu behar dute parte garapen
berri hau diseinatu, kontrolatu eta sustatzeko lanetan, ardura handiagoarekin.
Baina ez administrazioan dauden politikariak, eta ezta hiritarrak
ere, ez daude garapen jasangarriak dakartzan erronkei aurre egiteko
prestatuta. Nire iritzian, Agenda 21eko prozesuak epe laburrean
ahalegin berezia egin beharko luke politikari eta hiritarrei informazioa
helarazten eta kontzientziazioa bultzatzen. Dena den, horrek lan
handiak ekarriko ditu, eta ez gara konturatzen zenbatekoak.
-
Zertan datzate Agenda 21 lokal horiek?
Agenda 21 lokalak, Nazio Batuen Erakundeak 1992an Río de
Janeiron Ingurumen eta Garapenari buruz antolatutako goi bileran
sortu ziren tresna batzuk dira. Agenda hauen helburua jendea maila
lokalean hezi eta kontzientziatzea da, eta garapen jasangarrirako
ekintza planak abian jartzea. Agenda 21 lokaletan, prozesuak "behetik
gora" joaten dira, eta funtsezkoa da gizarte zibilak gure erkidegoetako
ereduak (lurraldearena, ekonomiarena, gizartearena eta kulturarena)
diseinatu eta kontrolatzen parte hartzea. Horregatik, oztopo politiko
asko jartzen dira Agenda hauek inplantatzeko orduan.
- Zer falta da
gure hirietako plangintza lokaletan?
Gure hirietako plangintzak ez dauka inolako zerikusirik garapen
jasangarriaren kontzepzio berriarekin. Hemen, merkatuko irizpide
lehiakorrak dira agintzen jarraitzen dutenak, eta horren aurrean
ekonomia ekologizatzen saiatu behar dugu, eta garapena lurraldetartzen.
Horregatik, Agenda 21 lokalek lege indarra izan beharko lukete,
irudi hutsa izan beharrean. Hazkunde eta aurrerapenaren kontzeptu
tradizionalak lehenbailehen birdefinitu beharko genituzke. Esparru
politikoan, lehenengo pauso modura, nire ustez lehenik eta behin
hirien plangintza orokorrak berrikusi beharko lirateke, eta hiri
horietako Agenda 21etan aurreikusitako irizpide, estrategia eta
helburu guztiak lurralde planetan (hirigintza planetan, eskualdekoetan
eta erregionaletan) integratu.
Orain arte, hiri eta eskualdeetako plangintzek ez diote inolako
kasurik egin garapen jasangarriaren mezu-filosofia berriari. Bada
garaia demagogia utzi eta ekintzetara pasatzeko.
- Zein egoera
dago Europa mailan? Zein hiri azpimarratuko zenuke eredu jasangarria
lortzeko ahaleginetan duten inplikazio mailagatik? Ba al dugu haien
parean gaudela esaterik?
Pirinioetatik gora, Europako egoera, nahiz eta oraindik prekario
samarra izan, hemengoa baino askoz ere hobea da, aurreratuago daudelako.
Euskal Herrian oso denbora gutxi daramagu honekin, eta beraz ezingo
nuke kasu eredugarririk aipatu, baina Estatu mailan, aldiz, Balearretako
Autonomia Erkidegoko kasu bat azpimarratuko nuke, Calviakoa. Eta
Europa mailan, beharbada herrialde eskandinaviarren esperientzia.

- Zein norabide
jarraitzen ari gara?
Oso gaizki gabiltza, zuzen-zuzenean zulo beltzera goaz. Maurice
Strong, Konferentziako idazkari nagusiak Río de Janeiroko
92ko goi bileran esan bezala, behar-beharrezkoa da nazioek, enpresek
eta gizabanakoek beren jarrerak lehenbailehen aldatzea. Gainera,
1972ko Estokolmoko Goi Bileran hasi ziren sistema neoliberal honetan
dauzkagun lurraldearen garapenean eta ekoizpen zein kontsumo arduragabean
aldaketa sakonak egiteko premiaz hitz egiten. Ezin dugu denborarik
galdu. Horrez gain, ikuspegi globaletik begiratuta, ezinezkoa da
ingurumenaren aldetik mundua bakarra izatea eta alderdi ekonomiko
eta sozialean bi edo hiru, eta gero eta ezberdinagoak gainera.
José
Allende
José Allende Landa Hiri eta Erregio
Plangintzetan (Ekonomia aplikatuan) Katedraduna
da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Master of Science (Planning Studies) London School
of Economics and Political Science (Londresko
Unibertsitatea) eta Master of Arts (Urban and
Regional Planning) University of Pennsylvania
(EEBB) Masterrak egin zituen.
Hainbat liburu idatzi ditu honako gai hauen inguruan:
Politika Energetikoa eta Energia Nuklearra; Area
Metropolitarren Plangintza; Ekologia eta Lurraldea;
Ingurumena eta Jasangarritasuna.
Artikulu ugari kaleratu ditu, besteak beste, honako
aldizkariotan: Información Comercial Española;
Ciudad y Territorio; Estudios Territoriales; Economía
y Sociedad; CEUMT; Mientras Tanto; Derecho Urbanístico;
Revista de Estudios Regionales; Alfoz; Revista
Vasca de Administración Pública;
Ecología Política, etab.
Gaur egun honako gai hauen inguruan ari da bere
ikerketak gauzatzen: Ingurumenaren Lurralde Antolaketa;
Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazioa; Garapen
Jasangarria eta Jasangarritasun Irizpideak; Hiri
eta Eskualde Jasangarriak; Lokaltasuna globalizazioaren
aurrean; Hondakin Industrialak; Ingurumen Politika.
Orain dela gutxi argitaratu duen azken liburuak
Medio Ambiente, Ordenación del Territorio
y Sostenibilidad du izena. Ekonomia eta Enpresa
saila, 6. zkia. Euskal Herriko Unibertsitateko
Argitalpen Zerbitzua, 2001.
|
|
|
Estibalitz Ezkerra
Argazkiak: Egilearenak
-
Euskonews & Media 197. zbk (2003 / 01-31 / 02-7) |