G
azteak osasun metalarekin lotzea zentzuzkoa iruditu ahal zaigu,
gazte izate bera bizitza, indarra, osasun bikaina, energia eta horrelako
bizipenekin ikusten dugulako. Eta orduan ze arazo dago ba?, esango
du norbaitek. Eman diezaiogun buelta izenburuari eta "osasun
mentalaren gabeziaz" hitz egin dezagun. Ematen al da ba gazteengan
gabezia hau? Baiezkoan nago eta uste dugun baino maila handiagoan.
Baina pentsatu dezagun momentu batez osasun mentalaren inguruan.
Osasun mentala entzun, eta zer irudikatzen dugu? "Ongi"
egotea, sentitzea? Eta zer da "ongi" hori? Ondo, ase,
beteta sentitzea? Edo beste modu batetara esanda min gabe, sufrimendu
gabe? Mina "fisikoa" bada, erreza zaigu daukagun edo ez
konturatzea -nahiz eta min fisikoaren zati handi bat subjektiboa
izan-, baina sufrimendua psikologikoa denean?
Ikuspuntu ugaritatik begiratu ahal dugu errealitate hau eta ulertzeko
modu ezberdinak ondorio ezberdinetara eramango gaituzte. "Usteak"
alde batera utziz gero zientziak egin duen ekarpenari erreparatuko
diot. Ikuspuntu patologikotik osasun mentalaren neurketa patologiaren
gabeziaren arabera egiten da. Honek ez al nahi du esan patologia
ez dutenek osasun mental egokia dutela? Non dago beraz muga? Osasun
mentalari buruz egin diren ikerketa gehienek irizpide hau hartzen
dute kontutan. Gazteen osasun mentala nolakoa den galderari erantzuna
eman nahi izan diote, ematen den patologia posiblea irizpidetzat
hartuz. Emaitzek agertzen dutenaren arabera %15 eta %30 bitartekoa
litzateke patologikoa gazteen kasuan. Euskadin egin izan diren ikerketek
ere tarte horretan zehazten dute ematen den prebalentzia. Baina
eta gainontzeko gazteen egoera (%70-85 bitartekoak) zein da? "Gaixorik"
ez daudenez osasun mental egokia al dute? Ba, nire tesirako egin
nuen osasun mentala eta ikasleei buruzko ikerketaren arabera, gainontzeko
gazteengan guztiengan ongizatea ez zela ematen ikusi nuen. Ikerketa
hura orokortu ezin badaiteke ere, hainbat argibide ematen zituen.
Noski, nik ere patologia posiblea kontutan hartu nuen, baina osasun
mentala modu zabalagoan irudikatzen dudanez, beste hainbat esparru
izan nituen kontutan. Adibidez, osasunarekin zerikusia daukaten
hainbat bizitza ohitura deitu nienak, alkohola eta beste hainbat
droga kasu, bizitza kalitatea eta honen barruan euskarri sozialak,
ongizate maila, estresa, e.a. Emaitzek erakutsi zidaten batez ere
gazteek hainbat estres sintoma zituztela, nahiz eta beraien ustez
bizitza kalitate altua dutela esan. Hau ikusita, eta estresaren
aldagaia kontutan hartuta, osasun mentalaren balorazioa egiterako
orduan, %50ak estres sintomak zituztenez, gazteen erdiak osasun
mental desegokia zutela adierazi nuen. Ez dago esan beharrik, eta
etorkizunean argiago ikusiko dugu, estresa osasun mentalaren gabeziarekin
estuki lotuta doala.
Nire ikuspuntutik osasun metala ez da bakarrik patologiaren gabezia.
Ondorio honetara iristean norberari galdera asko etortzen zaizkio
burura. Zerbait gaizki egiten ari garela ematen du. Suposa daiteke
gure gizarte ereduaren helburuetariko bat, eta nagusia izan beharko
litzatekeena nire ustez, pertsonaren gaitasun guztien garapena eta
bere ongizatea bermatzea direla (eta hau talde baten barruan ematen
da beti ere). Ongizate materialean ez dirudi gaizki gabiltzanik,
orokorrean esanda, hau baita erabiltzen den eslogana, hots, ongizatearen
gizartean bizi garela. Oso garbi dago "gaixotasuna" ongizate
ezarekin lotzen dugula, baina ongizate mentala askoz labainkorragoa
denez ez diogu kasu gehiegirik egiten. Halere bizi, jasan, sufrimendu
subjektibo hori pertsona askok bizi dute. Horren eraginak ez dira
argi ikusten, oso zehatz begiratu behar da, baina hor dago, gure
egunerokoan txertatua. Batzuk, nire esperientzi psikoterapeutikoan
ikusi izan dudanez, laguntza eskatzen dute. "Gaixorik"
al daude? Ez noski, ez dute patologia bat, baina ez dira beteta
sentitzen, edota gatazkan daude beraien barnearekin edo beste pertsona
batzuekin, eta ez da kapritxoz. Gure gizarte ereduak badu eraginik
beraien bizitzetan. Badakit gatazka bizitza beraren baitan dagoela,
baina gatazkak badu bere alde sortzailea, positiboa eta badu bere
alde negatiboa. Eta oso argi daukat alde negatibo horrek ez duela
inola ere ez osasun mentala dagoenik adierazten.
Gazteei dagokionez, gizartea eraikitzen ari garen bide honetatik,
ongizate mentala mantentzea gero eta zailagoa izango zaigulakoan
nago (begira ditzagun mundu mailan gazteen heriotza tasa handiena
eragiten duten gertaerak eta norberaren buruaz beste egitea puntan
ikusiko dugu), eta ez nago soilik gorputzean adierazpena duten kasu
gehiago azalduko direla esaten, estresaren eraginez sortzen diren
geroago eta kasu gehiago ere azalduko direla. Daramagun abiada honetan,
bada garaia frenoa jarri eta non gauden eta nora goazen jakiteko,
bada garaia pertsonarentzat zer den garrantzitsua eta zer den osasuntsua
erabakitzeko, bada garaia pertsona bere osotasunean hartzeko, bada
garaia denon osasun mentala jorratzeko, lantzeko. Eman diezaiogun
aukera bat geure buruei.
Alexander Barandiaran,
Mondragon Unibertsitateko irakaslea |