Juan Carlos Eguillor, marrazkilaria
"Erretiratuei gustatzen zaie Bilbo gaur egun nola dagoen, baina niri ez"
* Traducción al español del original en euskera
Ismael Diaz de Mendibil

Ercilla hotelean elkartzekotan gelditu ginen, Bilboren bihotzean; leku aparta gero hirian gertatu diren aldaketak gertu-gertutik behatzeko. Lehen industriala bazen ere, gaur egun enpresa eta aisialdirako zerbitzuen kokalekua dela esan dezakegu. Puntual iritsi zaigu gure gaurko protagonista hitzordura. Gauza askori buruz hitz egin dugu: bere egitasmoez, bere iragan eroaz, "Euskadi Sioux"-az, bere marrazkiez, bere irudiez, bere umore bikain apartaz eta abar. Eta, hori guztia, bere inspirazio iturri den Bilbori begira zegoen bitartean. Baina ez gaur egungo Bilbori, baizik eta denboran hurbil egon arren jende askok ahaztua duen Bilbo industrial hari, "Bilboko marrazkilariak" hain gogoan daukan hari.

- Nor da Juan Carlos Eguillor?
Bai galdera zaila. Nor naizen? Beste edozeren gainetik, marrazkilari bat naiz, Donostian jaio zen marrazkilari bilbotar bat.

- Kazetaritza ikasi zenuen arren, nahiago izan zenuen arkatzari heldu.
Marrazkiak egiten hasi nintzen. Eta egia esan zorte handia izan nuen, aldizkaririk onenetarako marrazten hasi nintzelako: "Triunfo" aldizkarian ¾guztietan progresistena¾, "Correo Español"-en, eta abar. Ez zidaten gehiegi ordaintzen, baina ikaragarrizko independentzia sentitzen nuen.

- Zein garrantzi ematen diozu umoreari zure marrazkietan?
Nola esango nizuke... Umoreak gero eta leku txikiagoa dauka nire marrazkietan. Pozik berreskuratuko nuke garai batean neukan naturaltasuna. Baina adibide bat ipiniko dizut, umorea orain eta hemen egiteak zer suposatzen duen ikusteko. Ziur aski jende askok gogoratuko du "Euskadi Sioux" aldizkaria. 1979an sortu zen, oso une historiko, politiko, kultural eta sozial garrantzitsuan. Herrialde berri bat sortzearekin amesten genuen, eta horrek poz handia ematen zigun. Energiaz beteta geunden. Aldizkari horretan Bernardo Atxaga, Ivan Zulueta edo Ameztoy bezalako jendeak hartzen zuen parte. Orduko moderno edo progre guztiak hantxe biltzen ginen. Duela urte bat eta erdi, ekimen horri buruzko erakusketa bat egin genuenean, batzuek galdetu zidaten ea zergatik ez genuen "Euskadi Sioux" berreskuratzen. Eta buelta batzuk eman nizkion proposamen horri, baina konturatu nintzen ezinezkoa izango litzatekeela orain horrelako zerbait egitea. Ez genuke inolako erantzunik jasoko gizartearen aldetik. Ez genuke irakurlerik izango. Oraingo jendeak ez luke barrerik egingo 79an barrea eragiten ziguten gauzekin: Karrakaren ikuskizunak, La Otxoa...

- Zure ustez, egin al daiteke txisterik Euskadik bizi duen errealitate serio eta kezkagarriaren inguruan?
Nik baietz uste dut. Umoreak gauzak desdramatizatzeko ere balio du. Gai guztiak dira umorez zipriztintzeko modukoak. Egoera latza eta gogorra izanagatik ere, beti eduki behar da itxaropen apur bat. Dena den, Euskadin etengabeko agonian bizi garela dirudi.

- Nolakoa dugu herrialde hau: tamalez konplikatuegia ala zorionez oso plurala?
Zeinen ederra izango litzatekeen hain konplikatua ez balitz! Kontua da hemen edertasuna eta dramatikotasuna erabat nahastuta daudela. Trantsizio garaian jendeak beste modu batera hartzen zuen politika, festa kutsu batekin, baina gaur egun erritualarekin, manifestazioekin eta hilobiratzeekin dago lotuta. Lehen espiritu libreagoa geneukan. Hemendik gutxira, Bilbo utzi eta Madrilera itzuliko naiz. Errealitate birtualeko lanak berreskuratzea gustatuko litzaidake. Nahiago dut hango errealitate birtualean aritu, hemengo errealitatean aritu baino. Ni iraganean kateatuta gelditu naiz, Bilbo industrialean, tximiniez beteta zegoen Bilbo hartan. Hiri gogor eta dramatikoa zen, baina ederra hala ere.

- "Euskadi Sioux"-en kasua aipatu diguzu. Freska dezagun gehixeago zure iragana.
Euskadiko Ezkerraren inguruko mugimendu bat zen. Ez genuen serioegi hartu nahi gainera zetorkiguna. Nik beti esaten dut "Abertzaleak ginenean" izeneko liburu bat idatzi behar genuela, ez ginelako batere patriotikoak. Lehen esan dudan bezala, politikak festa kutsua zeukan. Kanpotik etortzen zen jendea harrituta gelditzen zen gure bizitasunaren aurrean. Txarrena da orain ez dagoela orduko naturaltasuna eta ekimenerako gogoa berreskuratzeko inolako aukerarik. Gaur egungo gizarteak ezingo luke horrelako probokaziorik jasan.

- Zure iritzian, barrerik egin behar al da politikoez?
Bai horixe. Txikitu egin behar ditugu, beraiek gu txikitzen gaituzten bezala. Erasoaren erretorika erabiltzen dute. Egunetik egunera gero eta gehiago ari dira gizartetik aldentzen. Ez dakit musean edo xakean jolasteko estrategiak diren, baina ikaragarriak dira. Gainera, hemen debate politikoak gauza asko estaltzen ditu, oso garrantzitsuak diren gauza asko, eta horrelako politikaren aurrean euskal gizartea nekatu egiten da.

- Oso ideologia desberdineko lagunak dituzu?
Bai, pentsaera guztietako lagunak dauzkat. Batzuk gutxiagotan ikusten ditut, baina. Hala ere, aitortu beharra daukat egoera gero eta konplexuagoa dela. Nire lagun asko mehatxatuta daude eta bizkarzainekin ibili behar izaten dute, baina hala ere askatasunez hitz egiten dugu. Dena den, batzuk beldur dira, eta nazkatuta daude, ez dutelako ezer ulertzen. Ni, alde horretatik, zorionez ez nago mugatuta. Oso gogorra da lagunen artean zenbait gauza isilpean gorde behar izatea. Besteengatik gelditzen zara isilik, ez zuregatik, baina argi dago onena hitz egitea dela.

- Marrazkilaria, aitzindaria Euskal Herri mailan multimedia artearen munduan, haurrentzako ilustratzailea... Pixka bat denetarik egin duzu.
Gezurra dirudi, baina helduentzako istorioak eta haurrentzako ipuinak ez dira hain gauza desberdinak. Asko gustatzen zait haurrekin aritzea, beren erreakzioak ikustea, nola interpretatzen duten jakitea... Haurrak oso espontaneoak dira.

- Karikaturak egiteko duzun zaletasuna, aldiz, ez da hain ezaguna.
Ez da ondoen doakidan arloa. Ahaleginak eginez gero, norbaiten antza duen marrazkiren bat egingo dut, baina ez naiz karikaturagile ona. Hobeto harrapatzen dut pertsonek esaten dutena, egiten dutena baino. Umore arruntean iaioagoa naiz. Txisterik onenak, norbaiti entzun diodan esaldiren batean oinarrituz egin ditudanak dira. Txistosoa baino gehiago, ironikoa eta maltzurra naizela esango nuke.

- Apur bat daramagu zuri buruz hizketan, baina oraindik ez dizut galdetu nongoa zaren.
Lehengo larunbatean Donostian izan nintzen. Noizean behin joaten naiz haruntza, ezagun asko dauzkat-eta... baina inolaz ere ez nintzateke han bizitzen geldituko. Nahiago dut Bilbo. Batez ere, lehenagoko Bilbo.

- Ez al zaizu gaur egungoa gustatzen?
Ez. Erretiratuei bai, baina oraingoz behintzat ez daukat erretiratzeko asmorik. Nik, marrazkien bidez, idealizatu egiten dut Bilbo. Oraingo Bilbok aspertu egiten nau; askotan Gran Víako eskaparateak ikusten amaitzen dut. Suposatzen dut adinak ere izango duela zerikusirik. Lehenagoko Bilbo estimulagarriagoa zen. Oraingo hiria gero eta harroagoa da. Jendeak bizi kalitateari buruz bakarrik hitz egiten du... Lehen ez zen izango ez hain garbia eta ez hain txukuna, baina askoz ere dibertigarriagoa zen. Badakit nostalgiko bat naizela, baina hiri kaotikoek askoz ere bizitasun handiagoa daukate. Estatu Batuetan lau hilabetez autobus batean bidaiatzen aritu nintzen, eta Californiatik itzuli nintzenean konturatu nintzen zerbaiten falta somatzen nuela. Eta ba al dakizu zer zen? New York-eko txoko guztietan ikusten den zaborra. Zaborra bizitasuna da, gizatasuna...

- Eta nolakoa da zure Bilbo ideala?
Dena posible den hiri bat, izugarrikeria eta edertasuna bil ditzakeena. Unibertso guztia bil dezakeena. Politikariak eszeptiko agertzen dira, baina niri beti sortzen zaizkit Bilbo garatzeko ideiak, azkenean paper hutsean gelditzen badira ere. Esate baterako, Alhóndigan liburuen fabrika bat zabalduko nuke, tximinietatik letrak ateratzen direla. Museo birtual bat sortuko nuke, teknologiak beste edonon baino lehen liburutegietan egon behar duelako. Nire egitasmo asko erokeria hutsak izan dira, gauzaezinak, baina bizirik jarraitzen lagundu didate. Nahiago dut Kaiman Irletan hil, zaharren egoitza batean baino.

- Eta zer pentsatzen duzu Guggenheimi buruz? Hori ere desastre bat al da Bilborentzat?
Ez, hori oso arrakastatsua izan da. Oso eraikin interesgarria iruditzen zait. Baina auskalo denborarekin zer gertatuko den. Gustatzen ez zaidana da hiriak bere arte eta artistekin hain lotura txikia izatea. Frankizia bat da, McDonalds bezala, baina hobe da izatea, ez izatea baino. Niri interesgarriagoa iruditzen zait Alhóndigan Arteleku bat izatea, baina badakit ez dutela egingo. Guggenheimi buruz entzun dudan definiziorik onena da Bilbon lurra hartu duen plater hegalari bat bezalakoa dela. Bilbotarrek abesti bat egin diezaiokegu Zubi esekiari, baina Guggenheimi ez. Eta berdin du Bilbon edo Milanen egon (kontuan izan Guggenheimen proiektua Europa hiri batzuetan zehar ibili zela zirkulatzen).

- Beraz, Bilbo utzi eta aldi baterako Madril aldera joango zara.
Bilbok ez dauka memoriarik, eta gainera ez zaio interesatzen. Beste hiri batzuek beren industrialdeak birgaitu eta errekuperatu dituzte, baina Bilbok ez. Ezker ibarreko fabriken ikuspegia ikaragarria zen. Haiek errekuperatu eta aquarium erraldoi bat eraiki zitekeen, adibidez. Ikuspegi horrek betirako markatu ninduen. Baina komentatu dugun guztia atzean utzi eta denbora batean Bilbotik kanpo ibiliko naiz. Zientziak eta teknologiak XXI. mendean zer ekarriko diguten aztertu nahiko nuke Madrilen.


Juan Carlos Eguillor Donostian jaio zen duela 55 urte. Bere lagunek, "inon den donostiarrik bilbotarrena" dela diote. Kazetaritza ikasten hasi zen, baina ikasketak utzi eta umore grafikoa lantzeari eman zion. Ordudanik, aldizkari ugaritan agertu dira bere marrazkiak: El País, Diario 16, El Correo Español, Egin eta Triunfo-n, besteak beste. Eguillor, halaber, multimedia artearen bultzatzailea izan da Euskadin. Izugarri gustatzen zaio errealitate birtuala; bera izan zen Estatuan ordenagailuzko lehen bideoa sortu zuena, Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa inaugurazioa zela-eta. Hain zuzen ere Bilbo utzi eta Espainiako hiribururantz joateko asmotan dabil gure gaurko elkarrizketatua.


Ismael Diaz de Mendibil
Argazkiak: Egilearenak

Euskonews & Media 193. zbk (2002 / 12 / 20 - 2003 / 01 / 10)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza