Generoa eta nazioa, biak, identitate kolektiboaren iturri gisa ikusiak badira
ere, nazionalismoari buruzko ia lan guztietan nazioa gorengo identitate eta
leialtasun iturritzat jotzen da, beste identitate kolektiboen iturriak bere
baitan bilduz.
Bestalde, feminismoak gaiari heldu diola, edozein nazio proiektu aztertzerakoan
identitateen arteko gatazka atzeman eta agerian utzi baino ez du egin. Horrela,
ikerketa feminista horren lan handiari esker, jakin badakigu, nazionalismoek
nola bihurtzen dituzten emakumeak objektu (sinbolo, tradizio, bortizkeria
eta abarren bitartez); baina, oraindik, nazio eraikitze prozesuetan emakumeek
berauen partaidetzaz, subjektu gisa, diotenari buruz oso-oso gutxi dakigu.
Euskal Herrira etorrita, klasiko bihurtu diren lanek erakusten duten bezala [1],
hizpide dugun gaiaren inguruko ikerkuntza ere egoera bertsuan aurkitzen
da. Artikulu honetan, euskal nazioaren eraikuntzan emakumeek izandako partaidetzaren
berri eman nahi da, edozein nazionalismorentzat nazio identitatea igortzeko
eta zabaltzeko funtsezkoa den eremu batean: hezkuntzan.
Nazioa eta nazionalismoari buruz. Generoa eta nazioa
Nazioa zer den argitzeari ekin diodalarik, nazioa osa dezaketen hainbat elementurekin
egin dut topo, hala nola, leinua eta jatorria, herria eta Volk, kultura
eta izaera, kontzientzia eta borondatea, misio eta proiekturen bat, botere eta
Estatua lortu ahal bada, historia ekonomikoan, ekoizteko eta antolatzeko moduetan
dinamika propio bat [2]. Osagai
horien artean edozein gai edo gai batzuen konbinaketa baliagarria izan daiteke
nazioa ikustarazteko, ikustarazpen hori osoago eta sendoago agertuz osagaien
konbinaketak guztiak bilduz gero.
Aipatu ideia horretatik abiaturik, nazioa eta estatuaren arteko erlazioa jorratzearen
beharra ikusten da, baina, aldez aurretik nazio kulturala, nazio politikoa eta
estatua errealitate ezberdinak eginez. Hortaz, gizarte egitate desberdinak diren
neurrian, bereiziak ager daitezke, are gehiago, historian bat eginik agertutako
kasuak oso urriak dira [3]. Hori
dela eta, historiak nazioa eta estatuaren arteko batasun ezari irtenbide desberdinak
eman dizkio, hala nola, integrazioa, desberdintasunean oinarrituriko pluralismoa
eta berdintasunean oinarrituriko pluralismoa.
Irtenbide horien kariaz, nazionalismoa definitu dut haren helburuak eta jokabideak
zehaztuz: nazionalismoa gizarte mugimendu bat da eta haren helburuak
batasuna, benetakotasuna eta nazioaren ala nazio gisa izendaturiko talde baten
autogobernua dira. Baina, definizio horretan behar-beharrezkoa da ezagutzea
non eta zein egoeratan dauden nazionalismoak, ezen, horren arabera helburu desberdinak
eta ekite modu desberdinak erakusten baitituzte. Egoera horiek ondorengoak dira:
estatua daukan nazio baten nazionalismoa, estaturik gabeko nazioarena eta naziorik
gabeko estatuarena. Aurrekoa, zein Europako nazionalismo desberdinek izan dituzten
esperientziak aintzat harturik, nire arreta Europako estaturik gabeko nazio
batzuen nazionalismoek burututako ekimen batera zuzendu da: nazioa komunitate
moral gisa berreraikitze prozesura. Ekimen horren zutabeak nazio hizkuntza
eta horren irakaskuntza orokortua dira, hots, nazio hezkuntza.
 |
Bilboko Euskal Eskolako ikasleak, 1912. |
Gizarte errealitatea eraikitzen duten prozesu sozialak eta kulturalak
generizatuak dira eta, beraz, bai gorago aipatutakoa ere. Nazionalismoek
bideratutako prozesu generizatuak hausnarketa gaiak izan dira ere
teoria feministarentzat. Ikerketa feminista horrek egindako ekarpen
teorikoen artean bi dira, bereziki, interesgarriak: bata, nazio
proiektuetan emakumeen inplikazioa desberdinduaren auzia mahaigaineratzen
duena [4], eta, bestea, proiektu etniko eta nazionaletan
emakumeen partaidetza, modu desberdinetan bideratu arren, ikertzen
duena [5].
Azken horretan, emakumeak gizonak bezain konprometituak daude proiektu nazionalarekin,
baina era desberdinetan bideratzen dituzte euren konpromisoak. Horrela, nazioak
genero egituraketan duen eragina agerian uzten da. Lehenengo ekarpenenaren arabera,
ordea, emakumeek sostengatzen duten proiektu nazionala ez da zertan gizonek
defendatzen dutena izan, proiektu desberdin bat izan daiteke-eta. Hortaz, planteamendu
honetan nazioa eta generoaren arteko elkarrekiko eragina legoke. Hots, beste
ekarpenak azpimarratutakoaz gain, proiektu nazionalarekiko emakumeen konpromiso
desberdinduak proiektu bera eragiten duela ere argumentatzen da. Hala ere, azken
ildo teorikoak nazioa eta generoaren arteko erlazioaren analisia herritartasunaren
inguruko eztabaidan kokatzen du, eta jarrera horrek hartaraturik nazio-estatu
eta berorren nazionalismoa eta generoaren arteko erlazioa baino ez du lantzen.
Beste ikerketa ildoak, ordea, nazioa eta generoaren arteko erlazioaren hausnarketa
nazionalismo mota desberdinekin harremanetan ezartzen du, aipatu hausnarketa
eremu zabalago batean kokatuz eta, aldi berean, ulerkuntza oso bat ahalbidetuz.
Beraz, ekarpen horrek zein lehen aipatutakoak, nazionalismo eta feminismoaren
arteko auziari buruz ari direla, identitate nazionala eta identitate feministaren
arteko gatazka iraunkorra egiten dute, argi izpirik eman barik gatazka hori
gainditu ahal izateko.
Ene aburuz, nazionalismoaren egoera desberdinak aintzat hartzeak laguntzen
du ulertzen haien baitako genero egituraketak nola eragiten dituen emakumezko
zein gizonezkoen praktika sozialak. Are gehiago, gizonezkoek zein emakumezkoek
praktika sozial horiek nola sentitzen dituzten ere argituko luketelakoan gaude.
Halaber, nazionalismoak mugimendu sozialak eta politikoak dira eta, ezin dugu
ahantzi balore desberdinen gainean ere eraikiak izaten direla. Alegia, balore
mundu horiek genero harremanen egiturarekin eta haren izaera aldagarriarekin
zerikusia handia daukate. Aipatu bi ideia horiei eta nazioa eta generoaren arteko
erlazioari buruzko ulerkuntza oso bati eutsiz, identitate nazionala eta identitate
feministaren arteko gatazka gainditzeko biderik badela esan daiteke.
Euskal nazioaren eraikuntzan, komunitate moral gisa, euskal
emakumeak objektu eta subjektu
Euskal nazioa eraikitze prozesua generizatuaren eraikuntzan ikerlari guztiak
bat datoz bi une historiko garrantzitsuak aipatzerakoan, lehena, aipatu prozesuari
hasiera eman zion lehenengo nazionalismoarena; bigarrena, prozesu horretan errotiko
aldaketak ekarri zituen nazionalismo berriarena.
Lehenengo nazionalismoak nazio-komunitatearen definizio objektibo bat eskaini
zuen, eta bertan naziotasun irizpide hauek agertzen dira: jaiotzarekin bat eskuratzen
dugun izaera, arraza desberdina, hizkuntza, lege zaharrak, ohitura eta bizimoduak,
betiere moral kristauaren esanetara garatuak. Naziotasunaren irizpide nagusia
arraza izatean emakumezkoen paperaren garrantzia, amatasunaren bitartez,
bistan da. Jatorri komuneko mitoa funtsezkoa da Aranaren nazionalismoan, eta
nazio komunitatearen kidetza eskuratzeko bide bakarra, horrela, hark emakumea
umeen sortzaile biologiko gisa ikustean, euskal emakumea kolektibitatearen
eramaile bihurtzen du. Horren ondorioz, euskal emakumeari aberriaren sinbolo
bera izatea dagokio, ama aberria; arrotzekin ezkontzea saihestea eta borroka
nazionalistan gizonezkoen euskarri afektiboa izatea.
Alabaina, Euzko Alderdi Jeltzaleak gizartearen nazionalizazioari lehentasuna
eman ziola, emakumeen partaidetza zabalaren onura mugimendurako ikusi eta partaidetza
zabal hori bideratzeko asmoz emakumeen berezko erakundea sortu ere, Emakume
Abertzale Batza. Aipatu nazionalizazio ekimen horretan erakunde honen helburuak
laguntza eta benefitzientzia baino harago zihoazen, esaterako, umeen hezkuntza
nazionalista burutzea, hezkuntza herriratu, orokortu, herria etorkizunerako
prestatu.
Testuinguru horretan ulertu behar dira une hartan burututako hezkuntza ekimenak:
Auzo eskolak eta lehenengo ikastolak. Euskal nazionalismoaren
sortze eta sendotze prozesuan, emakumeei atxikitu zitzaien funtzio sozialaren
aldaketa kualitatiboa gertatzen da. Hasierako nazionalismoak euskal emakumeei
atxikituriko komunitate eramaile izaera baztertu barik, Emakume Abertzaleek
nazionalismoaren sendotze prozesuan kultura igortzaile izateari ere eutsi
zioten.
1950eko hamarkadaren amaieran nazionalismoaren bigarren une historiko garrantzitsua
kokatzen da. Nazionalismo berri horretan naziotasunaren funtsa hizkuntza izango
da, euskara, eta, horretaz gain, akonfesionaltasuna eta independentzia. Aldaketa
horiek eta mugimenduaren izaera ekintzailea haren oinarri ideologikoak ziren,
baina euskal gizartearen arazo berriei erantzuteko nahikorik ez.
Oinarri ideologiko horiei 60ko hamarkadako beste osagai ideologikoek, politikoek
eta kulturalek gehitu eta erradikaltasuna ekarri zioten proiektu berriari. Erradikaltasun
horren eskutik genero diskurtso berri bat ere agertu zen. Halere, generoari
dagokionez, gerraurreko nazionalismoan sumaturiko jokabidearen atal bat ere
ageri da, alegia, kultur igortzailearen jokabide abertzalea. Hizkuntzak
naziotasunaren beste osagaiak ordenatzen ditu eta kultur jarduerak, kontzientzia
eragiten, nazio politikoa sortzen, nazionalismo politikoari dinamismoa ematen
dio eta, beraz, kultur igortzaile gisa aritzeak dakar, berez, subjektu
abertzalea eta politikoa izatea. Hortaz, nazionalismo berriak kultur jarduna,
kontzientzia eragile gisa, ezinbestekotzat jotzen zuen.
 |
Beasaingo ikastolaren aldeko taberna, 1977ko
maiatza. |
Garai hartako kultura egitaterik garrantzitsuena ikastolen antolakuntza
dugu, ikastolen garapenak euskaraz eskolatze masiboari hasiera eman
zion-eta. Hezkuntza ekimen horren aurrekariak, etxe eskolak,
Emakume Abertzale Batzako emakumeen sarearen bitartez antolatuak
izan ziren. Ikastoletan aritu ziren andereñoek, aipatu bide horretatik
zein beste batzuetatik etorritakoak, nolabaiteko mugimendu bat
eratu zuten. Andereñoen mugimendu horrek ikastoletako hasierako
eta funtsezko ibilbidea ezaugarritu zuen. Eta, funtsezko ibilbidea
diogu, nazionalismo osoak oroimen historikoaren osagai bihurtu baititu
bai ikastoletako ibilbidea eta bai andereñoen jarduna ere. Jarduna
abertzalearen kariaz, andereño guztiak subjektu abertzale gisa ikusiak
ziren, bestelako ezaugarririk ikusezinak eginez. Baina, den-denak
subjektu abertzale gisa aritu arren, emakume desberdinak, andereñoen
irudi desberdinetan ordezkatuak, ageri ziren ere.
[1] Valle, T.,(1985). Mujer vasca, imagen y realidad.
Bartzelona: Anthropos, eta Ugalde, M.,(1993). Mujeres y Nacionalismo Vasco.
Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza 1906-1936. Bilbo: Euskal Herriko
Unibertsitatea. [2] Mirá, J. F.(1984).Crítica de la nació pura. Valencia:
Edicions Tres i Quatre.
[3] Tylor, P. J. (1994):Geografia Política. Economia-mundo,
Estado-nación y localidad. Madril: Trama, 198-200 orr. [4] Walby, S.(1992):Woman and Nation. International
Journal of Comparative Sociology.XXXIII,1-2:81-100 orr. [5] Yuval-Davis, N. (1997):Gender and Nation. London:
Sage.
Mila Amurrio Velez, EHUko
irakaslea
Argazkiak: Auñamendi |