Aita Urretxukoa du, eta ama berriz Galiziakoa, baina Maite
Celaya paulistana da goitik behera, São Paulo hiri brasildarrekoa
alegia. Kaiku Industria de Autopeças-eko zuzendari finantzieroa
da, emakume dinamikoa inondik ere, gizonak nagusi diren metalurgiaren
esparruan. Eta, hori guztia, nazionalitate eta kultura ezberdinak
besarkatzen dituen herrialde batean, Brasilen alegia.
50eko hamarkadan Brasil aldera jo zuten emigrante euskaldunen eta
globalizazioak bultzatuta emigratzen dutenen artean dagoen belaunaldikoa
da. Baikor agertzen den arren, kritikarik ere zuzentzen dio herrialde
handi honen egoera ekonomiko eta sozialari.
- Kontaiguzu pixka
bat nor zaren.
São Paulon jaio nintzen, 1957ko uztailaren 11n. Nire aita
euskalduna da eta ama berriz galiziarra. Brasilen ezagutu zuten
elkar. Anaia bat daukat, Mikel. São Paulon hezi nintzen,
eta hementxe jarraitzen dut. Ez dakit euskaraz hitz egiten, aitak
egun guztia lanean ematen zuenez, asteburuetan bakarrik ikusten
genuelako, eta ez guztietan gainera.
- Nolakoak izan ziren Kaikuren hasiera urteak?
Nire aita 1957an abiatu zen Euskal Herritik Brasilera, Argentinatik
pasata, eta Ricardo Matesanz euskaldunaren Termotec enpresan hasi
zen lanean, tornulari bezala. Baina, pixkanaka, Matesanzen eta beste
hiru lagunen laguntzarekin, bere kontura hasi zen lana egiten. Elkarren
artean, hau da, José Antonio Porras Pardo (Burgoskoa, ama
bilbotarra zuen), Evaristo Martín Sanz (bilbotarra) eta Francisco
Peraltarekin (Burgoskoa hau ere), Metalúrgica UMBE sortu
zuten, eta 1963an, berriz, Kaiku Industria de Autopeças.
Hasieran pieza mota desberdinak egiten zituzten, baina gero automobilak
arrankatzeko motorrean erabiltzen diren koroetan espezializatu ziren.
Garai hartan bi enpresa italiarrek bakarrik egiten zituzten Brasilen
horrelako piezak.
Kaiku hazten zihoan heinean, Brasilen kokatzen ari ziren enpresa
handi guztiekin hasi zen lanean: General Motors, Mercedes, Fiat,
MWM, Messey Fergusson, etab.ekin. Azken bost urteotan Argentinara
esportatzen aritu gara, baina sortu zaizkien arazo ekonomiko larrien
ondorioz, enpresa handi asko handik ateratzen hasi dira.
- Zein izan da
zure ibilbide profesionala?
Ekonomia ikasten hasi nintzen, baina ikasketak utzi eta lanean hasi
nintzen. 1977an, denboraldi batean São Pauloko Estatistika
Idazkaritzan aritu nintzen lanean, eta gero ordezkari komertzial
gisa. 1982an Kaikun sartu eta administrazio lanak egiten aritu nintzen
(salmentak, diruzaintza, etab.), baina 1992an Mikelek eta biok material
elektrikoko enpresa bat sortu genuen, ONAK Comercio. 1995ean utzi
egin nuen, ama gaixotu eta bera zaintzen gelditu nintzelako, hil
arte. 1998an KAIKUra itzuli eta aitak erretiratutakoan utzitako
kargua hartu nuen, eta ordudanik administrazio eta finantzen arduraduna
naiz.
- Ba al duzu São
Paulon egon zinen urteetako oroitzapenik?
Ni Bras auzoan jaio nintzen, baina hezi Moocan egin nintzen. Emigrante
italiarren auzoak ziren biak. Egun osoa kalean jolasten ematen nuen.
Baina orduko hiriak ez zeukan gaur egungoarekin zerikusirik. Estatuaren
eskola batera joaten nintzen, eta gero agostinoetara joan nintzen.
Asteburuetan Euskal Etxera joaten ginen beti, lagun euskaldunengana.
- Nolakoa zen
Euskal Etxeko giroa aldi hartan?
Oso animatua. Astebururo 30 bat euskaldun eta katalan batzuk elkartzen
ziren, beren familia eta lagunekin. Frontoiean palan edo frontenisean
jokatzen genuen, abestu egiten genuen, musean jolastu... Haurrok
asko entretenitzen ginen.
- Eta nolakoa zen kulturaren ikuspegitik, euskalduntasunaren
aldetik?
Euskal Etxean beti abesti euskaldunak abesten zituzten, eta zaharrek
beren jaioterriari buruz hitz egiten zuten. Nire aita beti Urretxu
eta Azkoitiari buruz hitz egiten aritzen zen. Baina ez genuen euskara
ikasi. Aitak hainbeste denbora ematen zuen lanean, etxean ez genuela
ikusi ere egiten. Nik, gainera, batez ere amaren eragina jaso dut,
galiziarra.
Brasildarrek oso ondo hartzen dituzte atzerritarrak. Emigrantez
beteta dago. Hala ere, nire gurasoak emigranteak izan arren, nik
oso garbi daukat ni brasildarra naizela.
- Eta nola integratu ziren euskaldunak gizarte brasildarrean?
Nire gurasoei asko gustatu zitzaien Brasil. Pentsa, nire aita oraindik
hemen bizi da. Dena den, konturatzen ziren gizartean arazo handiak
zeudela. Brasilek baliabide asko dauzka, baina klase politikoa hain
dago ustela, egitasmo askok ez dutela aurrera egiten.
Nolanahi ere, inoiz ez ziren politikaren munduan sartu. Ezta diktadura
militarraren garaian ere. Seguruenik, Espainian ezagutu zutelako
horrelakorik. Gainera, atzerritarrak izanik, nahiago zuten arazorik
ez izateko politikatik kanpo mantendu.
- Nolako irudia
duzu Euskal Herriari buruz?
Zazpi urterekin joan nintzen lehen aldiz, eta gero 1980an, lau hilabetez
Galizian eta Euskal Herrian barna ibili nintzen, familia ezagutzen.
Ez nuen inolako arazorik izan integratzeko. Nire lehengusuak nire
adin beretsukoak dira, eta Urretxu, Ordizia, etab. ezagutzera eraman
ninduten. Harrituta gelditu nintzen herrixka txikietako jendeak
nolako harreman estua zuen ikustean!
- Pentsatu al
duzu inoiz Euskal Herrira itzuli eta han betiko gelditzea?
Ez, inoiz ez. Nik hemen dauzkat sustraiak, lagunak: espainiarrak,
italiarrak, brasildarrak... Beraiek dira nire familia. Euskal Herria
asko gustatu zitzaidan, baina ni Brasilgoa naiz.
- Zer da Euskal
Herrian arreta gehien erakarri zizuna?
Asko gustatu zitzaidan Euskal Herria. Oso jende jatorra iruditu
zitzaidan. Eta gizartea oso ondo antolatuta zegoela iruditu zitzaidan.
Trantsizio urteetan, Suárezen garaian, langabezia tasa handia
zen arren, jende guztiak jasotzen zuten laguntzaren bat Gobernuaren
aldetik. Politikaren ikuspuntutik, Euskal Herriak eta Brasilek ez
daukate zerikusirik. Euskal Herrian ez dauzkate hemen bezain desberdintasun
sozial handiak.
Gainera, Euskal Herriko hezkuntza sistema hemengoa baino hobea da.
Jendeak interes handiagoa azaltzen du politikarekiko. Hiritar xumeenek
ere badakite zein eskubide dauzkaten, politikaren egoera zein den...
Hemengo jendeak ez. Hemen jendea ez da behar bezala elikatzen, txaboletan
bizi dira, eta beren kezkak alokairuari edota argi indarraren fakturari
buruzkoak izaten dira. Desberdintasun ikaragarriak daude.
- Gaia pixka bat aldatuz, jakin nahiko nuke zer suposatzen
duen Brasil bezalako herrialde matxista batean, eta metalurgia bezalako
sektore batean gainera, emakumea eta enpresaria izateak.
Euskal Herrian izan nintzenean konturatu nintzen han emakumeek oso
ikuspegi praktikoa dutela. Etxeko lanetan aritzen direnak ere familiaren
alderdi praktikoaz arduratzen dira. Etxean bederen matriarkatu moduko
bat dutela esango nuke.
Hemen, aldiz, emakumeek menpekotasuna handiagoa da. Euskal Etxean
bertan, gizonak ziren agintzen zutenak. Emakumeak hutsaren hurrengoa
ziren. Brasildarrak ez ziren emakumeak bizimodu horretara egokitu
ziren, eta azkenerako senarraren menpe bizitzen amaitu zuten, inolako
bizitza sozialik gabe, askatasunik gabe.
- Eta, bizimodua
horrelakoa izanik, nola lortzen duzu zuk menpekotasun horretatik
kanpo egotea?
Ni berez naiz independientea. Ikasketak egiten hasi nintzen, enpresan
postu on bat lortu dut, eta nire ingurukoek errespetatu egiten naute.
Nolanahi ere, ez da gauza bera nire maila sozialean emakume izatea,
edo maila baxuago batean izatea. Pertsona batzuk harrituta gelditzen
dira enpresa metalurgiko bateko gerentzian emakume bat ikustean,
baina dagoeneko ez da hain gauza arraroa.
- Zer esango zenioke Brasilen inbertitzekotan dabilen enpresario
bati?
Brasilen edo munduko beste edozein lekutan enpresa bat zabaldu baino
lehen, gauza batzuk aztertu behar dira; besteak beste merkatua,
bezeroak eta lehiakideak. Hemen ez dugu arrisku handirik. Zama fiskala
handia da, baina etorkizunerako aurreikuspen onak dauzkagu, merkatua
zabala denez hazteko aukerak dauzkagulako. Brasil oso leku interesgarria
iruditzen zait inbertsioak egiteko. Brasil osoan lau enpresa besterik
ez daude gure produktu bera merkaturatzen dutenak. Metalurgia arloko
soldatak ez dira handiegiak, teknologia badago, industrialdeak ere
badaude, pizgarri fiskalak ere bai, makinak erosteko laguntza ematen
dute, zergetatik salbuetsi egiten gaituzte, etab.
- Eta Kaiku?
Kaiku enpresa txikia da; guztira 35 langile dauzkagu. Gure aurreikuspenen
arabera, urtearen bukaerarako %50 handituko dugu gure fakturazioa.
Gainera, langile gehiago kontratatzeko eta makina berriak erosteko
asmoa daukagu...
Egoera ekonomikoa ez da aproposena, batez ere Argentinan bizi duten
egoerak duen eraginagatik. Kolpe latza izan da han gertatutakoa.
Dena den, orain Europa aldera esportatzen hasi gara, merkatu berrietara
irekitzen. Gainera, Brasilen gazteak gero eta hobeto ari dira prestatzen,
eta horrek asko laguntzen du. Nik uste dut Brasilek etorkizun ona
duela aurrean.
Estebe Ormazabal
Argazkiak Maite Celayak utziak
-
Euskonews & Media 192. zbk (2002 / 12 / 13-20) |