Europako erregio politikaren etorkizunaren eztabaida 2007-13 epealdirako 2001ko urtarrilean hasi zen Europako Batzordeak kohesioari buruzko bigarren txosten europarra argitaratu zuenean eta urtebete beranduago lehen tarteko txostena. Bi txosten hauek isladatzen dute zein den kohesioaren egoera bai gaurko Europako Batasunean (EB) bai Europa zabalago batean eta, horren ondorioz, galdera batzuk egiten dira Europako erregio politikaren erronka berriei ahalik eta hoberen erantzun ahal izateko.
Txosten hauen arabera, Europaren zabalkuntzak egungo erregio politika erabat baldintzatuko du. Izan ere, 27 Estatuz osaturiko EBan %34 hasiko da azalera, biztanlegoak ere gora egingo du %28an 500 milioi ingurukoa izatera, batez besteko EB barne-produktu gordina %5 igoko da, biztanleko errenta ertaina %18 jeitsiko da, erregio eta estatueko biztanleko errenta desberdintasunak bikoiztu egingo dira eta Europako biztanlegoaren heren bat -gaur seiren bat- EBko batez besteko biztanleko errenta azpitik daukaten Estatuetan biziko da. Gainera, erregio behartsuenek EBko batez besteko biztanleko errentaren %31 izango dute, gaur egun portzentai hori %61 dela.
Badirudi aurrekoa gauzatu egingo dela neurri handi batean, Europako Batzordeak proposatu baitu 2004. urterako hamar estatu kide berri sartzea Europako Batasunean: Txekiar Errepublika, Zipre, Malta, Polonia, Eslovenia, Eslovakia, Letonia, Lituania, Estonia eta Hungaria. Beste bi hautagai zuzenen sarrera, Bulgaria eta Errumaniarena, 2007 arte atzeratu da. Hala ere, Europako hedapen honek ez du eragin handirik izango egungo kohesio eta egitura-fondoetan, dagoeneko gertaera hau aurrikusita zegoelako 2000-2006 programazioaldirako negoziatutako diru multzoan.
Hain zuzen ere, ikusita zer nolako gastu hazkundea jasango duen erregio politikak etorkizunean, estatu kide batzuk hasi dira esaten Europako Batsunak ez duela zergatik erregio politikaren kontuetan eskua sartu beharrik eta bakoitzak norberarena konpondu beharko lukeela. Europako Batzordeak berriz, indarrez defendatzen du Europako erregio politikaren garrantzia eta jarraipena, inoiz ez baititu Europak horrelako desberdintasunik izan eta, horregatik, beharrezkotzak jotzen du Europak bere solidaritaterako politika mantentzea eta indartzea. Bestalde, Batzordeak azpimarratzen du Europako erregio politikak suposatzen duen europar balio erantsia, bere fondoekin lortutakoa estatuek eta erregioek egindakoari gehitzen zaiolako eta, horri esker, Europa mailan ardatz amankomunak bultzatzen direlako garapen eredu jasangarri eta orekatu baten alde. Europar balio eratsi hori ere isladatzen da erregio desberdinen artean bultzatzen diren proiektuetan bai elkarrengandik ikasteko bai elkar lanean aritzeko. Halaber, Batzordeak argi dauka kohesio eta egitura-fondoek Europako Batasunari ikusgarritasuna ematen diotela hiritarrengana hurbiltzen dutelako.
Argi dago gakoa diru kontua dela eta, horregatik, gai hau ez da 2005. eta 2006. urteak arte eztabaidatuko. Edonola ere, Michel Barnier erregio politikarako komisarioak adierazi du gutxienez oraingo finantziazio kopurua ziurtatu beharko dela, beraz Europako barne-produktu gordinaren %0,45 bederen. Bestalde, kontuan izanda etorkizuneko betebeharren dimentsioa, badirudi Barnier-ek proposatuko duela erregio politikari, diru laguntzen aldetik, Europako Batasunean lehentasuna izatea nekazaritza politika bateratuaren aurretik. Europako aurrekontuan diru gehien jartzen duten estatuek berriz ez dute seguruenik horrelako proposamen bat onartuko.
Nolanahi ere, indartu egingo da nahiztanahiez konzentrazio printzipioaren
aplikazioa eta, ondorioz, erregio politikaren diru laguntzak funtsean
erregio atzeratuenentzat izango dira, beraz estatu kide etorri-berrietan
kokatuko dira. Dirudienez, erregio atzeratutzat hartua izateko
erregio batek EBko batez besteko barne-produktu gordinaren %75aren
azpitik egon behar du, egungo 1. helburuko erregioen irizpidea
mantenduta. Baina, bestalde, horrek ekarriko du orain arte 1.
helburuan egon diren erregio batzuek %75ko muga hori gaindituko
dutela Europa hedatuaren eraginez eta ez direla gehiago erregio
atzeratuak bezala ezagutuak izango, horrek dakarrenarekin diru
laguntzen aldetik. Eragin estatistiko honen ondorio kaltegarriak
murriztu nahi ditu Batzordeak laguntza berezien bitartez.
Aldi berean, nahiz eta lehentasuna erregio behartsuenak izan, Batzordeak ikusten du beharrezkoa dela halaber arazo estrukturalak pairatzen dituzten gainerako erregioetan ere aritzea. Hau izango litzateke egungo helburu bigarrenaren kasua, beraz bertan dauden lurraldeak hurrengo motatako egitura arazoak izango dituzte: industrialak, landa garapenekoak, hirietakoak edota modu egonkorrean irisgarritasun zailtasunekoak, adibidez, mendiak eta irlak. Baina zelan erregio behartsuak ez direnentzat ez den diru gehiegi geratuko, badirudi egitura-fondoek are gehiago konzentratuko dutela beraien eskuhartzea bai territorialki bai gaien aldetik. Horretarako Batzordeak aditzera eman du URBAN hirien garapen jasangarrirako ekimenaren edo LEADER+ landa garapenerako ekimenaren ereduak jarrai daitezkeela.
Bestalde, ikusi egin da zein garrantzitsua den mugazgaindiko
eta erregio desberdinen arteko lankidetza proiektu amankomunen
inguruan, beraz antzematen da erregioen arteko lankidetza bultzatzen
duen INTERREG III ekimenaren antzeko ekintzak bultzatuko direla
etorkizunean ere.
Horrez gain, Batzordeak interesgarritzat jotzen ditu egitura-fondoek bultzatzen dituzten ekintza berriztatzaileak, horretarako aurrikusita dagoen diru kopuru txikiak, fondoen %0,40 gehienez, oso emaitza onak lortzen dituelako eta, gainera, aberasgarria suertatu zaiolako Batzordeari beraren eta erregioen artean sortzen den harreman zuzena. Beraz, litekeena da ekintza berriztatzaileak ere jarraitzea, nahiz eta oraindik ez soslaitu nola egingo den.
Nolanahi ere, Batzordeak behin eta berriro errepikatzen du egitura-fondoen diru laguntzak berrikuntzara, giza baliabideetara eta inbertsio produktiboetara zuzenduta egongo direla. Garraio eta ingurumenerako herri-lanak Kohesio fondoaren barnean kofinantziatuko dira soilik eta, dirudienez, ez dira etorkizunean aldaketa gehiegi egongo fondo honi dagokionez, beraz Estatu atzeratuenak bakarrik izango dira gai diru laguntza hauetaz baliatzeko.
Egitura-fondoen erabileraren eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetu nahian, Batzordeak iradokizun bat aurreratu du: Batzordea, estatua eta erregioaren arteko hirualdeko kontratuak erabiltzea. Izan ere, hirualdeko kontratuaren eredua Batzordeak aurrikusi du berorrek aurkeztutako europar gobernatzeari buruzko liburu zurian. Hirualdeko kontratu honi esker hiru aldeak maila berean egongo dira eta bakoitzaren zereginak hiruren artean adostuko lirateke. Horrela saihestuko litzateke, gainera, orain arte orokorrean kudeaketa agintaritzekin estatu espainoilean bakarrik gertatutakoa, hain zuzen ere, ez duelako onartu Autonomia Erkidegoak beraiei dagokien erregio programetako kudeaketa aginteritzak izatea. Egungo 2000-2006 programaldiaren negoziaketetan, Europako Batzordeak proposatu eta defenditu egin zuen erregioek izan beharko zutela beraiei dagokien programen kudeaketa aginteritzak. Azkenean proposamen hau gobernu zentralei ere ireki zitzaien. Esan beharra dago, gaur egun Europako Batasun osoan, salbuespen gutxi batzuk kenduta, Espainiako gobernu zentrala, bere Ekonomia Ministeritzaren bitartez, gobernu zentral bakarra dela sistematikoki bere burua kudeaketa aginteritza izendatzen duena Erkide Autonomoei dagokien erregio programa eta komunitate ekimen guztietan.
Bestalde, partaidetzaren printzipioa ere bultzatuko da, hortaz ez dira bakarrik Batzordea, estatua eta erregioa izango egitura-fondoetan parte hartzen duten bakarrak. Hauetaz gain, tokian tokiko agintariek, gizarte eta ekonomia eragileek eta orokorrean gizarte zibilaren ordezkariek ere kontsultatuak izan beharko lukete aktiboki parte hartu ahal izateko.
Halaber egitura-fondoen programen onarpenek, kudeaketek eta kontrolek dakartzaten zama administratiboa gutxitu eta erraztu egin nahi da. Nahiz eta hau baita ere aurreko eraberritze prozesuaren helburua izan, badirudi ez direla esperotako emaitzak erdietsi. Hala ere, ez da erraza izango helburu hau bete-betean lortzea, oreka bat lortu behar baita deszentralizazio eta kontrolaren artean. Hau da, Batzordeak egitura-fondoen kudeaketatik ateratzen den heinean, gehiago kontrolatu beharko du estatuetan eta erregioetan gastatzen dena. Hortaz, erronka izango da deszentralizazioaren eta kontrolaren arteko oreka lortzea, egitura-fondoen administrazio-tramiteak errazten direla.
Hauek dira gainetik 2007-2013 programaldirako kohesio eta egitura-fondoen eraberritze prozesuan jorratuko diren gai garrantzitsuenetarikoak. Batzordeak erronka hauei erantzuna eman beharko die fondo hauen lege proposamenak aurkezten dituenerako datorren urtearen amaieran. Horretarako, Batzordeak kontuan izango ditu eragile desberdinek egindako ekarpenak eta kohesioaren bilakaera Europan barne. Izan ere, kohesioari buruzko informazioa bi txostenetan jasoko dira, 2003ko urtarrilean argitaratuko den bigarren tarteko txostenean eta 2003ko urte amaieran argitaratuko den hirugarren kohesio txostenean. Hirugarren kohesio txosten honekin batera, Batzordeak bere lege-proposamenak aurkeztuko ditu eta ofizialki hasiko da luzea eta zaila izango den negoziazio prozesua kohesio eta egitura-fondoen araudi berria onartzeko.
Negoziazioa korapilatsua izango dela ikusita, Batzordeak 2007an indarrean sartuko diren proposamenak dagoeneko datorren urtearen amaieran aurkeztu nahi ditu. Diru kontuetan hau beti horrela izan bada ere, oraingoan okerrago izango da Europaren hedapenak kohesio arazoak nabarmenki areagotzen dituelako. Gainera, orain arte kohesio eta egitura fondoetatik onuratu izan direnek, etorkizunean ere nahi dute diru laguntza horiek jasotzen jarraitu, baina hau ez da erraza izango sartzen diren estatu berriek arazo larriagoak dituzte eta. Gainera, estatu kide batzuk dagoeneko jakinarazi dute ez daudela prest diru gehiago jartzeko europar erregio politikarako. Edonola ere, argi dago politika honen lehentasuna erregio behartsuenak izango direla eta, ondorioz, Europako ekialderantz egingo duela. Hortaz, diru faltagatik, gainontzeko erregioetan kohesio eta egitura-fondoen eskuhartzea murriztuagoa eta zailagoa bilakatuko da.
Izaskun Iriarte Irureta
Euskadiren Ordezkaritza Bruselan |