Lurralde erakundeen ordezkaritza-mekanismoak Europako instituzioen aurrean
* Traducción al español del original en euskera
Mikel Irujo

90eko hamarkadaren hasieran Belgikako parlamentu federalak eta senatuak abortuari buruzko lege bat aprobatu zuten. Orduko Belgikako erregeak, Balduinok, katoliko praktikatzailea baitzen, lege hori sinatzeari uko egin zion erlijiozko arazo eta arazo etikoak zirela eta. Belgikan sortu zen krisi konstituzionala izugarria izan zen, legea onartua zegoen, baina Konstituzioak erregeak lege guztiak sinatzea espero zuen lege hauek berresteko. Asko pentsatu ondoren Belgikarrek behin-behineko irtenbide bat aurkitu zuten, erregea "moralki ezgaitua" deklaratu zuten egun batzuetarako... denbora hori nahikoa izan zen lege hori "moniteur" edo buletin ofizialean argitaratzeko. EB-n lurralde-erakundeek parte hartzeko neurrien antolaketa bide zaila eta arazoz beterikoa dela nabaria da, baina Belgikako pasadizo honetan ikus daitekeenez, gatazkei irtenbide bat bilatzeko borondatea dagoenean, dena da posible, baita Konstituzio bat interpretatzea ere.

Europar Zuzenbidean ez dugu eskualde edo erregioek europar erakundeetan parte hartzeari buruzko erreferentzia zehatzik aurkitzen. Egun, estatuak dira ibilbide europar honen protagonista bakarrak, eskualde, autonomia, Länder-ak, e.a. (hemendik aurrera lurralde-erakundeak izendatuko ditugu) bigarren mailan utzita. Europako Elkartearen Ituneko 203. artikuluak, Maastricht-en Länder alemaniarren eta Belgikako eskualdeen presioei esker aldatua izan zenak, Europako Batasunaren Kontseiluan erakunde hauen agerpen zuzena baimentzen du, baina mekanismo horren ezarpenak estatuen esku jarraitzen du. Goazen ba ikustera hurrengo lerroetan Alemania, Belgika eta Erresuma Batuak nola antolatu dituzten bere lurralde-erakundeen ordezkaritza EB aurrean, azaldu zaien zailtasun guztiak gaineratuz.

Alemania

Esan bezala, 1992an Länder eta eskualde belgikarrek Maastricht-en presioa egin zuten EEIko gaurko 203. artikulua (lehengo 146.a) aldatzeko. Horrela Kontseiluan, gaur egungo EBko organo erabakitzaile gorenean, lurralde-erakundeetako ordezkarien egotea bermatzen zen. Gobernu federalari aldaketa konstituzionala ere eskatu zioten. Horrela "Europako Batasuna" izena duen Oinarrizko Legearen (handik aurrera OL izenekoa) 23. artikulua aldatu zen. Horretaz gain aipatu behar dugu 1993ko martxoaren 12ko Europako Batasunari dagozkion arazoetan Länder eta Federazioaren arteko lankidetza Legea.

Argazkia: Audiovisual Library of the European Commision

Bai OL-ren 23. artikuluaren 2. atalak bai aipaturiko 1993ko Legearen 1. artikuluak esaten dute Länder-ek EBri dagozkion gaietan Senatu edo Bundesrat-aren bidez parte hartuko dutela. Länder-en bi partehartze mota desberdindu behar dira, lehenengoa orokorrean bere interesei dagokienean eta bigarrena soil-soilik beraiena den eskuduntzako gaiei dagokienean. Lehenengo kasuan partehartzea gobernu federalaren esku egongo da, bigarrenean aldiz, lurralde-erakundeek parte hartzeko betebehar konstituzionala izango dute. Europar arloko arau edo prozedurek Länder-en interesak eragiten dituztenean Federazioak kontuan hartuko du hauen jarrera, baina prozedura edo arau hauek batez ere (OLko 23.5 artikulua eta 1993ko Legearen 5.a) legegintza-eskuduntzei eragitekotan, Federazioak hauen iritziaren arabera jokatuko du. Länder-en eskuduntzak beraienak eta ez beste inorenak direnean interesen defentsa "Estatu federaletik Kontseilu Federalak izendaturiko Länder-etako ordezkari batengana pasatuko da" (OLko 23.6 artikulua). Atal honek Länder-en europar instituzioetan partehartze zuzenaren gakoa ematen digu.

Atal hau 1993ko martxoaren 12ko Legearen 6. artikuluan garatuago agertzen da. Länder-ak dira gobernu federalari ordezkarien egotea eskatu behar diotenak, eta honek, interesekiko eraginaren kasuetan "ahal duen neurrian" Länder-etako ordezkariak sartuko ditu egiten ari diren negoziazioetan. Baina delako proiektuak legegintza-eskuduntza esklusiboei eragitekotan, gobernu federalak segituan Länder-etako ordezkari bat eskuordetuko du bilera guztietan negoziazioen buru bera izateko, baita Kontseilukoetan ere, noski.

EEI-k estatuei bakarrik uzten dienez Luxenburgoko [1] Europako Elkarteen Justizia-Auzitegira joaten, Länder-ek, 1993ko martxoaren 12ko Legearen 7. artikuluak dioenez gobernu federalari eska diezaiokete haien partez joatea, eskubide esklusiboren bat kaltetzen edo erasotzen ari direla alegatzen badute.

Azkenik, 1958tik Alemaniak europar instituzioen aurreko alemaniar ordezkaritzan "Länder-en begiralea" deritzona dauka. Honen bidez Länder-ek Ordezkaritza Iraunkorra prestatzeko bilera guztietan parte hartzen dute, baita Kontseiluaren erabaki hartzeetan ere. Batzordearekin ere harreman zuzena bermatzen dute. Honetaz guztiaz gain aipatu behar ere ez da "lobby"k egin dezakeen lan guztia, hau askotan bileretara joan ahal izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa izanik.

Länder-ek, argi dagoenez, Senatuaren bidez parte hartzen dute. Ez dugu nahastu behar OLko 45. artikuluan sorturiko Europako Batasunaren Arazoetarako Batzordearekin. Batzorde honek europar gaietan beheko ganbararen partehartzea bermatzen du, baina hori ez da orain dagokigun gaia.

Erresuma Batua

1998an "Gales, Eskozia eta Iparraldeko Irlandari dagozkien botereen itzultze-prozesua" hasten da, Eskozia, Iparraldeko Irlanda eta Gales-eko gobernuaren legeen bidez, hau da, estatua deszentralizatu egiten da. Eskoziak oso autonomi zabala lortzen du, Gales-ek ez bezala, honek bakarrik bigarren mailako legeak sortzeko eskuduntza baitauka eta bere asanblada oraindik ez baita Parlamentuaren mailara heltzen. Erresuma Batuko gobernuak, ministrari eskoziarrek eta Galestar Asanbladaren kabineteak bi zati dituen memorandum bat sinatu zuten. Memorandum honek ez dauka indar legalik, hau da, inork ezin du auzitegien babesa eskatu horretan oinarrituta. Memorandum honen lehenengo zatiak (Memorandum of Understanding) aipatu hiru administrazioen arteko harremanetarako arau batzuk ezartzen ditu. Erresuma Batuak Eskozia eta Gales-i bueltatu ez zaizkien eskuduntzen interesak ordezkatzen dituela dio, eta gainera konfidentzialtasun, lankidetza, informazio, e.a.-en trukerako arau batzuk garatzen dituela. Bigarren zatiaren barruan akordio desberdinak aurkitzen ditugu, konkordatuak deritzotenak eta hiru kideek sinatzen dituztenak. Konkordatu hauek bost dira:

A) Baterako ministro-batzorde bati buruzko akordioa
B) Europako Batasunaren gaietako koordinazioari
buruzko konkordatua
C) Industriarekiko finantza-laguntzari buruzko konkordatua
D) Kanpo-harremanei buruzko konkordatua
E) Estatistikei buruzko konkordatua

Argazkia: Audiovisual Library of the European Commision

Jakina, hemen gehien interesatzen zaiguna B da, hau da, europar erabaki-prozesuetan Eskozia eta Gales-en partehartzeari dagokiona. Hiru zatitan banatzen da, Eskozia eta Gales-ekiko koordinazioa (eduki bereko testuak) eta biak garatzen dituen eranskina. Testuek diotenez, Erresuma Batuko gobernuak gobernu eskoziar eta galestarrak "Europako Batasunaren erabaki hartzean ahalik eta modu zuzen eta osoenean sartu nahi ditu", bi nazioen eskuduntza-gaiei dagozkien erabakiak badira. Partehartzea elkarrekiko errespetuan eta bi gobernuen konfidentzialtasun eta diskrezioan oinarrituko da. Koordinazio-mekanismo honen helburuak hiru dira:

1) Eskoziar eta galestar ministrarien partehartze jarraia lortzea "bueltaturiko" gaiei dagozkien europar politiken adierazpen, negoziazio eta inplementazioan.
2) Erresuma Batua negoziazioetan eraginkorra izan daitekeela ziurtatzea, baina negoziazioek batzuetan eskatzen duten malgutasuna galdu gabe, nahiz eta bide bakarra jarraitu.
3) Hartutako betebeharrak sendotasun eta eraginkortasunez inplementatzen direla ziurtatzea.

Europar politikaren koordinazioari buruzko konkordatuen barruan bost alor daude, hots, informazio-hornidura, Erresuma Batuaren politikaren adierazpena, EBko Kontseilura bertaratzea, EBren betebeharren inplementazioa eta, azkenik, arau-hauste jardunbideak. Ikus ditzagun banan-banan.

Informazio-hornidurak partaide diren gobernu guztien artean koordinazio ona egoteko lagundu behar du. Erresuma Batuko gobernuak bi nazioei eragin diezaiekeen guztiaz informazioa emateko konpromezua hartzen du. Jakina, elkarrekiko errespetu eta konfidentzialitatean ere oinarritu beharko da.

Erresuma Batuko politikaren adierazpenean Eskozia eta Gales-eko ministrari edo funtzionariek ere parte hartuko dute. Zenbait koordinazio-prozedura eta lan-batzorde ezartzen ditu.

Kontseiluan Eskozia eta Gales-en joate edo egote zuzenari buruz honako hau esaten du: "autonomi-administrazioetako ministrari edo goi-karguek paper nabarmena izango dute Kontseiluaren bileretan eta europar kideekiko beste negoziazioetan". Partehartzea ez da zerbait estatikotzat hartu behar, bai eskoziarrek bai galestarrek parte hartu beharko dute negoziazio-prozesu osoan, hori bai, Erresuma Batuko gobernuak "kasuz-kasu" aztertuko du beraien partehartzea. Bestalde, bi nazio hauetako ministrari eta goi-karguak Erresuma Batuaren jarreraren alde azaldu beharko dira. Konkordatu honek esaten du, denek "talde bat" bezala jokatu behar dutela.

Erresuma Batuko Whitehall-eko departamentuak autonomia duten administrazioei dagokien eta, beraz, inplementatu beharko duten europar araudiari buruzko informazioa eman beharko die. Europar legeria inplementatzea eta nola inplementatzea Eskozia eta Gales-en eta ez beste inoren eskuduntza da, baita beraien araudiari egokitzea ere, eskuduntza esklusiboei eragitekotan, noski. Baina are gehiago esaten du, Erresuma Batuko gobernuak bi administrazioekin estuki lan egingo du beraien interesei dagokien zerbait inplementatu behar denean, nahiz eta horren eskuduntza Erresuma Batuarena izan.

Arau-hauste jardunbideei dagokienez, Europako Batzordeak bueltaturiko eskuduntzak dauden gaietan Erresuma Batuaren aurkako arau-hauste jardunbide bat aurkezten duenean, Erresuma Batuko gobernuak kasu horretarako eskuduntza duen Eskozia edo Gales-eko ministrariarekin batera bi aldeko erantzuna prestatuko du. Arazoa Luxenburgoko Europako Elkarteko Justizia Auzitegira heltzen denean era berean jokatuko da, bueltaturiko eskuduntzak dituen administrazioak defentsaren idazketan parte hartuko du.

Konkordatu honetan Eskozia eta Gales-ek Brusela-n duten ordezkaritza ere kontuan hartzen da, esaten baitu biek britainiar ordezkaritza iraunkorraren barruan ordezkariak izan ditzaketela, edo ordezkaritza bat sortu. Hala Eskozia-k nola Gales-ek bulego bana dute. Bulego hauek "europar instituzioen aurrean Erresuma Batuaren ordezkaritza duen Ordezkaritza Iraunkorrarekin estuki lan egingo dute".

Belgika

Belgikak europar instituzioen aurreko bere eskualdeen (Walonia, Brusela hiriburua eta Flandes) ordezkaritza zuzenaren kasurik garatuena agertzen du. Alemanian gertatu zenaren antzera, belgikarrek 1993an beraien Konstituzioaren nazioarteko harremanei buruzko 167. artikulua aldatu zuten europar instituzioen aurreko eskualdeen ordezkaritza zuzena errazteko. Estatuaren federalizazioa ekarri zuten beste aldaketa sakon batzuk ere egin zituzten.1993an aldatu zen instituzioen erreformari buruzko lege bereziak, bere 81.6 artikuluan esaten du eskualde eta komunitateen gobernuek "Europako Elkarteetako Kontseiluaren barruan Estatua konprometitzeko baimena dutela". Hemen ere, Alemanian bezala, "leialtasun konstituzionala"z hitz egiten da.

 
Argazkia: Audiovisual Library of the European Commision

1994ko martxoaren 8an eskualde eta gobernu federalaren artean lankidetza-akordio bat sinatzen da. Jean Louis van Boxtael [2] izeneko irakasleak lankidetza-akordio hau hiru printzipiotan banatzen du: ministrari bakarraren printzipioa, ordezkaritza-boterearen banaketa eta txanda birakari baten antolaketa. Printzipioz eta akordio honek dioenez, ministrari bakar batek ordezkatzen ditu belgikarren boto eta aulkia Kontseiluan, baina ministrari aholkulari batek lagunduta egon daiteke. Aholkulari honek ordezkariari lagundu eta informazioa eman behar dio eta horrela baimentzen badiote hitza har dezake. Dena den, inportanteena da Flandes edo Walonia-ko ordezkariak Kontseiluaren bileretan zuzenean egon daitezkeela.

Ordezkaritza-boterearen banaketari buruzko printzipioari dagokionez, azpimarratu behar da lau eskuduntza-maila desberdintzen direla. Lehenengoa gobernu federalaren [3] eskuduntza esklusiboek osatzen dute, bigarrena osatzen duten gaietan Kontseiluko ordezkaria federala izanik aipaturiko "aholkulari" horietako batez lagunduta egoten da, hirugarrena Kontseiluei dagokie non estatua ordezkatzen dutenak eskualdeak diren eta eskualde horiei gobernu federaleko aholkulari batek laguntzen dien, eta, azkenik, laugarrenean zerrenda bat dago non estatua ordezkatzeko baimenduak dauden bakarrak eskualdeak diren [4].

Hirugarren printzipioak txandakako ordezkaritza-antolaketaz hitz egiten du. Belgikako eskualde eta komunitateak zuzenki ordezkatuak izateko txandakako sistema korapilatsua sortzen da, non europar lehendakaritza bakoitzaren agintaldian aholkulariak (eskuduntza bigarren mailaren kasuan) eta ordezkariak (hirugarren eta laugarren mailen kasuetan) belgikar eskualde eta komunitateen artean banatzen diren, hau da, Brusela Hiriburua, waloiar eta flandestar eskualdeen artean eta waloiar eta flandestar komunitateen artean.

1994ko martxoaren 8ko Akordioak, erabakiak hartzeko koordinazio-sistema bat ere sortzen du. EBko Kontseiluan erabaki bat hartu baino lehen, Kanpo-arazoetarako Ministerioko Europar Arazoetarako Zuzendaritza arduratzen da jarrerei buruzko koordinazio-prozedura hasteaz. Atariko bilera hauetan akordiorik ez badago, arazoa kanpo-politikako ministerioarteko batzar batera bidaltzen da. Printzipioz eskualdeen iritziaren babes-maila oso altua da eta estatuari ez zaio bere nahia inposatzeko ahalmenik onartzen. Erabakietan adostasun politikoa da nagusia. Egia da ez dela beti erreza izaten.

1980ko erreforma konstituzionalen legeak belgikar lurralde-erakundeei "agintaritza federalari (beraien eskunduntzekoak diren gaietan egokiena iruditzen zaien) nazioarteko edo nazioz gaindiko Zuzenbide-errekurtsoa sartzera behartzen" utzi zien. Europako Elkarteen Justizia Auzitegia Belgikari atzetik dabilkionean eskualdeek ustezko arau-hauste bat egiteagatik, gobernu federalak eskualdeei auzitegi gorenaren aurreko ordezkapena eman ahal die oztoporik gabe.

Azkenik, bai waloiar eta flandestar komunitateek, bai hiru eskualde administratiboek 1988tik Europako Elkarteen aurreko Ordezkaritza Iraunkorrean agregatu edo "attaché" bat dute.

Ondorioak

Hemen ikusi ditugun hiru kasuak ezberdinak dira forman baina berdinak izpirituan. Bi estatu federalak dira, bestea ordez ez, bi estatuk erakunde gutxi dauzkate baitan eta horrek noski ordezkaritza zuzena errazten du; Alemaniak berriz 16 Länder-ekin ordezkaritza zuzena bermatzen duen sistema garatua ezarri du. Hasieran aipatu den moduan, borondatea badago, ia dena posiblea da.


[1] 1997-3-21eko Justizia-Auzitegiaren Epaia irakurri, Waloniako Eskualdea Europako Batzordearen aurka.
[2] La Acción exterior y comunitaria de los Länder, regiones, cantones y CCAA, IVAP, 1994, 275. orri.
[3] Gai orokorrak, ecofin, justizia, telekomunikabideak, kontsumitzaileak, garapena eta babes zibila.
[4] Nekazaritza, barne-merkatua, osasuna, energia, ingurugiroa, garraioak eta giza-arazoak.


Mikel Irujo
Abokatua eta Zuzenbidean doktoregai


Euskonews & Media 191. zbk (2002 / 12 / 6-13)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza