Ba
dago uste okerrik edo estereotipo faltsurik?
Guztiok
inoiz zerbait entzun dugu adimena berezko duten gizakiei buruz
edo adimen gaitasun handia dutenen gainean, baina gaiaren inguruan
uste oker eta aurreiritzi ugari daudela onartu beharrean gaude.
Egunkarietan
edo telebista saio batzuetan noizbehinka berri harrigarriak kaleratzen
dira gizaki hauei buruz: jeinuak direla, supergizon edo superemakume
direla, eroak direla eta abar eta talentu, jeinu edo aurretiar
kontzeptuak ondo bereiztu barik erabiltzen dira. Gaiaren trataera
hau dela eta, eta beste arrazoi batzuengatik, gizartean oro har
eta hezkuntza munduan baita ere, irudikapen ez egokiak edota okerrak
behar baino gehiagotan topo egiten ditugu.
Gai
honetaz lan egiten edo ikertzen ari diren adituek jendearengan
hedatuen dauden estereotipoak eta aurreiritziak plazaratu dituzte.
Uste hauek bai adimenaz, bai nortasunaz, zein ikasteko eraz zein
erlazio sozial edo gorputzaren ezaugarriez argibideak ematen dizkigute.
Hauetariko
batzuk aipatzearren, eskolan oso ondo dabiltzanak beti uste izan
da emaitza akademikoak ezin hobeak izango dituztela, dena bikain
egiten dutela okerrik edo akatsik gabe. Maizegi entzuten da asko
ikasten duten ikasleak direla eta irakurtzen denborarik gehiena
ematen dutela . Hauek irakasgai guztietan eta bizitzako arlo gehienetan
goi maila lortzen dutela. Hau ez da egia biribila. Kasu batzuetan
eskolan oso ondo egokiturik eta arrakasta izaten duten arren beste
batzuetan arazoak izaten dituzte, gehienetan motibazio eza eta
hainbat kasutan baita eskola porrota ere.
Beste
uste oker bat da haur hauen garapena ezin hobea dela; ez bakarrik
adimenaren aldetik, emozioen arloan ere bai, baina batzuetan haurra
ez da oso heldua izaten eta bere egokitze ibilbidean laguntza
beharrizanean egon daiteke. Kontuan izan behar dugu bere adinekoek
baino garapen aurreratuago dutela adimen aldetik baina gorputzaren
garapenean edo nortasunean bere adinekoak bezalakoak direla.
Oso
iritzi zabaldua da gizaki hauek sufritzen duten pertsonak direla
eta beren nortasun eta osasuna egongaitza eta ahulak direla. Batzuetan
egia izan arren beste askotan pertsona zoriontsu eta egoki gizarteratuak
izaten dira gainontzekoen moduan.
Pertsona
hauei eransten zaizkien ezaugarri fisikoen artean potoloak direla,
betaurrekoak dituztela, intelektual itxuradunak, ahulak eta sarri
gaixotzen direnak...
Adimen
gaitasuna berez mantendu eta garatzen delaren ustea ere hor dago,
baina guztizko iritzi okerra da. Gure hazkuntza eta osasunerako
elikagai desberdinen beharra dugun bezala, adimena ere zaindu,
elikatu eta sendotu beharra dago.
Askok
uste dute, profesional batzuek barne, ez dutela laguntza beharrik.
Adimen gaitasun handia izatean, euren kabuz eta bakar-bakarrik
aterako direla aurrera inolako laguntzarik gabe. Esperientziak
aurkakoa aditzera ematen digu eta gaur egun Hezkuntza Lege desberdinek
Hezkuntza Premia Bereziak dituzten haurrak direla onartzen dute
eta hezkuntza aldetik eman beharreko erantzun batzuk legeztaturik
daude: egokitzapen curricularra, taldekatze bereziak edo azelerazioa
besteak beste. Zalantza barik laguntza behar duten gizakiak dira
beren motibazioan, ikaskuntzan, besteekiko harremanetan, hala
familia harremanetan nola irakasleekiko hartu-emanetan.
Zeintzuk
dira euren ezaugarriak?
Estereotipoetatik
alde egiteko argi izan behar da pertsona hauek oso ezberdinak
direla euren artean. Ezaugarri batzuek berberak izan daitezke
baina ez dago eredu bat bakarra euren ezaugarriak definitze orduan.
Beste pertsonen artean gertatzen den bezala, ezintasunen bat dutenak
barne, beti ematen da aniztasuna.
- Txiki
txikitatik garapen aurreratua edo goiztiarra eduki dezakete. Bere
adinari dagokiona baino lehenago garatzen dira hainbat arlotan:
begiak zabal-zabalik edukitzea jaio eta denbora gutxira, gauzak
behatzea eta manipulatzea, arreta mantentzea ..
- Hitz
egiten laster ikasten dute, batzuetan oinez ikasi baino lehenago.
Hizkuntza hasieratik ondo erabiltzen dute: hiztegi zabala eta
zehatza, hizkuntz-egitura zuzenak, hitz abstraktuak erabili, hitz
berrien esanahiaz galdetu, ...
- Jakin-min
handia: galdera asko egiten dituzte, batzuetan etengabe, ezagutzearen
beharra agertzen dute, behatzaile zorrotzak dira, interes ugariak
dituzte, sarri askotan beren adinekoek baino nagusiagokoenak direnak
eta informazio zabala dutela erakusten dute. Haurtzarotik ikusten
da esploratzeko duten joera.
- Irakurtzen
arin ikasi dezakete, inoiz eskolara joan aurretik baina ez halabeharrez.
Gurasoek esaten dute bakarrik ikasi dutela, inoren irakaspenik
gabe. Modu induktiboan ikasi dute, galderak eginaz eta ondorioak
atereaz. Irakurketa funtzionala ikasten dute: Zer jartzen du hemen?
Zer zenbaki da hori? Zeren ikurra da hori?
-
Operazio eta jolas matematikoak egiteko trebetasuna arin ager
dezakete, ikurrak manipulatzeko erraztasun handia dutelarik.
- Denborarekiko
interesa txiki-txikitatik. Orduaz, iraganaz, jatorriaz asko galdetzen
dute, baita ere ezezagunak diren gauzei buruz: etorkizuna, espazioa,
zulo beltzak...
- Jolas
arautuak oso gustuko dituzte eta betetzen ez direnean oso haserre
jartzen dira.
- Ikasteko
erraztasuna: oso abiadura bizian eta erraz ikasten dute, azalpen
bakarrarekin nahiko izaten dute gehienetan, oroimen itzela, iraunkorra
eta zehatza, ulermen gaitasun handia. Erabiltzen dituzten prozesu
mentalak eta estrategiak ezagutzen dituzte eta ikasitakoa testuinguru
ezberdinetan erabiltzeko gai dira, ezagupenak erlazionatzeko izugarrizko
erraztasuna agertzen dutelarik.
- Sormen
handia batez ere gogoko duten jardueretan. Bizitzako arlo guztietan
erabiltzen dute sormena. Arrazonatzeko bide berriak bilatzen dituzte.
Ohikoa, errepikapena, errutina ez dute batere maite izaten. Arazoak
era orokorrean aztertzen dituzte, aspektu ezberdinak kontutan
hartuaz eta konplexutasuna oso gustuko dute. Gauzak modu ezberdinean
ikusteko gaitasuna ere badute.
- Ideiak
arakatzeko joera naturala. Sormeneko eginkizunetan behin eta berriro
murgiltzen dira, ikasteko premia behin eta berriro agertzen dutelarik.
- Arazo
edo buruketa baten aurrean erantzun posible ezberdinak eta zehatzak
ematen dituzte.
- Umore
zentzua ona eta fina izaten da . Jolasa biziki maite dute, jolas-ekintzetan
energia handia kanporatuaz.
- Independenteak:
luzaroan egon daitezke bakarrik jolasean, telebistaren aurrean,
jostailuen artean... Sarritan bakarrik lan egitea gurago dutelarik.
- Sentsibleak:
munduko arazoen aurrean, sufrimenduaren aurrean. Justiziaren zentzua
oso garatua dute. Bidegabekeriak jasan ezinak egiten zaizkie.
Hitza eman eta ez betetzea nekez barkatzen dute. Balio unibertsaletarako
joera goiz agertzen dute.
- Batzuetan
perfekzionistak izaten dira neurri handian. Ekimenak bikain egiteko
premia dute.
- Beren
giza-arlo ezberdinak garapen erritmo ezberdina darama. Batetik
adimena garatzen da baina gorputzak, sozial eta emozional arloek
beste garapen erritmo bat dute. Beraiek baino helduagoak direnekin
egotea dute gogoko eta euren mailako lagunak aurkitzeko zailtasunak
izan ditzakete.
- Lidergorako
trebetasunak maiz ematen dira pertsona hauengan.
Betetzen
dira pertsona hauek dituzten premiak?
Zoritxarrez
gure gizartean normalizaturik gabeko gaia da. Aniztasuna eta pertsona
ezberdinak onartzea lortzeke dugun helburua da.
Hezkuntza
sistema osoan oraindik ere ahaztuenak dira ikasle hauek. Irakasleek
ez dute prestakuntza berezirik haur edo gazte hauekin lan egiteko
eta nora ezean ibiltzen dira eta Hezkuntza Administrazioak ez
ditu beharrezkoak diren arau eta baliabideak eskaintzen.
Gurasoentzat
ostera, kezkagarri izan daiteke adimen handiko seme edo alabarik
izatea, pozgarri izan beharrean, beraz eta guztion artean, ahaleginak
egin beharko ditugu gizaki hauen beharrak bermatzeko eta euren
garapen egokia eta zoriontasuna lortzeko.
Izaskun
Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea
Fotografías: http://lcm.ucsd.edu
/ http://tcdsb.on.ca
/ http://www.glasstudio-west.com |