Gizakiak
zuhaitzak balira, haritza litzateke Dionisio Amundarain (Itsasondo,
1930). Erlijioso beneditarra, Filosofian Lizentziatua, Parisen
eta Erroman Teologia ikasitakoa da. Baina irakasle jubilatua eta
itzultzailea den Dionisio zerbaitengatik nabarmendu bada euskarari
dion atxikimendu apartagatik izan da. Bere bizi osoan makina bat
lan eta borroka egin du euskararen alde, hainbeste, haritz ederra
bailitzan, berak utzitako euskararen ezkurrak hazten ikusi dituela ;
baita sariak jaso ere, azkena, Anton Abbadia saria, aurten.
Eguzki printzak opari gozoa diren udazken goiz hotz batean hartu
gaitu Lazkaoko bere etxean. Solasaldia hasi eta berehala, egongelan
zintzilik duen margo bat kutunki erakusten digu ; bertan,
hiru irudi daude : bere erretratua erdian, albo batean Gerriko
taberna-denda-txokoa eta bestean, berriz, Maizpide barnetegia.
Ez da harritzekoa, EGA agiria lortzeko zubi sendoa den Maizpide
barnetegiaren sortzaileetakoa bera izan baitzen 1988an.
-Apaiztu
baino lehen, artzaina zintugun umetan. Bai, jauna. Aitarekin
batera artzain-mutil ibili nintzen aldez alde, Itsasondon, Gaintzan,
Gabirian, eta udan, aldiz, Aralarrera igotzen ginen. Oraindio
gogoratzen naiz txilarraren gainean nola egiten genuen lo aitak
eta biok, etxoletan koltxoirik ez geneukan eta.
-Zenbat anaia-arreba
zineten? Hamaika. Erdia baino
gehiago bidean geratzen joan dira eta gaur egun bost anaia-arreba
bizi gara.
-Harremanik
ba al duzu beraiekin? Bai, horixe !
Asteburuetan eta arrebarengana joaten naiz. Gainera
hark prestatzen dizkit otorduak.
-Mutiko koskorra
zinela erabaki zenuen beneditar joatea. Hala da. Artzaintza
utzi eta hamar urterekin sartu nintzen Lazkaoko monastegian. Baina
gero konturatzen zara bizitzak beste problematika bat dakarkizula.
-Adibidez? Ba, herri baten nortasuna
hizkuntzaren menpe dagoela taupadaka jarraituko badu. Euskararako
kontzientziazio eta konpromiso hori mamitzen joan ziren nire baitan.
-Zure irakasleen
artean Elbira Zipitria hitzetik hortzera aipatzen duzu. Jakina, Elbirak berealdiko
lana egin zuelako. 1953-54 urteetan, jaiero-jaiero meza nagusiaren
ondotik, euskal aditza erakustera etortzen zitzaigun komentura.
Aurkikuntza izugarria izan zen guretzat aditza "nor-nori-nork"
horretan sistematizatua ikustea.
-Noiz
ekin zenion itzulpen lanari? 1966tik aurrera. Hurrenik,
1974an alfabetatu egin nintzen eta ikastaro trinkoak ematen hasi,
harik eta HABE-k eskaintza bat egin zigun arte ikastaroak hilero
eman genitzan.
-Israelera
ere joan zinen hebraiera nola irakasten zuten ikusteko asmoz. Bai, hori 1982an izan
zen. Baina egia esanda, metodologia aldetik ez nuen aparteko ezer
ikusi. Ez ziren gu baino hobeak. Hori bai, abantaila handia zeukaten :
ingurunea, klasetik atera eta hebraieraz egiteko aukera ematen
ziena. Hainbeste, ni neu ere kutsatu nintzela eta azkenean penarekin
etorri behar, gustua hartu niolako hebraiera ikasteari.
-Zer
dela eta atera zinen beneditarren komentutik? Ez daukat batere lotsarik
esateko. Goierriko Euskal Eskolan buru-belarri lanean nenbilen
Habe-rekin harremanetan jarrita Maizpide izango zen euskaltegia
sortzeko. Eta orduan lau urtetik behin egiten den bisita kanonikoa
heldu zitzaigun monastegira. Eta han, bada, nitaz kexatu ziren,
barruan oso denbora gutxi ematen nuela eta halakoak esanez.
-Eta "ultimatum"
modukoa jarri zizuten. Bai. Hori jakinda zera
esan zidaten : "urtebeteko epea ematen dizugu erabaki dezazun :
monastegitik irten eta euskaltegiarekin jarraitu ala monastegira
itzuli". Nik hilabete batzuetan ongi hausnartu eta, 1986an, nire
borondatez ateratzea erabaki nuen. Erroman exklaustrazioa eskatu
eta hiru urterako eman ondoren, ostera eskatu eta betikoa eman
zidaten.
-Ez zara damutzen. Ez, ez. Barruan egonda
egiterik ez neukan lan txukuna egin ahal izan dudalako. Nik ez
dut galdu ez federik, ez apaiz zentzurik, ez beneditarren izpiritu-lanik.
-Horren harira,
gero eta zailagoa dirudi gizarte honetan kristau baloreei atxikitzeak? Bai, aldapa gora jarri
zaigu. Garai batean elizan irakatsi eta aldarrikatzen ziren zenbait
kristau balore galdu edo narrasten ari dira. Esate baterako, ez
diot lehen denak zintzoak zirenik, ezta gutxiagorik ere, baina
elkarrekiko beste lotura bat zegoen. Horren kontura anekdota bat
kontatuko dizut. Nire gurasoak karlistak ziren. Behin, Gerra Zibilaren
erdian, Itsasondoko gure baserri inguruan gudari bat agertu zen,
galdurik. Orduan, aita atera egin zitzaion eta nahiz eta bere
hiru semeen kontran ibili, hara non gudaria gizon bezala tratatu
eta hala esan zion : "zoaz hortik, zureak hor goian daude
eta". Gaur, berriz, halakorik egingo al litzateke? Ez dut uste.
-Fedea galbidetik
al doa? Uf ! Fededunen
kontu hori oso zaila da aztertzea. Lehen ere jende askok, nik
ulertzen dudan moduan, behintzat, fedea baino ohiturak zeuzkan,
elizara joan, errosarioa errezatu eta kito. Eta fedea ez datza
horretan, norbaitengan sinestean baizik, pertsona horrekin lotura
bat izatean. Beraz, benetako fedea izan balute utziko al zioten
elizara joateari ?
-Hitza ez da
hainbeste betetzen. Ez, nire aburuz, ez.
Lehen esaten zen euskaldunaren hitza bete beharrekoa zela. Gaur
egun, ordea, hitza jan egiten da. Gezurra ere barra-barra dabil,
justiziaren izenean egiten diren barrabaskeriak. Baina tira, horrek
ezin itsu gaitzake eta aurrera egin behar.
-Monastegiaz
oroit, zein irudi datorkizu gogora? Beno, gauza on asko,
baina bereziki hango lagunartea. Dena den, maiz joaten naiz beneditarrekin
meza ematera.
-Bakarrik meza
eman al dezakezu? Ez, orain kristau-dotrina
eta sakramentuak emateko baimena daukat, nahiz eta hasieran Jose
Maria Setien aurreko apezpikuak ez zizkidan eman nahi. Gero, Lazkaoko
bikarioari esker, lortu egin nuen.
-Eta monastegia
utzi ondoren, ez al zenuen hutsune bat sentitu? Bai, erabaki zaila
izan zen. Baina tira, nire indar guztia taxuzko euskaltegi bat
martxan jartzen bideratu nuen.

-Zure txokoan
gustura egonik ere, burua eta arima egurasteko Udan Puerto Ricora
joaten segitzen duzu. Bai, hamargarren urtea
da joaten naizela. Lehenbiziko urte haietan, hau da, apaizgintzan
jarduteko baimenik ez nuenez, barruan halako irribarre bat neukan.
Hortaz, Ataungoa den lagun apaiz baten bidez Puerto Ricon jarduteko
aukera eman zidaten eta pozaren pozez hareaka joan nintzen.
-Zer dago han
hainbeste erakartzen zaituena? Jendearen gizatasuna,
dudarik gabe. Esperientzia zoragarria da, ez turista modura, herriaren
ikuspuntutik bertatik baizik. Puertoricoarren pentsamoldea, kezkak,
eskuzabaltasuna, eta abar ezagututa, bistan da gurean ez bezalako
harrera dutela. Kontuan hartu, gainera, berealdiko arazoa dutela
droga eta hilketen asuntoarekin eta, hori jasanda ere, bere etxea
parez pare irekitzen dizute.
-Nortasuna
galtzen ari dira Sam osabaren tripetan irentsita. Bai, baina arazo latzena
ekonomikoa da kulturala baino; laborantza eta abeltzaintza
ia-ia utzita daude. Hara zergatik : Puerto Ricoko Estatu
Libre Atxikia izan arren, azkenean, Estatu Batuetako 51. estatua
bihurtuko delako.
-Ibarretxe
lehendakariak berriki proposatu duenaren antzeko egitura politiko-juridikoa
du Puerto Ricok. Bai, baina gu baino
askoz okerrago daude, Estatu Batuen menpe zeharo. Euskaldunok,
aldiz, erraz baliatuko ginateke geure buruaz. Are gehiago, gu
Madriletik jetzi egiten gaituzte, behiak bagina bezala.
-Balizko Euskadi
hori Europar Elkartetik kanpo utziko luketela diote. Ez, hori beldurtzeko
mehatxua baino ez da. Europan pozarren hartuko gintuzkete, Madrid
eta Parisek hori esan arren. Gurekin duten auzia, hala ere, ez
da kultur mailakoa, poltsiko eta kartera mailakoa baizik. Interes
materialak dituzte gurean.
-Kontuak,
kontu, osasunez zer moduz zabiltza? Tira, orain ondo. Baina
duela bi urte, makal samar ibili nintzen. Puerto Ricon nengoela,
zorabioa sentitu eta lehen hegazkina hartu nuen. Donostian medikuz
mediku ibili eta "markapasoa" jarri zidaten. Baina ez zen hori,
eta azkenean, nire gogokoa ez bazen ere, Iruñeko Opusera
joan eta han esan zidaten belarriko arazoa zela. Injekzio batzuk
jarri eta Jainkoak lagun, sendatu egin ninduten!
-Pertsona
metodikoa zaitugu. Izan beharko !
Hori bai, orain pixka bat beranduago jaikitzen naiz, zortzietan,
alegia ; gosaldu eta bederatzietan hasten naiz lanean. Goizerdian
atsedentxo bat hartu eta Lazkaon barrena ibiltzen naiz. Ondoren,
bazkaldu eta siestatxo bat egiten dut. Ostera lanari heldu eta
buru belarri murgiltzen naiz arratsaldeko zortziak arte.

-Beraz, Eusko
Jaurlaritzako lanetik erretiroa hartuta ere, jo eta su segitzen
duzu. Ze erremedio !
Egonean ezin egon eta. Duela gutxi zortzi teologi liburu euskaratu
ditut Deustuko Unibertsitateak eskatuta. Azken aldian, Elizen
arteko Bibliaren bigarren argitalpena prestatzen ari gara, informatizatua
eta guzti.
-Ze irizpide
erabili duzue Elizen arteko Biblia euskaratzeko? Ez dugu hitzez hitz
itzuli, baizik eta kutsu komunikatiboa eman. Esate baterako, grazia
bezalako hitzaren ordez "ongi-nahia" hobetsi dugu. Izan ere, nahiz
eta "grazia" hitz sartua izan, ikusi genuen jendeak ez diola daukan
esanahia ematen. Ongi-nahia joskera aldetik freskoagoa izateaz
aparte, gisa horretan Iparraldean hobe ulertzen dute.
-Joskeraz mintzo,
zer deritzozu Euskaltzaindiak plazaraturiko hiztegiari? Ondo dagoen arren,
nire ustez, laburregia da, batez ere, hitz konposatuak idazteko
orduan, hor zalantza sortzen baita : noiz idatzi batera,
noiz marratxoarekin eta noiz aparte ?
-Euskararen
egoera hizpide, demagun hemendik ehun urtera gure hizkuntza desagertu
egin dela eta bere arrasto bakanak gaztelerak bereganatu dituela ;
adibidez : kale borroka, zulo, bidegorri, eta abar. (Barreak) Ez, ez dut
uste euskara galduko denik, horrek herriaren bihotza etetea lekarkeelako.
Nahiz eta batzuetan etsipen moduko bat sortu, euskarari eutsi
nahi diogunak gehiengoa gara ; are gehiago, gaur egun euskararen
kontra daudenak ere alde jartzea lortuko dugu.
-Erabilerari
begira, ikasgelatik aterata hasten dira komeriak. Zoritxarrez, hala da.
Garai batean euskaraz mintzo zirenei "kashero" deitzen zitzaien,
eta ondorioz, erdarara jotzen zuten. Gaur egun, orduan bezala,
orain gazte batzuei iruditzen zaie euskaraz hitz egiteak ez daukala
indarrik eta "euskañola" erabiltzen dute. Aztertzeko fenomenoa
da, bai.
-Horren kariaz,
gazteriaren erreferentzia gehienak erdal mundutik etortzea ez
da batere lagungarria. Ez, alajaina !
Eta ez pentsa horrek erremediorik ez duenik. Konparazio batera,
ETB-k askoz gehiago egin lezake egoera hori hobetzeko ; aski
da ikustea aurrekontuan zenbat gastatzen duten ETB-2rako eta zein
gutxi ETB-1erako.
-Zure
gazte denboran gehiago erabiltzen al zen euskara? Bai, proportzioan gehiago
hitz egiten zen orain baino. Dena den, euskal hiztunen kopurua
jaistearen arrazoia 60 eta 70ko hamarkadetako inmigrazioaren eragina
da. Etorkin horien bi belaunaldiek ez dute heziketa euskaraz jaso.
Baina hemendik aurrera, D ereduari esker euskararen ezagutza nabarmen
igoko delakoan nago.
-Ezagutzak,
ordea, ez du erabilera bermatzen. Ez, noski ; baina
laguntzen du. Izan ere, gaur egun nahikoa da euskaldun talde batera
erdaldun bat inguratzea euskaldunak erdaraz hasteko, sasi-errespetu
modura edo. Denboraren poderioz, berriz, gero eta jende gehiagok
jakitean, gutxiago joko da erdarara eta euskaraz gehiago ariko.
-Gipuzkoara
aiseago helduko da normalizazioa. Baina beste probintzietan, zer? Ingurune zailenak Bilbo Handia eta Gasteiz dira eta izango
dira. Zenbateraino eskolatuko diren euskaraz ikuskizun dago.
-Kantitatea
ala kalitatea? Biak kontrajarriak daudela dirudi eta. Nik, bederen, nahiago
nuke gutxi eta dotore baino euskaraz jende asko eta kaskar aritzea,
horrek borondatea adierazten baitu. Lehen esaten zen Eibarko euskara
ez zela ona. Ba, zer gehiago nahiko nuke nik mundu guztia Eibarko
euskaraz aritzea baino !
-Zure lorpen
handienetakoa den Maizpide barnetegian ikasle anitz joan ohi da
EGA atera nahian. Tamalez, agiria gaindituz gero, jende frankok
euskara zakarrontzira botatzen du. Tristea, baina hala
da. Oinarri ona hartu bai, baina gero zer ? Gasteizko neska
bat ezagutzen dut, EGA edukita ere, hizketarako ere gauza ez dena.
Badirudi HABE-k euskalduntze prozesurako diru mordoa gastatzen
duela, eta gero, kasu dezentetan alferrik galtzen da. Nire iritziz,
beraz, jarraipen bat egin beharko litzateke, ez soilik emaitzei
begira, erabilerari begira baizik.
-Behartuta
daudenek marmarka ikasten dutelako ote da hori? Baliteke. Baina esadazu,
zenbat jendek ikasi du edo ikasiko luke euskara borondate hutsez ?
Oso gutxik.
-Orduan,
zein akuilu behar du euskarak? Pizgarriak behar ditu.
Baina ez bakarrik irakaskuntzan. Esaterako, ez legoke batere gaizki
Quebec-en egiten dutena Euskal Herrian aplikatzea. Han enpresa
pribatuei dirulaguntzak ematen zaizkie frantsesten ari diren neurrian.
Ba, gauza bera egin euskaratzen ari diren enpresekin.
-Zu bezalako
gizon aitzindari batek, zein berrikuntza du esku artean? Buruan dabilkit eliza
eta liturgia mailan euskarazko web-orri bat sortzea, ez baitago
halakorik. Ez dut uste diru aldetik garestia litzatekeenik. Hori
hausnartu bitartean, mezu bereziak jasotzen ari naiz, neuk eta
beste batzuek idatzitakoak.
-Berezia zertan? Espeziala eta espaziala.
Xinplea bezain liluragarria da : Frantzian zenbait hizkuntzatan
prestatutako mezuak eskatzen ari dira, gero, espaziuntzi batean
bidali eta hemendik milaka urtera biziko diren pertsonek irakur
ditzaten. Nola ez zuten, ba, euskara sartuko ? Espero dezagun
horretan, behinik behin, sabotajerik ez izatea !
Dionisio
Amundarain
Erlijioso
beneditar bitxia dugu Dionisio Amundarain (Itsasondo,
1930). Kanpoan euskararen alde lan gehiago egingo
zuelakoan, monasteriotik ausarki atera eta gure
hizkuntzari eskaini dio bere indar guztia. Bere
lorpenen artean, Maizpide Barnetegia nabarmentzen
da. Egun, bakarrik bizi da Lazkaoko bere etxean
eta, klaseak eman eta azterketak prestatzetik
jubilatu bazen ere, testu liturgikoak itzultzen
segitzen du. Udan aldiz, Puerto Ricora joan
ohi da, berak dioen bezala : "meza eman eta
hango jendearekin egurastera".
|
|
|
Argazkiak:
Beñat Doxandabaratz
-
Euskonews & Media 186.zbk
(2002 / 11 / 1-8)
|