Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea
* Español

Estebe Ormazabal
Estebe Ormazabal

"No Brasil, uns chegaram antes, outros chegaram depois e muitos continuam chegando e ajudando na construção de uma nova sociedade nos tropicos"

Antônio Sylvio Cunha Bueno (1918-1981)


Hasiera batean

1500. urtean Pedro Alvares Cabralek Indietarako bidea hartu zuen 13 itsasontzi eta 1200 marinelekin Vasco da Gamak bere aurretik egindako bideari jarraituz. Hala ere, ekuadorreko itsas korronte indartsuek bultzaturik nahi baino mendebaldeagorantz egin zuten, eta apirilaren 22an gaur egun Brasil bezala ezagutzen dugun lurretara heldu ziren, zehatzago Porto Seguro-ra. Hau da historia ofizialak kontatzen duena; hala ere, badirudi garai hartan portuges eta espainolek bazutela lur haien berri, eta Pedro Alvares Cabralen bidaiak objetibo zehatza zuela.

Lurreratzean, kostaldean bizi ziren Pataxo indioen ongi etorria jaso zuten, eta bertan bederatzi egun egin, gurutze handi bat eraiki eta pau-brasil zuhaitzaren enbor batzuk kargatu ondoren, Veracruz-eko (Benetazko Gurutzea) lurrak atzera utzi eta bere bidaia jarraitu zuten Indietarantz.

Portugesek, europarrek munduko beste hainbat tokietan bezalaxe, Brasilgo biztanleengan izan zuten inpaktu eta eragina tamalgarria izan zen: animaliak bezala ehizatuak lehenengo, esklabo bezala erabiliak ondoren, jesuita eta beste batzuek kristautu eta bere kultura ezabaturik, europarrek ekarritako gaitzak jasan eta azkenik, kolonoen esku lurrak galdu ondoren, borroka edo ihesa geratu zitzaien alternatiba bakar bezala. Portugesak iritsi zirenean, nazio indigena desberdin guztiak elkarturik, 5 milioi inguru indigena bizi zirela kalkulatzen da. 1950ean 150.000 besterik ez ziren geratzen, 200 nazio eta 180 hizkuntza desberdinetan elkarturik.

Ondorengo 30 urteetan portugesek ez zuten interes handirik azaldu Veracruz-eko lur berria kolonizatzeko, izan ere, Afrika eta Asiak europar merkatuarentzako eskaintzen zituzten aberastasunen ondoan, oihan basatiez estalitako lurrak bakarrik azaltzen ziren lur berri hauetan.

Hala ere, pau-brasil zuhaitzetik ateratako tinta gorriak merkatari portuges batzuen interesa piztu zuen, eta honela hasi zen zabaltzen Portugal eta Brasilen arteko merkatalgo bidea. Merkataritza hau indioen eskulanean oinarritua zegoen: merkatariek aizkora eta labanen truke pau-brasil enborrak jasotzen zituzten, eta honela jarraitu zuten XVI. mendearen erdira arte, kolonia berriaren esportazio gai bakar bezala eta lur berriari azken batean izena emanez (Pau –brasil zuhaitzaren enborra su txingar kolorekoa da, "brasa" portugesez, eta hemendik Brasil izena ).

1531.an Portugaleko João III. erregeak lehenengo kolonoak bidali zituen: Martim Alonso de Souzak gidatutako bost itsasontzi eta 400 pertsonaz osatutako eskifaia kostaldea ongi esploratu ondoren, São Vicenten (gaur egungo Santoseko portutik gertu) eraiki zuten lehenengo kolonia 1534.an.

Kolonizakuntza ez zen erraza bertako indio borrokalari, giro heze eta beroa, natura babesgabe, basati eta gaixotasun tropikalen aurka.Honela pasa ziren ondorengo hamar urteak, zailtasun guzti hauen aurrean,kolonizatze esfortzu handirik egin gabe. Nolanahi ere, Brasilekiko beste europar potentzien interesa handitzen ari zela ikusirik, 1549.an Portugaleko erregeak Tomé de Sousa bidali zuen Brasilgo lehen gobernadore izateko, boterea zentralizatu eta kolonizatutako lur urriak ziurtatu eta antolatzeko. Bahia de Todos os Santos (Santu guztien badia) izan zen hamar ontzi eta 1000 kolonoen helmuga, eta handik gertu, Salvador da Bahia sortu zuten, Brasilgo lehenengo hiriburua. Eskifaia soldadu portuges, erbesteratu, kristau berri (judutar konbertituak) eta sei jesuitek osatzen zuten.

Jesuita hauen artean, beharbada, Brasilera heldu zen lehenengo euskalduna aurkitzen zen: José de Azpilicueta Navarro nafarra. Xabierren jaioa, Salvador de Bahian denboraldi bat egin ondoren Porto Seguron urteak egin zituen indioen kristautze lanetan bereiziaz.Kuriositate bezala, jesuiten buru zen Nobrega aitak eskutitz batean dio, nola Azpilikueta aitak, indioen hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko erraztasun handia azaldu zuen, bere ustetan, "bizkaitarra" (biscainho) izanik indioen hizkuntza eta nafarrarena "antzekoak" zirelako. 1557ko apirilaren 30ean hil zen Porto Seguron.

Conforme publicado em História de Santos/Poliantéia Santista, de Francisco Martins dos Santos e Fernando Martins Lichti, 1986, 3 volumes.
São Vicenteko aintzinako mapa.

1553.an José de Anchieta, euskaldun jatorriko jesuita kanariarra heldu zen. Jesuita guztietatik famatuena, São Pauloko hiriaren fundatzaileetako bat, Tupi-guarani hizkuntzaren lehen gramatikaren idazle eta Hego Amerikako lehengo antzerki lan eta poesia idazletzat jotzen da.

1572.an berriz Inacio Tolosa jesuita heldu zen Salvadorrera, bertako jesuiten eskolako errektore eta Brasilgo jesuiten gidari (provincial) izan zen.

Kolonizatzaileek laster nabaritu zuten lurra eta giroa azukre kainabera aldatzeko oso egokia zela, eta garai hartan, produzitutako azukre guztia europar merkatu gosetiak erosten zuen, hasiera batean botika bezala erabiltzeko eta geroago jaki guztiekin nahasteko, ardoa tartean, gozagarri bezala.Negozioa borobila zen.Handitzen ari zen azukre produkzioari aurre egiteko eskulan beharrean aurkitu ziren portuges kolonoak eta horretarako indioak esklabo bezala erabiltzen hasi ziren. Kostalde guztian indioen erantzuna berdina izan zen: hasiera batean portugesei ongietorria eman zieten eta jana eta lurra eskaini. Ondoren mesfidantzaz ikusten hasi ziren lurrik onenak hartu eta beren ohiturak errespetatzen ez zituzten atzerritar haiek. Eta azkenik, lana esklabutza bilakatzen hasi zenean indioek borrokari ekin zioten.

Esklabo indioen merkataritza Brasilgo bigarren "produkzioa" bilakatu zen. Bandeira izeneko taldeak (bandera baten atzetik ibiltzen zirelako, gehienetan motibo erlijiosoekin) osatzen ziren indioen ehizara barnealderantz espedizioak antolatzeko. Bandeiranteak (Bandeira hauen partaideak) portuges militarrak, indio - portuges mestizoak, indioak eta erlijiosoak izaten ziren, eta esklabo indioen ehizaz gainera, Portugaleko koroarentzako lurrak konkistatu eta pixkanaka Brasilgo barnealdea esploratuz eta kolonizatuz joan ziren. Beren ausardia, beren basatikeriaren parekoa zen. Bandeirante famatuen artean euskal jatorriko André de Zuniga azaltzen da, Miranda ibaiaren inguruan XVII. mendean ibili zen bandeirante moduan eta Sorocabako hiriaren fundatzaileetako bat da. André de Artieda fraide euskaldunak ere 1635. urte inguruan Pedro Teixeira kapitainaren Bandeiran parte hartu zuen Amazoniako lurretan.

Jesuitak, beren kristautze interesak aurretik, indioak babesten saiatu ziren. Horretarako misioak sortu zituzten indioak babestu eta kristautzeko. Hala ere, nahiz eta eliza eta erregeak indioen esklabutza gaitzetsi, inork ez zuen benetan gauza handirik egiten eta Bandeiranteen eskuetan edo esklabo lanetan hil ez ziren indioak, europarrak ekarritako gaitzekin hil ziren.

Azukrea eta afrikarrak

Azukre plantazioak kanpoko laguntzarik gabe eusten ziren eskala handiko produkzio guneak ziren, beren teknologia eta makinez horniturik, 100etik 150 esklabora erabiltzen zituztelarik. Azukreaz gain ganadua eta beste etekin batzuen laborantza egiten zuten bertako behar guztiei aurre egiteko.

1500 inguruan plantazio jabeak (fazendeiro) esklabo afrikarrak erabiltzen hasi ziren indigenak baino langile hobeak zirelakoan eta europar gaitzei zailduagoak zeudelako. Berehala izugarrizko esklabo komertzioa sortu zen Europarekin hirukia itxiz: Afrikako elefante betortz eta esklaboak, Brasilgo azukrea eta tabakoa eta Europako luxuzko gaiak.

Esklabu afrikarrak.

XVII. mendean zehar beltz afrikarrek indioak ordezkatu zituzten azukre plantazioetan. 1600. urte hasieran 1500 esklabo heltzen ziren urteko Afrikatik. 1880.ean esklabutza indargabetu zenean hiru miloi eta erdi esklabo afrikar heldu ziren Brasilera.

Brasilgo nazio eraikuntzan eta brasildar kulturaren sorreran afrikarrek izan duten eragina izugarria izan da bai musika, hizkera, erlijio, elikadura eta beste hainbat alorretan, bere zigilu berezia erantsiz eta nahasketaren bidez Brasilgo kultura aberatsa sortuaz, nahiz eta gaur egun arte beltzen aurka dauden aurreiritziak, handiak izan.

Esklabo ontzietan hiltzen ez ziren afrikarrek bizitza motz eta gogorra jasaten zuten azukre plantazioetan: lana gogorra eta aspergarria izaten zen egunero 15 edo 17 orduko lansaioak eginez, elikadura ez zen egokia, "jabeen" tratua basatia eta gaitz tropikalek egiten zuten falta zena bizitza laburragoa egiteko.

Plantazio jabeak ziren Brasilgo jauntxo, txuri eta beltzen jabe osoak.

Esklaboek era askotako erresistentzia azaldu zuten nahiz eta "jabeek" arraza eta erlijio desberdineko afrikarrak elkar nahastu edo familiak sakabanatu eta izugarrizko gogorkeria erabili beren aurka.

Esklabo ihesaldi eta matxinadak 1559.rako hasiak ziren. Esklaboek ihes egin ondoren Quilombo izeneko bizi guneak osatzen zituzten oihanean barna, zuriak inoiz heltzen ez ziren tokietan, eta askotan, indioekin elkarturik esklabo ehiztarien aurka defendatzeko. Quilombo famatuenetako bat Palmareskoa izan zen. XVII. mendearen hasieran sortu zen eta 1675.erako 200.000 esklabo iheslari eta indio bizi ziren elkarrekin Zumbi erregearen gidaritzapean. Gaur egun Zumbi erregearen irudia beltz mugimendu politikoaren ikono bilakatu da bere zuriekiko erresistentziagatik.

Azukre plantazioak izan ziren Ameriketan egin zen eskala handiko lehen nekazal produkzio saiakera eta honi esker lehenengo kolonizatze esfortzu handia. Garai hartan Brasilgo azukreak sortu zuen aberastasuna gaur egun petrolioak sortzen duenarekin konpara daiteke, eta dena, bai aberastasuna eta bai azukrea Europa aldean desagertu zen.

Nahiz eta Espainia eta Portugalek Tordesillaseko itunean Amerika zatitu zuten, beste europar indarrek ere interes handia zuten Brasilgo lurrengan.

1555.ean frantziarrek Guanabarako badian (gaur egun Rio de Janeiro) Frantzia Antartikarra sortu zuten Tamoio indioen laguntzarekin.Borroka odoltsuen ondoren, 1667.an Men de Sáren gidaritzapean portugesek frantziarrak kanporatzea lortu zuten.

Holandarrek ere bere saiakera egin zuten 1630 eta 1654 urteen tartean Pernambuco, Sergipe eta Maranhãoko lurrak bere menpe eduki zituztelarik, portuges armadak bidali bitartean.Holandarren aurkako gerratean egindakoak saritzeko Gaspar de Souza Uchoa, Ochoa edo Uchôa , Simão de Souza Uchoaren semeak, hainbat domina irabazi zituen eta Pernambucoko lurretan karrera militarra jarraitu zuen.

Portugaleko erregearen zerbitzuan hainbat euskaldun etorri ziren Brasileraino, gehienak militarrak. XVI. mendearen hasieran Lucas de Agorreta arrasatearra, bere bi semeekin etorri zen Salvadorrera.Pedro Arias Aguirre, 1598.an S. Felipe gotorlekuko (Bahia) kapitaina zen eta Diogo Arias de Aguirre, aurrekoaren anaia, São Vicenteko gobernadore izan zen 1598.an.

Urrearen zikloa

1690.an bandeiranteek Serra do Espinazon urrea aurkitu zutenean europarren "El Dorado"ko ametsa berpiztu zen.

Berehala urrearen zoramena martxan zen eta Brasilgo zirrikitu guztietatik eta Portugaletik milaka kolono urrearen eta aberastasun erraz baten ametsaren atzetik irten ziren: 800.000 pertsona baino gehiago heldu ziren Portugaletik, esklaboen etorrera handitu zen eta 1600. urtean Brasil osoan zeuden 300.000 biztanleak 3 miloi eta erdi bilakatu ziren 1800.urtean urrearen zoramena amaitu zenean. Tartean euskaldun batzuk ere bai, 1696.an Ouro Pretora heldu zen Jean de Lannes edo Lana baionar urregilearen antzera,

Demografia aldaketa handiak sortu ziren eta guzti horrek Brasilgo ekonomia eta antolaketa sozialean aldaketa handiak eragin zituen.

Hiri ederrak sortu ziren Minas Geraiseko mendietan: Sabara, Mariana, Vila Rica de Ouro Preto (Urre beltzaren herri aberatsa).

Merkatari aberatsek etxe eder eta eliza bikainak eraiki zituzten eta brasildar artisauek Amerikar barrokoko arte obrarik ederrenetakoak sortu zituzten Alejadinho eskultorea buru zelarik.

1800. inguruan urrea bukatzen hasi zenean, aberastasun gehiena, berriz ere, Europako jauregi eta banketxeetan aurkitzen zen. Hala ere Minas Geraisen benetako gizarte brasildar baten sorreraren hazia ernetzen hasia zen, "Brasildartasun" sentipena lehenengo aldiz gorputza hartzen hasia zen eta hemendik, independentziaren aldeko mugimendua eta portugesen aurkako lehen matxinadak.


Euskonews & Media 185.zbk (2002 / 10-25 / 11-1)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza