Uda
honetan eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bilboko Udalak
hala eskaturik, "Miguel Unamuno, Blas de Otero, Gabriel Aresti"
uda ikastaroa atontzeko zoria izan nuen, Bilbo herriko hiru poeta
nagusi bilduz eta haren poesien artean elkarrizketa sortuz eta
entzuteko beta emanez.
 |
Argazkia:
http://www.lasarte-oria.org/kultura/km/euskara/literae/gida/aresti/aresti.htm |
Gaia oso ondo tratatu
zuten jakintsuen artean, nire hitzaldiak helburu finkoa eta xumea
zuen: Arestiren poetikaz, autopoetikaz ikerketa txikia egitea,
eta Jurgi Oteizari eskainitako, Harri eta Herri-n agertzen
den "Q) Profeta bati" poemaren azterketa aurkeztea.
Poesiarentzako egiaren
traza nahi du Gabriel Arestik. Egiaren traza, egiaren eta gezurraren
arteko borroka baita gaur egunekoa:
"Orain artean, diot, bai,
orain artean prestuek egia esaten dute
beti, eta doilorrek gezurra. Baina orain egia esatea ez
da naikoa, orain arrazoia defenditu
behar da, eta orain harmak dira gezurra eta egia".
Gezurra eta egia
maite dituen gizarte batean mugitzen da poeta, eta beraz bien
arteko muga egiteko orduan, bere izaera erakutsi behar du egiaren
alde. Iñaki Aldekoak poetari buruz egin zuen tesian, hain
zuzen ere, horixe hartzen zen kontuan, eta Arestik bere buruaz
zuen irudi nagusi hori azpimarratu zuen kritikoak: Aresti bera
zen munduaren neurria, eta munduaren neurri hori hartzeko orduan,
Arestik bere burua hartzen du profetaren itxuran. Profeta eta
poeta. Ez da dudarik agerpen hori egiteko orduan, eragin bi direla
nabarmenenak bere teoria poetikoa osatzeko unean. Alde batetik
Bibliaren eta Ebanjelioaren oihartzuna dago, poeman bertan geroago
agertuko dugunez, nabaria dena, eta beste aldetik Nietzscheren
eragina garbia...
"Jurgi Oteitza ezpaita
gizon bat, Jurgi Oteitza gizonago baita; azken bolada honetan pentsamendura
ekarri naute hura profeta bat dela".
Aipu horretan alde
biak geratzen dira garbian, Biblia eta Nietzsche.
Horregatik bere irakurketak,
batez ere, kontrajarpenak agertzen ditu: Bilbao cromlecharen aurrean.
Lurra eta Bilbao, izadia eta gizadia, estetizismoa eta konpromisoa...
kontrajarpen bortitzegiak testuan kontuan ez hartzeko esanahiaren
aldetik testuak konpontzen duen tonu grisa ez marrazteko.
Egia esateko, beste
elementu bat ere badu izenburuak Q) letra hain zuzen ere. Gertatu
dena beste zerbait da... liburuaren sisteman sartu den elementua
dela. Jakina denez, Harri eta Herri liburuko poema guztiak
orden alfabetiko batez emanak daude, orden bat baino gehiago,
mundu bat adierazi nahiz. Orain arte, uste dut, letra horiek beste
barik orden bat jartzeko sistema bateko forma gisa hartu dira,
beste barik, adierazpen kariari kasurik egin gabe. Baina garbi
dago zentzuren bat bazutela letrok. Har dezagun adibidez Harri
eta Herriren lehen saila. M) letraraino heltzen da, eta hain
zuzen ere "Munduaren neurria" poema metapoetikoa, poetika
baten adierazpena, mundu baten ikuskizuna azaltzen da bertan.
Bigarren zatiak, ordea, alfabeto osoa korritzen du, eta dena osatu
arte agertu du Arestiren forma. Q) honekin bukatu zuen hirugarrena
Arestik. Eta "Q" letraz ari garelarik, nola ez ekarri
gogora haren "Quosque tandem" liburu entzutetsua? Beraz,
titulua aurretik agertzen den zeinu txiki horrek zentzu semantikoa
agertuko luke, eta zentzu horretan "Quosque tandem"
liburuaren aurrean Arestik hartzen duen jarrera izango litzateke
gai nagusia. Mitoaren aurrean historia... Poemaren barrenean bide
desberdinak darabiltza Arestik, eta mitoa eta historiaren aurrean
gertatzen den kontrajarpena bada ere berea, hainbat gai desberdin
darabiltzala esan dezakegu.
Poemaren gai nagusia
artistaren tokia da. Artistaren tokia mundu zail batean, artistaren
tokia mundu kapitalistan, artistaren tokia bere munduarekiko eta
bere sentipenekiko. Egia da kontrajarpenak daudela, baina kontrajarpenarekin
batera mundu bera sofritzen ari direla ere adierazten du poemak,
nahiz eta askotan aipatzen den bien arteko, Oteizaren eta Arestiren
arteko kontrajarpena aipatzen den, eta azkenean egia esan dio
Arestik.
Jon Kortazar,
idazlea eta Euskal Literaturan Katedraduna |