Aski
da antzerkiari buruz nola mintzatzen den entzutea, ondorio garbi
batera iristeko: pertsona batzuk lanbide jakin batean aritzeko
jaio badira, horietakoa dugu, zalantzarik gabe, Garbi Losada.
Unibertsitatean zebilenean hasi zen antzezten, baina garai hartan
ez zuen pentsatu ere egiten antzerkilaria bihurtuko zenik. Obrak
interpretatu, zuzendu eta idazteaz gain, eskolak ematen ditu,
eta sari ugari jaso ditu. Nolanahi ere, arlo honetan urteak daramatzan
arren, esperientzia luzea izanagatik ere, zuzendari gazte hau
ez da gai bere obrak estreinaldi egunean ikusteko. "Asko dramatizatzen
dut eta oso gaizki pasatzen dut. Zerbait oker aterako denaren
beldur egoten naiz. Ez naiz obra ikusteko gauza. Kalera irteten
naiz, buelta batzuk ematen ditut, aretozainarekin hitz egiten
hasten naiz..."
-Noiz erabaki
zenuen antzerkian lan egitea? Nolakoa izan zen arte honekin izan
zenuen lehenengo kontaktua? Fakultatean hasi nintzen
antzezten. Magisteritza eta Pedagogia ikasi nituen. Baina orduan
antzerkiarena ez zitzaidan lanbide bat iruditzen, eta are gutxiago
etorkizunean nik izango nuen lanbidea. Pedagogiako azken ikasturtean,
lagunen artean "Tanttaka" antzerki taldea sortu genuen, eta orduan
Pedagogia bigarren maila batean utzi eta bete-betean antzerkian
hasi nintzen, antzerkitik bizi nahian.
-Nolakoak izan
ziren urte haiek? Zein da zure historia? Nire historia, Euskal
Herriko beste jende askoren antzekoa da. Konpainia berrietan eta
historikoetan interes desberdinak sortzen dira, eta orduan zatitu
egiten dira. "Ados Teatroa", adibidez, "Tanttaka"-ren adar bat
da. Beti aritu naiz antzerkian lanean. Telebista saioren batean
gidoilari eta aktoresa lanetan ere aritu naiz, eta produkzio zinematografikoren
batean ere bai.
-Aktoresa,
gidoilaria eta zuzendaria zara. Zein arlotan aritzen zara erosoen?
Zein da gehien gustatzen zaizuna? Antzerkiaren alor guztiak
ditut gustuko. Duela sei bat urte "Ados Teatroa" sortu zenetik,
batez ere obrak idazten eta zuzentzen aritu naiz. Nahiko gutxi
antzeztu dut. Baina ez hori egitea erabaki nuelako, baizik eta
gauzak horrela etorri direlako. Sormenaren alderdiak gero eta
gehiago erakartzen nau, gero eta lan gehiago sortzen zait... Asko
gustatzen zait gauza berriak idaztea. Ez dakit erosoago sentitzen
ote naizen, baina kontua da gehiago gustatzen zaidala. Antzeztea
ere asko gustatzen zait, oso gauza zaila da, erronka handi bat,
baina beharbada niri dagokidana zuzentzea eta idaztea da. Agian
denborarekin ikusiko dut ezetz, oker nagoela, baina oraingoz behintzat
lana badaukat.
 |
"Gus
eta Gas". |
-Euskal Herrian,
zure ustez, nahiko aukera al dago antzerki trebakuntza duin bat
lortzeko? Gaur egun eskari handia
dago. Nik uste dut arte eszenikoei lehen baino arreta handiagoa
eskaintzen zaiela, eta trebakuntzak hobera egin duela. Arte Eszenikoen
Tailerrean, profesional garenok hasiberrientzako eskolak ematen
ditugu. Dena den, hutsuneak ere somatzen dira. AETko ikasle asko
Madrilera joaten dira trebatzera, hemen ez dauzkatelako aurrera
egiteko aukera gehiegi. Arte Eszenikoen Tailerrak daukan ona da
irakasleok lanean ari garen profesionalak garela. Ona da irakasleak
pedagogo hutsak ez izatea, lanbidetik urruntzeko arriskua izaten
dutelako. Diru laguntza gutxi jasotzen ditugunez, gehiena autofinantzatu
egin behar izaten dugu, eta diru hori gazteen matrikuletatik eta
irakasleon soldata baxuetatik ateratzen dugu.
-Hungarian
izan zarenean, zein desberdintasun ikusi dituzu hemengo antzerkiarekiko?
Arrazoi pertsonalak medio, sarritan
izan naiz Budapesten. Ikaragarria da. 400 antzoki inguru dauzkate,
eta egunero betetzen dira. Oso egitarau anitza daukate. Hungariako
Gobernuak garrantzi handia ematen dio kulturari, eta diru laguntza
asko banatzen ditu. Niri izugarrizko inbidia ematen zidan antzokiak
beti hain beteta ikusteak. Gainera, mota guztietako ikuskizunak
izaten dituzte. Desberdinak dira; antzerkiaren aldetik alde handia
ateratzen digute. Dena den, hemen asko aurreratzen ari gara azpiegiturei
dagokienez. Herri txikietan antzoki berriak zabaltzen ari dira.
Guk, hasierako urteetan, herrixketako polikiroldegietan ematen
genituen ikuskizunak, "poliantzokietan". Orain behintzat behar
bezalako eszenatokietan aritzen gara. Nik uste dut borondatea
badagoela. Kontua da egitarauek egonkorragoak izan beharko luketela,
jende gehiago erakartzeko.
-Zer pentsatzen
duzu instituzioek antzerki ekoizpenei zuzentzen dizkieten diru
laguntzei buruz? Eusko Jaurlaritzak
antzerki emankizunetarako diru laguntza ematen du, oso garrantzitsua,
baina ez da nahikoa dauden antzerki talde guztientzat. Ez nuke
biktimaren papera egin nahi, baina konpainiek ia batere dirurik
gabe lan asko egin behar izaten dute. Nire ustez hemen egiten
dugun antzerkia interesgarria da. Euskal Herritik kanpo ere interesa
agertzen dute hemen egiten dugun antzerkiarekiko, eta hori ona
da oso, gure ekoizpenak esportatzeko gai garela adierazten duelako.
Espainian asko interesatzen zaizkie Kataluniako eta Euskal Herriko
antzezlanak. Nire ustez ospe ona dauka hemengo antzerkiak.
-Beraz, ikusten
denaren arabera, antzezlan euskaldunak, Kataluniakoekin batera,
Estatu mailan kalitate mailarik onenetakoa dutenak direla esan
dezakegu... Andaluzian ere lan
asko egiten dute. Katalunian tradizio luzea dute, urte asko daramatzate
antzerkia lantzen, eta, gainera, laguntza ekonomikoak jasotzen
dituzte. Eta Euskal Herrian ez daukagun gauza bat daukate: egitarau
egonkorrak. Antzoki batean hiru hilabetez egoteko aukera daukate.
Hori Euskal Herrian ez da geratzen; Bartzelonan eta Madrilen bai
ostera. Aukerarik antzekoena, Bilbon uda partean egiten dutena
da. Konpainiek hilabete bat eman dezakete obra antzezten, baina
oso konpainia komertzialei bakarrik ematen diete aukera hori.
Euskal Herrian, tamalez, ez daukagu denboraldiak egiteko aukerarik.
Madrilen eta Bartzelonan bai, baina hemen ez.
 |
"Lamiak" |
-Euskarazko
Ikuskizun Onenaren 2002 Donostia saria jaso duzu, "Lotsa-Gabe"
obragatik. Zenbateraino bultzatzen dute sariek obra bat edo egilearen
lana? Inork ez du lana sariak
irabaztearren egiten. Beste jende guztiak dituen arrazoi berdinagatik
egiten dugu lana: pasioagatik, interesagatik, bizirauteko, bizirik
gaudelako. "Sari" hitzak oso ondo adierazten du bere esanahia.
Zenbaitetan, obra egin denetik denbora askora etortzen dira sariak,
eta une horretan moralaren aldetik kili-kolo ibiliz gero, sariek
ikaragarrizko poza ematen dute. Beste alde batetik, oso aproposak
izaten dira ikuskizunari bultzada bat emateko. Jendeari gustatu
egiten baldin bazaio, kritika onak jasotzen baldin baditu, eta
gainera sari bat eman baldin badiote, ikuskizuna ondo salduko
da. Norberaren eta konpainiaren kurrikuluma hobetzeko balio dute,
eta ikuskizuna hobeto saltzeko. Bizitzeko, alegia.
-Ba al duzu
arrazoi bat edo bestegatik besteak baino kuttunagoa duzun obrarik? Beti modu berezi batean
maitatzen ditut etorkizunean egingo ditudan obrak, ilusio handia
egiten didate. Dena den, baditut obra kuttun batzuk ere. Esate
baterako, oso pozik nago "El amigo de John Wayne" egin izatearekin.
Gaia, batera komertziala izan gabe, atzeratu baten ingurukoa da-eta,
oso interesgarria iruditzen zait. Hasieran zaila ikusten nuen
obra konpainia independente batek antzeztea, baina "Ados Teatroa"
prest azaldu zen obra antzezteko. Niretzat pribilegio bat izan
da komertziala ez den gai bati buruzko gidoi bat prestatzea, gero
banatzeko zailtasunak izango nituela jakin arren. Baina sorpresa
ederra hartu genuen, azkenean uste baino komertzialagoa izan delako.
Jendeari gustatu egin zaio. Hasiera batean ez dirudi oso gai erakargarria,
baina zorionez oso ondo funtzionatu du. Eta, gainera, itxaropenak
ematen dizkizu, ikusarazten dizulako ez dagoela aurrez jakiterik
zerk funtzionatuko duen. Dirudienez, ez dira gauza komertzialak
ondo funtzionatzen duten bakarrak. Hasiera batean komertziala
ez dirudienak ere ondo funtziona dezake. Komertziala deitzen diot
jendeak ondo hartuko duenari, banatu egingo denari, sarrerak salduko
dituenari... Hara, saltzeaz hitz egiten ari naiz berriz ere...
Nabari da hau dudala bizibidea...
 |
"El amigo de John Wayne" |
-Zaila al da
antzerkitik bizitzea? Bai. Asko borrokatu
beharra dago, baina posible da hala ere. Ikuskizun bakoitza berria
eta desberdina izaten da: bata oso ondo joan daiteke, eta hurrengoak
agian ez hain ondo, ez duelako interesa pizterik lortzen. Oso
zaila da, batez ere hasieran. Eta, gainera, denbora asko hartzen
du. Hiruhilabete honetan zehar, astean behin eskolak emango ditut
Arte Eszenikoen Tailerrean, baina ez zait beste ezertarako denborarik
gelditzen. Beste edozein lanbidetan bezala, honi ere behar duen
denbora eskaini behar diozu.
-Antzezlea
jaio egiten da ala egin egiten da? Bi gauzak. Nik uste
dut talentua landu egin daitekeela, lanaren bidez garatu. Batzuek
ikaragarrizko talentua daukate, baina ez baldin badute lantzen,
ez dute behar bezala garatzen. Eta, beste alde batetik, bada baita
hasiera batean hainbeste talenturik ez daukan jendea, baina ahaleginak
egitearen ondorioz oso modu interesgarrian garatu dutenak. Nire
ustez, eguneroko lanak ikaragarrizko garrantzia du. Antzezteko,
aktorea izan beharra daukazu, eta aktore izateko, gogoa izan behar
duzu. Bokazioa da behar dena.
-Ba
al da bereziki miresten duzun aktore edo aktoresarik?
Ez bereziki. Jende asko miresten eta
errespetatzen dut, eta asko gustatuko litzaidake haien parera
iristea. Baina ez naiz batere mitozalea. Jende desberdin askoren
lana miresten dut.
-Zer dauka
oraintxe Garbi Losadak eskuartean?
Nik esango nuke "Ados Teatroa" eta
Garbi Losada ia gauza bera direla. Orain haurrentzako clown
ikuskizun bat prestatzen ari gara, "Kokoroko" izenekoa, "El
amigo de John Wayne" banatzen, eta "Las mujeres de verdad tienen
curvas" filmaren aurreprodukzioa prestatzen. Datorren urtean hasiko
gara obra hau antzezten. Horren aurretik, kaleko ikuskizun bat
estreinatu behar dugu. Lan asko daukagu, baina hori ona da.
 |
"El amigo de John Wayne" |
-Emakumea,
aktoresa, zuzendaria eta idazlea izanik, nola egiten diozu aurre
egunari?
Euskal Herrian jende asko ibiltzen
da horrela. Ez dut uste nire egoera besteekiko hain desberdina
denik. Beti aritu naiz bi sexuetako jendearekin lanean, eta guztion
bidea oso antzekoa izan da. Ez naiz emakumea izateagatik baztertua
sentitu. Saritua ere ez. Dena den, egia da azkenaldian emakumeak
beste lanpostu batzuetan sartzen hasi direla, adibidez sormenarekin
edo zuzendaritzarekin lotuta daudenetan, edo teknikoen taldean.
Gizartean ikusten den garapenaren isla izango dela suposatzen
dut. Emakumeok, oro har, gero eta leku gehiagotan gaude. Zorionekoa
sentitzen naiz lana nire izenean egin dezakedan garai batean jaio
izateagatik. Duela ez hainbeste denbora, emakumeek ezin zuten
beren izenean sinatu. Orain behintzat, lardaskeria bat idatzi
arren, neronek idatzi dudala esan dezaket.
-Zeintzuk dira
ikuskizun baten historiako unerik hunkigarrienak? Ni obra estreinatu
baino askoz ere lehenago hasten naiz disfrutatzen. Bidaia bat
prestatzen arituko banintz bezala sentitzen naiz: nolakoa izango
den pentsatzen dut, dena iruditzen zait posible... Horixe izaten
da unerik gozoena. Ez duzu oztopo bat bera ere ikusten, dena da
posible. Hain gutxi kostatzen da amets egitea... Gero hasten da
benetako prozesua: aurrekontuak, lantaldea, testua... Entseguak
orokorrean guztioi gustatzen zaizkigu, oso lan interesgarria delako,
eta antzerkiaren mundua oro har oso bokazionala denez, asko disfrutatzen
dugu. Estreinaldiaren egunean faktore asko hartu behar dira kontuan,
irrika handia izaten dugu, eta gauzak ondo ateratzen badira poz
handia hartzen dugu. Estreinaldiko gauak mitikoak izaten dira,
oso une bereziak. Zerbait bukatu denaren sentsazioa izaten dugu.
Eta gainera jendeari gustatu egiten baldin bazaio... ikaragarria
izaten da. Une horretan pentsatzen duzu denak merezi izan duela.
Gero, banaketa egiteko unea iristen da, oso gogorra, lan handia
egin behar delako jendea obra ikustera joateko, saltzeko, nominak
ordaintzeko...
 |
"Manolito gafotas" |
-Bitxikeria
pila bat izango dituzu gogoan...
Bai, asko. Antzezleok oso gogaikarriak
gara, beti gure birei, egitasmoei, entseguei eta une bereziei
buruz hizketan... "Shakespeare in love" filmean, oso anekdota
interesgarri bat ikusi nuen, antzerkiko arlo esparru guztietara
eraman daitekeena: estreinaldiaren egunean, ikusleen laguntzarekin,
desagertu egiten direla aurreko egunean zeuden oztopo eta zailtasun
guztiak. Beti okerrena gertatuko denaren beldur izaten gara, baina
azkenean ia inoiz ez da ezer gaizki ateratzen. Gezurra dirudi
teloia altxatzen denean gauza guztiak magiaz bezala nola konpontzen
diren, gure beldur guztiak nola uxatzen diren. Aktore batek, eszenatokian
dagoenean, segurtasun handiagoa sentitzen du. Oso urduri egongo
da eta beldurra izango du, baina arazorik egonez gero zerbait
egingo du bere aldetik. Aldiz, zuzendariaren egoera oso bestelakoa
da. Zuzendariak egin du egin behar zuena; hortik aurrera itxaron
egin behar du, zer gertatzen den ikusi. Nik asko dramatizatzen
dut eta beti okerrena gertatuko dela pentsatzen dut. Oso gaizki
pasatzen dut. Sekula ez dut obra estreinaldiaren egunean ikusten.
-Eta zer egiten
duzu? Ridikuloa. Bueltak
ematen aritzen naiz, kalera irteten naiz, aretozainarekin hitz
egiten gelditzen naiz, aldageletan negar egiten dut... Inolako
arrazoirik gabe sufritzen egoten naiz. Oraindik ez dut konpontzerik
lortu.
Garbi
Losada Atutxa
Garbi
Losadak lotura estua du azken urteotako euskal
antzerkiarekin. Ikasle zela hasi zen antzezten,
eta ordutik esparru desberdinetan aritu da lanean:
antzerki lanak zuzentzen, telebistarako gidoiak
idazten, zineman zein antzerkian antzezten,
eta irakasten. Ikusleek zein kritikak harrera
aparta egin dizkiete "Manolito Gafotas", "Lamiak"
edo "El Amigo de John Wayne" bezalako lanei,
eta hainbat sari jaso ditu emakume honek. Antzerkian,
"arlo gogor honetan", "pasioagatik eta bizirauteko"
aritzen dela aitortzen digu. Egitasmoz beteriko
denboraldi batean sartu berri da orain.
SARIAK
- 2002 Antzerkiaren
alde egindako lanaren Arriola saria.
- 2002 Euskarazko
Ikuskizun Onenaren Donostia saria, "Lotsa
Gabe" obragatik (Zuzendaria eta egilekidea).
- 2001 Zuzendaritzako
ADE sariaren finalista, "Manolito Gafotas"
obragatik.
- 2001 Euskarazko
egile onenaren Arte Eszenikoetako Max saria,
"Gus eta Gas" obragatik.
- 2000 Antzerkiaren
alde egindako lanaren Txema Zubia saria.
ANTZERKIKO
ZUZENDARI ETA EGILEA
- El amigo
de John Wayne.(2002) ADOS TEATROA Konpainia.
Egilea eta zuzendaria.
- Sutargi (2000).
Aukeran dantza taldea. Zuzendaria.
- Gus y Gas
(2000) ADOS TEATROA Konpainia. Egilea eta
zuzendaria.
- Sin-vergüenzas
Lotsa-gabe (2000) VAIVEN Konpainia. Zuzendaria
eta egilekidea, Felipe Lozarekin.
- Manolito
Gafotas (1999) Elvira Lindo-ren pertsonaiari
buruz. ADOS TEATROA Konpainia. Bertsioa eta
zuzendaritza.
- Desperrados
(1998). ADOS TEATROA. Zuzendaria eta egilekidea,
José Antonio Vitoria-rekin batera.
- Lamiak
(1997). ADOS TEATROA. Egilea eta zuzendaria.
- La noche
de bodas (1995). BEDEREN-1 Konpainia.
Egila eta zuzendaria.
- Robinson
Crusoe (1994). ADOS TEATROA. Zuzendaritza
eta testua.
- Adagio violentissimo
(1992). TANTTAKA Konpainia. Zuzendaritza eta
gidoia. 1993an ETBrako egokitua.
- Oscar Wilde
no tiene nombre (1992). Oscar Wilde-ren
"De Profundis" obraren ingurukoa. TANTTAKA
Konpainia. Egilea: José Antonio Vitoria.
Zuzendaritza.
- Aguro - Rápido
(1991). HIKA Konpainia. Egilea eta zuzendaria.
- Como Hansel
y Gretel (1991). TANTTAKA Konpainia. E.
Humperdinck-en HANSEL ETA GRETEL operan oinarritua.
Testua eta zuzendaritza.
- Moon
(1990). Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskola.
Kurt Weill-en HIRU PENIKEEN OPERAn oinarritua.
Zuzendaritza eta dramaturgia.
- Pasen y mueran
(1990). DUODENO Konpainia. Zuzendaritza: Karlos
Zabala. Zuzendaritza laguntzailea.
- Ida y vuelta
(1988). Ekoizlea: ISTRIPU. Egilea eta zuzendaria.
- Ultimos pasos
de un caballero andante (87). Konpainia:
ISTRIPU. Testua eta zuzendaritza. EUSKADIko
ANTZERKI GAZTEAREN SARIA.
ZINEMA
ETA TELEBISTA
- Elkano.
(2000) animaziozko metraje luzeko filma. Ekoizlea:
DIBULITOOM. Gidoilarikidea.
- Benta Berri
(1997-98), ETBrako telesaila (105 atal), PAUSOKA.
Aktoreen zuzendaritza.
- Gure familia
eta beste piztia batzuk (1996), ETB, PAUSOKA.
Gidoilaria.
- Bi eta bat
(1990). ETBrako komedia. Zuzendariak: K. Zabala
eta E. Olasagasti. Zuzendaritza laguntzailea
(1- 7 ataletan) .
ANTZERKIKO AKTORESA
- Todas culpables
(1994-95). Ekoizlea: TANTTAKA. Egilea: Martine
Tartour. Zuzendaria: Pere Sagristá.
- La cacatúa
verde (1993). Ekoizlea: ARTESZENA. Egilea:
Arthur Schnitzler. Zuzendaria: Mario Gas.
- Adagio violentissimo
(1992). TANTTAKA.
- Libertango
(1990). Astor Piazzolaren lanean oinarrituriko
musikala. Zuzendaria: Joxan Goikoetxea. Konpainia:H.A.T.
- Kontuz, maite
zaitut - Peligro, te quiero (1990). Konpainia:
TANTTAKA. Norena: Guillem Jordi Graells. Zuzendaria:
F. Bernués. Musika: Iñaki Salvador.
- Flaminio
(1989). G. B. Pergolesiren komedia musikala.
TANTTAKA. Zuzendaria: Carlos Zabala.
- Agur, Eire,
agur (1988). Ekoizleak: TANTTAKA eta TOPO.
Norena: Brian Friel. Zuzendaria: Pere Planella.
- Ondoloin
(1987). Ekoizlea: TANTTAKA. Egileak: Mikel
Anza eta Tanttaka. Zuzendaria: F. Bernués.
- Mujer ante
el espejo (1986). TANTTAKA. Egilea: Adrian
Desiderato. Zuzendaria: F. Bernués.
- Sírvase
usted mismo (1985). TANTTAKA. Zuzendaria:
F. Bernués.
- Tuerto a
lo tuyo, que rifan un ojo (84). TANTTAKA.
Zuzendaria: F. Bernués.
- Bai, baina
non? (1984), Hau bai nahastea (1983).
TANTTAKA. Dtor: F Bernués.
ZINEMA
ETA TELEBISTAKO AKTORESA
- Jone sube
al cielo (1998). Joseba Salegiren metraje
luzeko filma.
- La buena
madre (1995). 35 mm-ko metraje laburreko
filma. Zuzendaria: José Antonio Vitoria.
Protagonista.
- La caja de
croissants (1996). Metraje laburreko filma.
Zuzendaria: Koldo Losada
- Ciao amore,
ciao (93). 35 mm-ko metraje laburreko
filma. Zuzendaria: J. Antonio Vitoria.
- Loraldia
- El tiempo de las flores (1989). Oscar
Aizpeolearen metraje luzeko filma.
IRAKASLEA
- Interpretazio
irakaslea. TAE (Taller de Artes Escénicas).
Donostia.
- Idazketa dramatikoa.
Getxoko Antzerki Eskola. 98.
- Interpretazioa.
Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskola. 89-90.
- Interpretazioa.
Hernaniko Antzerkiko Udal Tailerra, 1985etik
1989ra.
|
|
|
Argazkiak:
Garbi Losada
-
Euskonews & Media 185.zbk
(2002 / 10-25 / 11-1)
|