Ez
zekien ondo Voltairek euskaldunei buruzko esaldi famatua idatzi
zuenean zer nolako arrakasta izango zuen. "Pirinioen oinetan
dantzatzen den herria" bezala deskribatu zituen euskaldunak
pentsalari frantsesak XVIII. mendearen lehen zatian. Aisialdiko
jostagai nagusietakoa dantza izango zuen herriaz ari zen, noski,
eta beste askok hizkuntzaren ezaugarria nabarmendu zuten bezala,
Voltairek euskaldunak dantzarako zuen joera nabarmendu zuen. Filosofo
frantsesa ez zen ezaugarri hori aipatu zuen lehena, eta ez azkena
ere, baina euskal dantzari buruzko hainbat idatzitan egin zaizkion
aipamenen ondoren ezagunena bihurtzeaz gain, dantzazaleen iruditerian
eragin sakona izan du. 2002an ez dirudi dantzarako zaletasuna
denik euskaldunak deskribatzeko baliagarri gerta daitekeen ezaugarri
nagusia, baina, dantza tradizionalaren alorreko elkarte, talde
eta agente dinamizatzaileek Voltaireren esaldia gaur egun ere
deskribatzaile egokia izateko ahalegin izugarriak egiten dituzte.
|
Itsasi
Euskal Kultur Taldea. http://www.itsasi.com |
Oro har dantza tradizionalen
ardura dantza taldeek hartu dute bere gain, eta talde horiek dira
tokian tokiko erritual eta ikuskizun saioetan dantzatzen dutenak.
Baina dantzaren alderdi ludikoa galtzen joan dela ikusita, talde
horiek plaza eta erromerietako dantza soziala berpizteko zenbait
ahalegin egin dituzte azken hamarkadan. Plazak hustu eta dantzatzeari
utzi omen dio gizarteak, eta joera horri buelta eman nahian hainbat
saio bultzatzen hasi dira. 70 eta 80koetan izan ziren joera horri
buelta ematen saiatzeko lehen ahaleginak. Adibidez, herri-dantza
izeneko dantza bat sortu zen, Baztango mutil-dantzen eta iparraldeko
jauzien ereduetan oinarrituta. Euskal
Herri osorako baliagarria izan zitekeen dantza izateko asmatu
zen eta ikastaroak eskaini ziren han eta hemen, baina, ez zuen
hedapenik ez iraupenik izan. Bide luzeagoa ezagutu duena Lizarrako
Larrain-dantza Euskal Herri osora hedatzeko saioa izan da. EDBk
Dantzari Egunen bidez hedatu zuen hasieran, baina oso gutxitan
gertatu den bezala, dantza talde antolatuetatik kanpora irtetetea
lortu zuen eta dantza taldeetan parte hartzen ez zuten milaka
lagunek ikasi eta dantzatzen dute 25 urteren buruan.
Hirugarren milurtearen
hasiera honetan, herri dantzak berreskuratu, sustatu eta berrindartzeko
gogoa eta ekimenak han eta hemen aurki ditzakegu. Egungo bolada
honetako aitzindarietako bat Gasteizen egiten dena da. Plazako
dantzak berpiztu nahian jarri zuen abian Gasteizko Folklore Akademiak
Udaberritik Udazkenera irauten duen ekimena: Dantza Plazan
(1). Egutegian zehaztutako
larunbat arratsaldetan, Folklore Eskolako irakasleek, txistua
eta danbolina, trikitixa, alboka, dultzaina eta abarrekoak hartu
eta dantzarako musika egiten dute Gasteizko Plaza Berrian, Aihotz
Plazan edo Judimendi Auzoan. Bertara hurbiltzen dira Folklore
Eskolako hainbat ikasle, ikasle izandakoak eta eskolatik pasa
gabeko beste hainbat ere. Fandango, ari-arin, porrusalda, esku-dantza,
txulalai, 7 jauzi, larrain-dantza, lantzeko zortzikoa, bolant
dantza eta abarrak dantzatuz gozatzen dute bildutakoek. Musikaren
erritmora mugitzeak eskaintzen duen sentsazioaz gozatzeko aukera
ematea da helburua, alegia, dantzaren alderdi ludikoaz baliatzea.
|
Plazara
Dantzara.
Argazkia: Jose Valderrey |
Gasteizen lekua hautatu
eta dantzarako giro aproposa sortzea Folklore Akademiaren ardura
izan bada ere, beste zenbait herritan lehendik
zeuden erromeriak indartzen edo jai egokiak baliatzen saiatu dira
zenbait dantza talde plazako dantzak sustatu nahian. Adibidez,
Gasteizko esperientziak animatuta Plazara Dantzara (2)
izeneko erromeria zirkuitoa jarri zuten martxan Deba-barrenean
90eko hamarkadaren hasieran. Deba, Elgoibar eta Eibarren, udazken-negu
aldean ospatzen diren nekazal ferietan erromerietarako zegoen
ohitura berrindartu eta sendotzeko sortu zuten Plazara Dantzara
hiru herri horietako dantza talde eta eskolek. Tradizio handiko
nekazal feriak dira hirurak, San Andres feria azaroaren 30ean
Eibarren, Gabon Zaharreko feria urteko azken larunbatean Elgoibarren
eta Zoro feria urteko lehen larunbatean Deban.
Larrain-dantza hedatu
eta "dantza nazionala" bezala sustraitzeko egindako
ahalegin eskergak bere bidea egin du 20 urte luzez. Ondorioz,
90eko hamarkadan herri eta hiri askotako jaietan errotuta dago
larrain dantza "popularra" edo "herrikoiaren"
saioa, eta Lizarrako dantzarekin batera fandango-arin arinak,
jauziak, txulalai, lantzeko zortzikoa eta esku-dantzaren bat egiteko
tarte antolatua izaten da jai egitarauetan. Horrela da Gasteizko
jaietan Aihotz plazan eta Bilboko Aste Nagusian Plaza Barrian
adibidez, eta horrela izan da urte batzutan Iruñeko Gaztelu
plazan San Ferminetan. Horiez gain badira nortasun bereziko jaiak
izanik dantzarako giroa izaten jarraitu dutenak eta interbentzio
beharrik gabeko dantzaldiak izaten jarraitu dutenak, bai auzo
txiki, ermita eta mendialdeko erromerietan, baina baita ere tradizio
sendoko zenbait jaietan, Zarauzko Euskal Jaietan esaterako.
|
Jauziak.
Argazkia: http://www.euskaldantzarienbiltzarra.com |
80ko eta 90eko hamarkadetan
hasieran dantza taldeetan parte hartzen ez duten helduentzat eskaintzen
diren ikastaroak antolatzen dira Euskal Herriko herri askotan.
Ikastaro horietan plazetan eta erromeria giroan dantzatzeko aproposak
izan daitezkeen dantzak erakusten dira: fandango-arin
arinak, larrain-dantza eta jauziak nagusiki. 90ekoaren lehen urteetan
Lapurdiko kostaldean arrakasta handia izan zuten ikastaro horiek
eta Xabier Itzainaren ustez "kasik masifikazio fenomeno"
(3) bat izatera iritsi
ziren. Itzainak eskaintzen dituen datuen arabera 1996an, Iparraldeko
Euskal Dantzarien Biltzarreko 57 taldeetatik 32k ematen zituzten
helduentzat ikastaroak. Fenomeno horren ondorioz azken urteotan
Ipar Euskal Herrian oro har, eta Lapurdiko kostaldean batez ere,
plaza dantzarako eremutzat berriz hartua izan dela dirudi, eta
jai antolatuetan eta igande arratsaldetan, gazte zein helduak
aritzen dira jauzi eta mutxikoak dantzatzen.
|
Herri
Dantzari 2001. Argazkia: http://www.zirikolatz.com |
Helduentzako ikastaro
eta erromeria antolatuekin batera elementu berri bat agertu
da 90eko hamarkadan: plazako dantza dinamizatzaileak. Gasteizko
Dantza Plazan, Debabarreneko Plazara Dantzaran, Iparraldeko mutxikoetan
eta edozein herritako erromeria antolatuetan izaten dira
dantzaren norabideak, puntuak eta erreferentziak markatzen dituzten
dantza maisuak. 90eko lehen urteetan dantza saioan presentzia
diskretoa izaten zuten dantza maisuak. Baina hamarkadaren erdikaldetik
aurrera agente dinamizatzaile batzuk ezkututik atera eta dantzaren
nondik-norakoak ageri-ageritik bideratzen dituzte. Mikrofonoaz
baliatuz dantzaldiaren erritmoa eta antolaketa bere gain hartu,
eta egin beharreko urratsak jakinarazten dituzte. Horrela gertatzen
da Gasteizko Dantza Plazan aitzindarian, eta beste zenbaitetan
ere. Dinamizatzaile horiek nortasun berezia erakutsi duten kasuetan
saioak dantza-gidariaren izenarekin iragartzen hasi dira. Patxi
Perez-en "Dantza Piko" eta Juan Antonio Urbeltzen
"Urbeltzen Dantza Ganbara" dira dantzaldi antolatu
hauen bi eredu.
Patxi
Perez-ek Europan nahiko hedatua dagoen dantzaldi formula egokitu
du eta arrakastaz dabil plazarik-plaza bai Batbiru bere
taldearekin eta baita Tapia eta Leturia trikitixa taldearekin
ere. Plazaren erdian, jendartera sartu eta egin beharreko urratsak
irakasten ditu. Dantzari bihurtutako ikusleek urratsak errepikatzen
saiatu ahala musikariek doinua ezartzen diote. Bizpahiru argibide
soil eman ondoren dantzan hasteko moduan dago talde osoa eta dantzatzen
ari direla ere argibideak ematen jarraitzen du Patxi Perez-ek.
Jauziak eta fandango-arin arinak ere dantzatzen dira, baina horiekin
batera, Euskal Herriko eta Europako kontradantzak eta mazurkak,
eta oro har plazako dantzen errepertoriotik modu horretan irakatsi
eta dantzatu ahal izateko aproposenak direnak hautatu ditu Patxi
Perez-ek.
"Urbeltzen
Dantza Ganbara" antzeko formula izan arren, errepertorioa
nagusiki hainbat jauzi, dantza-luze eta ingurutxoekin osatzen
da. Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzaileak gidatzen du dantzaldia
Argia dantzari taldeko dantzariek lagunduta. Saioaren izenak berak
adierazten duen bezala Dantza Ganbara areto itxietara begira antolatzen
da, eta hainbat herritan egin bada ere, Bilboko eta Ondarroako
Kafe Antzokietan du bere egoitza. Dagoeneko 4 urte daramatza Argia
dantzari taldeak Bilboko Kafe Antzokian hilean behin Urbeltzen
Dantza Ganbara eskaintzen eta dantza eginez gozatzen duten hainbat
lagunentzat dantzaldia atsegina izateko zita bihurtu da.
Bilbon bertan, azken
20 urteotan hamaika dantza ikastaro eskaini ditu Sabin Egiguren-ek
zuzentzen duen Bizkai Folklor Elkarteak eta talde honek ere ahalegin
berezia egin du azken urteotan plazako dantzak berpizteko. Horrela
ikastaroen osagarri Bilboko Areatzan "Bilbo Dantzan euskal
erromeria" antolatu zuen 2001ean Bizkai Folklor Elkarteak.
2002an Bilboko Udalaren laguntzarekin Bilboko dantza taldeek ere
parte hartu dute Bilbo Dantzan egitarauan, eta erromeriak
Bilboko Areatzatik Santutxu, Basurto eta Deustura ere zabaldu
dira. (4)
Plazako
dantzaldiak sustatzeko ekinaldi zabal honetan ere kokatu behar
dira 1999an Errenterian abiatutako "Erromeria Eguna"
eta 2002an Euskal Dantzarien Biltzarrak Bergaran antolatu duen
"Erromeria Nazionala". Goizetik gauera bi herri
horietako plazetan trikitixa, alboka, txistua eta doinu tradizionalak
jotzen dituzten taldeak jarri eta egun osoa dantza giroan pasatzeko
aukera eskaintzen dute. Egun horien aurreko asteetan ikastaroak
antolatzen dira dantzaldietan parte hartu nahi duenak dantzak
ikas ditzan. Errenteriako Erromeria Eguna urtero antolatzen
da eta EDBk bultzatutako Erromeria Nazionala berriz bi
urtetik behin eta herri desberdinetan egitekoa da.
Ahalegin multzo handi
hori egitera zerk bultzatzen duen galdetzea saihestezina gertatzen
da. Xabier Itzaina berak hainbat galdera interesgarrri plazaratzen
ditu Iparraldean fenomeno honen kausa aurkitzeko bideak seinalatuz.
"Galdua den nortasun baten ondotik dabiltza ote folklorearen
defendatzaile berri horiek? Edo hizkuntza beino erretxago den
euskal munduko sarrera-giltza bat delakotz dantza? Desagertzekotan
zen lotura sozial baten berpizteko manera bat dea "dantza
komunitario" berri hori?". Norabide beretsuko ekimen
multzo zabal horren atzean zer dagoen galdetzen diogu guk ere
gure buruari. Izan ere, galdutako identitatearen bilaketa, euskal
komunitaterako sarrera edo globalizazioarekin batera nagusitzen
ari den kultura homogeneizazioaren aurrean ezaugarri bereizgarriak
aldarrikatzeko nahia kontuan hartu beharrekoak baldin badira ere,
ezin albora utzi dantzatzeak, alegia, musikaren erritmora mugitzeak,
eskaintzen duen plazerrak izan dezakeela erakargarritasunik fenomeno
horretan. Baina, larrain-dantzatik hasita aretoko dantzetara,
eta sevillanetatik Aserejé-raino, dantzarako horrenbeste
aukera desberdin eskaintzen dituen gizartean, ez da harritzekoa
tradiziozko dantzen sustatzaileek etengabe estrategia berriak
urratzen jardun beharra.
(1) "Dantza Plazan,
bailar por el placer de bailar" in Doinu eta Dantza N.8,
Gasteizko Folklore Eskolako Boletina, 8. zkia, 2002ko ekaina,
6. orr. (ITZULI) (2)
ARAOLAZA, Oier, "Haritz Euskal Dantzari Taldea 25 urte dantzan"
in Elgoibar Dantzan, Ongarri, Elgoibar, 1999, 108. orr. (ITZULI) (3)
ITZAINA, Xabier, "Herri kulturatik euskal kulturarat. Dantza
Ipar Euskal Herrian", in Sukil3. Cuadernos de Cultura Tradicional,
Ortzadar Euskal Folklore Taldea, Iruñea, 2000, 337. orr.
(ITZULI) (4)
ANGULO, Joselu, "Bilbao Dantzan", in dantzan.com, http://www.dantzan.com/1012209559/index_html
(ITZULI)
Oier Araolaza, dantzaria eta antropologoa
Argazkiak: http://teleline.terra.es/personal/edbiltza/multimedia.html
http://www1.euskadi.net/kultura/danza/danza02_e.htm
http://www.navarra.com/identidad/cantos.htm |