Edozein
hilabeteko edozein eguneko arratsaldeko hiru eta erdiak dira.
Forondako aireportuan hogei bat pertsona daude bilduta, hegaldi
bat noiz iritsiko zain. Bidaiariak hasi dira terminalera iristen:
negozioen munduko gizon-emakumeak dira gehienak, erretiratu bat
edo beste ere badabil, eta turista despistaturen bat. Baina, bat-batean,
neskato bat azaldu da, ikaratuta. Gaixo dago, poliki eta baldar
dabil-eta. Bera bezala, beste hogeita hamar bat neska-mutil iritsi
dira Euskal Herrira, ikaratuta eta gaixo, baina aste batzuren
buruan osasuntsu eta pozik itzuli dira beren etxera, Afrikara.
Hain zuzen ere helburu horrekin aritzen da lanean gure gaurko
elkarrizketatua beste hainbat lagunekin batera "Tierra de
hombres"-en euskal ordezkaritzan.
-Lekutzen joan
gaitezen, azalduko al zeniguke zertan datzan "Tierra de hombres"? Tierra de hombres
Aljeriako gerrara berriemaile berezi bezala joan zen kazetari
batek sortu zuen, Suitzan, 1960an. Gerrak sortutako triskantzak
ikusteak, haurrak mutilatuta eta familiak guztiz hondatuta, ikaragarrizko
zirrara eragin zion, eta orduan Suitzako agintari eta gizarteari
eskari bat egin zien: haur aljeriar haiek beren etxeetan hartzeko,
sendatu arte. Eta suitzarrek oso ondo erantzun zuten. Orduan instituzioak
lanean jarri ziren: Aljerian sendatu ezin ziren haurrak Suitzan
operatzen eta sendatzen hasi ziren, eta behin errekuperatu ostean
beren herrira itzultzen ziren. Gaur egun kontinente guztietan
ari gara lanean, 40 herrialde baino gehiagotan, 100 programa ezberdinekin.
Tierra de hombres gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta
ezer ez daukaten haurrei zuzenduta dago, edozein orden politiko,
arraza eta konfesioetakoei. Madrilen 1995ean hasi zen lanean,
eta gero ordezkaritzak zabaldu zituen Valentzian, Sevillan, Malagan,
Errioxan, Nafarroan eta Euskadin. Hemen 1997an hasi ginen lanean,
eta esan beharra daukat hasiera-hasieratik, Eusko Jaurlaritzari
gure egitasmoen berri eman genionetik, erraztasunak besterik ez
ditugula izan. Euskal osasun sarea funtsezkoa da gure egitasmoetarako.
Oraingoz Bizkaian eta Araban gaude, Tierra de hombres-ek
tamalez ez daukalako Gipuzkoan aritzeko behar adina azpiegiturarik.

-Ehunka egitasmo
dauzkazuen arren, "Viaje hacia la vida"-ri zuzentzen diozue denbora
gehiena. Zertan datza egitasmo hau?
Egunero Mauritaniako neska-mutil pila
bat sendatzen ditugu. Haur hauetakoren bat operatu egin behar
bada, eta ez Mauritanian, ez inguruko herrialdeetan ez baldin
badago operatzeko modurik, haurra hona ekartzen dugu. Kontuan
izan behar da Mauritaniako azpiegitura sanitarioa desastre hutsa
dela. Haurra hona ekartzeko, gauza guztiak ondo antolatu behar
da. Hasteko, Mauritaniako ordezkariak dossier mediku eta sozial
bat prestatzen du, hainbat gauza zehaztuz: haurraren familiaren
baliabide ekonomikoak, haurra norekin bizi den, eskolara joaten
ote den... Familiak beti ordaindu behar izaten du zerbait; gehienetan
zenbateko sinboliko bat izaten da, ez daukatelako ezer. Aipaturiko
dossier hori Suitzara bidaltzen dugu, erakundeak han erabakitzen
duelako haurrak sendabiderik duen edo ez. Ezetz erabakitzen badu,
haurra ez da ekarriko.
-Haurra, Euskadira
etorriz gero, familia batekin egongo da, eta familia hau arduratu
da ospitalean zaintzeaz eta ondorengo errekuperazio fasean berarekin
egoteaz. Bai, baina batzuetan
egunaren 24 orduak eskaini behar izaten zaizkie haur hauei, eta
beraz familia hauek beste familia batzuen laguntza ere jasotzen
dute. Aipatu nahiko nuke Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ate
guztiak zabaldu dizkigula. Estatuko beste leku batzuetan, eta
Suitzan ere bai, ospitale pribatuekin aritzen dira lanean, baina
hemen sare publikoarekin aritzen gara, eta hasieratik gainera.
1999az geroztik, 27 haur jaso ditugu Euskal Herrian. Operazio
gehien egiten dituen ordezkaritza gurea da. Tierra de hombres-ek,
hasi zenetik, milaka haur sendatu ditu, eta guk ere nolabait lagundu
nahi dugu. Haur batzuek denbora asko behar izaten dute errekuperatzeko,
baina hala ere beren familiarekin dagoenean ere jarraipena egiten
diogu.

-"Viaje hacia
la vida"-ren bidez, gaixotasun larriak dituzten neska-mutil asko
ezagutu dituzu. Zein da zirrararik handiena eragin dizun kasua? Beningo neskato batena.
Kaleko ume bat zen, familiarik gabea. Oso neskato maitekorra da,
baina asko kostatu zaio gure kultura eta arauetara egokitzea.
Eta auskalo zer-nolako etorkizuna izango duen bere herrira itzultzerakoan,
bai osasun sistemaren, bai gizartearen aldetik. Eta hunkigarria
iruditu zait familia euskaldunek kasu honen aurrean azaldu duten
elkartasuna. Auskalo nola egongo litzatekeen neskato hau Tierra
de hombres-ek hartu izan ez balu!
-Afrikako kontinentea
al da "Tierra de hombres"-en lan esparru nagusia? Gainerako kontinenteetatik
ez dugu hainbeste jende ekartzen. Hegoameriketan, adibidez, Afrikan
baino askoz ere osasun instalazio hobeak dauzkate. Latinoameriketan
daukaten arazo nagusia ekonomikoa da, jendeak ez daukalako dirurik.
Eta osasun instalazio guztiak pribatuak direnez, aberatsek bakarrik
erabil ditzakete. Horregatik, han diruz laguntzen dugu batez ere.

-Afrikan izan
zaren aldietan, zein iruditu zaizu gauzarik positiboena eta zein
negatiboena? Han ia gauza guztiak
positiboak dira. Jendeak esaten du Afrikak engantxatu egiten zaituela,
eta egia da. Afrikako jendeak ez dauka ezer, baina daukana eman
egingo dizu. Eta bihotzez gainera. Garapenak okertu egiten du,
beraz alde horretatik oraindik ez dabiltza oso okertuta, baina,
zoritxarrez, haiek ere garapen prozesuan sartzen ari direnez,
okertzen hasi dira. Gosez hiltzen dauden arren, ia denek daukate
telebista. Guk galdu egin ditugu balioak. Gure aiton-amonek, guk
baino askoz ere espiritu garbiagoa zeukaten. Bi belaunalditan,
galdu egin ditugu familia bezalako instituzioak eta elkartasuna
bezalako balioak. Hemen umezurztegiak dauzkagu, han ez. Zergatik?
Ez dituztelako behar. Han hemen baino askoz ere guraso gehiago
hiltzen dira, umezurtz asko daude, baina ez daukate umezurztegien
beharrik, familia arduratzen delako haurrez. Dena den, ezin da esan panazea
bat denik. Alde txarrak ere badituzte. Kultura batzuetan, gizarteak
eta erlijioak oso zigor gogorrak ezartzen dituzte, gizarteari
orokorrean, eta emakume eta haurrei bereziki. Baina ezin da orokortu.
Ikusi bestela erlijio katolikoak nola zigortzen eta ikaratzen
duen... "Hori egiten ez baduzu, infernura joango zara!".
-"Tierra
de hombres"-en egitasmorik ezagunena "Viaje hacia la
vida" dela esan diguzu, baina hala ere badauzkazue beste
batzuk.
Bai,
esate baterako Benin eta Togo-ko haurren esklabotza eta prostituzioa.
Benin eta Togon haur pila bat daude -biztanleen erdiak 15 urtetik
behera ditu- , eta kanpora esportatzen dituzte, familiak engainatuz,
esanez haurrak eskolara eramango dituztela, bizimodu hobea izango
dutela, eta horrela aho bat gutxiago izango dutela elikatzeko.
Izan ere, han gosea oso arazo larria da; ez daukate jatekorik.
Nazioarteko foro guztietan haurren trafikoa gizateriaren aurkako
krimen gisa kalifika dezatela eskatzen ari gara, baina potentzia
handiek beste aldera begiratzen jarraitzen dute. Haur hauek jasotzeko,
"oasi zentroak" izenekoak dauzkagu.
-Geroari begira,
erronka berri bat duzue: "Niños de la calle-Dakar". Senegalen izan ginen
azken aldian harri eta zur gelditu gara kalean zenbat haur bizi
diren ikustean. Zifrak ikusi besterik ez dago: Dakarren 100.000
haur inguru bizi dira kalean. Jende askorekin arituko gara lanean:
soziologoekin, hezitzaileekin, gizarte laguntzaileekin... baina
senegaldarrak izango dira guztiak. Zeren, hori ere bada gero:
guk, zuriok, hain bizkor eta ederrak garenok, tontotzat hartzen
ditugu beltz gaixoak, eta
ez gara konturatzen jende horrek urte asko daramatzala lanean.
Hala ere, Tierra de hombres-en babesa eta finantzazioa
behar dute, hango haurrek ez daukatelako ez familiarik, ez etxerik,
ez ezer. Lapurretan eta drogak hartzen ematen dute egun osoa.
Han familia asko poligamoak dira, eta guraso batzuek ez dituzte
aurreko ezkontzetan izandako haurrak onartzen. Dakarreko leku
batzuetan, milaka pertsona pilatuta bizi dira, urik eta argi indarrik
gabe, eskolarik gabe... Guk haur bakoitzari lagundu nahi diogu,
aukerak eskaini, sendotu. Beren bizitza eta beren burua baloratzea
da kontua, pegamentua eta lapurretak behin betiko uztea... Askotan,
diru pixka bat lortzeko, salgaiak deskargatzen ibiltzen dira,
baina halako zama handiak garraiatzean asko kaltetzen dute sorbalda.
Horrez gain, merkatuan lapurtu ere egiten dute. Zabor artean ere
ibiltzen dira. Oso zaila da guri kasu egitea.
-Eta zer diote
turistek honi guztiari buruz? Bi Senegal bereiztu
behar dira: turistikoa eta benetakoa. Ez daukate inolako zerikusirik.
Turismoaz ari garenez, bide batez Paris-Dakar aipatu nahiko nuke.
Ikaragarria da behin, proba horretako hiru kamioi ostu zituztenean,
mendebaldeko komunikabideek bota zituztenak: "A zer nolako
jendea...! Zein basatiak!". Ni txundituta nengoen. Nola da
posible? Basamortu horretan jendea gosez hiltzen ari da! Harritu
egiten direla beren kamioitzarrak erakustera joaterakoan bat lapurtu
dietelako? Ez dut ulertzen. Ezin dut jasan. Turismoa Senegalen ghetto bat
da, ez da batere solidarioa, baina diru iturri bat denez, mantendu
egin nahi dute. Eta guk zer pentsatuko, eta hoteletik atera ere
egin gabe Senegal ezagutzen dugula, maletak beltz batek eraman
dizkigulako.
-Hau
guztia ikusi ondoren, zer sentitzen duzu?
Bada zerbait serioski
egiteko garaia. Ezin dugu denbora guztia Nazioarteko Moneta Fondoan,
Mundu Bankan edo G-8an pentsatzen egon... Justizia sozialaren
arazo bat daukagu aurrean, eta konpondu egin behar dugu. Pribilegiatuak
gara hemen bizitzeagatik, zortea izan dugu. Gu kinka larrian egon
garenean, laguntza eskatu dugu, exijitu egin dugu. Eta kooperatzeko
orduan Hegoameriketara jotzen dugu, ez Afrikara. Hainbeste gogaitzen
gaituen immigrazioaz mintzatzerakoan bakarrik oroitzen gara Afrikaz.
Honen harian, ezin dut arrazismoa jasan. Ni euskaldunetan euskaldunena
naiz, baina gauza batek ez du bestea kentzen. Haurrak gosez hiltzen
ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz.
Errakel
Armentia
Errakel,
41 urte bete berri ditu, eta funtzionarioa da.
Bi alaba dauzka, eta hirugarren bat adoptatuta.
Elkartasunaren eta haurren munduari lotuta dago.
Arabako abegi etxe batean hasi zen lana egiten,
baina Tierra de hombres-en dei bat jaso
zuen egunean aldatu egin zen bere bizitza. Telefonoaz
bestalde zegoenak Euskadin gobernuz kanpoko
erakunde honekin lanean hasteko eskatu zion,
eta ordutik mundu zuzenago baten alde ari da
lanean beste hainbat euskaldunekin batera.
|
|
|
Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
eta Errakel Armentia
Euskonews & Media 183.zbk
(2002 / 10 / 11-18)
|