|
Euskal
irrati-telebistagintza publikoak hogei urte bete berri dituen
honetan, eta aurrerantzean ere, emango du zer hitz egin. Bizirik
dagoenaren seinale.
Dagoeneko,
EITBk hiru hamarkadetan jarriak ditu zutoinak. Hauetariko bakoitzaren
testuinguruaz eta ibilbideaz arituko naiz, labur-labur, eta gero,
lerroen amaiera aldean, eduki ditzakeen erronka berriei buruz.
Nortasun politiko,
sozial eta kultural propioaren garrantziaz kezkaturik Franco hil
eta berehalaxe bertoko hedabideen beharrari buruzko aldarrikapenari
heldu zitzaion, berriro ere. Ordukoak dira Euskal Herriak beharrezkoak
zituen/dituen bertako kazetariak eta hedabideak sortu eta indartzeko
kanpainak. Autonomi Estatutoa eta Amejoramendua euskal izaera
berezituaren hala moduzko kristalizazio politiko-administratiboak
izan ziren bezala, irrati-telebistagintza propioarena EITB izan
zen. 1983ko, udaberrian, normaltasunez, emititzeari ekin zion
Euskal Telebistak euskara eta euskal kulturaren sustapena eta
informazio propiorako tresna izan guraren aldarrikapenaz. Urte
haietan, telebistagintzak monopolio publikoaren eskuetan ziharduen
(Estatu espainiarreko gobernua, Jaurlaritza, Generalitatea...
). Orduko hartan audientziaren tamaina eta fakturazio publizitarioa
gehiegi kontuan hartzen ez ziren kopuruak ziren. Telebistagintzaren
helburu nagusiena influentzia politikoaren mugetan lekutzen zen.
Horregatik, populazioarengan identifikazio mekanismo errazak funtzionatzen
zuen: Gobernu espainiarra-Televisión Españolaren
eta Eusko Jaurlaritza-Euskal Telebistaren inguruan. Telebistagintzaren
influentzia politikoaren, sozialaren baina baita ere elektoralaren
mugetan ulertu behar da, baita ere, gaztelerazko ETB2ren sorrera.

Ikus-entzunezko egitura sendo eta
iraunkorraren jomuga sumatu ere ez zen egiten eguneroko emanaldia
abiarazteak eskubete lan ematen zuenean.
Behin-behinekotasuna
nagusitu zen programazioaz, hizkuntzen erabileraz, bi kanalen
arteko harremanaz eta barne versus kanpo ekoizpenaren arteko orekaz.
ETBko langileen pertzepzioan euskalgintzan eta nazio eta gizarte
bati eskaini beharreko zerbitzuen eginbeharrekoetan kokatzen zen
beraien lana.
Euskal Telebista sortu zela hamar urte bete zirenean, Eusko Jaurlaritzak
txosten mardula aurkeztu zuen Legebiltzarrean eta bertan katearen
zereginak birdefinitu zituen (1992). EITBren historiaren bigarren
hamarkadaren hasieran, sistema politiko autonomikoarekiko menpekotasuna
sendotu zen eta gainera telebista pribatu komertzial espainiarrek
martxan jarri zuten lehiakortasun komertzialean murgildu zen ETBren
bigarren kanala. Ikus-entzunezko azpiegitura propio, sendo eta
iraunkorraren, zeinean ETB
motore lana beteko zuen eta kazetaritza profesional eta independientearen
helburuak albo batera geratu ziren, berriro ere. ETBren baitan,
bi kanalen arteko harremanak nolabaiteko paper banaketan oinarritu
ziren: ETB1ek kirola, haurrentzako programak eta euskararen erabileraz
defini zitekeen. Bigarren kanalak, gaztelera hutsezkoak, filmak,
albistegiak eta beste kanalekiko (publiko zentralak zein pribatuak)
lehia ditu ñabardura gisa. Telebistarako hainbat zerbitzu
eta programen subkontratazioa, ETBko langileriaren "funtzionarizazioa"
eta ETB1ek eraginkortasuna galtzea garai hartakoak dira.
Esan bezala, mende berriaz bat, ETB hirugarren hamarkadan sartu
zen eta, lehendik ere telebistagintza pribatuaren eragina handia
bazen ere, gero eta nabarmenagoa da komertzialtasunerako bideak
ez duela etenik. Gainera, ezin da ahaztu digitalizazioak aldaketa
nabarmenak ekarriko dizkiola sistema osoari eta horren baitan
Euskal Telebistari. Iraganaren inguruko hausnarketa sakona eta
etorkizunari begira oinarri sendoak jarri guran prestatu zuen
EITBk Plan Estrategikoa (2000). Folio askotako egitasmoan bizpahiru
puntu iruditzen zaizkit interesgarrien: zerbitzu publikoaren aldeko
apustua, euskal herritarrentzako erreferentzialtasun informatibo
eta kulturala izatea eta euskarri teknologiko berri guztietan
euskarak gazteleraren adinako presentzia izango zuela. Testuinguru
mediatiko berriaren atarian, telebista-eskaintza biderkatu egiten
hasi zen (satelitea, kablea, internet eta, laister, uhin digitala
medio) eta lehengo zentralizazio politiko-administratiboaren parean
makromedia talde erraldoien presentzia gehitu behar izan zaio
(Correo, Prisa...).
Panorama
honetan, eta plan estrategikoak zerrendatzen zituen helburu, epe,
tresna eta kontrol sistemak aplikatuko ote diren ikusi guran gaudelarik,
ikus-entzunezko medioekiko ikuspegi aldaketa sakon bat egin beharrean
gaudela sinisten dut, inoiz baino gehiago. Autonomi estatutuak
euskal irrati-telebistagintza publikoaren sorrera ahalbidetu zuen
bezala, egungo egoerak, telekomunikazio sistema propio osoa ekarri
beharko luke esku beretik. EITB irrati-telebista katea izatetik,
euskal herritarrontzako telekomunikazio zerbitzu publiko, orokor
eta dinamizatzailea izatera heldu beharko litzateke. Zaila da
esaten EITBri, Eusko Jaurlaritzaren industria sailari ala sortu
gabe daukagun Ikus-entzunezko Kotseiluak (Nafarroan, UPNek eta
PSNek eratu dutenarengandik ez dut gehiegi espero) hartu beharko
lukeen, baina edozelan ere, euskal irrati-telebistagintza publikoak
aintzindari errola bete beharko duela ez dago zalantzarik. Komunikazio
egitura nazionalaren oinarriak nork jarriko ditu bestela, teknologia
berriek posible egiten duten transmisio eta koneksio aukerak ikuspegi
publikotik kudeatuko, kanal lokal eta orokorragoen arteko harreman
eta sinergiak bideratuko, ikus-entzunezko azpiegitura enpresariala
bultzatuko, euskararen presentzia bermatuko ala edukietan helburu
komertzial hutsak dituztenengandik libratuko?
Izan ere, bi erronka nagusi horiek
ikusten dizkiot EITBri etorkizunera begira: edukietan erreferentzialtasun
kulturala, informatiboa, linguistikoa eta soziala irabaztea eta
digitalizazioak ekarri duen testuinguru berrian euskal herritarrontzako
subjektu nagusi izateko bideak jartzea. Telebistagintza, buru-belarri,
entretenitzera dedikaturiko elektrogailua bilakatu zaigun sasoiotan
beharrezkoa da, berriro ere, epe labur eta luzeko desberdintasunak
eraikitzen joatea. Badirudi, egunaren joan-etorrian, programa
formatu berriak, aurkezle deigarrienak, audio-bideo efektu modernoenak
eta abarrek hartu dutela berebiziko garrantzia. Eta ezin da ukatu
horiek ere telebista baten arrakastan pisua dutela baina ez dira
garrantzitsuak diren bakarrak.
Izan
ere, programatibaren helburuaz ezin ditugu programatikarenak ahaztu.
Bigarren hauek epe ertain eta luzekoak dira. Programatikak ildo
estrategikoak ditu ardatz gisa eta hor publikotasuna, pluraltasuna,
herrigintza, euskara eta bertako kulturaren bultzatzaile indartsuenetarikoa
izatea, ikus-entzunezko industria sendo eta iraunkorra eraikitzea,
teknologia berriek ahalbideratzen dituzten komunikabide berriak
erabiltzea...Horregatik genioen hasieran Euskal Irrati-Telebistagintzak
hiru hamarkadatan emanak dituela pausuak, azken honetan, hasi
besterik ez duela egin. Asko du egiteko. Ez dezala indar faltarik
izan.
Edorta Arana,
Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saila.
Euskal Herriko Unibertsitatea
Argazkiak: Eitb-ko webgunetik |