Artistek
musa bat duten bezala, ikerleek ere norbait behar dute atzean.
Apaltasuna gidari zuelarik, On Joxe Miel Barandiaranek ere, hainbeste
lan egin, kargu izan eta sari jaso izan zituen gizonak emakume
kementsua bezain fina izan zuen bidaide eta sostengu gisa: Pilar
Barandiaran bere iloba, edo bere "umea", hala deitu
izan baitzion bizi osoan. Uztaileko sirimiria
lagun eta berde bustiaren usaina airean, Sara etxe ingurura heldu
eta indar berezi bat antzematen da giroan, menturaz, antzinako
euskaldunen hilerria izan zen Jentilbaratzatik hurbil gaudelako.
Atea jo eta Sara etxeko ate gorria gogo onez ireki digu Pilarrek.
Baita sartuarazi ere solasaldiari samurki hel diezaiogun,On Joxe
Mielen argazki, margo, oroigarri, garaikur eta liburu andana begira
ditugula. Ia hamaika urte igaro dira Aita Barandiaran joan zenetik.
"Bai, 102 urte betetzeko hamar egunen faltan joan zen zerura"
zehazten digu Pilarrek.
-"Zahartuta sendatzen
bazera eun urtez biziko zera" dio esaera zaharrak. Bai, egia, Jaungoikoari
esker. Osasunez makal samar ibilita ere, hemen nago. Burua behintzat,
argi daukat oraindik.
-Bakarrik bizi zara, gainera. Bai, baina Joxemari
iloba eta Maritxu bere emaztea ondoko baserrian bizitzeak lasaitasuna
ematen dit. Biloba gauero etortzen zait zer moduz nagoen ikusi
eta etxeko pertsiana guztiak ixtera, ni ez bainaiz gauza bakarrik
egiteko.
-Zer aldatu da zure bizian
osaba "joan" zenetik? Dena eta ezer ez. Utzi
gintuenetik nire bizimodua ez da aldatu, berdin-berdina da. Baina
bere hutsunea somatzen dut, eta gora eta behera begiratu arren,
leiho ondoko aulki horretara, bereziki, osaba ez zait inon azaltzen.
-Bera apaiza izanik ere, alabatzat
hartu zintuen. Bai. Bion artean hogeita
bat urteko aldea zegoenez, Pilar ordez beti deitu izan zidan "umea".
Hala ere, hemen ohitura handia dago, "umea" deitzeko.
-Zer zioen berak zutaz oroit? Ze neska koskor polita
nintzen. Eta ni jaio berri, Gasteizko apaiztegitik asteburua pasatzera
etortzen zenean, eta ikasten zegoen bitartean, amak esaten omen
ziola : "ume hau negarrez hasten denean, eragiozu."
Eta osabak kulunkatu egiten ninduen sehaskan.
-Nola sortu
zitzaion gure herriko iragana ikertzeko grina? Apaiza izateko gogoa
asetu ondoren, Alemaniako Leizpig-en zegoela irakasle batek esan
omen zion : "Herri baten bizikera ikasi nahi baduzu
zerorrek behar duzu hango bizikera bizi." Nik uste horren
kontura ekin ziola bere lan izugarriari.

-Nahiz eta kanpoan bizi, On
Joxe Mielek ezagutzen al zuen baserriko lana? Ezagutuko ez zuen,
ba ! Osaba, hamar urte egin zituen bitartean etxean egon
zen lanean. Hemendik ehun metrora dagoen Perunezarre baserrian,
hain zuzen.
-Berak uste al zuen bere lana
euskal arkeologo, etnologo eta antropologo aunitzen abiapuntu
bihurtuko zela? Ez zait iruditzen.
Baina hasiera batean, berak esanda, arraro begiratzen zien jendeak :
"Mira, los tres trogloditas" deitzen omen zieten osaba,
Telesforo Aranzadi eta Enrike Egureni mendian elkarrekin ikusita.
-Gizon onaren itxura izanda
ere, jeniorik ba al zuen? Denok daukagu jenioa.
Osabak ere, klaro ! Bazuen bere jenioa, bapatean serio-serio
jartzen baldin bazen, nik banekien zerbait ez nuela ondo egin.
Baina haserretuz gero, berehala pasatzen zitzaion. Ez ginen demandan
hasten diren horietakoak bezala. Tratuan oso maitagarria zen nirekin.
-Bere sukaldaria ere izango
zinen. Bai, baina osabarekin
ez zegoen konplikazio handirik janarietan, ia-ia purea baino ezin
zuen jan eta, Miarritzen zegoen garaian medikuak esan zionetik
erregimena egin behar zuela.
-Zer ba? Urdailean zuen arazotxoa
sendatzeko bi aukera eman zizkion: ebakuntza txiki bat eta konpondu
edo erregimena egin. Ezer egin gabe ezin pasa. Eta ebakuntzei
beldur handia zienez, berak bigarrena aukeratu zuen bitan pentsatu
gabe.
-Argala zegoen,
gero! Bai, baina ez pentsa erregimenari beti eusten zionik,
kanpora joaten zela tarteka jaten zituen eta halako platerkada
ederrak, haragia barne, nahiz eta txiki-txiki eginda izan. Dena
den, norabaitera bazkaltzera joatekoa baldin bazen, ateratzerako,
ontzi bat esne hartuko zuen.

-Lehen mundu gerratik On Joxe
Miel bere lanaren uzta jasotzen hasia zen. Baina
1936an Gerra Zibila piztu zelarik hasi ziren komeriak. Bai, zeinek pentsatu
alde egin beharko zuela ! Osaba Itziarren zebilen lanean
Gerra sortu zenean. Zirt edo zart egin eta beste 45 iheslariekin
batera Mutrikun "El Angel de la Guarda" izeneko itsasontzia
hartu eta Donibane Lohitzunera heldu ziren. Bertara iritsita,
ordea, ez zuten arazorik izan, osabak arreba baitzeukan moja Angelun
eta Telesforo Aranzadi ikerlagunak ere familia zeukan Iparralden.
Une horietan, On Manuel Intxaustik ere asko lagundu zion.
-Hainbesterako al ziren On
Joxe Mielen gaizki eginak? Ui, bai ! Egin
ez dakit, baina leporatu sekulakoak (barrez). Kontua da Gasteizen
apaiza zen beste osaba bat nuela. Ba haren aldamenean bizi zen
polizia batek esan omen zion hobe zela On Joxe Miel ez itzultzea,
fitxa izugarri txarra jarria zeukan eta : "simpatizante
de ideas judeo-masónicas y rojo-separatistas."
-Eta bitartean, zu zertan zinen? Ataunen nengoen, zer
gertatu zain. Osabak nire premia zuela eta, urte pare bat beranduago
joan nintzen berarekin Miarritzera bizitzera. Han hiru urte bizi
izandu ginen harik eta alemaniarrak etorri eta Sarara joanarazi
gintuzten arte.
-Nolakoak izan ziren gorabeherak
alemaniarrekin? Alemaniarrak Iparralden
sartu eta handik gutxira, egun batean, detenituta ekarri zuten
osaba, Larrun mendian zerbait susmagarria egiten zebilela. Eskerrak
alemanieraz bazekiela, bestela bertan akatuko zuten eta. Komandantziara
bera ikustera joan nintzenean txito busti bat ematen zuen, gizajoa !
Orduan esan nion, osaba, esaiezu Alemaniako Leizpig-era hots egiten
uzteko eta hango zure irakasleari azaldu zer gertatzen zaizun.
Osabak hala egin eta, Jaungoikoak lagun, erantzuna baino agindua
jaso zuten handik: askatzeaz aparte, hortik aurrera toki guztietan
libre ibiltzeko baimena eman baitzioten.
-On Joxe Mieli laguntzen al
zenion bere lanean? Bai, horixe. Ni joan
baino lehen, sekretarioa izana zuen, baina harekin ez zegoen nonbait
konforme. "Sekretario horrek dena pronto jarri beharrean,
paperak nahastu baino ez dizkit egiten" esaten zidan. Beraz,
Iparraldera iritsita ni hasi nintzen idazkari lanetan.
-Zertan zetzan
zure lana?
Ba,
osabaren ikerlanak hartu eta akatsak zuzentzean, gero bion artean
birpasatzeko. Gainontzean, puntua egiten eta josten ematen nuen
denbora, jertseak egiten eta hola. Saran nengoela, gibeletik gaizki
nenbilen eta Atauna etorri nintzenean, gibelekoak eman zidan.
Medikuagana joan eta josteko makina kaltegarria zitzaidala esan
zidan, honako hau esanez: "Pilar, makina zahar hori hartu
eta errekara bota ezazu. Bestela neroni etorriko naiz botatzera."
-Erbeste urte haietan jendea
joango zitzaizuen. Bai, jauna. Muga ondoan
bizitzean, makina bat jende etortzen zen ihesi Sarako gure etxera.
Denak benetako iheslariak ez baziren ere, guk noski, denei gure
atea zabaltzen genien. Urte batean berrehun otordu eman nituen,
egin kontu ! Mateo Salaberrieta bizilagunak bere baratzako
porruak ematen zizkidan, eta horrekin porru salda ederra egiten
nuen.
-Nortzuk ziren On Joxe Mielen
lagunik onenak? Lagun asko zituen.
Baina berarekin harreman estua izan zutenak, utzi gogoratzen......
atzerrikoak kontatu gabe : Telesforo Aranzadi, Jesus Elosegi
Irazusta, Enrike Eguren, Manolo Laborde, Tomas Atauri, Manuel
Intxausti, Ander Manterola, Jesus Altuna, Juan Garmendia, Paul
Detournier, Mateo Mujika, baita Pio Baroja ere.
-Pio Baroja ez al zen ba, zeharo
antiklerikala? Bai baina osabarekin ongi moldatzen zen nonbait. Are gehiago,
Julio Caro Baroja bere iloba gomendatu zuen osabarekin lan egin
zezan. Gogoratzen naiz Sarako festen egun handia zela, Julio Caro
Baroja eta bere lagunak, apez bat tartean, ttipi- ttapa Beratik
etortzen zirela. Egun hartan, gainera libre zegoen muga zeharkatzea.
Juliok gustukoa zuena jartzen nuen egun hartan : indaba gorriak.
-Orora, Saran zenbat denbora
eman zenuten? Saran hamahiru urte
eman genituen. Izugarri ondo hartu gintuzten, gainera.
-Nahiz eta Ipar Euskal Herrian
bizi, muga ezin zeharkatzea gogorra izango zen. Bai, eta mingarria.
Saran gustura baginen ere, osaba beti hona begira zegoen. Miarritzen
geundela, hango farora joan eta, herriminez, handik oso gertu
ikusten zen hegoaldea miresten genuen. Osabak orduak eta orduak
emango zituen honaka begira. Gero, Saran ginelarik, Larrunera
igo eta tontorrean Euskal Herriko mendi guztiak ikus genitzakeen,
baita Ataun ondoan dagoen Aitxu mendia ere. "Horren azpian
dago ba, gure etxea!"-esaten zidan bihozminez.
-Baina azkenean.... Bai, etxetik kanpo
hamazazpi urte eman ondoren, azkenean, 1953an, itzultzeko baimena
eskuratu eta Ataunera bueltatu ginen. Han, Lapurdiko Sara etxearen
berdin-berdina izango zen etxea eraikiko genuela erabaki zuen
osabak. Baita Sara izenez bataiatu ere, osaba saratarra bezain
ataundarra sentitzen baitzen.

-Zer zioen Sarako "jatorrizko"
etxeko nagusiak? Erabat harrituta zegoen.
Egun batean, etxe hau eginda zegoela, bisitan etorri eta hala
esan zigun : "Berdin-berdinak dira, gauza batean salbu.
Gure etxeak badu akats bat honek ez duena. Komuneko eskailerak
hobeki daude zuenean gurean baino. Izan ere, hangoan gaizki dagoen
espaloi baten erruz, estropezu egin ahal duzu."
-Sara izeneko zuen kabia, ilaje
guztietako jendearentzat irekia. Bai, jauna. Etxean
bizitzen jarri berritan, halaxe esan zidan osabak : "umea,
orain arte besteen etxean egon gaitun. Ba, hemendik aurrera San
Benitorena egin behar dinagu : atea jotzen duenari gure atea
zabaldu." Eta hala egin genuen. Gaur egun ere, ateak zabalik
dituen etxea da.
-Oraindik etortzen al zaizu
jendea bisitan? Bai, nahiko maiz. Iparraldeko
jendea, esaterako, nahiz eta nik beraiek ez ezagutu, zera esaten
didate: "zuk ez nauzu ezagutzen ene Pilar, baina gu halako
honen seme-alabak gara." Pozgarria izanda ere, izugarrizko
pena ematen dit, bere gurasoengatik galdetu eta mundu honetan
ez daudela esaten didatelako. Baina tira, halakoxea da mundua
eta ezin betirako egon!
-Nolakoa zen On Joxe Mielen
egun arrunt bat? Sasoian zegoen bitartean,
osaba goizeko seietan jaikitzen zen egunero. Lehenbizi errezoak
egin, gero parrokiara meza ematera joan eta bederatziak alderako
etxeratzen zen. Orduan gosaldu, eta leiho horren ondoan jarrita,
lanean jarriko zen harik eta ordubatean bazkaltzen genuen arte.
Bazkaldu eta irratia entzunez, eta telebista agertu zenean telebista
ikusiz, kuliskatxoa botako zuen. Esnatu, botak jantzi, makila
hartu eta mendira joango zen.
-Eta desagertu... Bai, inguruko lurrak
eta harriak aztertzera. Baina kanpoan zegoela inor bera ikustera
etortzen bazen, ni uluka hasten nintzaion. Baita berak agudo aditu
ere! Urruti egonda ere, txistuka hasten zitzaidan entzun zidala
adierazteko. Gero, bostetan, ontzi bat esne hartu eta ostera helduko
zion lanari. Zazpietan afaldu, berriak entzundakoan lan gehiago
egin eta hamarretan ohera.
-Otoitz eginda,
noski. Bai, alajaina !
Gogoan dut eguna amaitzeko honako errosarioa kantatzen genuela:
Itsasoko izar, lagunak ekaitzetan, argie ein zaiguzu, argie
ein zaiguzu azken orduetan,
argie ein zaiguzu, azken orduetan.

-Hainbeste ipuin, kondaira
eta sineskeria biltzeko, sinesten al zuen horretan? Benetakoak zirela sinestu
ez, baina kontatzeko orduan bai sinesten zituela. Eta jakina,
ipuin kontalariaren aurrean, sinesten duenaren aurpegia jartzen
zuen.
-Euskal Herriko pertsonaia
ezagunen artean, egon al zen On Joxe Mielekin bereziki ongi portatu
zen norbait? Bai, jende asko. Baina
bat esatearren, Jose Maria Setien esango nizuke, Gipuzkoako gotzaina
izandakoa. Osaba gaixorik egoten hasi zenean, Miren Letona moja
jarri baitzuen osaba gauetan zaintzeko.
-Argazki mordoska dago hemen
zintzilik jende ezaguna On Joxe Mieli ohore egiten bistan dela. Bai, begiratu argazki
hori (Juan Carlos erregea irribarretsu ageri da On Joxe Mieli
sari bat ematen). Osabari "Doctor Honoris Causa" egin
behar zioten Madrilen, errege-erreginak eskainita. Baina gaixotu
eta ezin izan zen joan. Bere ordez Gasteizen apaiza zen gure lehengusua
bidali eta hola esan zion erregeak : "Gipuzkoara joatea
suertatzen bazait, ni neroni joango naiz Atauna domina On Joxe
Mieli propio ematera." Eta hala egin zuen. San Inazioren
500. urteurrena zela eta Loiolara joan zen egun batean, tarte
bat egin eta Atauna etorri zen. Osaba hil zen urte berean. Oso
sinpatiko egon zen erregea. Halako batean, bera On Joxe Mieli
sari bat ematen agertzen zen argazki bat ikusi eta oihuka hasi
zitzaion erreginari : ¡Sofía ! ¡Sofía,
ven ! ¡Que tú también apareces en ésta
foto!
-Bere ikuspuntua Euskal Herriko
egoeraz inoiz ematen al zuen On Joxe Mielek? Ez, politikan ez zen
sartzen. Apaiz gaztea zen denboran egin zuen ahaleginik, baina
apezak ez zirela politikan sartu behar agindua jaso eta zintzo
bete zuen.
-Euskara ordea, dena zen beretzat. Bai, ondo esan duzu.
Hemen bizi dugun egoeraz ez hitz egin arren, bazen berak oso garbi
zuen gauza, alegia, euskara dela euskaldunoi nortasuna ematen
diguna. Eta hizkuntzaren atzetik, izaera eta kultura datozela.
Zentzu horretan, nik somatzen dut Sara etxean osabaren izpirituak
bizirik dirauela, hau da, euskaldun modura agertzeko konpromezua
hartu eta, gero, zabal ezazu.
Pilar
Barandiaran (Ataun, 1909)
Pilar
Barandiaran ezkongabea eta bakarrik bizi da
Ataungo Sara etxean. Osaba bezala, Ataungo Murkondo
auzoko "Petunezarre" baserrian jaioa,
Pilarren aita On Joxe Mielen bederatzi anaia-arreben
artean gazteena zen. Pilar bere osabaren alboan
egon zen bizitzako loraldi nahiz estualdietan,
erbestearen nahigabeak ere berarekin bizi izan
baitzituen.
|
|
|
Argazkiak: Beñat Doxandabaratz
Euskonews & Media 179.zbk
(2002 / 9 / 13-20)
|