Nork
ukatu Joxe Azurmendi, Txomin Peillen, edota Pedro Miguel Etxenike
gaur egungo Euskal Komunitate Zientifiko-Intelektualaren (aurrerantzean,
EKZI) kide direnik? Zerk egiten ditu intelektual? Zerk euskal
zientzilari? Oinarrian, ezaugarri komun bakarra dute: beren kultur
produkzioa euskaraz egiten dute (zati bat, bederen); hots, zientzia
eta jakintza euskaraz produzitzen dute.
Hori euskal intelektualei
dagokienez. Interneti buruz, azken urteotako erronka teknologikoa
dela ezin uka daiteke. Beronen garrantziaz oharturik, erakunde
publiko, elkarte eta bestelakoak ere, ahalegin berezia egiten
ari dira interneten euskaraz egoteko, horren adibide dira: euskara
elkarteen web-guneak, askotan beren aldizkaria on-line eskaintzen
dutenak (adb. Eta
Kitto!); euskalgintzaren web orriak
(Kontseilua,
AEK,
HABE,...);
eta noski, erakunde zein elkarte zientifikoen sareko txokoak.
Anitz dira, ezagunenak aipatuko ditugu, hala nola, Jakingunea,
Elhuyar
Kultur Elkarte, Euskaltzaindia,
Aranzadi
Zientzi Elkartea, Eusko
Ikaskuntza etabar, ahaztu gabe unibertsitateetako
web-guneak: UPV/EHU,
MU,
Deustuko
Unibertsitatea, UEU,...
Guztiak, euskarazko
web-guneak dituzten elkarte edo erakunde zientifikoak dira. Jakinguneak
adibidez, Jakin aldizkariaren zenbait zenbaki eskaintzen
ditu eta XX. mendeko euskal liburuen katalogoaren datu-basea.
Hala ere, interneten ohikoagoak dira Eusko
Ikaskuntza edo Euskaltzaindiaren
web orriak. Biek ahalegin berezia egin dute hainbeste liburu zein
dokumenturen datu-baseak on-line jartzeko. Dena den, Eusko
Ikaskuntzak sarean zenbait datu-base
garrantzitsu baditu ere, osorik euskaraz egindakoa Euskaltzaindiaren
Azkue
bibliotekarena da.
Honekin guztiarekin
nabarmendu nahi dena zera da, euskal erakunde zientifikoak interneten
murgildu direla. Baina bakoitzaren web-gunea norberarena da, norbere
produktuak erakusteko lekua, eta web-guneek ez daukate komunean
partekaturiko egitasmorik. Beraz, euskarazko web-gune zientifiko-kulturalak
momentu honetan bizi duten egoeraren ezaugarri garrantzitsuenetakoa,
sakabanaketa da. Baina hori ez da harritzekoa, batere birtuala
ez den EKZI-aren egoera horixe denean.
Unibertsitate mailako
kualifikazioa duten pertsona euskaldunak asko dira. Bere lana
modu erregularrean edo esporadikoan euskaraz egiten duten irakasle
unibertsitarioak, edo bigarren hezkuntzakoak zein profesional
kualifikatuak toki desberdinetan barreiatuta daude: unibertsitateak,
goi-mailako hezkuntza zentroak, administrazio publikoak, enpresa
pribatuak, abokatu-bulegoak, ospitaleak etabar. Beraz, profesional
kualifikatuen artean dagoen elkar ezagutza eta komunikazioa oso
eskasa da eta urrun dago egoera normalizatutik. Komunikazio bide
informalak eta harreman sare txiki batzuk baino ez daude.
 |
XIX. mendeko
Euskal Herriko intelektualek, harreman sare trinkoak osatu
zituzten. Ideiak transmititzeko euskarria gutuna eta elkarrizketa
ziren. |
Sakabanaketa eta
unibertsitate mailako profesional kualifikatuen
artean dagoen deskonexioa
gainditzeko interneten bi aukera aurki daitezke; bata, zerrendak,
eta bestea, Inguma.
Zerrendek, bertan izena eman dutenen arteko hartueman zuzena ahalbidetzen
dute. Dudarik gabe garrantzia handia dute gai jakin baten inguruan
interesa duten pertsonak elkartzeko. Horrela, euskaraz, Uztargi
edota Joana
Albret Bibliotekonomia Mintegia
zerrendak aurki daitezke, euskalgintza zein biblioteka arloko
gaiez dihardutenak. Zerrendak baina, ez dute harreman zuzenik
eskaintzen pertsonen artean, gai batzuen inguruan baizik. Gainera,
euskaraz ez daude arlo guztien gaineko zerrendak. Hala ere, edozein
aditu aurkitzeko, edozein gai zehatz lantzen hasteko, bereziki
sortutako tresna bat egon badago interneten: Inguma.
Inguma,
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, UEUk sortutako Euskal Komunitate
Zientifiko-Intelektualaren datu-basea da. Bertan azken 30 bat
urteetan unibertsitate
mailako zientzia eta jakintza alor bakoitzean euskaraz ahoz eta
idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen
da. Hots, Inguma
datu-basea EKZI-aren oinarri diren produktuak eta egileak bildu
nahi dituen egitasmoa da. Oinarrizko informazioa eskaintzeaz gain,
Inguma-k
sakabanatutako EKZI-a trinkotzea du helburu. Hortaz, egilearen
izen-abizenekin batera, posta elektronikoa aipatzen da, komunitatearen
kideen arteko ezagutza eta komunikazioa ahalbidetzeko asmoz.
 |
Inguma
datu-baseak Euskal Komunitate Zientifikoa biltzeaz gain,
posta elektronikoaren bitartez komunitatearen kideen arteko
komunikazioa eta elkar ezagutza sustatu nahi du. |
Inguma
datu-basean pertsona bat sartzeko erabili den irizpidea, pertsonaren
ekoizpen kulturala edo profesionala izan da. Egileon produktuek
oinarrizko baldintza bi bete behar dituzte; unibertsitate mailakoak
izatea eta euskaraz ekoitziak egotea. Hau da, 1968tik aurrera,
euskara batuaren oinarrizko arau ortografiko-gramatikalak onartu
zirenetik, unibertsitate mailako jakintza-arloren batean jatorriz
euskaraz idatzitako liburuak, artikuluak, liburu aipamenak zein
atalak jaso dira. Horretaz gain unibertsitate mailako ahozko ekoizpenak
ere (hitzaldiak, ikastaroak eta irakasgaiak), bildu dira. Produktu
guztiak izaera oso ezberdina duten bi katalogazio sistemen bitartez
sailkatu dira, bata, Melvil Dewey-ren (1876) lanetan oinarritutako
Sailkapen Hamartar Unibertsala (SHU) delako sistema erabiliz
–munduan gehien erabiltzen den sistema delako-, eta bestea, gai-sarreren
zerrenda itxi bateko hitz gakoak esleituz. Katalogazio sistematikoak
euskal produkzio zientifikoaren nondik-norako zehatza ezagutzeko
aukera eman dezake, hau da, disziplina akademiko ohikoetakoak
zein gutxien landutakoenak, jakintza-arlo bakoitzean aritzen diren
kideak, etabar.
Era honetan azken
bi urteotan banan-banan EKZI-aren parte diren 4530 egile bildu
dira. Horretarako beharrezkoa izan da 15000 bat dokumentu katalogatzea.
Hirurogeita bederatzi aldizkari hustu dira sistematikoki, hamahiru
argitaletxe eta beste hainbat erakunderen jarduera osoa jaso da.
Datu hauetan oinarrituz, behin-behineko ondorio batzuk atera daitezke
EKZI-az: hasteko, oso oinarri zabala du, baina aldi berean, ahula,
3000 bat kide baitaude produktu bakarra edo gehien jota bi dituztenak.
Aurrez-aurre 230 bat lagunek osatutako talde txiki baina oso aktiboa
dago, 16 produktu baino gehiago ekoitzi dituztenek osatua. Bi
muturren artean, hau da, 3 produktu baino gehiago dituztenak baina
16 baino gutxiago, 1300 egile daude. Dena den, datu hauek guztiak
behin-behinekoak dira, Inguma
datu-basearen horniketa oraindik agortu gabe baitago. Aurten,
programa akademiko ofizialen arabera Euskal Herriko unibertsitateetan
euskaraz ematen diren irakasgaiak eta irakasleak sartzean, EKZI-aren
jarduera eta kopuruei buruz eskaini diren lehen hipotesi hauek
baieztatu edo zuzendu ahal izango dira.
Laburtuz, Inguma,
internet-en domeinua propioa (www.inguma.org),
atzipen zuzena, publikoa eta doakoa duen Euskal Komunitate Zientifikoaren
datu-basea da. Egile euskaldunak eta dokumentuak bilatzeko kontsulta
iturri erraza eskaintzeaz gain, bere komunitate linguistikoaren
zientzilari eta intelektualak ikertzeko tresna aitzindaria da.
Baina, Inguma
ez da datu-basea soilik, egitasmo bat ere bada. EKZI-aren sakabanaketa,
eta honek euskal kulturan eta hizkuntzaren garapenean eragiten
dituen mugapenak gainditzeko ekimena da. Horretarako, kideen arteko
ezagutza eta komunikazioa sustatzeko, posta elektronikoaren erabilpena
proposatzen du. Karmele Artetxe Sánchez,
Inguma-ko
dokumentazio arduraduna |