Ricardo
Ugarteren ibilbide plastikoaren hasiera bere haurtzaroan bertan
kokatu behar dugu, txikitandik izan baitu espresio eta formekiko
zaletasuna. Hamabi urte besterik ez zituen lehenengo koadroa margotu
zuenean, eta, ordutik, bere bizitza artearekin lotzen duen prozesu
naturalaren baitan, bilatzen eta garatzen jarraitu du eskultore
pasaiatarrak. Gerraosteko tradizio espresionista oinarritzat hartuz,
Ricardo Ugarteren obra helduagoa, soilagoa, sintetikoagoa eta
poetikoagoa bihurtu da. Eskulturan burdina, zuloak, hegadak, aingurak,
gazteluak eta brankak izan ditu lagun, baina diziplina horrez
gain Ugarte pintura, collagea, argazkia, olerkia eta saiakeran
ere ibili da.
-Nola
hasi zinen arte plastikoak lantzen?
Nik ez dut uste argia une jakin batean
ikusten duzunik. Prozesu natural bat izaten da artearengana eramaten
zaituena, eta hori modu desberdin askotan gerta daiteke. Ni, hasieran,
idazten eta margotzen hasi nintzen; oso lotura handia neukan literaturarekin.
Hamabi urte neuzkanean margotu nuen lehenengo koadroa. Gordeta
daukat oraindik. Nire belaunaldiko artista gehienok pinturaren
bitartez sartu ginen plastikan. Hemen Arte Ederren Eskolarik ez
zegoenez, Arte eta Ofizioak ikasi nituen, eta gero herriko margolari
batekin aritu nintzen, Pepe Camps-ekin. Oso irakasle ona zen,
baina oso akademikoa. Gero nire kabuz jarraitu nuen. Gogoan dut
Donostiako erakusketa batean Gerra Zibilaren aurreko abangoardiak
lantzen ari ziren artista pila bat topatu nituela. 50eko hamarkadaren
bukaeran eta 60ko hasieran atzean gelditu zen mugimendu bat errekuperatzeari
ekin zitzaion; horrela, Estatuan Dau al Set edo El Paso bezalako
taldeak sortu ziren, eta Euskal Herrian "GAUR" izeneko mugimendu
plastikoa, besteak beste Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor
Basterretxeak osatua. Garai hartan ni oraindik fase akademikoan
nengoen, margotzen ikasten, eta abangoardisten mugimendu hori
ezagutu nuenean kontzeptua eta forma ikertzen hasi nintzen. Espresio
plastikoa, berez, adimena eta espiritua trebatzen joatearen emaitza
besterik ez da, eta baita ere artistak adierazten eta garatzen
dituen gatazkena ere. Aipatu dudan erakusketa horretan, José
María Moreno Galván, orduko teorizatzaile garrantzitsuenetariko
baten liburu bat ere topatu nuen. Galvánen eskutik oso
gauza garrantzitsu bat deskubritu nuen: artea ez dela Inpresionismoan
estankatu. Artea, bizitza bezala, garatu egiten da. Horretaz konturatu
nintzenean, ikertzen hasi nintzen, nire obra planteatzen.
 |
Ricardo
Ugarte Branka izeneko obran lanean. |
-Une historikoak
izan du eraginik zure artean, baina zein neurritan eragin zaitu
inguruneak? Gerraostea ez zen batere
alaia izan. Une jakin batean, nortasuna berreskuratu beharra zegoela
ikusi zen leku askotan eta plastika ere irizpide unibertsal orokor
batzuei jarraitzen ari zen. Katalanek eta euskaldunok zorte handia
izan dugu mugatik hain gertu bizitzean; jende asko joaten zen
Parisa eta handik eraberrituta itzultzen ziren. Horri esker, Espainian
diktadura zegoen bitartean, mundu osotik isolatzen gintuen autarkia
batean bizi ginen bitartean, beste herrialdeetako mugimendu artistikoak
ezagutzeko aukera geneukan. Hirurogeiko urteetan, plastikaren
eta literaturaren bidez, nortasun zeinu batzuk berreskuratzen
hasi ginen. Oso garai interesgarria zen. Gure belaunaldiko intelektual
eta artisten artean laguntasun eta kamaraderia giroa arnasten
zen. Geroko belaunaldietan ez dut horrelakorik ikusi. Artista
bakoitzak bere taldea zeukan.
-Besteak beste
olerkia, collage-a eta pintura landu dituzu. Nola iritsi zinen
eskulturara? Alor desberdinak jorratzen
nituen aldi berean, baina zenbaitetan alderdi batek besteek baino
ospe handiagoa lortzen zuen. Enbor beretik adar asko ateratzen
zaizkion zuhaitz bat bezala nintzen. Nire obra beti joan da garatzen.
Eta hori bi unetan ikus daiteke bereziki: batetik "Estela"-n.
1970eko urtarrilean inauguratu zen. Donostiako Eskulturaren Nazioarteko
Lehenengo Bienaleko lehen saria irabazi zuen, eta Donostiako Mendeurrenaren
Plazan dago. Eta, bestetik, "Poesiaren branka"-n. 1999koa
da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusean dago, Iruñan.
"Estela"-n nahiko forma konplexuak erabili nituen, baina
gero garatzen eta sintetizatzen hasi nintzen. Hori oso ondo ikus
daiteke Joan Brossa-ren omenez egin nuen "Poesiaren branka"
obran.
 |
Ricardo
Ugarte bere tailerran lanean. |
-Eta nolakoa
izan da sintesirako bilakaera hori? Prozesu natural bat
izan da. Nire obra garatu ahala, sintetizatzen eta elementu gutxiago
erabiltzen joan naiz. Nik uste dut hori sormenaren esparru guztietan
gertatzen dela. Zaila dena sintesi horretara iristea da, ahalik
eta hitz gutxien erabiltzea. Orain, hirurogeita hamarreko hamarkadako
eskultura bati begiratzen diodanean, pieza bakar batean bi edo
hiru eskultura egon daitezkeela konturatzen naiz. Perspektibarekin
begiratuz gero, konturatzen naiz orain beste modu batera egingo
nituzkeela gauzak. Baina hori bizitzan garatzen zoazen heinean
ikusten duzu.
-Oraindik
bilaketan jarraitzen duzu orduan... Hain zuzen ere. Eta
ez dago jakiterik bilaketa horrek zein norabide hartuko duen.
Hori zoragarria da. Atzera begiratzen dudanean oso garbi ikusten
dut guztia, eta garapen bat, sintesira eraman nauen prozesu bat
egon dela ikusten dut. Garatu izan ez banintz, puntu edo egoera
jakin batean gelditu izan banintz, manierismoan eroriko nintzateke.
Logikoena garatzea da. Pertsonok alderdi guztietan garatzen gara,
eta obra batean islatzen duguna ere aldatu egiten da.
-Ba al da besteak
baino maiteagoa duzun artelanik? Bai. Obra batzuek,
arrazoi batengatik edo besteagatik, besteek baino esanahi handiagoa
dute niretzat. Joan Brossa-ren omenez egin nuen "Poesiaren
branka"-ri maitasun berezia diot. Nafarroako Unibertsitate
Publikoko campuserako zerbait prestatzeko enkargua pasa zidatenerako
hasia nintzen brankaren eskulturarekin. Kokalekua erakutsi zidatenean,
aparta iruditu zitzaidan; berehala imajinatu nuen branka belarditik
ateratzen. Niretzat, eskultura hori, lurretik sortzen eta ateratzen
den landare bat bezala da, garoa bezala. Garoa eskumutur bat balitz
bezala ateratzen da lurretik, lurra altxatu eta hazi egiten da,
eta gero hostoak ateratzen ditu. Oso pozik nago obra horrekin,
alde batetik artista eta lagun bezala asko miresten nuen pertsona
bat omentzen dudalako, eta bestetik obra bera ona iruditzen zaidalako.
Obra batzuk hasieratik erraz asko sortzen dira, eta beste batzuk,
berriz, ataskatu egiten dira.
 |
Ricardo
Ugarte Pasai Donibanen bere eskultura baten aurrean "Popako
Gaztelua". |
-Nolakoa da
eskultura bat sortzearen prozesua? Lehendabizi, ingurua
aztertu behar izaten da. Nik paisaiari argazki batzuk ateratzen
dizkiot eskalak eta bolumenak kalkulatu ahal izateko, eta inguruaren
eta ipiniko dudan obraren artean oreka lortzeko, bien artean komunikazio
bat egoteko. Gero, testuinguru hori kontuan hartuz, eskulturari
buruz pentsatzen hasten naiz. Obra batzuk trabatu egiten zaizkit,
ez naute guztiz konbentzitzen. Niri zailagoa egiten zait prozesu
kontzeptual hau jarraitzea, eskultura bera fisikoki egitea baino.
-Nolatan aukeratu
zenuen altzairua zure eskulturetako material nagusi gisa? 1970. urteaz geroztik
nabil altzairuarekin lanean, eta oso ondo moldatzen naiz. Urte
horretan, "Modulu ugartiarra" delakoa lantzen hasi nintzen: alde
batean ebaki bat duen kubo bat da, barrutik hutsa dagoena, eta
horrek modulu batzuk komunikatzeko aukera ematen dit. Altzairua
tolestu egin dezaket, plano batzuk egin ditzaket, eta lodiera
gutxirekin espazio batzuk sor ditzaket, elkar ito gabe. Oso ondo
moldatzen naiz material horrekin, eta oso ondo komunikatzen naiz
bere bitartez.
 |
Ricardo
Ugarte "Popako Gaztelua"ren aurrean. |
-Zer bilatzen
du artistak bere obra egiterakoan? Non aurkitzen du plazerra,
bere baitan ala berak egindakoa miresten duen ikuslearengan? Nik nahi dudana nire
burua asetzea da. Nire obra egiterakoan ez dut ikusleengan pentsatzen;
bestela beste arte mota bat landuko nuke. Sorkuntzaren bidea,
existentziaren bidea bezala, ez da sekula amaitzen. Obra batean,
existentziari eta beste alderdi askori buruzko ikerketa estetikoa
eta hausnarketa filosofikoa biltzen dira. Norberarekin jaiotzen
den prozesu natural bat da. Nire ustez, pertsona bakoitzak kualitate
batzuk dauzka. Nire kasuan, kualitate hori adierazpen plastikoa
da, eta hori da landu dudana. Ziur nago plastikaren edo poesiaren
bidez espresatzeko gai den jendea dagoela, gaitasun hori daukala
jakin gabe.
-Honek guztiak
begirale fina zarela adierazten du... Gauza guztietatik ikasten
da zerbait, beti. Artista beti egoten da begiratzen. Kanpora eta
barrura begira hausnartzen du. Kanpoko errealitatea modu berezi
batean ikusarazten dion ikuspegi edo perspektiba bat izaten du.
Paisaia baten aurrean sei pintore jartzen baldin badituzu, sei
koadro desberdin lortuko dituzu. Bakoitzak bere modura ikusten
du errealitatea, bere ezagutzen arabera, eta hori adierazpen esparru
pila bati aplika dakioke. Bizitzan zehar biltzen dituen
datuek aberastu egiten dute pertsona, eta errealitatea beste modu
batean ikustera eramaten dute. Egunez egun ezagutzen ditugun gauza
berriekin trebatzen joaten gara.
-Imajina al
dezakezu Ricardo Ugarte eskultorea edo artista ez balitz? Uste dut ezetz. Ez
dakit zergatik naizen naizen bezalakoa, baina horrelakoa izan
naiz beti.
-Zein
proiektu dituzu eskuartean?
Alde
batetik Madrilen izango den erakusketa bat prestatzen ari naiz,
eta bestetik Guadalupe Gilmas, Zaragozako Unibertsitateko ikasle
bat, nire obrari buruz prestatzen ari den doktore tesiarekin nabil.
Poz handia ematen dit norbaitek nire obra oraindik bizirik nagoen
bitartean aztertzea. Euskadin artista plastiko asko daude, baina
nire ustez gure gobernuak ez daki potentziala behar bezala ustiatzen.
Gure herria heriotzari lotuta dagoen arren, badugu txanponaren
beste aldea ere, jende askok kulturan duen sormena. Kanpoko autoreek
etorri behar izaten dute gure kultura aztertzera. Pena ematen
dit Euskadin dagoen potentzial artistikoari etekinik ez ateratzeak.
Ricardo
Ugarte (Pasai San Pedro, 1942)
Ricardo
Ugarte eta bere obra oso estuki daude lotuta.
Bide paraleloak jarraitu dituzte, eta norabide
berean garatu dira biak. Heldutasunez, sintesiz
eta poesiaz beteriko obra dugu. Eskulturaz gain,
Ugartek pintura, collage, argazkia, olerkia
eta saiakera ere landu ditu.
. Banakako erakusketak:
- 1967 Barandiaran
Galeria, Donostia
- 1974 San Telmo
Museoa, Donostia
- 1975 Aritza
Galeria, Bilbo
- 1979 Iruñako
Zitadela
- 1980 Ikusmira
Galeria, Pasai Antxo (Gipuzkoa)
- 1981 Skira Galeria,
Madrid
- 1982 Jovellanos
Aretoa, Gijón
- 1985 Granadako
Caja General-eko Aretoa
- 1990 Okendoko
Kultur Etxea, Donostia
- 1991 Industrie
und Handelskammer, Wiesbaden. Alemania
- 1993 Zuta-Wiesbaden
Galeria. Alemania
- 1994 Can Sisteré,
Santa Coloma de Gramanet, Barcelona
- 1994 Udal Aretoa,
Pasai San Pedro, Gipuzkoa
- 1994 Barjola
Museoa, Gijón
- 1994 Aritza
Galeria, Bilbo
- 1996 Alcoy-ko
Kulturetxea, Alicante
- 1996 Barrena
Kultur Etxea, Ordizia
- 1996 Garibai
Aretoa, Donostia
- 1997 Txapitel
Galeria, Hondarribia (Gipuzkoa)
- 1999 Carlos
III Kultur Aretoa, Iruña
- 2001 Aranburu
Jauregia, Tolosa
- 2002 Iruñako
Zitatela
.
Erakusketa kolektiboak:
- 1969 "Bienal
Internacional de Escultura", Donostia
- 1971/75 "Metal
en Arte"-ren III, IV, V, VI eta VII. deialdietan
parte hartu du, Valentzia.
- 1973-74 "Primera
Exposición Internacional de Escultura
en la calle", Santa Cruz de Tenerife.
"Escultura Vasca", Oteiza, Chillida,
Basterretxea, Mendiburu, Ugarte. Skira Galeria,
Madril. "Escultura en la Autopista",
Bartzelona-Madril.
- 1975 "Escultura".
Basterretxea, Mendiburu, Ugarte. Aurrezki
Kutxa Probintzialeko Aretoak, Donostia.
- 1976 "Constructivismo
español", New York.
- 1978 Eskulturaren
Lehenengo Hiru Urtekoa, Paris.
- 1979 Oviedoko
Bigarren Bienal Nazionala.
- 1979 Artista
gipuzkoarrak. Wiesbaden, Alemania.
- 1980 Eskulturaren
Lehenengo Bienala. Cáceres.
- 1982 Eskultura
Abstraktua. Madrilgo Udal Museoa.
- 1984 Budapesteko
Eskulturaren Nazioarteko VI. Erakusketa
- 1986 Eskultura
biderkatu ibiltaria Europa eta Ameriketako
museoetan barna.
- 1987 "Constructivismo
en Madrid"
- 1991 "Escultores
Vascos". Oteiza, Basterretxea, Ugarte,
Oviedo.
- 1992 Exposición
organizada por la Real Sociedad Bascongada
de Amigos del País en el Museo San
Telmo de San Sebastián, como acto previo
a su ingreso como socio.
- 1993 III Mostra
de Unión Fenosa, A Coruña
- 1993 Exposición
en el Edificio Europa de Vitoria "Arte
y lenguajes intermedios".
- 1994 "Un
siglo de arte" erakusketa, Koldo Mitxelena
Kulturunea, Gipuzkoako Foru Aldundia
- 1995 Juegos
en la Ventana. Exposición organizada
pro el Taller Arte Niño, Ikertze en
el Museo de San Telmo y en Madrid
- 1997 Seleccionado
en la V Mostra Unión Fenosa de A Coruña.
- 1998 "Arte
en la Catedral", Rekalde Aretoa, Bilbo.
- 1998 Aritza
Galeriaren 25. urteurreneko erakusketa, Bilbo.
- 2000 "Esculturas
del Norte" Salas eta Gijón, Asturias.
- 2001 "Arte
y Arquitectura" Arkitektoen Elkargoaren
25. urteurrena, Asturias.
- 2001 "Okupgraf"
Victor Hugo Etxea, Pasai San Juan.
- 2001 Aranburu
Jauregia, Tolosa.
- 2001 Kultur
Aretoa, Eibar.
.
Sariak:
- 1968 "Cuarto
Centenario de Villafranca" erakusketan
zilarrezko domina.
- 1968 Muralen
Lehiaketako brontzezko domina, Zarautz.
- 1969 "Bienal
Internacional de Escultura"-ko lehen
saria, Donostia.
- 1970 "Ciudad
de Irun" Literatur Saiakerako lehen saria.
- 1973 "VI
Bienal de Escultura de Zaragoza" Ohorezko
diploma.
- 1974 "Autopistas
del Mediterráneo" saria. Bartzelona
- 1982 Eskulturako
Gure-Artea lehen saria. Eusko Jaurlaritza.
- 1986 "Villa
de Madrid" Eskulturako Sari Nazionala.
- 1988 "Escultor
del Año", "Correo del Arte"
aldizkariak emandako saria, Madril.
- 1991 "Escultura
de Hermanamiento Wiesbaden-Donostia"-ko
lehen saria.
- 1992 "Premio
CEOE de las Artes", Madril.
- 1993 Bruselako
Europar Komunitatea Eraikin berriko proiektuaren
Fase Nazionalerako hautatua.
|
|
|
ERAKUSKETA
 Argazkiak: Lehenengoa, txuri
beltzean, Joseba Urretabizkaiarena da, gainontzekoak Conny Beyrutherrek
egin ditu
-
Euskonews & Media 178.zbk
(2002 / 9 / 6-13)
|