Ez
dago ukatzerik azken hogei urteotan sekulako aurrerakada egin
dugula euskararen normalkuntza bidean. Eusko Jaurlaritzaren ahaleginak
zerikusi zuzena duela horretan; Autonomia Elkarteko egoera eta
beste Euskal Herrietakoa alderatzea aski da hori horrela dela
ohartzeko.
Hizkuntza politikak
jarraipena izan duen esparruan, gazte gehienak dira gaur egun
euskaraz hitz egin eta idazteko gai. Pozgarria da hori, baina
hizkuntza errealitateak badu bere alde iluna ere: gai izanik ere
ez dutela behar beste erabiltzen euskara. Esan liteke ez daudela
euskaraz bizitzeko prest. Bada gazteen artean euskararekiko militantzia
handia duenik, baina militantzia hori diskurtsuan agortzen da
sarri; hitz egiteko orduan, berriz, erdarara jotzen dute behin
eta berriz. Erabateko misterioa da hori niretzat, ez dut ulertzen
nola litekeen txiki-txikitandik euskaraz bizi izan den gazte batek
egun bestetik bestera bere hizkuntzari uko egin, edo etxerako
bakarrik gorde, eta kalerako erdara baliatzea. Ez dut ulertzen,
baina hala da, zoritxarrez, eta hori ere ez dago ukatzerik. Bederatzi
urte daramatzat EHUko euskal adarrean irakasle, eta oraindik ere
onartezina iruditzen zait gertatzen dena, ikasketak euskaraz egitea
aukeratu duten ikasleek erdaraz hitz egiten baitute beren artean.
Zerbaitek huts egiten du, hori garbi dago.
Nire ustez, euskararen
irudiak egiten digu huts, baserri giroarekin identifikatzen baita,
oraindik ere, euskara. Gutxiengo baten hizkuntza da euskara. Herri
txikietan eta erabiltzen da, baina hiri handietan, egia esan,
nekez entzun daiteke. Zoritxarrez, hiri giroa eta euskara ezkon
ezinak dira, edo hala balira bezala gertatzen dira gauzak. Eta
hor du euskarak arriskua. Gizartea aurrera doa, eta joera berriak
sortzen ditu unero, ziztu bizian sortu ere. Martxa horretara egokitzen
ez denak, etengabeko berritzearen trenera garaiz iristen ez denak,
bazterrean geratzeko arriskua du.
Eta gizarte honetako
joera berriak hirietan sortzen direnez, ezinbestekoa da euskara
hiri giroan ere txertatzea. Nola, ordea? Euskara modan jarrita,
beste biderik ez dago. Aitortzen dut esaten errazagoa dela hori
egiten baino. Hala ere, egin beharra dago, euskarak etorkizunik
izango badu.
Euskara hiritartu eta
modernizatuko badugu, euskararen irudia berritu behar dugu. Bestelako
neurriak ere hartu beharko dira, baina nik irudiaren kontuari
helduko diot, hori da eta nire alorra. Galdera, beraz, zera da:
zer irudi komeni zaigu ematea euskarari, euskara hiri giroan ere
aintzat hartu eta erabilia izan dadin?
Inola ere komeni ez
zaigun irudia zein den behintzat garbi daukat nik: gaixo dagoen
eskalearena. Nire ustez, sekula ez genuke esan behar euskara hizkuntza
gutxitua dela. Gainera, hizkuntzalariek ere onartzen dute ez dagoela,
berez, bigarren mailako hizkuntzarik. Hizkuntzak hizkuntza dira,
izatez ez dago batetik bestera inolako alderik. Hizkuntzarik txikienak
ere mundu ikuskera berezi bat eskaintzen digu, eta, alde horretatik,
sekulako altxorra dira hizkuntza guztiak. Orduan, zertan gabiltza
behin eta berriz lantua jotzen, "ai, gure euskara gaixoa!", beti
negarrez eta beti eskean? Penagarria
da beti penetan aritzea, horrela ez baitugu inoiz ere ezer onik
lortuko. Aski da telebistako iragarkiei erreparatzea. Gauean,
etxean lasai-lasai gaudela, telebista piztu, eta hor agertuko
zaizkigu banan bana produktuak: Frudesa patata frejituak, Loeweren
Aire lurrina, Renault etxeko autoren bat. Nola iragartzen dira
horiek guztiak? Bakoitzak bere bidea dauka, noski, baina inor
ez da eskale moduan erruki eta limosna eske aritzen. Imajinatzen
al duzue Renaulteko buruzagi bat agertzea iragarkietan, negarrez
eta erreguka, arren eta arren eros dezagula Renault bat, bestela
bere enpresak hondoa joko duela eta? Ez, ezta? Izan ere, estrategia
horrekin alerik ere ez lukete salduko, inork ez baitu auto bat
errukiz erosten. Erosten badu, auto horrek zerbait emango diola
agindu zaiolako erosiko du. Hizkuntza eta autoa ezin direla konparatu?
Alde batetik ez, noski, diferenteak baitira oso. Baina, publizitatearen
ikuspegitik, biak ere produktuak dira, eta produktu diren aldetik
landu behar dira, "salduko" badira. Bai autoa, eta bai euskara,
biak. Errukia eraginez ez da autorik saltzen. Ezta euskara ere.
Eta, hala ere, errukiaren
estrategia sarri erabili izan da euskararen aldeko kanpainetan.
Bide okerra da hori, ordea, horrek ez baitio euskarari onik
egingo. Zorionez, badirudi azken aspaldi honetan talde eta erakunde
batzuk ohartu direla horretaz, eta estrategia baikorragoak erabiltzen
hasi direla. Gehienek, ordea, betiko bidetik darraite, zoritxarrez.
Zoritxarrez, bai, kanpaina negartiok euskarari ematen dioten irudia
penagarria baita, tamalgarria. Hasieran esan dudan bezala, irudia
ez da noski dena, baina irudi egoki bat gabe ez dago inora joaterik
gaur egungo gizartean. Irekia eta askotarikoa da gaur egungo gizartea,
eta euskarari ere irudi hori komeni zaio. Eta publizitateak, zerbaitetan
lagundu badiezaioke euskarari, horretantxe lagundu diezaioke,
hain zuzen: irudia aldatzen, irudia zaharberritzen, irudiberritzen.
Horretarako, ordea,
euskararen aldeko kanpainak egiten dituzten guztiek ildo eta norabide
beretik joan beharko lukete, eta ez talde eta erakunde bakoitzak
gogoa ematen dion bidetik. Publizitatearen legea da hori ere:
produktu bakoitzak bere iragarlea du, bakarra, eta mezu guztiak
estrategia bakar baten jiran antolatzen ditu iragarle horrek.
Gainerakoan, bakoitzak nahi duena esaten badu, nahasmendua baino
ez da sortzen, eta hori da, hain zuzen, euskararekin gertatzen
ari dena.
Modernizatu egin behar
da euskara. Hitzetik hortzera dabilen kontua da hori, aukeran
gehiegi ere entzuten dena, baina nire ustez ez dago beste biderik.
Eta, modernizatuko badugu, irudia aldatu behar diogu euskarari.
Irudiberritu egin behar dugu, beraz, euskara. Nola, ordea? Gizarteko
joera berriekin lotuz, gizartean erreferente gustagarri izan dadin.
Teknologia berrietan, publizitatean, musika joera berrietan, komunikabideetan
txertatu behar dugu euskara, alor horietan guztietan normaltasun
osoz dagoen elementu bat dela erakutsiz. Askotan badirudi euskaraz
diharduten komunikabideek gizartearen atal txiki batentzat baino
ez dihardutela, betiko topikoen jiran beti. Baina edukiak ez ezik,
forma eta estiloa ere berritu egin behar dira, estetikak berealdiko
garrantzia baitu gaur egun. Euskara ez daiteke bizi bere zilborrari
begira. Ireki egin behar dugu, zabaldu, jende, alor eta estilo
guztietara.
Munduan dagoenez gero,
mundurako behar du euskarak. Esaterako, Madonnak abestiren bat
euskaraz grabatuko balu, horrek askoz mesede handiagoa egingo
lioke euskarari, hamaika kanpaina negartik baino.
Ez da erraza, baina
denok bide beretik saiatzen bagara, seguru nago lortuko dugula
euskarari merezi duen irudia ematea, euskara modako jartzea. Asier
Arrieta, EHUko irakaslea |