Maria
Bayo-k Kultura arloko 2002 Viana Printzea saria jaso zuen uztailak
1ean, astelehena, Leyreko monastegian ospatutako ekitaldian, "munduan
den sopranorik garrantzitsuenetarikoa" izategatik eta eszenario
operistiko entzutetsuenetan "Nafarroaren enbaxadore"
gisa aritzeagatik. Pozez gainezka dago sari honekin mundu mailako
ospea duen artista nafar hau.
-Nafarroako
alaba izanik, zer sentitu zenuen zure jaioterriak kulturaren esparruan
ematen duen saririk garrantzitsuena zuri ematea erabaki zuela
jakiterakoan? Egia esateko, albisteak
izugarrizko poza eman zidan. Hasierako urteetan, kontserbatorioan
ibiltzen nintzen garaian, ez nuen pentsatu ere egiten horrelako
sari bat jasotzera iritsiko nintzenik. Eta poza, gainera, bikoitza
da, zeren, oso sari ospetsua izateaz gain, orain arte sekula ez
diote aktiboan dagoen hain pertsona gazte bati eman, eta horrek
motibazio handia ematen du aurrera jarraitzeko. Lanean egiten
ditudan ahaleginak apreziatzen dakien jendea dagoela erakusten
dit horrek.
-Zaila al da
nor bere lurraldean profeta izatea? Ezin dut esan hori
nire kasua izan denik. Ia hasiberria nintzenean Ojo Crítico
saria eman zidaten, oso sari prestigiotsua. Eta gerora jaso ditudanek
ere profeta sentiarazten naute.
-Zer moduz
aritu zara Nafarroan?
Denbora gehiena
Foru Erkidegotik kanpo eman dut. Duela hiruzpalau urtera arte
oso gutxitan etortzen nintzen hona, hemen ez zegoelako kontzertuak
eskaintzeko antzoki aproposik. Baina ez dut ahantzi Nafarroako
Gobernuaren beka bati esker joan nintzela kanpora. Gainera, asko
kostatu zitzaidan beka hori eskuratzea.
-Zaila al da
iparraldeko txoko batean bel canto-ko izarra izatera iristea? Espainiako abeslarien
ibilbidea aztertzen hasi bezain laster, berehala ikusten da asko
eta asko kanpoan trebatu direla, atzerrian. Baina talentua daukanak
eta lana egiteko prest dagoenak, eta, jakina, zortea ere alde
daukanak, azkenean aurrera egiten du. Nire kasuan, sinestezina
iruditzen zait Fiterotik noraino heldu naizen. Hala ere, amak
esaten zidanagatik, ia jaio nintzenetik aritzen nintzen kantuan.
-Hortaz, zailagoa
da hemen aurrera egitea. Bai. Madril eta Bartzelona
bezalako hiriek beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte, inolako
zalantzarik gabe. Gure inguruotan ez dauzkagu han bel canto-rako
dauzkaten azpiegiturak. Batzuetan harrituta gelditzen naiz atzera
begiratu eta zenbat gauza egin behar izan ditudan ikustean. Lehen
gauzak konplexuagoak ziren. Bizimodua zeharo aldatu da. Gaur egun
askoz errazagoa da kanpora irtetea, alde batetik bestera ibiltzea.
Sekula ez ditut hasierako urteetan egin nituen bidaiak ahaztuko.
-Zein egoeratan
dago zure ustez bel canto-a Espainian? Ahots asko gelditzen al
dira bidean aurrera egin ezinik? Oso esparru zabal eta
aberatsa dago. Espainiera edo italiera bezalako hizkuntzak oso
aproposak dira ahotsak ateratzen laguntzeko, baina ahots ona izatea
ez da nahikoa, landu ere egin behar da. Arrakastaren ehuneko laurogeita
hemeretzia lanean oinarritzen da. Espainian ahots on asko daude,
eta bultzatu eta zaindu egin behar ditugu. Horretan gabiltza.
Oso auditorio eta orkestra onak sortu dira hemen. Euskadikoa,
adibidez.
-Datorren urtean
zerorrek inauguratuko duzu Iruñan eraikitzen ari diren
Baluarte auditorioa. Bai, hala da. Oso une
berezia izango da. Iruñan aspalditik zegoen horrelako auditorio
bat eraikitzeko beharra, Gayarre antzokiak ez dituelako musika
klasikoa entzuteko baldintzak betetzen, ez baitu akustika ona.
Baluarterekin, ordea, hutsune hori bete egingo da. Agintariei
inaugurazio eguna zein izango den zehazteko eskatu diet, asko
gustatuko litzaidakeelako bertan izatea.

-Pentsatu al
zenuen inoiz mundu mailan halako ospea lortuko zenuenik? Ez, ez nuen horrelakorik
espero. Argi neukan musika zela nire motorea, musikaren arloan
arituko nintzela lanean, baina nire buruari oso helburu handiak
finkatzen dizkiodan arren, ez nuen horrelako karrera bat egiterik
espero. Munduko antzokirik garrantzitsuenetan aritu naizela ikusten
dudanean, txundituta gelditzen naiz. Gauzak pixkanaka-pixkanaka
egiten direnez, atzera begiratzean harrituta gelditzen naiz egin
dudan piloarekin.
-Nola iritsi
zara hain urrutira? Zertan oinarritu duzu zure lana? Nire buruari eman dezakeen
guztia eskatu diot, nahiz eta horretarako batzuetan familia eta
lagunak utzi behar izan ditudan, eta bakardadean denbora asko
igaro. Ikasteko eta lana egiteko orduan, beti pertsona egokiarengana
jotzen saiatu naiz. Eta hizkuntzak ikasten. Eta antzeztu beharreko
obraren inguruabar historiko, sozial edo kulturalak ezagutzen.
Hirietan zehar ibiltzeak edota eszenako zuzendariak ezagutzeak
asko aberasten zaitu, pertsonalki zein profesionalki.
-Zein une azpimarratuko
zenuke zure ibilbidetik? Zein da modu berezi batean grabatuta
gelditu zaizun mementoa? Antzoki handi guztietan
izan naizenez, une berezi asko izan ditut. Baina baditut oroitzapen
txikiak ere. Ezingo nuke une bakar bat aukeratu.

-Merezi izan
al du alde batetik bestera ibili izana, bizimodu normal batek
eskaintzen duen lasaitasunik gabe? Bai, merezi izan du,
azken batean nire barrua aberasten aritu naizelako, eta horixe
zen nik nahi nuena. Hala ere, argi dago tamalez zenbait gauza
bidean gelditu zaizkidala; esate baterako, niretzat eta nireentzat
asti gehiago izatea.
-Laster San
Franciscora zara joatekoa, hilabete eta erdiz Bizeten "Carmen"
operako Micaelaren papera betetzera. Noiz arte zara taula gainean
egotekoa? Hogeita bost urte daramatzazu lanean; agur esateko datarik
finkatu al duzu? Hasi nintzenetik, behin
eta berriz aritu naiz lauzpabost urte barru agurtu egingo naizela
esaten, baina erabaki hori osasunaren eta familiaren menpe ere
badago. Asko exijitzen diot nire buruari, eta akituta amaitzen
dut. Egunen batean, "kito, honaino" esango dut. Orain bertan primeran
daukat ahotsa, eta osasunez ere bikain nabilenez... Hamar urte
gehiagoz ari ninteke, baina batek daki.
-Jarrai
dezagun etorkizunari begira. Kulturako Viana Printzea saria jasotzeko
ekitaldian inori aipamen berezirik egitekotan al zara zure hitzaldian?
Bai, nire amari. Duela
urtebete hil zen. Oso harro sentituko zatekeen. Oso emakume argi
eta umila zen, eta niri ere horrelakoa izaten erakutsi zidan.
Nire bastoia, nire sostengua izan zen. Beti zegoen hor.
-Partitura
pertsonal honi amaiera emateko, bota ezazu Nafarroarako desio
bat. Nafarroarako bakarrik
ez, mundu osorako botako nuke. Indarkeria lazgarri hori behin
betiko desager dadila, bakean bizitzen eta kultura desberdinen
artean elkarbizitzen ikas dezagula. Nafarroari dagokionez, aurrera
egin dezala, nireak bertan bizi dira-eta.
María
Bayo (Fitero, 1958)
María
Bayo Jiménez Fiteron jaio zen (Nafarroa)
1958an. Iruñako Pablo Sarasate kontserbatorioan
egin zituen musika ikasketak, eta ondoren Hochschule
fur Musik de Detmold-en (Alemania) jarraitzeko
beka bat luzatu zion Nafarroako Gobernuak. Vienako
Belvedere Lehiaketa entzutetsua irabazterakoan
hasi zen ezagun egiten.
Besteak
beste, Maazel Chailly, René Jacobs, Alessandrini,
Rousset, Víctor Pablo Pérez, López
Cobos, Ros Marbá, Frübeck de Burgos,
Sir Colin Davis, Jordan, Pappano eta Krevin
abeslari ospetsuekin aritu da kantuan.
Operari
dagokionez, Mozarten "De Ponte" trilogia
antzeztu du Salzburgoko Jaialdian, baina Mozarten
"Figaroko ezteiak" eta Rossiniren
"Sevillako bizargina" genituzke bere
lanik azpimarragarrienak.
1979an
opera abesten hasi zenetik, 315 antzezpen egin
ditu guztira, besteak beste Berlin, Budapest,
Paris, Mosku, Hanburgo, Londres, Tokio, Los
Angeles, Viena eta Amsterdamgo foro musikaletan.
Aipatzekoa
da musika espainiarreko abestietan oinarrituz
eman dituen errezitaldiak, eta leku berezia
eskaini diela Nafarroako konpositoreei, hala
nola Fernando Remachari eta García Leozi.
Zarzuela
ugari grabatu ditu. "Doña Francisquita"
delakoa, Madrilgo Real antzokian eta Buenos
Airesko Colón-en antzeztu zuen. Oso hunkigarria
izan zen Alfredo Krausek hil aurretik egin zuen
azken grabazioan, Arrietaren "Marina"-n alegia,
parte hartu zuenekoa.
Beste
bi datu erantsi behar zaizkio bere kurrikulumari:
hogei diskotik gora grabatu dituela, eta Haendelen
opera eta kantata batzuen album bati esker Grammy
sarietarako izendatuta egon zela. |
|
|
Argazkiak: Javier
Salas (http://www.mariabayo.com)
Euskonews & Media 174.zbk
(2002 / 7 / 5-12)
|