Komunikatzailetzat
du bere burua, izan ere esparru asko landu baititu komunikazioaren
arloan. Musika eta zinema gustuko dituen komunikatzailea da, beraz,
Edurne Ormazabal. Kazetari xume gisa eman zituen lehen urratsak
komunikabideen munduan eta, berak dioen bezala "gauza batek
beste batera eraman ninduen". Egun, Euskadi Gaztea irratiko
koordinatzaile gisa ezagutzen badugu ere, esatari, kazetari eta
aurkezle ere bada. Donostiako Zinemaldian ezaguna da bere aurpegia
eta baita telebista kate ezberdinetan ere. Bere buruarekin zorrotza
dela aitortzen du EITBn duen bulegotik, erronka berriei aurre
egiteko prest azaltzen zaigu, betiere sinesgarritasunaren osagarria
galdu gabe. Azken hau, premiazkoa baita tolosar honentzat.
-Psikologia
ikasketak burutu zenituen, nola egin zenuen jauzia kazetaritzaren
mundura? Josetxo Lizartzak lagun
bati deitu zion, eta tolosar bat behar zuela azaldu zion, herriko
berriak irratian eskaintzeko. Lagun honek niri esan zidan eta
baiezkoa bota nion. Egia esan, ez dakit nola otu zitzaidan baietz
esatea, baina dirua behar nuen, garai hartan ikaslea nintzen oraindik,
hogei bat urte izango nituen. Horrela hasi nintzen eta pixkanaka
gauza batek bestera eraman ninduela esango nuke. Herri Irratian
ere saio batzuk egin nituen...
-Telebistan
ere aritu zinen urte haietan... Bai, 80ko urteen amaieran
Euskal Telebistan "Katu Kale" izeneko musika saioa aurkeztu
nuen, oso esperientzia gogoangarria izan zen, Telebista sortu
berria zen, gabezia handiekin lan egiten genuen baina oso giro
ona sortu zen saioa egiten genuen lantaldean, lagunartekoa. Gero
Antena 3 Donostian sortu zenean ere urte betez magazine eta musika
saio bat egin nuen bertan. Canal Plus katearentzat Oscar Sarien
zeremonia aurkeztu izan dut eta baita "Nuestro Cine"/
"Zine Keinuak" saioa ere...
-Nolakoa izan
zen zure burua kamera edo mikrofono baten aurrean ikusi zenuen
lehen aldia? Telebistako lehen saioa
negargarria izan zen, profesionaltasun izpirik gabekoa. Kamera
baten aurrean jarri ninduten lehenengo aldian ez nekien ez nola
hitz egin behar nuen, ezta zein motatako imintzioak egin behar
nituen ere. Ausardi ikaragarriarekin egin nuen, orain ez nintzateke
ausartuko horrelako zerbait egitera, baina azkenean egitearen
poderioz ikasten da. Lehen saiakerak gogo eta ilusio ikaragarriekin
egin nituela oroitzen dut.
-Kazetari xumea
izatetik koordinatzaile izatera pasa zinen Euskadi Gaztean, orduan
ez zegoen horrelakorik euskaraz, aitzindariak izan zinetela esan
daiteke. Baliabide teknologikoek eta euskarak berak izan duten
garapena kontutan hartuz gero, nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Egia
esan, gaur eguneko egoerak ez dauka garai hartakoarekin zerikusirik.
Euskadi Gaztea sortu zenean, ETB jaio zenean lez, jendeari barregura
sortzen zitzaion, betiko txistea kontatzen zuten; "Dallas"
telesaileko JR euskaraz entzutea pentsaezina zen. Euskadi Gaztearekin
antzeko zerbait gertatu zen, jendea ohituta zegoen irrati konbentzionala
euskaraz entzuten, baina irrati formula euskaraz oso arrotza egiten
zitzaion. Alderdi horretatik aurrerapauso handia eman da, jendeak
orain oso normaltzat hartzen du hori; bai irrati formula bera
euskaraz izatea eta baita euskal musika kanpoko musikarekin normaltasun
osoz uztartzea ere. Entzulearen aldetik jarrera aldaketa bat ere
izan da, eta niri hori positiboa iruditzen zait. Duela urte batzuk
euskarazko irratiak militantziaz kontsumitzen zituen jendeak baina
egun ez da hori gertatzen. Gaur egun jendeak orokorrean pertsonalitatea
eta kalitatezko irrati bat eskatzen dizu, euskalduna izateaz gain.
Jendeak ez zaitu entzungo euskaraz egiten duzulako bakarrik, produktu
on bat ematen ez badiozu. Gaur egun, militantziarekin ez zoaz
inora.
-Zeintzuk dira
une honetan Euskadi Gazteak dituen erronkak? Zeintzuk lortu nahi
dituen helburuak edo hobetu nahi dituen esparruak? Erronka nagusia ahal
den eta gehienarengana heltzea da, publiko izateak dakarzkin ezaugarri
batzuk mantenduz ahal den eta entzule gehienera iristea, oraindik
badira beste irrati batzuk entzuten dituzten euskaldunak. Gure
entzulea teorian euskalduna izan behar du, zaila da entzule erdaldunarengana
iristea, nire helburuetako bat da entzule erdaldun horrentzat,
ez irratia egitea, baina bai irratiaren irudi ona izatea. Berak
Euskadi Gaztea inoiz entzungo ez badu ere, gure irudi on bat izatea.
Entzule euskaldunaren kasuan, aldiz, gurea bere irratia izatea
gustatuko litzaidake.
-Betidanik
izan zara zinemazalea, zeintzuk izan dira Donostiako Zinemaldiko
ekarpenak? Profesionalki ikaragarri
ikasi dut, eta, nolabait, nire mugen aurka joaten erakutsi didala
esango nuke. Erraza dirudien arren Zinemaldiko lana neketsua eta
zaila da, ni urtero hobetzen saiatzen naiz, batzutan hobeto egiten
lortu dut, beste batzutan ez... Urte bakoitza erronka berri bat
da niretzat.
-Nola eta zergatik
hasi zinen Zinemaldian lanean? Duela hamar bat urte
Koldo Anasagasti Zinemaldiko zuzendariorde izendatu zuten eta
berak deitu ninduen, zinemaren mundua ezagutzeaz gain, ingelesa
zekien euskaldun bat behar zutelako. Gero Canal Plus saioan ere
aritu nintzen zinema saioak aurkezten.
-Zer duzu nahiago,
irratia ala telebista?
Egia
esan aukeraketa egitea zaila egiten zait, gainera aspaldian ez
naiz mikrofono baten aurrean jarri. Oso ezberdinak diren arren,
biak ditut gustuko. Esparru guztiekin gertatzen den lez, bakoitzak
bere alde onak eta txarrak dauzka.
-Irratia, agian,
anonimoagoa da... Nik ez dut horretan
ezberdintasun handirik somatzen, herri hau oso txikia da, nik
gainera beti euskaraz egin dut lana eta produktu gutxiengoa eskaini
izan dut gehienetan. Anonimo sentitu izan naiz telebistan ere,
gertatzen dena zera da, telebistan zure lana askoz jende gehiagoren
lanaren menpean dagoela eta irratian ez da hori gertatzen. Telebistak
lan talde handiagoa eskatzen dizu baina nik uste dut irratiak
premia sortzen duela. Nik ez dut premia hori telebistan sentitu,
baina irratian bai, adibidez, oporretan egon naizenean mikrofonoaren
falta sumatu izan dut.
-Prentsa idatzian,
aldiz, ez duzu inoiz lanik egin... Prentsa idatziak frustrazio
ikaragarria sortzen dit, ez dut inoiz idaztez bukatzen, eguneroko
lanean ere horrelako zerbait gertatzen zait, ez naiz inoiz gustura
gelditzen, beti iruditzen zait nire lana hobetu daitekeela...
Beti nahigabe kutsu batekin gelditzen naiz. Egia esan, ez naiz
inoiz gehiegi saiatu prentsa idatzian lan egiten...
-Zinemaldian
lan egiteak aktore handi pila ezagutzeko aukera eskaini dizu,
gogoratzen al duzu anekdota berezirik? Anekdota pila egonen
dira baina ahaztu egiten zaizkit. Gainera, ez daukazu izarrekin
denbora gehiegirik egoteko aukera.
-Nolakoa da
galak aurkeztearen esperientzia? Oso ongi prestatutako
ikuskizunak dira, gidoia oso finkoa da eta horrek ematen dizu
inprobisaziorako abagunea, nahiz eta normalean gonbidatua bakarrik
duen inprobisatzeko aukera.
-Ez zara urduri
jartzen? Noski baietz, beti.
Duela urte batzuk, sari banaketan, aretorako itzulpenik ez zela
egongo adostu genuen, hala, saridun guztiei esan genien ez zela
itzulpenik
egongo aretoan bertan. Baina zuzendari frantses bat izan zen sariduna
eta itzulpena eskatu zigun, niri eskatu zidaten, ez nengoen entzuten
momentu horretan, baina itzultzeko gai izan nintzen. Horrek izugarri
harritu ninduen nik frantsesa hamazazpi urtera arte soilik ikasi
bainuen, geroztik ez dut ukitu ere egin. Egoera normal batean
ez nintzateke hori egiteko gai izango. Momentu horretan arreta
gehiegirik jarri gabe ez dakit nola egin nuen, baina horrelako
egoeretan zerbait pizten zaizula iruditzen zait, edozer gauza
egitera laguntzen dizuna. Eszenatokian gauzak ikaragarri aldatzen
dira, onerako eta txarrerako.
-Hamar egun
irauten duen lasterketa gogorra izan behar du Zinemaldia... Bai, ikaragarria gainera.
Azken egunera iristen zarenean konturatzen zara egun bat gehiago
iraungo balu ez zinatekeela gai izango jarraitzeko. Eta guztioi
gauza bera gertatzen zaigu. Hala ere premia ere uzten dizu.
-Kazetari izatera
helduko zinela imajinatzen zenuen? Ez, ez neukan ideiarik
ere. Banekien zer ez nuen egin nahi, baina ez nekien zer egin
nahi nuen. Hori, gainera, konstante bat da nire bizitzan. Ez dauzkat
planak edo jarraituko ditudan bideak batere argi. Nire erabakiek
baino zirkunstantziek eraman nautelako.
-Zure ibilbideko
zerbait aldatuko zenuke? Bai, hainbat gauza
aldatuko nituzke. Gauza batzuetaz harro sentitzen naiz, nik uste
nuelako hainbat gauza egiteko gai ez nintzatekeela izango eta
egin ditudalako eta nik uste baino hobeto. Nire buruarekin oso
zorrotza naiz eta oso gutxitan gelditzen naiz gustura, beti ikusten
ditut hobetzeko gauza asko, gehiegi gustatzen ez zaizkidan beste
batzuk... Besteei errazago barkatzen diet nire buruari baino.
 |
Joseba
Apaolaza eta Edurne Ormazabal. |
-Madrilen izan
zara lanean, ez al duzu inoiz kanpora joateko tentaziorik izan? Bi urte igaro nituen
Madrilen eta oso esperientzia polita izan zen, asko ikasi nuen
baina niri berdin zait zenbat jendearentzat egiten dudan lana,
komunikatzaile gisa ez zait inporta hamar milarentzat edo bi milioirentzat
ari naizen. Lan bat edo beste bat egiteko orduan, garrantzitsuena
proiektua bera da. Badaude edozein saio ongi aurkeztu dezaketen
komunikatzaileak, baina ni ez naiz horietakoa. Nik gauza batzuk
ongi aurkeztu ditzaket baina beste batzuk ez, eta alderdi horretatik
proiektua eta programa da garrantzitsuena. Hala, proiektu konkretua
interesgarria iruditzen bazait egiten dut. Nik euskaraz eta gazteleraz,
bietan, egiten dut lana. Hori nire bertute bat dela esango nuke,
euskaraz eta gazteleraz komunikatzeko gaitasuna daukadala. Bi
hizkuntzatan sentitzen naiz eroso. Gustuko dudan saio bat eskainiz
gero Madrilera joango nintzateke, zalantzarik gabe. Baina nire
mugak ezagutzen ditut eta badakit zer ez nukeen inoiz komunikatuko.
-Zer ez zenuke
inoiz aurkeztuko? Bihotzeko prentsarekin
zerikusia duen edozein saio, adibidez. Nahiz eta beti paper bat
jokatzen aritu, nik sinetsi egin behar dut aurkezten dudana. Esaten
ari zarena nolabait sinestea premiazkoa iruditzen zait kalitatezko
lan bat egiteko. Ez dut inoiz kritiko papera egin, informazio
hutsa eman izan dut beti, baina hori ongi egiten saiatzen naiz,
nire buruari sinesgarritasun handiagoa emateko, alegia. Sinetsi
egin behar dut zertaz ari naizen eta zer ari naizen esaten.
-Baina zortea
ere izan duzu, zure gustuko saioak eta lanak egiteko aukera izan
baituzu... Egia esan, bai. Ez
dizkidate bihotzeko gaiak edo horrelako saioak inoiz proposatu.
-Zein asmo,
gogo edo amets duzu etorkizunerako? Ametsak, mila. Nire
asmoa momentuz Euskadi Gaztean jarraitzea da, aurten Zinemaldiak
50 urte betetzen ditu eta horrekin nahiko lan izango dut, bestela
ez daukat proiektu zehatzik. Telebista berriz ere gustura egingo
nuke.
-Ba al dago
egiteko aukerarik izan ez duzun zerbait eta gustura egingo zenukeena? Telebistan, adibidez,
edizioaren esparruan lan egiteko aukera izatea gustatuko litzaidake.
Alderdi hori jorratzeko ez baitut inoiz aukerarik izan.
Edurne
Ormazabal
Tolosan
jaioa 1963an.
Psikologia ikasketak egin zituen.
Irratian esataria izan da Herri Irratian
(Tolosan) eta Antena3 irratian ere. Telebistan:
ETBko Katu-kale eta Zine oro eta
Canal +-eko Miradas de Cine eta Nuestro
cine/Zine Keinuak saioen aurkezle. Donostiako
Nazioarteko Zinemaldiko galen aurkezle eta prentsaurrekoen
koordinatzailea da. Egun, Euskadi
Gaztea-ko koordinatzailea da.
|
|
|
Argazkiak: EITB
Euskonews & Media 172.zbk
(2002 / 6 / 21-28)
|