Trumoia
non, Leguineche han. Euskaldun mundutarra, Manuel Leguineche (Arratzu,
Bizkaia, 1941) gure garaiko kazetari handienetakoa dugu. Oso jende
gutxik bezala, kazetaritza eta literatura maisuki uztartuz estilo
limurkorra sortu du, kritikoak liluratu eta bere irakurleak jarraitzaile
bihurtzen dituena. Kontuak kontu, monje budistek ez bezala, eta
gehiengoaren antzera, Leguinechek ez dauka zoriontasunaren edabea,
baina badaki biziaren ibaian behera ongi pasatzen ; alde
batetik, bidaia miresgarriak eginez munduaren norabidearen lekuko
izanez ; eta bestetik, bere sorburura itzuliz, hau da, azken
hamabost urteotan bere bizilekua izan den Brihuegako bere etxera,
gerlariaren atseden lekura, hain zuzen. Izan ere, berak dioen
gisan, Belendizeko herritarra izaten segitzen du, Athletic-zale
amorratua eta muslari porrokatua ; hainbesteraino, aitortzen
digula bart-gaueko mus-partida goizeko bostak arte luzatu zaiela
Brihuegako tabernan. Hasierako telefono solasaldian ordea, ez
dirudi ordu txikietako gehiegikeria estrategikoek bizkortasuna
kendu diotenik. Haratago, bere Arratzuko euskara, erdi herdoilduta
izan arren, bizirik eta jatorra segitzen duela erakusten digu
Leguinechek.
-Zerbaitetik
ihesi heldu al zinen Brihuega-ra? Bai, bizitza erregarri batetik
ihesean. Lasaitasun pixka baten bila etorri nintzen hona, urte
askotan Madrileko zarata eta ozpina jasan ondoren. Gainera, nire
barne bidaia kontatzeko beharra sentitu nuen. Eta uste dut lehenago
egin behar nuela, baina badakizu, bizitza modernoaren zurrunbiloak
batzuetan ez dizu pentsatzen uzten.
-Beraz, muturreko
gizona al zaitugu? Ez, inondik inora.
Ez zait gauzak muturrera eramatea gustatzen. Hirietan oso zoriontsua
den jendea ezagutzen dut. Eta ez dut uste landetako jendea hirietakoa
baino interesgarriagoa denik. Are gehiago, Antzinako Grezian gauza
on guztiak hiriko bizitzari ematen zizkioten, eta miseria guztiak
aldiz, landetako bizitzari. Arazoa beste bat da ; hain zuzen,
gaur egungo gizartean "egotea" askoz inportanteagoa
bihurtu da "izatea" baino, eta horrek ni, nire onetik
ateratzen nau.
-Zer ikasi
duzu bertakoengandik? Hemengo nire lagunek
esaten didatenean : "Kontxo, On Manuel, zuk bai dakizula!
Nik erantzuten diet : "Vietnamez dakidanaren zati bat
emango nuke zuek dakizuena jakiteagatik. Alegia, zein eguraldi
egingo duen bihar, lurraren sekretuak ezagutu, baita urte sasoi,
zuhaitz eta animaliatxoekin batera ere bizitzen ikasteko".
-Eta bertoko
zein animalia duzu kuttunena? Ez dakit, baina akaso
kukua. Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkit gogora, Arratzuko
San Lorenzo ermitaren ondoan kantatzen zuenekoa. Lurralde honetara
etorri nintzenean bi gauza ikusi nituen : lehenik, arte izugarri
bat, eta gero, kukua kantari artearen adarretan pausatua. Zapla !
Hura predestinazioa izan zen, eta nire artean esan nuen :
"Hemen geratu beharra daukat bizitzen"
-Zeren zaporea
du zure haurtzaroak Arratzun? Sagardo eta txakolin
zaporea du. Txarribodaren garrasi ozenak ere gogoan ditut, herriko
frontoian esku pilotan ari ginela. A, eta akordeoiaren doinuak
Belendizeko zelaietan akordeoilari itsu batek jotzen zituela.
-Goiz honetan,
zerekin hasi duzu mundua?
Zaratarik
gabe. Eta hori ordainezina da. Munduaren amaierara joateko gauza
naiz isiltasuna aurkitzeko. Schopenhauer-ek zioen bezala :
jendearen gaitasuna zarata jasateko bere inteligentziaren alderantziz
proportzionala da. Dena den, nahiz eta landetako bizitza idealizatu
nahi izan, egia da motor "karrakari" horiek dagoeneko
landetako paisaiaren zati bat direla. Zer egingo diogu, ba !
Jendeari bost axola.
-Zarataren
apologian bizi garelako. Hori da. Herriak zaharberritu
eta dezibelioei eskaini. Baina, harritzekoa ! Inor ez da
arduratzen isiltasuna itzularazteaz. Jendeak zarataren beharra
dauka inportantea sentitzeko. Batzuek demokrazia bere osotasunean
lortutzat ematen dute, baina ahaztu egiten zaie kontuan hartzea
demokrazia ere besteenganako errespetuan datzala. Hori dela eta,
demokrazia berriz aurkitu behar da, alegia, partidu politiko eta
joku demokratikoa ez ezik, politikariek paso egiten duten kontu
guzti haiek ere oinarrian izan ditzagun.
-Hara gure
bizimodua : zaratak bultzatua eta erlojuaren kontra. Erabat, gainera. Enfrentamenduaren
gizartea sortzen ari gara, gehiegizko lehiarena, japoniarren modura.
Eta gero harritzen gara umeak estresatuta ikusita? Ni ez naiz
hasiko arkadia zoriontsua eta mundu ideala aldarrikatzen, berez
ez dudalako sinesten zoriontasuna dagoenik ere ; gizona zoriontasunaren
gainetik pasatzen baita. Neuk defendatzen dudana ez da hori, baizik
eta lurraren zoriontasuna bere buruarekin.
-Orson Wellesek
esana: Makinak gure bizitzan agintzen duenetik aurrerapena eta
garapena ez dira gauza bera. Ez zitzaion arrazoirik
falta. Hortxe ñabardura erabakiorra dago. Egia da aurrerapenak
oso gutxietan egiten duela bat nire ikuspuntuarekin, baina garbi
dago txorakeria litzatekeela aurrerapenaren kontra jartzea. Hala
ere, nahiz eta aurrerapen zientifikoa badaukagun, txanponaren
beste aldea ere badago. Alde batetik, erosotasunaren izenean,
orain auto gehiago daude, errepide eta autopista gehiago, abiadura
handiko trenak eta uralitako pabilioiak nonahi. Bestetik, gero
eta satisfakzio falta eta asperdura gehiago dago gizartean. Garrantzi
gehiago du "edukitzeak" izateak baino, dirua lehenbailehen
irabaztea, eta jadanik berdin dio nola. Bien bitartean, noski,
pobreek eta gutxiengo marjinatuek hor diraute. Ez naiz misiolaria
edo intelektuala, baina nire zentzumenez ikusten dudana zera da :
pobrezia gehiagora doan premiazko arazoa dela, eta bitartean,
hemen gaude gu giza miserien kontura literatura egiten.
-Bada dioenik
inbidiarik gabe bizia aspergarriagoa litzatekeela. Inbidia bizio bat da,
min gehiago egiten diona sufritzen duenari sentitzen duenari baino.
Gazteleraz zerbait ona denean "inbidiagarria" deitzen
zaio. Beraz, tentsio gutxiago eta hurbiltasun baten aldekoa nintzateke
ni. Izan ere, bizitza makurragoa eta susmagarriagoa bihurtu da,
hertsiagoa da. Pixka bat adarretatik joanez, nik halako esperientzia
bat bizi berri izan dut Israelen, Jerusalemgo aireportuan, alegia.
Iritsi ahala, susmagarritzat jo ninduten bizarra utzi eta bekain
lodiak ditudalako. Eta ni hiru ordu luze eduki baninduten itaunka
alde batetik bestera, hori gainera hirugarren gradu bat da, zer
egingo ez ote duten palestinarrekin..... !
-Ideiek dagoeneko
ez dute saltzen. Ez, gizabanakoaren
domestikazioaren izenean proposamen berritzaileen galbiderantz
goaz. Orain jendeari telebista kate mordoiloa jartzea baino ez
dago, inork txintik esan ez dezan.
-Zure bakardadea
borondatezkoa da. Bakarrik bizitzen jakin behar da, edota hori
nartzisismo hutsa da? Ez dut uste nartzisismoa
denik. Baina tira, nire ustez, ona da beti banitate ikutu bat
edukitzea. Osterantzean, inork gutxik egingo luke zerbait. Dena
den, nirea borondatezko bakardadea da, ez ordea, "full time",
herri giroan murgiltzen naiz-eta. Inor ez da irla bat.
-Baina zu "arautik"
ateratzen zara. Finkatutako arauetatik
ateratzen den orori (jaio, bataiatu, ezkondu, seme-alabak izan)
arraroa deitzen zaio. Brihuegara iritsi nintzenean deigarria gertatzen
nintzaien xelebrea nintzelako : "Ah, mutilzahar hori".
Baina betidanik izan naiz bakartia, sei urterekin jada interno,
niretzat, bakardadea bizimodua da.
-Munduari itzulia
81 egunetan eman zenionean, Phileas Fogg-ena baino Picaporteren
antza hartuta amaitu zenuen: ez zenuen Indiako printzesa bat ekarri.
Ez
nuen zorte hori izan. Agian ez nuen behar bezalako gogoa ipini ;
egia esanda, ez naiz abenturazale bat. Bidaiatzen dudanean, idazteko
izaten da. Gainera, oso bidaia gogorra izan zen, zentzu guztietan.
Eta kontraesana badirudi ere, Julio Verneren sasoian egingarria
zena, gaur egun berriz, askoz zailagoa da ; munduko itzulia
80 egunetan egitea hegazkina erabili gabe ez da batere samurra.
-Eta amodioaren
kilikak ez al zaitu inoiz samurtu? Bai, horixe !
Nik bikoteak izan ditut. Baina García Márquezek
dioen bezala : Zeinen polita den amodioa elkarbizitzagatik
ez balitz ! Hortaz, nire lema hau da : zure bizitza
bizi eta utzi bizitzen. (isiltasuna).
-Ideien globalizazioa
kazetaritzaren gibeleko atetik sartu da. Objektibotasun irrikatuaren
amaiera al da hori? Kazetaritza erdi hilda
dago. Oso gogoan dut "Le Monde" frantses egunkariko
fundatzaileak esan zidana : "Objektibotasuna ezinezkoa
da, baina bada zerbait sakratua, irakurlearekin garbi jokatzea".
Horren haritik, ni ezin naiz izan objektiboa. Ezin naiz izan Sharonen
eraso bortitza eta odolisurlea palestinarren lurraldean. Izan
ere, horrek, arazoa konpondu baino, gehiago izorratu egin baitu.
Logikoki, giza eskubideen zapalkuntza edo tortura kasuak daudenean,
salatu egin behar duzu, nahiz eta batzuetan Iranen bezala gertatu,
non torturatuak izan zirenak, gero torturatzaile bilakatu ziren.
Azkenean, gerra batean, estatubatuar senadore batek 1917an esan
zuen legez, lehen biktima egia izaten da. Hortaz, nik uste dut
kazetaria ezin dela objektiboa izan, baina bai garbi jokatu.
-Luterok zioen bezala:
"Justizia aldi baterako da. Kontzientzia, betirako". Ados nago. Gerrak eta gatazkak
amaitzen direnean, denbora egoten da ikertu eta datuak egiaztatzeko.
Gainera, protagonistek egia kontatzen amaitzen dute, bai damua
dutelako, bai dena bukatu eta garbi hitz egin ahal dutelako. Benetan
zer gertatu zen jakiteko liburuak, dokumentalak eta erreportajeak
ateratzen dira, baina jakina, egiaren zati handi bat ezkutupean
gordetzen da.
-Aurrerapen
teknologikoak..... Lanbidea hoztu egin
du. Lehen, komunikatzeko bitarteko gutxiago izatean, zuk zeuk
joan behar zenuen berriaren bila. Urte haietan, inork non geunden
ez zekiela, 12.000 kilometrora komunikazioa lortu eta telex-a
ordaindu ahal izateko hitzak elkartzen ibiltzen ginen. Orain ostera,
jokuaren arauak aldatu egin dira, kazetaritza aseptikoagoa bihurtuz.
Eta zer egingo duzu ? CNNko emanaldi birtualetan ikusi dena
kontatu ? Ez. Orain frontean dena jendez josia dago, kate
estatubatuarrek zirko mediatikoa antolatzen hasi zirenetik, hotelak
goitik behera erreserbatuz eta. Horrekin jada ez dut ez interesik
eta ez gozamenik. Badakit ezin naizela korrontearen kontra joan,
baina eskubidea daukat esateko bitarteko gutxiagorekin zoriontsuagoa
nintzela.
-Berriak momentuan
iraungitzen dira, gainera. Hori da bestea. Abiadurak
inbadituta eta menderatuta gaudela, erreportaje zabalaren freskotasun
eta bat-batekotasuna galdu egin da. Lehen, Vietnameko bezalako
gatazkek gutxienez iraun egiten zuten. Orain aldiz, berriak aitaren
batean Israeletik Frantziara eta hortik Kubara igarotzen direla,
gaietan ganoraz sakontzea oztopatzen zaigu.
-Halaber, erreportari
"frankotiratzailea" desagertzeko zorian dago. Dagoeneko desagertu
dela ez esateagatik. Lehen, gu bonbero-toreatzaileak ginen, Afrikako
Estatu kolpe baten berri ematera eta handik Venezuelan gertatzen
ari zena kontatzera. Gaur egun ordea, Israelera joanez gero, Belenen
sartzea debekatzeaz gain lekuko deserosoa zarelako, susmagarri
bihurtzen zara zure itxura soilagatik. Lehendik ere gertatu izan
zait hori, baina askoz gutxiago. Esanak esan, gerra erreportariaren
irudia desmitifikatu behar dela iruditzen zait. Izan ere, nik,
erreportari modura, mila arrisku eta estualdi izan dezaket, baina
aldi baterako da, jakin badakidalako Europako mundu oparo eta
asebetera bueltatuko naizela.
-Noiz arte
musulmandar munduaren madarikazioa?
Nik
baneki ! Deabrutze guztiak bezala, ez dago eskubiderik Islama
deabru bihurtzeko. Bizi garen munduaren ideal politikoa gorroto
biszeralei uko egitea litzateke, dena txuri-beltzean ez ikusi
eta bide berriak urratu. Baina garbi dagoena zera da : Estatu
Batuen eta Europaren arteko dikotomia gero eta handiagoa dela,
zer esanik ez Irailaren 11az geroztik, Europak "jokaldiaren"
ikuspuntu gizatiarragoa baitauka.
-Zer iradokitzen
dizu Javier Bauluzen argazkiak, non bikote bat hondartza batean
eguzkia lasaiki hartzen agertzen den bere atzean etorkin ito baten
gorpua dutela? Etorkinen dramaren
isla aproposa eta adierazgarria dela. Inoiz baino gehiago argazkilariak
eta kazetariak biktima eta arazoa pairatzen ari direnen alde egon
behar dute ; eta hori da guri geratzen zaigun zirrikitua.
Protagonista anonimoak dira benetako heroiak, eta are gehiago
jakinda protagonista ofizialak ez direla batere interesgarriak.
Nelson Mandela kenduta, ezagutu ditudan liderrek ez naute batere
konbentzitu, harri-kartoizkoak dira eta beti erantzun berberak
ematen dituzte.
-Zein gomendio
ematen diezu kazetari hasberriei? Gazte asko hurbildu
egiten zaizkit eta galdetu : "Zer egin behar dut zu
bezalakoa izan nadin ? Eta nik erantzuten diet : "Pila
bat irakurri, baina ez egunkariak bakarrik, liburuak ere bai".
Kazetariek ez badituzte egunkariak irakurtzen, eta hori da gertatzen
dena, gureak egin du.
-Bistan da
kazetaritzak ez zaituela asetzen. Ez erabat. Apur bat
asetu gabe uzten nau ; toki batera joan, izugarrizko drama
bat bizi, eta azkenean zure kronika zeharo murrizten dute espazio
falta dagoela argudiatuta. Clark Gable-k "It happened one
night" filmean esaten zuena gertatzen da, hau da, kazetaritzan
300 hitzetatik pasatzen dena idazle bat da. Geroari begira, egingo
dudana gutxiago idatzi eta prosa gehiago zaindu izango da. Baina
tira, nire liburuak kazetaritzaren luzapena baino ez dira izaten.
-Idazmakina
ala ordenadorea? Garai luze batean Kanadan
erositako pila bidezko idazmakina batean idazten eman nuen. Behin
ordea, erabiltzen nuen paper termikoa erre, eta ondorioz, ordenadorera
pasa nintzen. Eta ez naiz damutzen, nahiz eta mundu guztiak esan
ordenadorearen abiadura prosaren kalterako dela. Baina nola ez
daukadan Nobel Saria irabazteko asmorik, bost axola.
-Zuri ez zaizu
Flaubert-i bezala gertatzen, koma bat non ipini ez jakite hutsarekin
depresio larri batek jota geratzen zela. Ez, horretan ez naiz
batere perfekziozalea. Premiazko eskolan zailduta nago, ia ia
notarik gabeko erretransmisioak egitera. Horrek noski, eragina
izan du nire idazkeran, eta orain Internetekin, are gehiago. Bestalde,
esanak esan, modu pausatuago batean idazten badut, "La felicidad
de la tierra"n bezala, nabaritzen delakoan nago.
-Bidaiatzeari
gagozkiola, "overbooking", "charterrak" eta
"dena barne" bezalako hitzak kaleko hizkerak bereganatu
ditu. Bai, bidaiatzea herritartu
egin da. Baina kontuz ! Askotan errealitatea mozorrotu baino
ez dute egiten-eta, alegia, urdin turkesazko hondartza eta kokoteroz
beteta paradisu bezala saltzen digute. Eta bertara iritsi bezain
pronto, errealitate galantarekin topo egiten duzu, desengainua
eta frustrazioari bide emanez. Turismoaren industriak denok bilatzen
dugun paradisu galduaren mitoarekin jokatzen du. Baina ez da tokia,
paradisua zeure baitan dago-eta. Filosofia taoistan benetako bidaia
argiranzko bidaia da.
-Masaien esaera
batek dioenez: "Bidaiatzen duen begia argia da".
Bai,
bidaiatzea garbitasun ariketa delako. Herrialde batera iristen
zarenean, umila izan behar duzu, eta ez konparatu. Jende asko
edozein herrialdetara modu harro batean heltzen da, eta areago
hirugarren munduan. Segituan, kexuka hasten da, eltxoengatik eta
janariagatik, purrustaka patata tortila faltan botatzen duelako.
Eta hori benetan penagarria da.
-Monumentuak
baino ez dituzte bisitatzen. Eta marmarka. Bidaiatzeko
patxada behar da eta, guztiaren gainetik, ez erreparatu harriei
bakarrik, baizik eta bertako jendeari, beraiekin berba eginez
eta bere kultura ulertzen saiatuz. Alde horretatik, umore zentzuak
asko laguntzen du besteak ezagutzeko orduan.
-Bidaiatzeak
zure zentzumenak loraldian jarri dizkizu. Bai, batzuk besteak
baino gehiago (barreak). Egia da, motel ! Ez, egia da bidaiari
trebatua izateak seigarren zentzumena garatzen laguntzen dizula,
arriskuan zauden ala ez jakiteko. Baina zenbat aldiz seguru sentitu
eta, bat-batean, metraileta baten rafagak ileak ikutuz pasa didan !
Askotan.
-Zein toki
ageri dira izar artean zure munduko mapan? Birmania, dudarik gabe.
Biziki maite dudan herrialdea da, irribarretsua, kutsatu gabea
eta xenofiloa. Diktadura militarragatik ez balitz, maizago bueltatuko
nintzateke. Oso gogoan dut tenplu budista bateraino Irauadi ibaian
zehar untzi batean egin nuen bidaia. Orain, urte eta erdi konfinatuta
izanda gero, 1991ko Bakaren Nobel Saria eta oposizioaren liderra
den Anng San Suu Kyi askatu dute. Birmaniara joandako azken aldian,
ahalegindu nintzen lore sorta bat eramaten bera giltzaperatua
zegoen etxe erdi erorira iritsiz. Baina atean bertan nengoela,
zaindariek eskopetekin mehatxuka aterarazi ninduten.
-Herrialde
horietara bidaiatzea ez da lagungarria joku demokratikoa berriz
ezartzeko. Hor dago koska eta
daukadan damua halako herrialde batera joaten naizen bakoitzean.
Militarrek Birmania hertsita eduki zuten harik eta dibisak behar
izatean turismora ireki zuten arte.
-Perspektiba
fisiko eta mentalean bizi den euskaldun baten ikusmoldetik, Euskal
Herriak zein soinurekin lotzen duzu? Musikarekin gehiago
lotu nahiko nuke. Artea da, hain zuzen, euskaldunok nabarmendu
garen arloetako bat eta gehiago egin beharko genuke. Hau da, gure
kemena musikan, zinean eta literaturan jarri, azken hau, esaterako,
gehiagora doa argi eta garbi.
-Eta trumoi
soziopolitikoak, nola bihurtu musika? Ez dakit. Euskal egoerak,
orain dagoen bezala, bihozmina eta ezkortasuna ematen dit, sorginaren
gurpila dirudi. ETAren suetenaren berri izan nuenean, bakarrik
negoela ere txanpainarekin ospatu nuen nire buruarekin. Tamalez,
gero, ilusioa galdu nuen beste behin. Itxaropen une faltsua izan
zen, baina ezkorren pentsamendu eskolan sartuz gero, akabo !
Gaizto samarra zen Jorge Luis Borges-ek, esaterako, Malvinetako
gerraren garaian berarekin egon nintzenean Buenos Aireseko bere
apartamenduan, zera esan zidan : "Zuek euskaldunak harriak
altxatzeko baino ez duzue balio, eta esnea eramateko Buenos Airesen"
(ohituraz, euskaldunak esne-saltzaileak izan dira bertan). Ba,
Borgesen gogoeta maltzur horrek zer pentsatua eman beharko liguke.
Nire iritziz, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa konpontzen
saiatzeko irudimen eta arte gehiago erabili beharko genuke, euskaldunok
hain berezko dugun sormen izpiritu hori martxan jarriz.
-Zure hurrengo
bidaia fisiko-literarioa. Israelen jasandako
umilazioen ondoren, nire buruari hitz eman diot ez naizela bertara
itzuliko. Hortik aurrera, mundua irekita daukat, hori bai, kontuan
hartuz ezin naizela astebururo "gori-gorian" dauden
tokietara joan, hau da, Beirut, Checheniara, eta abar. Orain berriz,
Asiak erakarri egiten nau, Sri Lankak, adibidez. Baina saltzen
ez duten gerrak direnez, agian inguruari buruzko liburu bat idazteko
baliatzen dut. Eta ez da bidaien zentzu enpirikoa eta probetxugarria
daukadalako, baizik ezin naizelako "egonean" egotera
joan. Latinoamerika ere tentagarria egiten zait, Guatemalako Antigua,
esaterako, aldi batean bertan bizi izan bainintzen. Azken finean,
menuz aldatu eta kilikatzen nauten tokietan zehar mugitu, modu
honetan, barrutik berritzen lagun nazaten.
Manu
Leguineche
Idazle
eta kazetaria, Manu Leguineche Colpisa eta Fax
Press albiste agentzietako sortzailea da. Egun,
azken honen zuzendaria dugu. Bere liburuei dagokienez,
hona hemen arrakasta gehien izan duten izenburuak:
"Adiós Hong Kong, El viaje prodigioso",
María Antonia Velasco-rekin batera idatzia
(Alfaguara, 1995), "Yo te diré..."
eta "Yo pondré la guerra" (El
País-Aguilar, 1998), "Los topos"
eta "Hotel Nirvana" (El País-Aguilar,
1999), "La tierra de Oz" (2000). Halaber,
lortu dituen sariak zeharo adierazgarriak dira,
hala nola, Kazetaritzako Sari Nazionala, Urrezko
Luma, Cirilo Rodríguez, Julio Camba,
Godó edota Ortega eta Gasset.
|
|
|
Argazkiak: Fusión (2. eta 3. argazkiak)
eta Consum (4. argazkia) aldizkarietan argitaraturik daude
Euskonews & Media 170.zbk
(2002 / 6 / 7-14)
|