1. Metropolien sustapena, garapen
politiken ardatza
Lurralde
eta bereziki hirien arteko lehia areagotu egin
da azkenaldion, nazioarteko metropoli handien arrakastak liluratuta
eta denak ere status hori lortzeko ahaleginean (1).
Metropolien sustapenerako politikak lehia horren isla izango lirateke.
Nazioarteratzea helburu duten politika hauen zutabe nagusiak kanpoarekiko
konexioak hobetu zein hiriaren biziberritzea bultzatuko duten
azpiegituren eraikuntza (orotarikoak: komunikaziozkoak –garraioak,
telekomunikazioak–, kulturalak, industrialak,...), hiriaren izena
eta irudia ezagutarazteko marketin eta ekimenak, eta gisakoak
izango lirateke. Metropoli internazionala bihurtzeko lehia horretan
sektore publikoak baliabide franko utziko ditu –arrakasta aldez
aurretik ziurtatua ez badago ere–, eraldakuntza sakona gertarazten
da metropolian eta erregioan, eta onurak ez dira modu parekoan
banatzen talde guztien artean ezta espazio osoan zehar.
Azal ditzagun politika
mota hauen inguruan sortzen zaizkigun zenbait hausnarketa:
(I) Hiri baten etorkizuneko
aukeren ikuspegitik nahitaezkoa da egungo egoeran hirien nazioarteko
sareetan txertatzea eta bere lekua topatzea. Baina kasu askotan
hiriak beste hiriekiko loturak indartzen ari den bitartean bere
erregioarekikoak ahuldu egiten ditu.
(II) Azaldutako ildoko
politikak aplikatzeagatik, edozein metropolik ez du erraz lortuko
nazioarteko metropoli aurreratuaren statusa lortzea: nazioarteko
hiri-hierarkia benetan zurruna da eta nazioarteko funtzioak hiri
kopuru jakin eta txiki batean kontzentratzen ditu.
(III) Proiektu eta
estrategia horiek bultzatzen duten garapen ereduaren ondorio espazial
eta sozialak ere aintzakotzat hartu beharko dira. Izan ere, garapen
kontzentratuaren abantailak sustatu nahi dituzten planteamenduak
izaki, guztiz zentzuzkoa da disparekotasunak eragin ditzaketela
pentsatzea, bai aglomerazio metropolitarren barnean, eta bai erregioaren
barnean ere.
(IV) Badira ere beste
arazo batzuk, proiektuaren bideragarritasuna bera kolokan jarri
dezaketenak. Batetik, eremu metropolitar baten gain administrazio
maila desberdinek dute, alor batean ez bada bestean, eskumenen
bat eta ohikoa izaten da administrazio desberdinen artean gatazkak
sortzea. Bestetik, hiritarrenpartehartzea bideratzeko
mekanismoak ez dira inolaz ere eraginkorrak izaten. Bi arazo horiei
behar bezala heltzea eta konponbidea ematea urrats garrantzitsua
izan daiteke hiria eta erregioaren etorkizuna berma dezakeen estrategia
baten arrakasta ziurtatzeko bidean.
2. Euskal Herriko
hiri-sistemaren gaineko jarduketa publikoa
Euskal
Herrian egun sustatzen ari diren hiri-sistemaren gaineko jarduketak
oro har Europan eta mundu mailan gailentzen ari diren joera eta
lurralde-ereduarekin batdatoz, bi hitzetan: lurraldearen
lehiakortasuna bere hirien erakargarritasun eta nazioarteratze
mailaren araberakoa omen denez, hirialdeen garapena bultzatu beharko
da, ahaleginak espazio hauetan kontzentratuz; tamaina handieneko
hiriak sustatuko dira, nazioarteko hiri-sarean txerta daitezen,
atzerriko inbertsioa zein bisitariak erakar ditzaten, azpiegituren
ezarketan, hiriaren eraldakuntza fisikoan eta proiektu enblematikoetan
oinarritzen diren estrategien bidez.
Azken
hamarkadako eskuhartze publikoaren beste ezaugarri orokor bat
ere agertzen zaigu Euskal Herriko kasua aztertzean, hots: kapital
pribatuaren parte hartzea ahalbidetzea funtsezko ardatza bihurtzen
dela, planteatzen diren proiektuek izugarrizko baliabide kopuru
handiak behar izaten ohi dituztelako, sektore publikoak bere kabuz
(eta egungo aurrekontu baldintza murrizkorretan) ziurta ezingo
lituzkeenak, baina bide batez ere inbertitzaile pribatuei negozio
errentagarriak egiteko aukerak zabalduz.
Ondoren, eta azterketa
sakonetan sartu gabe, aurkeztuko ditugu euskal hiri-sistemaren
eraldakuntza bultzatu nahi duten hiru egitasmo nagusien ildo orokorrak.
Euskal Autonomia
Erkidegoan lurralde-eredu orokorra jasotzen duen txostena Lurraldearen
Antolamendurako Artezpideak (LAA) izenekoa da (Eusko Jaurlaritza,
1997).
Ideia indartsu eta
potentzialitate handikoa planteatzen da txostenean: bertoko hiru
hiriburuek Hiri-Sistema Guneanitza (2)
eratzen dutela, elkarrengandik hurbil, duten funtzioaren araberako
tamaina izan eta leku estrategikoan kokatuak egotean. Eta horixe
da LAAren bidez bultzatu nahi omen dena: hiriburuen artean azpiegituren
bidez lotura sendoagoak egitea eta Europako hiri-sisteman gehiago
integratzea.
Halere, eta Artezpideetan
hiru hiriburuak maila berdinean katalogatzen badira ere nahiko
nabarmen geratzen da Bilboren nagusitasuna aintzakotzat hartu
eta beste bi hiriburuen aurrean maila altuagoko funtzioa esleitzen
zaiola.
Geure
arreta merezi duen proiektu interesgarri bat Baiona-Donostia
euskal eurohiria mugaz gaindiko proiektua da (3).
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baiona-Angelu-Miarritze barrutiak
aurrera daramaten lankidetza proiektu honen helburu nagusia ardatz
horretan eta mugak zatiturik bizi ziren bi komunitateak (600.000
biztanle denetara) elkartu eta hiri bakar bat egitea da. Akordioa
1993an sinatu bazen ere aurrerapauso nabarmenena 2000ko ekainean
eman dute, Baiona-Donostia Eurohiriaren Liburu Zuria aurkeztean.
Eztabaidarako txostena eta epe zehatzik gabekoa izan arren, proiektuaren
sustatzaileek duten oinarrizko planteamenduaren berri ematen du,
alegia: mugaz gaindiko metropoli bat sortzea, berezko nortasun
sozial eta ekonomikoduna, eta Bordele eta Bilborekin lehiatzeko
gai izango dena. Proposamenen artean garraio-azpiegiturek dute
protagonismo handiena (autobide berri bat, abiadura handiko trena
edota garraio publikoko sarea, adibidez).
Dena den, eta arestian
azaldu dugun filosofia eta ereduaren arabera espero zitekeenez,
jada hiri-sistemaren barne posizio finkatuena duen gunea, hots
Bilbo metropolitarra, izango da eraberritze eta
nazioarteratze estrategia hauetan bultzada, arreta eta baliabide
gehien jasotzen ari dena. Izan ere, Euskal Herriaren barne inon
baldin badago hiriaren eraberritze eta susperketarako ekimen andana,
zenbait gorabehera tarteko eskuarki norabide bertsuan jotzen dutenak,
Bilbon da. Beren helburua: Bilbo munduko hiri-sarean txertatutako
hiri moderno, aurreratua bilakatzea, zerbitzuetan eta jarduera
teknologikoki aurreratuetan espezializatutako
nazioarteko metropoli bilakatzea.
Bilbo metropolitarraren
sustapenerako estrategia horretan (4)
honako ildoak lirateke aipagarrienak: (I) garraio-azpiegiturak:
kanpoarekiko komunikazio efizientea ahalbidetuko duten ahalmen
handiko azpiegitura proiektuak (Bilboko aireportu eta portuaren
zabaltzeak, euskal Ya, Eibar-Gasteiz autobidea) eta Bilbon sartzeko
bideen eta eremu metropolitarraren barneko komunikazio bideen
hobekuntza nabarmenak; (II) hirigintza-jarduketa handiak:
hiriaren eraberritze eta lurzoruak berreskuratzeko programek,
hirialdeko espazioak erabilera berrietarako egokitzeko helburuaz;
Itsasadarraren inguruko lurren berreskurapen eta eraldakuntzak
hartzen du lehentasun osoa; (III) proiektu enblematikoen garrantzia:
eskala handiko ekimenak, prestigiozko arkitektura eta ondo zaindutako
hiri-diseinuko ezaugarriak dituztenak (Guggenheim Museoa, Euskalduna
Jauregia, Bilboko Metroa Abandoibarra edota Bilboko aireportuaren
terminal berria).
3. Hausnarketarako
gaiak
EAEri dagokionez,
badirudi neurri batean kontraesankorrak diren proiektuekin topo
egiten dugula, alegia, Lurralde Antolamendurako Artezpideek bultzatuko
luketen filosofia kooperatzailea ez da oso ondo egokitzen Bilbo
edota Baiona-Donostia besteren gainetik sustatu nahi duten egitasmoekin.
Izan ere, bertoko hiru hiriburuek osatu beharko luketen hiri-sistema
guneanitza ez dirudi oso bateragarri denik ondoko hiriburua lankide
beharrean lehiakide gisa ikustearen planteamenduekin.
Hala ere, hiri gune
handienen arteko hurbiltasunak edota azpiegituren bidezko loturak
ezartzeak besterik gabe ez du ziurtatzen hiri-sistema guneanitz
bat sortuko denik, eta are gutxiago lehiakorra izango denik. Teorian
planteatutako asmoa aurrera atera dadin, lurraldean diharduten
pertsonek, enpresek, erakundeek eta oro har eragile ekonomiko,
politiko, eta sozialek kooperatzeko prest egon beharko dute, kooperazio
horrek ekar ditzakeen abantailek konbentziturik eta horren arabera
zehaztutako lehentasun eta ildo nagusiek zenbait espazioetan eta
taldeengan aldaketa inportanteak sorrarazi dezakeenaz jabeturik,
arazoak dauden kasuetan irtenbide eta erantzunak eman beharko
baitira. Tamalez, egun EAEko erakundeen artean oso egoera politiko-administratibo
nahasia dago eta horrek izugarri zail egiten du adostasuna, lurralde-ereduaren
inguruan ere.
Euskal Herriaren
ikuspegitik, arazoa are konplikatuagoa agertzen zaigu azterketan
Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere sartu behar ditugulako. Zatiketa
administratiboak eta alderdi politikoen arteko ikuspegi desberdinek
eta liskarrek zenbait ondorio kezkagarri dakartzate euskal lurraldearen
egituratzeari dagokionez. Antzeko helburua duten proiektuak agertzen
zaizkigu han eta hemen. Ikuspegi bateratua ez egoteak baliabide
publikoen erabilera desegokiaz gain, ingurumenean ere eragin atzeraezinak
ekar ditzake; eta berebat lurraldearen eta hortaz, haren gainean
gertatzen diren harreman ekonomiko, sozial, kulturalen, desbertebrazioa.
Dena den, Euskal
Herriak beharko lukeen lurralde-ereduari buruzko eztabaidan nazio
ikuspegiaz gain beste hainbat kontu ere azaleratu beharko lirateke,
orain bultzatzen ari den garapen eredua agian zalantzan jar dezaketenak.
Batzuk aipatzearren: (I) hazkunde ekonomikoa hiriburuko metropolien
inguruan kontzentratzeko joerak areagotu beharrean patroi sakabanatuagoak
sustatzearen aukera, eskualdeetako hiri nagusiei protagonismo
handiagoa eskainiz (kalitatezko ekipamendu sozial eta kulturalei
dagokienez); eta produkzio guneak ere modu orekatuagoan banatuz
lurraldean zehar; (II) nazioarteko sareetan txertatzeko bideak
inolaz ere baztertu gabe (nahiz eta agian berraztertu beharko
diren), barne mailan sare egituratzaile trinkoagoa eratzearen
aldeko apustua, honek ere lurralde-eredu sakabanatuago horri mesede
egin diezaiokeelakoan; (III) aurreko bien ildotik hiri-sistema
guneanitzaren aukera bere potentzialitate osoan aztertzea: EAEko
esparrua gaindituz, lurralde osoa barneratu eta hiri-sare osoa
kontsideratuz; hiri-hierarkian dauden mailak kontuan hartu beharko
dira, jakina, baina horrekin batera, eta geurea bezalako herri
txiki batean posible delarik, deskontzentrazio kontzentratuaren
abantailak ere aprobetxatuz (dibertsitate eta kreatibitatea
modu bateratuan eskaintzea, aldi berean kongestioak eta gehiegizko
kontzentrazioak dakartzan gainkostuak saihestuz).
BIBLIOGRAFIA:
Batten
D.F. (1995), "Network cities: Creative Urban
Agglomerations for the 21st Century",
Urban Studies, 32. Lbkia; 2. Zkia, orr. 313-327.
Bilbao
Metropoli-30 (1996), Bilbo Metropolitarra Berpizteko
Plan Estrategikoa; Bilbo.
Bonneville,
M. (1994), "Internazionalization of Non-capital
Cities in Europe: Aspects, Processes and Prospects",
European Planning Studies, 2. Lbkia, 3. Zkia,
orr. 267-285.
Borja,
J. eta Castells, M. (1997), Local y Global.
La gestión de las ciudades en la era de la
información, Taurus, Madril.
Dieleman
F.M. eta Faludi, A. (1998), "Polynucleated
Metropolitan Regions in Northwest Europe: Theme of
the Special Issue", European Planning Studies,
6. Lbkia, 4. Zkia, orr. 365-377.
Esteban,
M. (1999), Luces y Sombras del Titanio: el
proceso de regeneración del Bilbao Metropolitano,
Argitalpen Zerbitzua, Euskal herriko Unibertsitatea
EHU-UPV.
Eusko
Jaurlaritza (1997), Euskal Autonomia Erkidegoko
Lurralde Antolamendurako Artezpideak (CD-ROM),
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Lambooy,
J.G. (1998), "Polynucleation and Economic
Development: The Ranstad", European Planning
Studies, 6. Lbkia, 4. Zkia, orr. 457-466.
Sassen,
S. (1991), The Global City: New York, London,
Tokyo, Princeton University Press, Princeton (New
Jersey).
Sassen,
S. (1994), Cities in a world economy, Pine
Forge Press, Thousand Oaks (California). |
|
(1) Munduko metropoli
eta hiri nagusien bilakaera eta berau bultzatu duten faktoreen inguruan,
ikus: Sassen (1991, 1994), Bonneville (1994), Borja eta Castells
(1997). (ITZULI)
(2) Hiri-sistema guneanitzaz (edo oso antzeko kontzeptuak
diren hiri-erregio guneanitzaz edota sare hiriaz), ikus: Dieleman
eta Faludi (1998), Batten (1995), Lambooy (1998). (ITZULI)
(3) Eremu eta proiektu honi buruzko informazioa
Baiona-Donostia Eurohiriaren Garapenarako Mugaz Gaindiko Agentziaren
webgunean (www.eurohiria.org).
(ITZULI)
(4) Bilbo metropolitarra sustatzeko egitasmo orokorraz
zein proiektu jakin batzuetaz sakontzeko, honakoetara jo daiteke:
Bilbao-Metropoli 30 (1996), Esteban (1999) edota Bilbao Metropoli
30 erakundearen webgunera (www.bm30.es).
(ITZULI)
Helena Franco Ibarzabal, EHU-UPVko
irakaslea
Argazkiak: www.eurohiria.org/eusk/index.html, www.bm30.es, www.ville-bayonne.fr |